PIARRES LARZABAL kolegioa, Ziburu: antxetaren <br />hegalkadak zabalduz

1999-03-01
Ziburuko kolegioari laguntza emateko kanpaina orain dela bi hilabete hasi zen eta oraindik ere aurrera darrai. Joan den irailean ireki zen Seaskaren bigarren kolegio hau eta aurrera jarraitzeko laguntza beharrean dago. Kanpaina honekin antxetaren 5.000 hegalkada saldu nahi dituzte.
 
 
Ziburuko kolegioaren ibilbidea ikasturte honetan hasi da. Bi urterako egoitza bat lortu zuten gurasoek eta hor ekin diote momentuz. Gurasoek argi dute Kanboko Xalbador kolegioaz gain, iparraldeko kostaldean kolegio bat beharrezkoa dela 11 urtetik 15 urtera bitarteko gazteentzat. Aurten 75 ikasle dabiltza bertan, baina datorren ikasturtetik aurrera kopuru horrek gora egingo duela argi dute. 124 ikasle espero dituzte hurrengo ikasturtearen sartzean, eta 2000-2001. ikasturterako 185era igoko dela iragartzen dute. Izan ere, Iparraldeko ikastolarik handienak kostaldean daude eta bertako ikasleak Ziburura joko dute Bigarren Mailako ikasketak egitera. Horregatik, orain dauden egoitzan bi urterako alokairua dute, eta gurasoen asmoa egoera honi aterabide iraunkorra bilatzea da, hots, beraien eskutan egongo den egoitza izatea. Horrek bultza ditu antxetaren kanpaina abian jartzera, Ziburun euskal kolegio bat finkatzeko nahiak, alegia.

Ikasturte honetan Ziburuko Piarres Larzabal kolegiora joaten diren ikasleak inguruko herrietatik hurbiltzen dira: Ziburu, Donibane-Lohizune, Getaria, Bidarte, Ahetze, Urruña, Hendaia, Azkaine, Biriatu, Sara, Senpere eta Ainhoatik. Ikasle hauek Baionako Lizeora joan ahal izango dira ondoren.

Ibilbide hori guztia posible izan dadin jarri dute abian Ziburuko kolegioko gurasoek eta bultzatzaileek antxetaren kanpaina. Helburua milioi bat libera (25 milioi pezeta) lortzea da, diru horrekin kolegioan eginen diren obrak eta alokairua ordaintzeko, eta horrela beraien etorkizuna bermatzeko. Diru hori lortzeko urtean zehar ekitaldi ezberdinak egiteaz gain, 5.000 hegalkada saltzeko asmoa dute. Hegalkada bakoitza 200 liberatan (5.000 pezeta) saltzen da. Hauek erosteko bonoak banatu dituzte Euskal Herri osoan. Horrekin batera fitxak, informazio orriak eta abar ere zabaldu dituzte. Interneterako ere web orri bat prestatzen ari dira, kanpainari buruzko informazioa aurkitu ahal izango delarik lau hizkuntzatan. Bide hau erabiliz Hego Ameriketako euskal etxe, elkarte eta abarretara ere iritsi nahi dute.



Uztaritze eta Sohuta ere laguntza premian

Ziburun ezezik, Uztaritze eta Sohutan ere laguntza beharrean daude ikastolei eusteko. Uztaritzen Urkila elkartea ikastola berria aldarrikatzen dabil, baina Bernard Auroy herriko auzapezak ez dio erantzun onik ematen. Ikastola berria ez ei da Herriko Etxearen xedeetan sartzen, nahiz eta duela hiru hilabete bestelako jarrera azaldu. Ia ehun ikasle izan arren, oraindik egoitza egokirik ez dute.

Sohutako Eperra ikastolan, berriz, egoitza berria dute, baina berau mantentzeko arazo ekonomikoak dituzte. 1997ko irailean estreinatu zen ikastola berria kanpaina baten ondorioz lortutako diruaz mailegu bat eskatu ondoren. Egun 6.000 libera (150.000 pezeta) ordaindu behar dizkiote bankuari hilero eta horretarako jendearen laguntza behar dute. Hilero 50 libera (1.250 pezeta) emanen lukeen 150 pertsona inguru behar dituzte. Hori lortzeko abiatu du kanpaina Hazia elkarteak, apirilean bukatuko dena. Era berean, botere publikoengana ere jotzeko asmoa dute dirulaguntza publikoa erdiesteko.

Kanpaina hau, dirua lortzeko erabiltzeaz gain, informazioa zabaltzeko ere baliatu nahi dute. Euskara irakastea beharrezkoa dela ikustarazi nahi dute, eta horretarako ikastolen beharra dagoela.



Laguntza Seaskarentzat eta euskararentzat

Kanpaina hauekin Ziburuko kolegioari eta Eperra ikastolari lagundu nahi zaie, baina baita Seaskari eta Iparraldeko euskarari ere. Iparraldean gutxi gora behera 250.000 biztanle bizi dira gaur egun, baina hauetariko gutxi dira euskaldunak. SIADECOk 1996. urtean egindako txostenaren arabera, eta 212.400 biztanleko kopurua kontuan hartuta, biztanleriaren %26,4ak euskara bakarrik erabiltzen du, %68,5ak frantsesa eta %5,2ak biak. Inkestaren arabera, euskaldunen %69ak 50 eta 65 urte baino gehiago du, eta gazteei dagokienez, 3 eta 24 urteko gazteen %17ak soilik erabiltzen du euskara. Gaur egun, ikasleen %15ak segitzen ditu bere ikasketak euskaraz.

Datu hauek ikusita, agerian dago Iparraldean euskararen irakaskuntzaren egiturak indartu eta lagundu egin behar direla. Seaska, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioa, gaur egun hiru probintzietako 19 ikastolek, bi kolegiok eta lizeo batek osatzen dute. Orotara 98/99 ikasturtean 1.705 ikasle eta 140 langile inguru biltzen ditu. Azpimarratzekoa da ikasleen gorakada %4koa izan dela.

Emaitza hauek lortzeko Seaskak traba anitz gainditu behar izan ditu eta beti lortu du aurrera egitea. Hezkuntza Nazionalarekin 1993. urtean izenpeturiko azken akordioaren ondorioz, irakaskuntza sarea erakunde publiko eta administrazioaren gain geratu zen. Ikastolak ezagutuak izan ziren eta ikasleak ere ikasle gisa onartu ziren.

Baina hala ere, akordio honek ez ditu Seaskaren arazo guztiak konpondu:

- Administrazioak ez du Seaskaren berezko egitura baten beharra ikusten eta ondorioz, ematen duen laguntza ekonomikoa arrunt ttipia da.

- Iparraldean ikastetxeen eraikuntza tokiko administrazioaren gain dago. Beraz, administrazioaren betebeharra da ikastetxeei beharrezkoak diren lokalak ematea. Zentzu honetan, aurrerapausoak eman dira, baina oraindik ere zailtasun handiak daude.

- Iparraldean euskarak ez du estatutu ofizialik. Ondorioz, ikastoletako ikasleek 15 urtez euskaraz ikasi ondoren, baxoa frantsesez pasa behar dute.

Datu hauek ikusirik, egoera ezaguturik eta emaitzak jasorik, garbi dago etsi gabe aintzina jarraitu behar dela. Bakoitzak jakingo du nola lagun diezaiokeen Ziburuko antxetari, Seaskari, eta oro har, Iparraldeko euskarazko irakaskuntzari.