Egoera berria sortzeko nahia baino zerbait gehiago somatzen da

1999-04-01
 
 
Aspaldiko kezkak jira-biraka da-biltza euskal hez-kuntza munduan. Eguneroko lane-tik sortutako kez-kak dira. Eskola-ren Hezkuntza Proiektuak ho-betzea galarazten dituzten trabak nolabait gainditu nahi dituztenak, zehazki.

Urte asko igaro da Frantzia eta Espainiako Hezkuntza Sistemak ezarri zirenetik eta ia konturatu gabe ohitura eta funtzionatzeko era konkretua markatu dute.

Azken berrogei urte hauetan gizartearekin batera eskola ere aldatzen ari da. Parte hartzeko gogoa du euskal gizarteak eta eskola komunitateak ere eskolako martxan zer esana izan nahi du.

Eguneroko lanean eragiten duten erabakiak urrunegi hartzen diren sentsazioa somatzen da.

Euskal gizartea oso bizirik dago. Euskal Herriko herri bakoitzean zenbat erakunde, elkarte, talde eta abar sortu eta gai desberdinei buruz lanean diharduela behatzea besterik ez dago errealitate honetaz ohartzeko.

Lan egin eta parte hartze nahi honek gehiegitan topo egiten du administrazioetatik eskaintzen zaigun goitik beherako ereduarekin. Euskal Herriak bere funtzionatzeko eredua gorpuzten joan behar du. Historikoki jokatzeko izan duen estiloa eguneratu behar du eta munduari eskaini behar dio bere estilo berezi, ireki, aurrekoi, sortzaile eta parte hartzailea.

Administrazio eta giza-taldeen artean erabakia konpartitzeko kultura garatu egin behar da. Hau izan daiteke urtetan euskaldunok modu desberdinez bilatzen ari garen funtzionatzeko eta elkar bizitzeko estilo propioa. Denok eroso eta aberats senti gaitezkeen egoera berria.

Ildo honetatik, herri eta auzo guztietan Korrikak honelako zerbait sentiarazi digu. Non ez da, jada, Korrika Txikia antolatzen?

Euskadiko Eskola Kontseiluan autonomiaren gaia (erabakiak non eta nola hartu eta parte hartzea bete-betean ukitzen dituena) aztertzen ari da eta proposamenak luzatzera doa. Inaxio Oliverik irakaskuntza hobetzeko neurri batzuk plazaratu ditu eta autonomiarena horien artean.Jakina da neurri horiekin ez garela dagokigun kaira iritsiko, baina arraunkada berri bat izan daiteke bertara gerturatzeko.

Aire berria dabilela nabaria da. Ea denon artean, gure parte hartzearekin, euskaldunok eroso eta zoriontsu sentiarazteko funtzionamendu estiloa gorpuzteko gai garen. Erronka gurekin dago.