LANBIDE HEZIKETA: Atzerriko enpresetan lan-praktikak

1999-04-01
Lanbide Heziketako ikasketak amaitzeko gehienetan enpresetan praktikak egin ohi dira. Idazkaritzakoak bulegoetan, Mekanikakoak tailerretan, Sukaldaritzakoak jatetxeetan... Normalean inguruko lantokiak bilatzen dira praktika hauek egiteko, baina ez beti. Martuteneko Lanbide Heziketako ikasleek atzerrira joateko aukera dute. Orain dela urte batzuk hasi ziren esperientzia honekin eta gero eta ikasle gehiago dira kanpora joaten direnak.
 
 
Martuteneko Lanbide Heziketako institutuan Idazkaritza, Mantenimendua eta Mekanika ikas daitezke gaur egun, eta baita Batxilergoa ere. Lanbide Heziketari dagokionez, ikasketak bukatzeko praktikak kanpoan egiteko aukera dute ikasleek, Europako zenbait herrialdetako enpresetan, hain zuzen ere. Baina nolatan joaten dira atzerrira? Zer egiten dute han?

Galdera hauen erantzuna jasotzeko asmoz hurbildu gara Eva Intsausti irakasle eta arduradunarengana. 1990. urteaz geroztik kanpora begira jarri zirela esan daiteke, orduan hasi baitziren atzerriko ikastetxeekin harremanetan. "Lanbide Heziketaren erreformarekin hasi ginenean, titulazio berriak ateratzen hasi ziren eta gure ikastetxean Idazkaritza eleanitza eskaintzen hasi ginen. Ikasketa honetan hizkuntzak oso garrantzitsuak dira eta hori bultza behar zela garbi ikusten genuen. Horrela, hemen ikasten zenarekin ez zela nahikoa konturatu ginen, eta ikasleek kanpora atera behar zutela".

Gainera, horrelako esperientziak ikasleentzat oso aberatsak izan ohi dira eta horregatik egiten dute proiektu hauek aurrera ateratzeko esfortzua irakasle hauek. Helburu ugari betetzen dira: hizkuntza egunerokotasunean erabiliz ikasten da, lan-praktikak eginez hango enpresetan, bertako bizimodua, kultura, ohiturak ezagutzen dira, jendearekin harremanak egiten dira...

Asmo horrekin hasi ziren atzerriko ikastetxe eta enpresekiko kontaktuak eta gauzak bideratuz joan dira. Lehen kontaktuak Ingalaterrako ikastetxe batekin egin ziren, eta gaur egun, berriz, ikasleak Ingalaterrara ez ezik, Suediara eta Italiara ere joaten dira.

Lehenengo esperientzia hura ederki gogoratzen du Intsaustik. "Hasieran Ingalaterrako ikastetxe batekin jarri ginen harremanetan eta elkartruke bat lortu genuen. Horrela, bi astetan gure ikasleak han egon ziren, eta ondoren hangoak hemen".

Baina helburua ez zen kanpoko ikastetxeetara joatea, enpresetara baizik, hau da, praktikak egitea. Horrela, han eta hemen ibiliz eta mugituz, Ingalaterrako Sheffield herriko ikastetxeekin jarri ziren harremanetan. "Lanbide Heziketako zazpi ikastetxe elkartu egin ziren, Sheffield College osatuz, eta guretzat oso interesgarria zen. Hango azpiegitura, sistema eta abar ezagutzeko aukera ematen zuen eta oso aberasgarria zen gure ikasleentzat" dio Intsaustik.

Hasieran Sheffield-go ikastetxeek beraien zentroan antolatu zituzten ikasleentzako praktikak, baina gero enpresetan, eta gaur egun ere horrela jarraitzen dute. "Ikastetxeek beraiek aurkitzen dute ikasle bakoitzarentzako enpresa eta familia. Zeren han dauden bitartean familia batekin bizitzen baitira".

Enpresei dagokienez, hemengo antzekoak direla aipatu digu Intsaustik, Idazkaritzako ikasketekin eta lanarekin zerikusia dutenak, alegia: bankuak, telefono lantegiak, altzairu lantegiak, fundazioak, zerbitzu enpresak... Lantegi hauetan ikasleek duten eginkizuna hizkuntza mailaren eta ikasleen nortasunaren arabera egoten da. "Guk hemendik ikasleen txostenak bidaltzen ditugu hango eskolara eta haiek banatzen dituzte enpresetan".

