Praktikatzen: Gorputza eta bitartekariak musikan

1999-03-01
Musika komunikatzeko beste tresna bat dugu, adierazteko bes-te mintzaira mo-ta bat. Besteak beste musika arte bat da. Zertarako erabiltzen dugu artea? Begira zer dioen B. Suchonulski-k -"Arteari esker jendeak bere mundu propioak sor ditzake forma eta kolorez, doinu eta hitzez, gertakari eta arazoez, esperientzia eta atxikipenez, sentiberatasun pertsonal eta sozialez". Ildo berdinetik jarraituz eta musikara gehiago hurbilduz C. D. Fregtman-ek honela dio "Egoera emozionalen sortzaile eta bideratzaile gisa, musika-gerta-kariaren bideari hasiera ematea guri dagokiguke" (irakasleoi). Biak ari dira adierazteari buruz. Musikariok adierazteko gure ahotsa edo beste musika tresnaren bat erabiltzen dugu. Hemen, artikulu honetako nire kezkarik nagusiena. Zein da musika tresna horren motorra?
 
 
Artikulu honetan bi puntu azpimarratu nahi nituzke:

- Gorputzaren garrantzia.

- Bitartekariak.



Gorputzaren garrantzia

Musikarion abiapuntua gure gorputza da eta ez guregandik at dagoen musika tresna. Musika tresna horren benetako motorra gure gorputza da . Azken urte hauek arte, kontserbatorioetan musika tresna jotzeko teknikak oso ongi irakatsi dizkigute, baina oso gutxitan hartu da kontuan musika tresna horren benetako motorra, hau da, gure gorputza. Musika tresna bat hartzerakoan, justu-justu musika tresna hori jotzeko behar ditugun gure gorputzeko atalak nola jarri behar ditugun azaltzen digute eta beranduxeago teknika. Ez dut ezer teknikaren aurka, alderantziz, hori ere beharrezkoa baita. Teknika musika tresna horretan gur adierazkortasuna errazteko baliabide bat da , baina baliabide honi askotan garrantzi gehiegi edo lehentasuna eman zaio gizabanakoaren sormenaren bideari leku handi bat kenduz edo ateak itxiz. Sormenari ateak ixtean barnean duguna kanporatzeko dugun bideari ixten dizkiogu ateak, askotan besteek egindako musiken kopiatzaile hutsa bihurtuz Sormenak gure barnean duguna kanporatzeko bide ematen digu .

Honen guztiaren bidez, gorputzaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke, hau da, gure gorputzaren egoera fisikoaz, arnasketaren egoeraz, ahotsaren egoeraz, gure barneko sentsazioen egoeraz... kontziente eginaraztea litzateke nire helbururik nagusiena gure gorputza baitugu sentitu eta adierazteko tresna nagusia . Gure gorputzak mugiarazten du musika tresna, berak sortarazten dio soinua; beraz, musika tresna bat hartzerakoan berau gorputzaren luzapen bezala sentitu eta bizitu behar dugu eta ez gugandik at dagoen tresna bat bezala. Musika tresna komunikatzeko erabil genezakeen bitartekaria da, gure barneko mundua kanpokoarekin komunikatzeko balio digun tresna. Begira bestela gaur egungo edozein musika talderi.

Musika adierazteaz gain, musikako irakasleon beste helburu nagusienetariko bat edozein musikarenganako irekitasun kritikoa sortaraziz, aditu, sentitu eta biziaraztea da . Musika ez dugu entzumenarekin soilik entzuten, gorputz osoarekin baizik, entzuteaz gain, sentitu eta bizi egiten baitugu. Beraz, musika entzuteko ere gorputza esnai badugu, ziur musika askoz ere era irekiagoan entzun, aditu edo hauteman dezakegula.

