UDAL HAUR ESKOLA, Irun: Harreman psikomotrizitatea.<br />Lanerako proposamen eta jarrera bat 0-3an.
Gu ados geunden. Gure zentroak izaera hezgarri eduki beharko zukeen funtsean, baina garrantzitsutzat jotzen genuen izaera hezgarri hori akademizista izateareki ez nahastea . Hor erraz erortzeko moduko tranpa bat zegoela iruditzen baitzitzaigun Hezitzeak , adin hauetan batez ere, zenbait ezagueraren errazpide eta transmisioa ahalbidetzea, edo zenbait abileziatan entrenamendu desberdin eta egokiak eskaintzea baino urrutirago joan behar zuela ulertzen genuen. Gure ustez helduen eta haurren arteko erlazio konprometituagoa zen hezitzea. Adin honetako haurren eskariek inplikazio sakonagoak adierazten zituztela, alegia. Horregatik, intererlazio afektiboak (helduak-haurrak; haurrak-haurrak) faboratzea, heziera pertsonalean laguntza eskaintzea, gure euskarriaz elkarraldatzen eta elkarrenganako giza eraikuntza prozesua bultzatzea, hots, afektibo eta komunikatibo-erlazionalak diren arloak, hauek iruditzen zitzaizkigun lehentasunezkoak gure zeregin hezgarrian.
Bestalde, eguneroko esperientziak erakutsi zigun adin hauetan erlazio-komunikaziozko estrategiek izaera korporala zutela funtsean, eta sozialki eta kulturalki hainbesteko garrantzia duen aho hizkuntzaren benetako euskarri eta preludio zirela gainera. Premisa hauek kontuan hartuz, André Lapierre eta Nuria Franchek Psikomotrizitate Erlazionalaren inguruan egiten zituzten proposamenez interesatzen hasi ginen eta erreminta hezgarri gisan hartu genituen.
Proposamen hauek modu teoriko-praktikoan abordatuz hasi ginen. Lapierren eskolako psikomotrizista batekin jarri ginen harremanetan eta hark gure zentroa osatzen duten sei taldeetatik birekin burutzen zituen asteroko psikomotrizitate saioak. Talde horietako tutoreak eta zuzendaria ziren, hasiera batean, lan horren lekukoak. Ondoren, talde guztiari irekiak ziren lan saioetan (nahi zuena joan zitekeen) han ikusten eta grabatzen zutena analizatu eta hausnartu egiten genuen. Psikomotrizistak lanaren oinarri zen informazio teorikoa ekartzen zigun, honekin batera gu animatu eta analisia koordinatzen zuelarik.
Zer iradokizun ekartzen zigun hark guztiak?. Zein egoera iruditzen zitzaigun interesgarria, arriskutsua, zaila,...? Zeinek sortzen zigun zalantza, beldurra, segurtasunik eza,...?
Pixkanaka han ekoizten ari zenarekiko hurbilketa eta ulertzearekin (ez bakarrik teorikoki), lan proposamen hauetan sumatu eta aurkitzen ari ginenarekin, gure inplikazioa eta motibazioa ere transformatu egin ziren. Harrezkero, guretzat ez zen haurrak jolasean uzte soila izango, inguru konkretu batean sortuko zuten joko espontaneo bat baizik, eta aurrerantzean helburu berri haiez gidaturik jardungo genuen haurrenganako gertutasun osoa eskainiz, errudunak eta epaiketak saihestuz, haurren desio eta behar sakonak agertu arte itxoinez guk esku hartu baino lehen, itxuraz hari eroalerik ez zuten joko eta ekintzak edukiez hornituz, eta abar.
Horrela, pixkanaka, saioen lekuko hutsak izateari utzi genion eta haurrek egiten zuten ibilbidea antzeman eta sortzen zituzten egoeren ulermena eta behaketa eraldatzen hasi ginen. Tutoreak psikomotrizistaren zuzendaritza eta babespean saioetako partaide eta lankide izaten hasi ziren. Horrela, analisi eta hausnarketaren ondorioz lan saioak aldatuz joan ziren eta aurrerantzean gure lanaren edukia zein izango zen azaleratzen hasi zen.
Psikomotrizistak, talde desberdinekin eta beraien tutoreekin jarduten zuenez, ekipo osoak izan zuen haren lana gertutik jarraitzeko aukera. Azkenean, lan honen aberastasun eta ekarpenek gure haurrekin erlazionatzeko eta jokatzeko modua kutsatu zuten.
Haurren jokaera ez ezik, geurea ere, hezitzaile eta haurren erreferentziazko helduak garen heinean, behatu eta analizatzen hasi ginen. Bien bitartean, haurren desioek geureekin konektatzen zutela eta gaitzesten genituen zenbait jokaerak ere gure sentimenduekin eta zailtasunekin zerikusi handia zutela onartzen hasi ginen. Errealitate honetaz jabetzeak haurren inguruan gertatzen zenaz ulertzea lagundu zigun, beraien sentimendu eta zailtasunak errespetatu eta garatzen lagundu zigun, hain zuzen.