Praktikak egiteaz gain, klaseak ere jasotzen dituzte Sheffield-go ikastetxeetan. "Kanpoko ikasleentzako klase bereziak izaten dira, ez hango ikasleekin batera. Horrela, mundu osotik joandako jendea topatzen dute: txinarrak, tailandiarrak, induak... Ekialdekoak izan ohi dira gehienak". Klaseak ongi daudela dio Intsaustik, baina garrantzitsuena enpresako praktikak direla.

Zenbait kasutan ikasleek hemen egiten dituzte lehenengo praktikak, kanpora joan aurretik, alegia. Eta batzuetan atzerriko enpresetakoa izaten da lan munduarekin edukitzen duten lehen harremana. "Guk nahiago izaten dugu aurretik hemen praktikak eginda joatea, horrela esperientzia gehiagorekin joaten direlako".

Ikasleen aldetik, orain arte oso pozik itzuli direla aipatu digu Intsaustik. "Hango enpresetatik txostenak eta agiriak bidaltzen dizkigute praktikak egin ondoren, eta onak izan dira orain artekoak. Ikasle horiek hona itzulitakoan gehienetan ez dute lana aurkitzeko arazorik izan, gainera. Batez ere Mantenukoek. Idazkaritzakoek zailtasun gehiago izaten dute".



Proiektuaren bideragarritasuna

Proiektu hau Leonardo Da Vinci programa europarraren barruan kokatzen da. Programa honek hainbat proiektu bultzatzen ditu prestakuntza profesionala promozionatu eta indartzeko helburuarekin. "Programa honek gure proiektuaren kostuaren %70eko dirulaguntza ematen digu, eta horrez gain Kutxa, Gipuzkoako Diputazioak eta Hezkuntza Sailaren barruan dagoen Lanbide Heziketako Zuzendaritzak ere lagundu digute orain arte". Inguru honetan horrelako proiektuetan murgilduta dauden ikastetxe gutxi daudela dio Intsaustik, eta horrek ere laguntzen diela dirulaguntzak eskuratzen. "Dena dela, dirulaguntzak luzatzeko orduan, proiektuaren kalitatea eta baliagarritasuna izaten dira kriterio nagusienak eta horretan ere hobetuz goaz urtero-urtero esperientzia dela eta".



Suediako esperientzia

Sheffield-era lehenengo urtean lau ikasle joan baziren ere, orain zortzi joaten dira. Kopurua igo da, beraz, baina horrez gain aukera ere zabaldu da. Hots, Idazkaritzako ikasleek ez ezik, Mantenimendukoek ere kanpora joateko aukera dute egun. Iaz joan ziren lehenengo aldiz, eta kasu honetan, Suediara.

Mantenimenduko sei ikasle eta Xabier Erro irakaslea hiru aste egon ziren Suedian. Getxoko enpresa baten bitartez Suediako enpresa batekin harremanetan jartzea lortu zuten eta honek mantenimenduaren inguruko ikastaro bat eskaini zien. Xabier Errok dioenez, Suedian nahiko aurreratuak daude makinen mantenimenduan eta interesgarria izan zen han ikusi eta ikasi zutena. "Jaso genuen ikastaroan oinarrizko kontzeptuak ikasi genituen eta horrez gain, makina hondatu baino lehenago, oraindik martxan dagoen bitartean, makinak nola dauden ikusteko eta zenbat iraun dezaketen kalkulatzeko zein analisi egiten dituzten ere ikusi genuen. Baina ez zen hori soilik izan. Zenbait ekipamendu gure eskolara ekarri genituen eta hemen martxan jarri ditugu. Hau ikasleentzat oso interesgarria da eta eskolarentzat ere bai, hango teknikak ezagutu eta erabiltzeko aukera ematen digulako".

Suedian pasatako egunetan hango hainbat enpresa bisitatzeko aukera ere izan zuten.

Oro har, esperientzia positiboa izan zela dio Errok, eta ikasleak ere oso pozik gelditu zirela. "Oso ongi baloratu zuten ikasi zutenagatik eta hona itzuli ondoren lan-eskaintza bat baino gehiago jaso zituzten. Gaur egun denak lanean daude".