Beraz, gorputzak musika arloan bi funtzio nagusi betetzen ditu: alde batetik hartu, entzun, aditu, hauteman, sentitu... eta bestetik sortu, egin, birproduzitu... Horretarako, gure gorputza zenbat eta esnaiago egon, orduan eta bizipen maila handiagoa izango du, inplikazio handiagoa, ulermen maila handiagoa. Musikak guregan duen eraginaz kon- tzienteagoak izango ginateke, edozein musika motarenganako askoz ere kritikoagoak izango ginateke, berauentzako ateak irekiagoak izango genituzke... Hauek guztiak ez al dira bada musika hezkuntzaren helburuak?

Gorputza esaterakoan gauza bat azpimarratu nahiko nuke. Gorputza, besteen artean, gure barneko indar batzuk mugiarazten dutela. Jaiotzetik orain arte gure bizitzan izan ditugun esperientzia guztien informazioa gure baitan gorderik dago. Informazio horren arabera, gero, zein egoeraren aurrean era batera edo bestera jokatzen dugu, gure barne sentsazio horiek esaten digute zer egin, berauek gidatzen gaituzte. Beraz gorputzaz hitz egiterakoan hau mugiarazten duten barne indar guztiak kontuan hartu behar genituzke : emozioen mundua, sentimenduena, sentsazioena, esperientziena...

Zenbait irakasleori gorputz adierazpenak halako errespetua ematen digu, geurok ere ez baitugu arlo hori oso edo ezer landua. Orduan nola lan genezake geurok oso barneraturik, menperaturik ez dugun adierazpen mota hau?



Bitartekariak

Gure lan tresnatzat hainbat bitartekari hartzen baditugu, horrek asko erraz diezaguke gure lana. Baina zer da bitartekari bat? Gure helburuak lortzeko musikarekin zerikusia duen edo ez duen edozein objektu edo tresna bitartekari bat izan daiteke, zeinak zerbait adierazteko balio beharko digun.

Bitartekarien ezaugarri nagusienak honako hauek dira:

- Musika ez bezala, ikusi eta uki daitekee gauza konkretu bat da .

- Besteei zerbai komunikatzeko bide ematen digu .

- Gure beharretara egokitzen da .

- Ikasleari egin behar due lana errazten dio .

Musika Hezkuntzan irudimen pixka batekin milaka bitartekari erabil genitzake. Txikienekin oso beharrezkoa ikusten dut. Beraiek musika oso gertutik bizi dute edo bizi dezakete, baina aldi berean oso abstraktua gertatzen zaie. Zer da altuera, tinbrea, iraupena haur txiki batentzat? Musika Hezkuntzan kontzeptu horien ulermenerako bitartekariek laguntza handia eskaintzen digute. Hori bai, lehendabizi beraien gorputzarekin sentituz eta bizituz eta gero bitartekarien bidez adieraziz. Haur handiagoekin besteen artean bitartekari horrek inkontzienteki edo ustekabean gure gorputzari adierazten lagun diezaioke.

Nire esperientzian oinarriturik hainbat bitartekariren erabileraren adibide batzuk eman nahi nituzke. Lehenak Amezketako Zumadi Eskolan Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eginak dira eta azkenak Burlatako Askatasuna Institutuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.



Hainbat esperientzia

Ondorengo dinamiketan zerikusirik ez duten hainbat objektu bitartekari erabiliko ditugu:

- Lehenengoan globoak isiltasuna eta ozentasuna bereizteko (HH).

- Bigarrenean edozein objektu luze edo labur soinuaren iraupena adierazteko (HH).

- Hirugarrenean globoak edo zapiak musikaren adierazkortasunera hurbiltzeko (LH).

- Laugarrenean pilotak entzuten duten musika hori nola bizi duten transmititzeko beste bati (DBH).

- Bosgarrenean aldizkariak musika horrek sortarazten dietena irudi eta hitzen bidez adierazteko (DBH). Hau hurrengo alean azalduko dut.