Saioetako lan espezifikoak eskaintzen zituen posibilitate aberatsak eta zabalak zirela medio, ekipo honetako hiru pertsonak gehiago sakontzeko gogoa sentitu zuten eta psikomotrizista izateko prestakuntza egitea erabaki zuten. Jadanik hiru pertsona haiek prestakuntza ikasketak bukatuak dituzte.
Gainera, urte haietako esperientzia eta erreflexio teoriko-praktikoek guztion jarreraren aldaketa eragin zuten bizipen hezgarriz beteriko ezagutza ekarriz ekipoari. Halaber, horrek guztiak ematen zigun perspektibagatik, eragin handia izan zuen lanerako proposamenetan, antolamendu eta baliakizun hornidura eraketarako, eta zentroko dokumentu kurrikularren idazketarako.
Gaur egun erlazio-psikomotrizitate saioak esplizituki gure proiektu kurrikularraren barnean egotea haren eraginaren isla zuzena izan da, baita horretarako jarraitu diren irizpideak ere.
Irizpide hauetako batzuk aipatuko ditugu:
* Adin hauetan afektibo-sentimenduzko eta erlazio-komunikaziozko alorrei emango diegu lehentasuna.
* Sendikoen irudiak (ama, aita edo ordezkoak) erreferentzi euskarriak eta funtsezkoak dira. Gure lana haiena osatzea edo egokitzea izango da baina ez ordeztea edo ordezkatzea.
* Ekipoak zentroko haurrekiko lotura afektiboari laguntzen dion guztia bideratu, eragin eta lagundu behar du, hau izango baita geroko lanari eutsiko dion euskarria.
* Komunikazio toniko-korporalak eta interkomunikazioek leku pribilegiatua bete behar dute gure zereginetan adin hauetako haurrengan erabiliena den erregistrotzat jotzen dugulako huraxe.
* Jolasa haurraren berezko den jardueraratzat hartuko da bere alde guztietan eta gure proposamenen erreminta eta jardueraren giltzarri izango da.
* Dependentzia egoera aurreragarria eta benetako sozializazioa eta identitatea landu ahal izateko abiapuntu den bizipen osasuntsutzat ulertu beharko genuke, eboluzioaren une bateko berezko bizipena bailitz, hain zuzen.
* Ekipoa osatzen duten guztiek jokaera eta jokabideen hausnarketarako eta birplanteamendurako jarrera irekia izan behar lukete, haurrekiko erlazio-komunikaziozko bilbaduran dugun eragina kontuan izanik.
Erlazio-psikomotrizitate saioetako lan espezifikoan jarritako helburuak eta hauen gauzatzea azalduko dugu ondoren.
Hauek dira planteatu ditugun helburuak
- Gure ikasleei, "Minik ez egitearena" muga bakarra izanik, benetako iniziatiba bultzatu, ahalbidetu, eta segurtasuna emango dien gune espezifikoa eskaintzea.
Horretarako, arriskutsu deritzogun guztia eta norberaren mugimendurako oztopo izan daitekeena baztertuz prestatuko dugu gunea, adin desberdinak kontuan hartuz. Orobat, adierazpena errazteko eta komunikaziorako bide izango den materiala edukiko dute haurrek eskura.
Material hau (pilotak, puxikak, aroak, sokak, oihalak, paper mota desberdinak, kartoizko kaxak, goma-espumazko moduluak, koltxonetak, espumazko hodiak....) material ezkonkretua izango da, haurraren proiekzioarekin ados dagoen edozer gauza errepresenta dezakeena, arriskurik gabekoa, eta estrukturaketarako nahiz eraiketarako aukera eman dezakeena. Eroso erabili ahal izateko material ugari izatea komeni da.
- Abordatze toniko-gorporalean sakontzea. Akats, gatazka eta nahien adierazpena bultzatzea. Horretarako ezinbestekoa da psikomotrizista heldua espresio hauei adi egotea.
Nahien, gatazken eta abarren adierazpenari buruz hitzegiten dugunean, hain zabal eta ezberdin diren espresio hauei buruz ari gara: ukapena, onarpena, erasoa, edukitzea, baieztapena, menpekotasuna, zapuzketa, erruduntasuna, beldurra, lehiakidetasuna, zeloak, iraupena, binako erlazioaren bilakaera, pribilegiatua eta fusiozkoa edo taldekoa, ekiditea, ezjakitea, bestearekiko edo besteekiko erlazioaren ukapena eta abar. Azken batean hunkipen, sentimendu eta afektuen mota guztietako espresio moduei buruz ari gara.
Psikomotrizista"Adi egotea" esatean helduaren errespetuzko eta gorputzezko gertuko presentziari buruz ari gara, haurrarekin benetazko elkarrizketa batean sartzen saiatzeaz eta onartu ahal izateaz, iniziatiba emanez haurrak nahi eta ahal duen elkarraldatze mailan sartzea onartzeaz, nahien eta gatazken projekzio eta euspenaren "gunean" proiekzio horietan erabil daitekeen "objektu" batean ere bilakatzeaz.