Suediarrak ere oso gustura gelditu omen ziren, ikasleak oso motibatuta ikusi zituztelako eta oso ongi erantzun zutelako. "Aurten beste ikastaro bat eskaini digute. Hobekuntza ikastaro bat da, bi enpresaren arteko prestakuntza osagarriarekin. Bata Total Productivity Develoment da eta oso ona dirudi. Bestea, enpresetan mantenuko programak martxan jartzera dedikatzen da. Eskaintza egin digutenak ikastaroak ematen ibiltzen diren profesionalak dira eta guretzat oso interesgarria da. Baina ekonomikoki posible den edo ez ikusi beharko da". Izan ere, ikastaroak kobratu egiten dituzte, eta eskaintza berri hau garestiagoa izango litzateke. Gainera, iaz proiektu honek ez zuen dirulaguntzarik jaso berria zelako, baina aurten, esperientzia ikusita, lor dezaketela uste dute.

Dena dela, Suediako harremanak gehiago sakondu nahi dituzte. "Orain arte enpresa batekin izan dugu harremana, baina eskola batekin erlazionatu nahi genuen. Izan ere, gure ikasleak hango bizitzan gehiago integratzea eta hango kultura ezagutzea interesatzen zaigu eta hori eskola batekin errazagoa da". Helburu horrekin, dagoeneko antzekoa den eskola batekin harremanetan daude. "Gure asmoa eskola horretan prestakuntza jasotzea eta ondoren beraiek aurkitutako enpresetan praktikak egitea da. Ondoren, hango ikasleak hona etorriko lirateke".



Italiara, Irlandara... ere bai

Sheffield eta Suedia ez dira atzerrira praktikak egitera irteteko aukera bakarrak. Aurten lau ikasle joango dira Italiara, baina beste proiektu baten bidez, Intsaustik argitzen digunez. "Lehenengo aldiz Confebask Leonardo Da Vinci programara aurkeztu zen iaz eta beste herrialdetan praktika batzuk egiteko bekak eskatu zituen. Ondoren, Confebaskek beka horiek hainbat ikastetxeri eskaini dizkie, eta tartean guri". Martutenekoek baiezkoa eman diote. Elkartrukean oinarritutako beka da eta horregatik egon dira lau ikasle italiar hemen. "Guk haientzako praktikak egiteko lantegiak aurkitu ditugu eta beraietaz arduratu gara. Ondoren, gure lau ikasle Italiara joango dira 10 asterako".

Eskaintzekin jarraituz, tartean Ipar Irlandako enpresa batena ere jaso dute. Derryko enpresa batek hiru asteko egonaldian ingelesa ikasteko eta gero enpresetara joateko eskaintza luzatu die. Martuteneko irakasleen ustetan, hemengo ikasleak oso gustura egongo lirateke Irlandan, Ingalaterran baino gusturago, hurbilago sentitzen baitira irladarrak eta euskaldunak. Momentuz proiektua aurkeztu dute eta orain onarpenaren zain daude.



Lekuak bai, baina plazak...

Urtetik urtera proiektu hauek sendotuz doazela argi dago. Hasieran Idazkaritzakoentzat soilik zeuden. Orain Mantenimendukoentzat ere lortu dituzte. Eta Mekanika da falta dena. "Ikasketa hauek egiten dituztenei ere eman nahi diegu kanpora joateko aukera eta agian Ipar Irlandakoa izango litzateke egokiena hauentzat".

Hala ere, ikasle guztiek ez dute joateko aukera izango. "Ahalik eta gehienentzako plazak lortzen saiatzen gara, baina, hala ere, aukeraketa bat egin beharra izaten dugu" dio Intsaustik.

Aukeraketa hori egiteko kriterio batzuk finkatuta dauzkate: notak, hizkuntza maila, hemengo enpresetako informeak... "Hasieran, informatzen hasten garenean, denek joan nahi izaten dute" dio Intsaustik, "baina benetako ordua iristen denean, askok lana dutelako, beste batzuk beste arrazoi batzuengatik, azkenean justu-justu ibiltzen gara Idazkaritzaren kasuan jendea osatzeko".

