Kronika

1999-03-01
 
 
Euskararen aldeko bi kanpaina
kritikapean

Kontseiluak abian duen kanpainak kritikak jaso ditu CCOO sindikatuaren aldetik. Kanpainaren mekanikarekin ados ez daudela adierazi dute, parte hartzen ez duten funtzionarioen datuak zabaltzeko arriskua dagoela argudiatuz. Pribatutasuna ez dela bermatzen diote eta diru emaileak indibidualki eta pribatuan eman beharko luketela diru hori.
Kontseiluak ohar baten bidez adierazi duenez, kanpainan erabiltzen ari den formula beste hainbat alditan erabilitako bera da -Mitch hurakanak kaltetuen alde, esaterako-. Gainera, CCOO sindikatuak parte hartze zuzena izan du ekimen honen sorreran eta garapenean, eta oraindik orain ez dio kexurik adierazi Kontseiluari. Pribatutasuna guztiz bermaturik dagoela azpimarratu dute kontseiluko kideek, Eusko Jaurlaritzak halaxe adierazi dielarik. Izatekotan, lanorduaren ekintzan parte hartzen dutenek izango lukete beren pribatutasuna zainduko den kezkatzeko arrazoirik, ez eta, CCOOek dioen bezala, parte hartzen ez dutenek.
Kontseiluaren ustetan "sortu den polemikak beste motibazio batzuk ditu. Euskararen politizazioa gainditu nahian gabiltzala guztiok diogunean, azpimarratu nahi dugu horrelako gatazka artifizialak sortzeak inori onik ez diola egiten, eta euskararen normalizaziorako direla kaltegarriak".
Baina ez da kanpaina hau izan kritikak jaso dituen bakarra. EHEen A ereduaren aurkako kanpainak ere erreakzioak sortu ditu. Besteak beste, A eredua eskaintzen duten ikastetxeetako zuzendariei gutunak bidali zitzaizkien, eta UGT, PP zein Hezkuntza Sailak hori kritikatu dute. Lehenengo bien ustetan gutun horiek mehatxuak dira eta Hezkuntza Sailak, aldiz, ekimen hau bertan behera uzteko eskatu dio EHEi. HBak, berriz, kanpaina defendatu egin du koherentea dela esanez eta egin den interpretazioa okerra izan dela. EHEk kanpainaren balorazio positiboa egin du. Euskaldunok koldarkeria eta konplexuak alde batera utzita nahi duguna eskatu behar dugula azpimarratu du.

Destinu-osagarrien auzia
Destinu-osagarriak EAEko unibertsitatez kanpoko sare publikoko irakasle guztiei ordaintzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Irakaskuntzako sindikatuekin bildu zen eta Alfontso Unzeta Hezkuntza sailburuordeak destinu-osagarriak ordaintzeko baldintzen proposamena luzatu zien: ordaintzeko kopuruak, epeak eta ikasle guztiei hedatzeko baldintzak. Dena dela, EAEko Auzitegi Nagusiak orain arte adierazi duen doktrina berresten duen beste sententzia bat kaleratu behar du, eta hori egin arte itxarongo duela adierazi zuen.
Sindikatuek ongi ikusi zuten proposamena, nahiz eta ez duten uste beste sententzia bat behar denik erabakia berresteko.
20.000 irakasle inguruk jasoko dituzte destinu-osagarriak lau epetan. Lehenengo ordainketa 1999ko aurrekontuen legea onartu eta hiru hilabetera egingo da, eta gainontzekoak datozen urteetako urtarrilean.

Haur-Eskolaren gaia eztabaidan
Gasteizen eta Nafarroan

Gipuzkoako Haur Eskolen Koordinakundeak Haur Eskolen egoera erregulatzeko eskatu dio Gasteizko gobernuari. Parlamentuan aztertu da gaia, eta printzipioz alderdi guztiak ados agertu dira Haur Eskolen finantzaketa eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola mapa aztertzeko.
Koordinadorak adierazi duenez, urteak daramatzate Gobernuarekin eten gabeko harremanetan haur txikientzako egokia den eskola eredua sortzen, irakasleen formazioa bideratzen, curriculum egokiak lantzen eta 0-3 ziklorako finantzazioa aldarrikatzen. Printzipioz guztiak ziklo honen erregulazioaren alde daude, baina orain arte ez omen da aurrerapausorik eman. Parlamentuko eztabaidaren ondoren ea gauzak egiten hasten diren.
Nafarroan ere 0-3 zikloa erregulatu gabe dago, eta gauzak mugitzen hasi dira. Iruñeko parlamentuan IUk aurkeztutako mozio bat eztabaidatu dute. Bertan lau eskaera egiten zaizkio gobernuari: Haur Hezkuntzako lehen zikloa erregulatzea, eskaintza publikoa egitea, ezarpen plan bat egitea eta bitartean bi urteko haurrak matrikulatzeko plazak eskaintzea.
Aldi berean, CCOO sindikatuak 1999-2000 ikasturterako bi urteko haurrentzako matrikulak irekitzeko animatu nahi ditu ikastetxe publikoak. Momentuz 3 urtetik aurrerako haurrentzako eskolaratzea eskaini dezakete legalki. CCOOen kanpainak egoera horrekin bukatzeko eta administrazioa ziklo hori erregulatzera bultzatzeko helburua du.
Argi dago, 0-3 zikloa hezkuntza sisteman oraindik arautu gabe eta zintzilik dagoen gaia da Nafarroan eta EAEn.

Gela elebidunak ugaritzen ari dira Iparraldean
Iparraldeko eskola elebidunetan hainbat eskari kaleratu dira azkenaldian. Alde batetik, Ikas Bi guraso elkarteak euskarazko irakaskuntza sendotu nahi du eskola publikoan. Klase elebidunak lortzeaz gain, euskara eskola osora zabaldu nahi dute. Frantses administrazioari murgiltze sistema ezartzeko galdegin diote euskaraz ez dakiten gurasoek, esperientzia interesgarria iruditzen baitzaie.
Gurasoek ezezik irakasleek ere eskariak egiten dituzte. Lan baldintzak direla eta, Jean Espilondo diputatuarengan jo dute. Gehiengoa ebentual modura dabil, lan baldintza kaxkarretan eta euskarako irakasleak izan arren tituludunak izateko igaro behar duten lehiaketa frantsesez egin behar dute.
Bestetik, albiste onak ere badaude. Datorren ikasturtean gela elebidun gehiago irekiko direla, alegia. Pierre Polivka Akademiako ikuskaria eskoletako profesional eta gurasoen batzordeekin bildu zen datorren urteko lehentasunak proposatzeko. Horrela, barnealdeko eta ZEP lehentasunezko hezkuntza eremuen sareak indartzeko asmoaren berri eman zuen, eta baita tokiko hizkuntzen irakaskuntza garatzeko ere.
Aurreikuspenak eginez, Iparraldean hamar postu desagertuko dira eta beste lau postu berri ireki gela elebidunetan. Bi urtetan 14 gela elebidun ireki dira eta datorren urtean zortzi gela berri irekiko dira.