Isiltasuna eta ozentasuna

Lehenengo esperientzia Haur Hezkuntzako hiru urteko haurrekin egina da. Bitartekari bezala globoak eta musika erabiliz haurren entzumen maila eta arreta esnatzea da. Izan ere, hasiera batean hori baino gehiago ezin baituzu eskatu. Horretarako gela bat globoz betetzen dugu eta gure kontsigna sinplea luzatzen diegu haurrei Musika hastean globo guztiek goian, airean ibili behar dute eta musika isiltzen den bakoitzean globo guztiek lurrean egon behar dute . Lehenengo aldiz musika gelditzean hainbat haurrek globoekin jolasten jarraitzen dute, baina azkenerako isiltasunean globo guztiak lurrean izatea lortzen da.

Globoaren ludikotasunarengatik oso gustuko dute ariketa hau. Musikako irakasle bezala gure azken helburuetako bat litzateke bitartekari bezala musika soilik erabiliz musika eta isiltasunaren arteko egoeraz haurra kontziente eginaraztea. Adibidez, musika entzuten dugunean guztiok dantza-tzen dugu eta isiltzean guztiok estatua bihurtzen gara. Hemen beste eduki bat gehiago sartzen dugu: sormena. Zer izan naiteke ni orain eta nola irudika naiteke? Gorputz estatikoaren espresioa sartzen dugu. Ariketa honi honelako aldaera asko sar geniezazkioke.



Soinu luzeak eta motzak

Hain haur txikiekin ludikotasunaren garrantzia azpimarratu nahi nuke, eta batez ere, gauza konkretuen erabilera, hau da, uki eta ikus daitezkeen gauzena, baina hori bai, lehenik gorputzarekin bizitu ondoren. Adibidez, soinu luzea eta motzaren azalpena. Hori ongi ulertzeko, lehenik beraiek bizitu beharko dute - Soinu luzeak entzutean txorien gisa hegalak zabaldurik gelan zehar hegan ibiliko gara eta soinu motzak entzuterakoan goseturik lurrean saltoak eginez garia jango dugu -. Soinu luzeak oinez egiten dituzten lerro luzeak dira eta soinu motzak saltoka egiten dituzten lerro motzak. Lerro horiek inork ez ditugu ikusten, baina bai sentitzen eta bizitzen. Mugimenduaren bidez adierazten dutena ahotsez ere egiten erakutsi behar diegu - Ea nork egiten duen soinurik luzeena, eta motzena...- Hori guztia barneratzen dutenean, kontzeptu horiek adierazteko balio diguten edozein bitartekarirekin lanean has gintezke. Beraz, bitartekari bezala edozein objektu motz eta luze hartuko ditugu. Lehenik, objektu luzeen eta motzen sailkapena eginen dugu. Gero, soinu luze eta motzen irakurketa bat egitearren, irakasleak objektuak zerrendatuko ditu eta ikasleak ahotsaren bidez hori adierazten edo irakurtzen saiatuko dira. Azkenik, diktaketa gisara entzuten ditugun soinuen arabera ikasleek objektuak zerrendatuko dituzte - Nolakoa zen lehenik entzun dugun soinua? Luzea, eta gero? Motza. Ea bada, objektu luzea edo motza jarraian jarriko ditugu . Talde bezala hori ongi menperaturik ikusten dugunean, haur bakoitzak bere diktaketa egin dezan txotx edo makila luze eta motzak banatuko dizkiegu eta entzundakoaren arabera haur bakoitzak bere diktaketa erritmikoa eginen du. Orain arteko guztia barneraturik baldin badute, aurregrafia idatzira pasa gintezke, hau da, txotx edo makilak erabili beharrean orri edo arbelean eginiko marra luze eta motzen bidez adieraztea litzateke. Noski, azken pausoa iraupen zehatzak landuz idazketa eta irakurketa tradizionalera pasatzea litzateke. Baina horretarako, beste guztia ongi barneratu arte ez dago presarik.