"Mantenuan, aldiz, alderantziz gertatzen da" Erroren arabera, "denek joan nahi izaten dute eta hor aukeraketa egin behar izaten da".

Baina Martuteneko eskolan ez daude Lanbide Heziketako ikasleak bakarrik, Batxilergokoak ere bai. Hauek ez al dira kanpora joaten? Intsaustik dioen bezala, ikasketa hauetan ez da Lanbide Heziketan bezalako praktikarik egiten, baina, hala ere, ikasketak kanpoan egiteko saiakerak egin dira. "Saio asko egin ditut, harremanak eduki ere bai, baina atzera egiten dute. Gauza hauek lan asko eta dedikazio handia eskatzen dute, eta agian hona etortzeko interesik ez daukate. Ingalaterran, adibidez, nahiago dute Alemania edo Frantziara joan".

Bestalde, aukera egonez gero, hezkuntza sistemen aldetik batxilergoko ikasketak kanpoan egiteko eragozpenik ez litzateke egongo, sistemak nahiko berdintsuak direlako.



Benetako protagonistak: ikasleak



Amaia Segurola eta

Susana Diaz-Caneja

Idazkaritzako ikasle ohiak.

Iaz Sheffieldera joan ziren hiru hilabeterako


Zer egin zenuten hiru hilabete horietan?

Amaia .- Astean behin bi orduko ingelesezko klaseak jasotzen genituen eskolan eta egunero hango enpresa batera idazkaritzako praktikak egitera joaten ginen. Ni mezulari zerbitzuko enpresa batean egon nintzen idazkari lanak egiten.

Susana .- Nik erakunde batean egin nuen lan. Prebentzio programak eta gai konkretuen inguruko proiektuak egiten zituen erakundea zen. Idazkaritza lanak egiten nituen gehienbat, baina baita gainontzeko gauzak ere. Izan ere, bost pertsona geunden erakundean, eta jende gutxi egonda, denetik egitea egokitzen zaizu.



Zein zailtasun topatu zenituzten praktikak egiteko garaian?

Amaia .- Beraiek lantaldea osatua daukate eta hasieran zaila da bertan sartzea eta integratzea. Eta gainera, hizkuntza aldetik hasieran ez duzu dena ulertzen. Baina poliki-poliki ikasten eta egokitzen joaten zara. Txisteak ez dituzu ulertzen, baina lan egiteko adina bai. Niri asko lagundu zidaten. Nire adineko neska bat zegoen eta harekin ondo moldatu nintzen.

Susana .- Nik lan egin nuen erakundean oso giro ona zeukaten eta asko lagundu zidaten. Hala ere, hizkuntza beti izaten da zailtasun bat hasieran. Guk hemen ingelesa ikasten dugu klasean, baina idazteko ingelesa da eta ez hitz egitekoa. Ez dute idazten duten bezala hitz egiten eta hasieran zaila da dena ulertzea. Baina poliki-poliki ulertzen joaten zara.



Enpresak gustura gelditu al ziren zuek egindako lanarekin?

Amaia .- Bai. Nire kasuan, lehenengo aldia zen atzerritar bat joaten zela eta gustura gelditu ziren. Gainera, guk langile ospea daukagu han.

Susana .- Bai eta lana bukatu ondoren egin dituzten txostenetan ere hori ikusten da.



Aurretik praktikak egin al zenituzten hemen beste enpresaren batean?

Susana .- Bai, ni udan Donibane-Lohitzuneko enpresa batean egon nintzen eskolako proiektutik joanda eta haiek izan ziren nire lehenengo praktikak. Ondoren Donostian ere ibili nintzen.

Amaia .- Nik CAFen egin nituen praktikak.

Ingalaterran lan-praktikak egin izanak lagundu al dizue hemen lana aurkitzen?

Susana .- Beno, badu eragina, nahiz eta horrek ez ziurtatu lana aurkitzea. Ni orain arte lanean aritu naiz, nahiz eta orain bukatu zaidan.

Amaia .- Ni ere orain arte lanean aritu naiz eta orain bukatu egin zait. Baina lana bilatzerakoan han izandako esperientziak eragina baduela uste dut. Gainera hango enpresek egin dizkiguten txostenak ere oso onak izan dira.