- Psikomotrizista heldua adi egote honen bidez, haurren adierazpenak eduki sinbolikoz hornitzen saiatuko da, erlazio estrategia bilakatu ahal izateko.
Psikomotrizistak, behaketan entzun edo ikusi duenaren irakurketa adia egingo du, inguru zabal batean kontestualizatuz. Irakurketa hau eduki formal eta ageriko hutsetik are urrutirago joango da, eduki ezkutuekin zerikusi gehiago duen irakurketa-dekodifikazio sinbolikoa izateraino iritsiz. Irakurketa eta dekodifikazioaren bidez taldearentzat eta taldeko haur bakoitzarentzat lan hipotesiak planteatzen joango da psikomotrizista eta ondorengo interbentzioak diseinatuz.
Sortzen diren erantzunak, interbentzioak eta agertutako adierazpenak eduki sinbolikoz hornitu eta haien adierazpen moduak erosoagoak izan daitezen bideratzen saiatuko da (bai haurrarentzat bai besteentzat) beraien erlazio estrategiak eboluzionarazteko eta, bakoitzaren erritmoa kontuan harturik, ekipaje pertsonalari dagokion guztia (nahiak, mugak, baliabide positiboak...) ezagutu, onartu eta poliki-poliki integratzen joateko.
Nuria Franch-ek, "La psicomotricidad relacional, una herramienta educativa" liburuan planteatu duen lan eskema aipatuko dugu, gure ikuspuntutik, azaldu ditugun helburu motak argitzen lagunduko baitigu.
Jarraian, saio hauek gure zentroan eramaten ditugun era azalduko dugu:
- Saio hauetaz psikomotrizista formazioa duten hiru pertsonak arduratuko dira.
Batzuetan tutorea eta psikomotrizista pertsona bera izango da. Kasu hauetan pertsona horrek eramango du aurrera saioa eta horrez gain bigarren pertsona bat bertan egoten ahaleginduko gara. Bigarren pertsona honek funtzio desberdinak izango ditu, hala nola, segurtasuna indartu eta osatu, gela eta haurren antolaketaren prestakuntza erraztu, behatu eta bideoan grabatu saioaren ondorengo analisia egin ahal izateko...
Psikomotrizista eta tutorea izatea pertsona berean egokitzen ez direnean, hiru psikomotrizistetako bat izango da lan hau hartuko duena (banaketa eta antolakuntza klaustroan egingo dira), eta tutoreak bigarren pertsonaren papera beteko du. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu tutorea, psikomotrizista izan edo ez, saio hauetan egotea, lan eredu honek eskaintzen dion informazioa eta perspektiba berria jaso baitezake, denon mesederako izango dena, noski.
- Zentroan dauden sei taldetatik bostek proposamen hau lantzeko aukera izango dute (Txikiak 1, Txikiak 2, Ertainak, Handiak A, Handiak B), sehasketako taldea salbuespen izanik, gela honetan proposamen hau beste era batera gauzatu behar dela uste baitugu. Esango genuke adin hauetan erreferentziazko helduen gertutasuna eta erlazio toniko-korporala ia iraunkorra izan behar duela.
- Talde bakoitzaren kide bakoitzak duen egokitzapen eta lotura maila ikusita jarriko da saioak hasteko data. Data hau klaustroan planteatu eta negoziatuko da.
- Talde bakoitzarekin lanean hasi eta gero, saioen maiztasuna asterokoa izango da eta iraupena 45-60 minutukoa.
- Saioak, kasu guztietan, goizeko 10.30etik 11.30era burutuko dira, denak Zentroan dauden unea baita eta nahiz ordutegi desberdina eduki haurrek aktibitate honetan parte hartzea ziurtatzen da horrela.
- Saioen analisi eta jarraipen lana psikomotrizistak egindo du funtsean, baina gelan egoten den bigarren helduarekin ere konpartituko du lana, batez ere azken hau tutorea denean. Hala ere, denentzat interesgarriak diren kasuetan lan proposamen edo hipotesiak klaustrora ere eramango dira.
- Ikasgelako bilerak antolatuko dira gurasoek beraien seme-alabekin egiten den lan mota ezagut dezaten. Lan proposamen honen ezaguera eta ulermena errazteko ikus-entzunezko materiala erabiltzen ahaleginduko gara, oso garrantzitsua baita gurasoek egiten dena eta zergatiak argi eta garbi jakin ditzaten.
- Gurasoei, beraien seme-alaben jarraipen eta bilakaerari buruzko informazioa azalduko zaie.
Bukatzeko, lan honek guztiak Hezitzaile Taldeko kide bakoitzarentzat, nahiz maila desberdinetan, ahalegin eta inplikazio handia suposatu du, baina egindako bidearen ondorena oso positiboa eta lan perspektiba atsegingarria ireki digula baieztatzeko moduan gaude.