Globoak eta zapiak musika dantzatuz

Ondorengo ariketa hau ere edozein adinekoekin egin daiteke baina nik Lehen Hezkuntzakoekin egin nuen. Oraingo honetan elementu bitartekari bezala zapi handiak, eta nahi izanez gero globoak, erabiliko ditugu. Ariketa honetako kontsigna oso sinplea da Musika jarraituz saia zaitezte zapiak edo globoak dantzan jartzen . Ariketa honek aldaera asko dauzka: bakarka, bikoteka, talde txikitan, talde handitan, zapiekin soilik, globoekin soilik, biekin aldi berean, musika lasaia jarriz, martxosoa, edo biak tartekatuz... Era askotara egin daiteke. Azpimarratu nahiko nuke batez ere musika lasaietarako globoen erabilera oso baliagarria dela sortzen duen giro lasai eta harmoniotsuagatik. Ariketan zehar kontsigna asko sartuz joan gintezke, adibidez globoekin;-Orain globoak buruarekin mugiaraziko ditugu, gero sorbaldarekin, triparekin, belaunekin...- eta horrela nahi gabe, konturatu gabe, musika jarraituz gorputz guztia ari dira mugitzen, eta ahal den neurrian adierazkortasuna sartuz joango gara. Beraien ustez globoak mugiarazten dituzte, baina benetan mugitzen ari dena beraien gorputza da. Musika gorputzaren bidez adierazten hasteko horrelako objektu bitartekariak oso lagungarri suertatzen dira.



Pilotak sentituz

Lehengoaren ildo berdinetik jarraituz, baina zertxobait kontzienteago, Burlatako Institutuko 3. DBHko ikasleekin egindako ariketa bat azalduko dut. Orain erabiliko ditugun bitartekariak pilotak dira. Ariketa hau bikoteka eginen dugu. Egiteko egoerarik erosoena lurrean etzanda da, baina hori ezinezkoa bada, aulkietan eserita eta gorputza mahai gainean botata eginen dugu. Kontsign-Pilota horien bidez entzuten duzuen musika ondoan duzuen bikoteari transmititzen saiatu behar duzue-. Bi saio jarraian egiten ditugu emaileak eta hartzaileak alda daitezen eta aldiko bi musika oso ezberdinak jarriz. Lehenengo, nahita, talde horretan gustuko duten martxa duen musika jartzen diet, eta gero musika lasaia, New Age edo klasiko lasairen bat, Guridiren Amorosa... Nire harridurarako, nahiz eta lehenengo musika beraien gustukoa izan, horrelako ariketarako orokorrean nahiago dituzte musika lasaiak, gusturago sentitzen omen dira bai hartzaile edo emaile gisa, nahiz eta batzuk lehenengo musikarekin oso gustura sentitu, beraiek zioten bezala aurrean zutenarekin asaskatzeko balio izan baitzien.

Honek, orain arteko beste ariketa guztiek baino inplikazio maila handiagoa eskatzen du. Globoekin eta zapiekin egindako dinamikak, bakarka, binaka edo taldean egin, jolas zentzu gehiago du. Orain, aldiz, jolas antzera ere senti daiteke, baina hartzaile bat dut aurrean, zeini nik musika hori nola sentitzen dudan transmititu behar diodan eta hori gutxi balitz, bera ni entzuten eta sentitzen erabat geldirik dago, erabat kontzentraturik-Hau lotsa!-

Kasu honetan, pilotaren funtzioa bikoterako zuzeneko kontaktu hori zertxobait babestu edo disimulatzea litzateke eta gorputza mugiarazteko arrazoia pilota izatea. Horrelako dinamiketan oso garrantzitsua da amaieran momentu horretan beraiek bizi izan duten egoera horretaz mintzatzea gogoeta txiki bat egiteko.

Gogoeta hauek eta dinamikak iraun duen bitartean behatu ditugun jarrerak irakasleontzat oso informazio iturri garrantzitsuak dira, taldearen irakurketa zehatz bat egiten laguntzen baitigu. Aurrerantzean nondik eta nola jarraitu behar dugun erakusten digu.