XIMENEZ MAIA, Josu: Azkenik KLIK 2.2 euskaraz!<br />Baliabide multimedia erabilterraza, euskaraz eta doan

1999-04-01
Euskarazko programak etengabe ateratzen dira merkatura. Salgai izaten direnak programa eta aplikazio itxiak dira eta oso ederrak izanik ere, erabiltzaileok izanen ditugun aukera bakarrak beti izanen dira programak eskaintzen dizkigunak. Programa edota aplikazio itxiak diren neurrian mugatuak dira eta ezin izanen dugu aldaketarik sortu. Esan ere esan behar da guztiz baliagarriak izan daitezkeela arestian aipaturiko programak.
 
 
Programa itxiak versus programa irekiak

Baina duela gutxi atera den CD ROM zoragarri hori -irakurleak berak jar biezaio izena- ordenagailu bakar batean jar daiteke eta eskolako ordenagailu gelan hamar ordenagailu dauzkagu; ezin ikasle guztiekin aldi berean landu, ezin CD ROM bakoitzaren hamar ale erosi, ezin kopiatu -ez al zenekiten bada, CD ROM komertzialak kopiatzea legez kanpokoa dela, ene piratok?- ; eta gainera aplikazio hori agian ez da egokiena nik zehazki behar dudanerako... Zer egin? Ikasle jakin batzuek ariketa zehatz batzuk behar izaten dituzte eta ohiko fitxaz aspertuta egonda -ikaslea zein irakaslea, zertarako ukatu?- zergatik ez erabili ordenagailua?



Egoki erabiliz, motibazioa ziurtatuta

Esaiozu ikasle bati:

"- Egingo duzu fitxa hau, mesedez?"

Edo esaiozu:

"- Joanen gara ordenagailuan jolastera?"

Agerian dago non dagoen bermatuta ikaslearen motibazioa...

Irakasleak badaki ez dela jolasa, baizik eta -esaterako- lateralitatea lantzeko ariketa bat; hori bezalako hamaika egin ditu ikasle horrek paperean, baina orain sagua eskuan duela ikasleak joko bat ikusten du eta ez beste ariketa aspergarri bat.

Irakasleok buruan argi badugu zer landu nahi dugun haurrarekin, KLIK bezalako tresna bat oso lagungarri suerta dakiguke. Guk geuk behar dugunerako ariketak sortuko ditugu; bide horretatik oso praktikoa da Francesc Busquet fbusquets@xtec . es katalanaren programa eta azkenik, euskarazko"KLIK 2.2 bertsioa".



KLIKaren ezaugarriak

- KLIK programa hasiera-hasieratik programa irekia da, hots, ez digu zuzen-zuzenean ariketarik eskaintzen, programa horrekin funtzionatuko duten ariketak egiteko aukera baizik.

- KLIK edozein arlotan da erabilgarria: hizkuntzak, matematika, musika, gizarte zientziak... eta oso erraz erabiltzen da edozein mailatan. Jadanik ariketa aunitz dago Haur eta Lehen Hezkuntzarako edota Bigarren Hezkuntzarako.

- KLIKen bidez hainbat ariketa mota egin daiteke: elkarketak, buruhausgarriak, erantzun idatzia eskatzen dutenak, gurutzegramak... Eta ariketa hauek guztiek testua, grafikoak, soinua... erabil ditzakete.

- Windows erabiltzen dakien edonork sor ditzake ariketak, programak berak laguntza eskaintzen baitu ariketak egiteko.

-Irakasleari dagokionean, ikasleek daramaten prozesua jarrai dezake, programak jarraipen estatistikoa egiten baitu ariketen zailtasun maila aintzat hartuta.

- KLIKaren itxura guztiz grafikoa da eta askotan sagua nahikoa izan daiteke ariketak egiteko. Honek Haur Hezkuntzarako bereziki aproposa egiten du (koloreak identifikatu, irudiak parekatu, buruhausgarri errazak osatu, aurreko ariketak irakurri...).

- KLIKek , irekia izanda, ikasleen beharren arabera aplikazio berrien etengabeko sorkuntza ahalbideratzen digu, irakasleok parte hartzen dugu aplikazioak egiteko eta aplikazioak beti aldatu edo moldatzeko posibilitatea dugu.

-Ikasmailetan gora joan ahala ariketak ere konplika daitezke eta ortografia, aditzak, testuak ordenatu, matematiketako edozein ariketa, musikako ariketak... egin daitezke.

- KLIKen ariketak txukun-txukun egiteko, ariketa berriak sortzeko, beti ere gure nahiaren eta posibilitateen arabera, beste programa batzuk ere erabili beharko ditugu:

- Testu prozesatzaile bat (Windows-ek duen ohar-bloka nahikoa da).

- Irudiak lantzeko programa (PaintShop Pro bezalako edozein).

- Letrazopak sortzeko programa (WordSearch edo beste bat).

- Musikako editorea (askotan ordenadorean dagoena nahikoa da).

- Bideoak ezartzeko edota animazioak egiteko balio duena (Windows-ek badauka).



KLIK eskura

Irakurle interesatuak kontuan har beza KLIK , freeware dela, doan banatzen den programa, alegia. Hortaz, kopiagarria eta nahi duzun ordenagailu guztietan ezarri edo instalatzeko modukoa da.

Programa ezartzeko ez da informatikan jantzia izan behar; pantailan agertzen diren argibideei jarraitu baino ez duzu egin behar. KLIK 2.2 abiarazteko ez da ezinbestekoa azken belaunaldiko Pentium III 400mhz, win 95 edo 98 duen PC edo bateragarri xumeena (386 eta 4 RAMduna) nahikoa da.

Ikus daitekeenez, irakasle askorentzat aukera zabala eta guztiz aproposa da irakaskuntzako edozein mailatan erabiltzeko.

Hortaz... zeren zain zaude? Doan denez, probatu; Behera kargatzeko INTERNETeko www.xtec.es /recursos/clic helbidean duzu eskuragarri. Hortxe, El racó del Clic delakoanKLIKen txokoan alegia, aplikazio pila bat lor dezakezu, asko eta asko euskaraz, ORIXE -orixe@arrakis.es - taldekoek egindako lan itzelari esker. Adibide batzuk baizik ez ditut aipatuko: "Landareak", "Baserria", "Matematika jarduerak", "Soinuak lantzeko ekintzak", "Norantz" eta abar, egunetik egunera gero eta ariketa gehiago jartzen direlako web gune horretan.

Baina KLIK ibiltzen ikasteko ez al dago ikastarorik? Egia errateko oso ikasterraza daKLIKek berak eskaintzen dizkizun laguntza testuei esker, baina tira, bai, egon badago... Hemen, esaterako, Nafarroa Garaian, azken bi urteotan 35 orduko ikastaroak eman dira eta oraintxe bertan ere ematen ari dira; bi orduko hamar saio gehi beste 15 ordu nork bere kabuz aplikazio zehatz bat egin dezan. Ikastaro horietan KLIK erabiltzen ikasteaz gain, Paint Shop Pro 5.0 eta irudiak lortzen ikasten da besteak beste, scanerraren bidez edo internetetik, baita WAV luzapeneko soinuak grabatzen ere, hau guztiaKLIKen aplikazio berrien sorkuntzari begira.

Eta informatikaren munduan hobekuntzak etengabe ematen direnez, gu geu ere hasiak gara jadanik KLIK 3.0 bertsioa euskaratzen.

Bihoazkie lerro hauetatik gure eskerrik beroenak egileari berari, baita gure itzulpen-egokitze lanetan iradokizun eta laguntza eman digutenORIXEko taldekideei ere.