Susana .- Curriculumean atzerrian lana egin duzula ikusten dutenean kanpoko hizkuntza ezagutzen duzula konturatzen dira, baina ez hori soilik. Hango jendearekin harremanetan egon zarela, beraiekin lana egin duzula eta kanpoan bizitzeko independentzia baduzula erakusten du, era berean. Guk, adibidez, Fist Certificate titulurik ez dugu, baina hori bezainbat baloratzen dute lan-praktikak egin izana.



Lan-praktikak egin bitartean bertako familietan egon zarete. Nolako esperientzia izan da hori?

Amaia .- Familiak oso ohituta daude kanpoko jendearekin egoten. Nire familian nirekin batera indiar bat eta brasildar bat zeuden. Normalean beti dago kanpotarren bat eta oso ohituta daude. Badakite guretzat oso zaila dela eta asko laguntzen dute.

Susana .- Nire etxean ere txinatar bat, taiwandar bat eta ni geunden. Oso ohituta daude kanpoko jendea hartzen, bai.



Ingelesekin eta beste lurraldeetako jendearekin erlazionatu zarete, orduan.

Susana .- Bai, alde batetik, gure familia berean zeuden ikasle atzerritarrak ezagutu ditugu. Eta bestetik, eskolan ingeleseko klaseak atzerritar guztientzat prestatzen zituzten eta han ere elkartzen ginen. Gure egoera berdinean aurkitzen dira hauek ere, eta gu bezalaxe lagunak egin nahi dituzte. Atzerritarrekin erlazionatzea erraza da.

Amaia .- Zailagoa da ingelesekin harremanak izatea. Enpresako jendearekin eta familiarekin erlazionatzen zara, baina hortik kanpora, nahiko zaila da.



Oro har, nola baloratzen duzue esperientzia? Zuen ondoren datozen ikasleak animatzen al dituzue atzerrira joatera?

Susana .- Egia esan, nik hasieran ez nuen joan nahi. Ez nekien zer topatuko nuen han eta beldurra ematen zidan. Baina aukera aprobetxatu behar nuela ikusi nuen eta gero oso ondo pasa nuen. Ez naiz damutzen joan izanaz eta joan behar dutenak ere animatzen ditut.

Amaia .- Hasieran hiru hilabete asko direla dirudien arren, gero berehala pasatzen dira. Niretzat positiboa izan da.



Patxi Arsuaga

Mantenuko ikaslea.

Sheffieldera joango da hilabeterako




Amaia eta Susanak esandakoak entzun ondoren, animatuta al zaude?

Egia esan, urduri nago. Hasieran ez nuen joateko asmorik. Nik goizez ikasi egiten dut eta arratsaldez lanera joaten naiz. Beraz, ezin nuen hemengo lana hilabete batengatik utzi. Baina, aukera hau edukitzea sari bat dela suposatzen da, beraz joan egingo naiz eta kitto.



Hizkuntzari dagokionez, beldurrik ematen al dizu?

Beno, ni EEBBetan egon nintzen hiru hilabetez, eta alde horretatik ez da kanpora noan lehenengo aldia. Baina bestetik, idazkaritzakoak baino gutxiago gaude prestatuta hizkuntza aldetik, eskolan behintzat. Azken bi kurtsoetan ez dugu ingelesa ikasgai bezala, beraz, gure kabuz ikasi behar izaten dugu.



Beharbada mantenuko lanak egiteko idazkaritzan baino gutxiago erabili beharko da ingelesa, ezta?

Agian bai, gutxiago erabili beharko da, baina erabili behar dena hizkuntza teknikoa da eta jakin beharrekoa.



Ibai Marin

Mantenuko ikaslea.

Italiara doa 10 asterako




Italiara joango zara zu. Nola harrapatu zaitu kanpora joateko aukera honek?

Beno, hasieran ez nuen joan behar, baina bat-batean plaza libre bat agertu zen eta irakasleak joateko asmorik edo gogorik banuen galdetu zidan. Hasieran nahiko hotz harrapatu ninduen. Hemen gauzak nahiko planeatuta neuzkan: ikasketak amaitu, lana baneukan eta lanarekin jarraitu... eta hori pixkat moztu egiten zidan. Baina, azkenean, pentsatu ondoren, aukera aprobetxatzea erabaki nuen.



Zer aurkituko duzula espero duzu?

Ez dakit zer topatuko dudan, ez dut asko pentsatu, baina Italiak Ingalaterra baino gutxiago izutzen nau. Kultura ez da hain desberdina, hizkuntza ere errazagoa... Ingalaterrara joan beharko banu ez nintzateke hain lasai egongo.



Zer egingo duzu han?

Lehenengo hiru asteak hizkuntza lantzen eta ikasten pasako ditut eta ondoren enpresa batean hasiko naiz lanean. Hamar aste hauetan bertako familia batean egongo naiz.



Hemen praktikarik egin al duzu orain arte?

Beno, hemen lanean nabil. Goizez klasera etortzen naiz eta arratsaldez lana egiten. Beraz, esperientzia badut, bai.



Lanean zabiltzalarik hamar astetan kanpora joateko baimena eman dizute. Nola ikusten dute hemengo nagusi edo enpresarioek kanpora joateko aukera hori? Beraiei interesatzen al zaie atzerrian trebatutako langileak izatea?

Nire kasuan nagusiarekin hitz egin nuen eta lasai joateko esan zidan, itzulitakoan lana izango dudala. Baina ez dut interes berezirik sumatu bere aldetik, berdin zaiola uste dut, beretzat ez du onura berezirik suposatuko.



Ibon Izquierdo

eta Iñigo Gaztelu

Mantenuko ikasle ohiak.

Iaz Suediara joan ziren




Nolakoa izan zen zuen plana?

Ibon .- Gurea ezberdina izan zen. Gu hiru asterako joan ginen, ez hiru hilabeterako eta alde horretatik lasaiago joan ginen. Ikastaroak edo klaseak, klase praktikoak eta bisitaldiak egin genituen hiru aste horietan. Eta ez ginen familietan egon, baizik eta egoitza batean denok elkarrekin.



Nolako ikastaroak edo klaseak jaso zenituzten?

Ibon .- Goizeko 8:00tik arratsaldeko 5:00ak arte klaseak jasotzen genituen. Lehenengo bi ordutan suedierako klaseak. Eta ondoren klase teorikoak eta praktikoak. Praktikoak ziren interesgarrienak, enpresan bertan lan egiteko aukera izan genuelako eta beste enpresa batzuk bisitatzera ere joan ginelako.

Iñigo .- Enpresa horretan mantenuko makinak ikusi genituen. Mantenuko makinak egiten dituzte bertan eta nola erabiltzen diren irakatsi ziguten. Oso ondo esplikatu ziguten eta oso ondo tratatu gintuzten.

Ibon .- Adibidez, egun batean penizilina egiten zuten kimika enpresa batera joan ginen tekniko batekin zerbitzu bat egitera. Berarekin batera ibili ginen han, berak egiten zuen lana ikusiz eta ikasiz.



Han ikasitakoak balio al dizue hemen, erabili al duzue?

Iñigo .- Ez, han ikasitakoa ez dugu erabili makina horiek ez daudelako hemen. Ez dago makina horiek erosteko dirurik. Hemen, guk lan egiten dugun enpresan, badaude mantenuko makina batzuk, baina ez dira marka berdinekoak eta gainera nagusiek edo goi kargukoek soilik erabiltzen dituzte.



Hemen baino aurreratuagoak al daude orduan han?

Bai, bai mantenu mailan eta baita gainontzeko gauzetan ere. Enpresa guztiek mantenuko zerbitzua eta ekipoa daukate.



Han ikasitakoak, orduan, hemen lana aurkitzen lagundu al dizue?

Iñigo .- Egia esan, lana badugu, baina ez dut uste hara joan ginelako denik. Hala ere, eskari bat baino gehiago jaso dugu. Lan aldetik ez gara kexatzen, ez.



Nolako balorazio egiten duzue Suediako esperientziaz?

Ibon .- Kanpora joan ginen Mantenuko lehenengo ikasleak izan ginen eta oso ongi atera zela uste dut. Suediarrak oso pozik gelditu ziren gurekin. Inoiz ez omen dute hain jende motibatua eduki.

Iñigo.- Nik ere balorazio positiboa egiten dut. Sistema aurreratuak ezagutzeko aukera izan dugu eta baita hango kultura eta giroa ere. Baina ikastaroa egiteko bi aste nahikoa direla uste dut, hiru gehiegitxo direla.