Ordenagailuak? Bai,
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzerako Zuzendaritzaren ardurapean zegoen taldea, eta esperientzia honi amaiera ematea erabaki du.
Hala ere, Orixe Taldeak egindako ibilbidea ezagutzea interesgarria iruditu zaigu, teknologia berriak gure inguruan eta eskolan hartzen ari diren garrantzia kontuan hartuta.
Taldearen sorrera
Tolosako Orixe institutuan kokatu zen lehenengoz esperientzia informatikoa eta handik hartu zuen izena. Matematika klaseak ematen zituen Pepe Orenga irakaslea izan zen taldea sortu zuena. Esperientzia bat burutu nahi zuen, alegia, ordenagailuak hezkuntzarako materiala sortzeko erabil ote zitezkeen eta hezkuntzaren zerbitzuan baliabide osagarri bezala zer eskain zezaketen aztertu nahi zuen.
Horrela, esperientzia pilotu bati hasiera eman zion BBB 1. mailako ikasleekin. Orixe institutuan D ereduko bi gela eta A ereduko beste bi zeuden BBB 1. mailan eta eredu bakoitzeko gela bat hartu zuen. Beraz, euskarazko eta gaztelaniazko gela banarekin informatika erabiltzen hasi zen, eta besteekin ez, esperientziaren bilakaeraren konparaburua izateko.
Klaseetan ordenagailuak erabiltzeko programak eratzen hasi zen beste hamar irakaslerekin batera osatutako taldean. "Orixe Erremintak" izeneko tresna multzoa sortu zuten eta testuak idazteko, ariketak burutzeko, hutsuneak betetzeko, jarduerak sortzeko... erabiltzen zuten. Tolosako esperientzia informatikaren erabilera intentsiboan oinarritu zen. Ohiko gelan gai bat landu ondoren, nahi izanez gero, aldameneko informatika gelara joan eta gai horri buruzko hainbat gauza egin zitzaketen ordenagailuekin: irakaslearen galderei idatziz erantzun, ariketak burutu, azalpen gehiago ikusi pantailetan, inprimatu... Ikasleak izugarri trebatu ziren eta oso baliagarri suertatu zitzaien ordenagailuak erabiltzen ikastea. Gainera, ikasleentzat bizigarria zen oso, zerbait berria garai hartan.
Pepe Orengarekin esperientzia hau aurrera ateratzen ziharduten hamar irakasleak ere trebatu ziren, jakina, eta ikastetxe hartako gainerakoek ere ikasteko aukera izan zuten.
Izan ere, informatikaren erabilpenak ezinbesteko hiru baldintza eskatzen ditu: irakasleak menperatu egin behar du erabilpena eta motibatuta egon behar du tresna honetaz baliatzeko, programak eduki behar ditu eta informatika gelak izan behar ditu erabiltzeko moduan.
1987/88 ikasturtean hasi zen esperientzia honekin eta 1990. urtera arte jarraitu zuen Tolosan. 90/91 ikasturtean Errenteriako Cristobal Gamón Lehen Hezkuntzako eskola publikora joan zen beste lau irakaslerekin batera eta han jarraitu zuen informatika arloko lanarekin. Orduan eratu zen taldea ofizialki, Berrikuntzarako Proiektu gisa. Taldearen bigarren fasea hasi zen.
Ordura arte Tolosan proba pilotu bat egin zuen ikasleekin horrelako teknologia erabiltzeak zentzurik bazuen edo ez ikusteko. Errenterian, aldiz, taldearen lanak beste ibilbide bat hartu zuen: irakasleak prestatzea, programak sortu eta ezagutaraztea eta ikasle gehiago trebatzea programak egiten.
Irakasle eta ikastetxe asko jarri ziren taldearekin harremanetan eta ikastaro ugari eskaini zituzten. Horrez gain, irakasleak programak egiten hasi zirenez, 700 programa inguru egin ziren. Gerora, programa horien arteko aukeraketa bati egin zen eta CD-ROM batean bildu ziren 275 inguru.
Taldearen hirugarren etapa 1995/96an hasi zen. Pepe Orengak taldea utzi egin zuen, beste partaide batzuekin batera. Merkatuak berak tresna informatiko komertzialak eskaintzen zituela iritzi zuen eta Hezkuntza administrazioa ez zela berak nahi zuen mailaraino inplikatzen. Dena dela, berak utzi arren, taldeak aurrera jarraitu zuen Mercé Folch koordinatzailearekin. Berarekin batera arlo ezberdinetako irakasleak bildu ziren.
Zertarako horrelako talde bat?
Gaur egun teknologia berriek duten garrantzia ikusirik, eskolak ez luke atzean gelditu behar. Haurrek kultura hori bizi dute euren etxeetan eta eskolak ere integratu behar ditu euren eguneroko baliabide horiek. Baina... guztia ez da hain erraza.
Horregatik, pausoak ematen laguntzeko sortu zen Orixe Taldea. Bere lana ikastetxeetan ordenagailua erabiltzeko programak itzultzea, sortzea edo ezagutzera ematea izan da azken urte hauetan. Eskoletarako euskarazko materiala egon dadin egin dute lan. Eta horretarako hainbat funtzio bete dituzte:
- Hezkuntza maila eta arlo ezberdinetako material curricular informatizatuak diseinatu eta egin.
- Material hori banatu eta zabaldu.
- Ikaste-irakaste prozesuan ordenagailua bitarteko bat gehiago bezala bultzatu.
- Informatika arloan sortzen diren tresna, bitarteko eta erabilpen berriak ikertu material curricular informatizatuak sortzeko erabiltzeko.
- Taldearen prestakuntza tekniko informatikoa, autoformazioa.
- Informatika Heziketan orientatu eta aholkatu hala eskatzen duten zentroak.
- Irakasleen Prestakuntzan kolaboratu arlo honetan.
- Hezkuntzarako Informatikaren arloko aktibitate berezietan parte hartu: kongresuak, jardunaldiak...
Taldearen funtzionamendua
Orixek argitaratutako materiala ugaria eta zabala izan da hamarkada honetan zehar. Jende askoren artean burututako lana izan da, baina azkenaldian taldeko partaideak sei izan dira: Mercé Folch, Natur Zientzietako irakaslea eta taldearen koordinatzailea, Patxi Intxaurrandieta, Musika eta Euskara irakaslea, Victor Escobedo, informatikoa, Maria Luisa Gamon eta Marian Ruiz, Lehen Hezkuntzako irakasleak eta Lurdes Otaegi, Euskara eta Literatura irakaslea itzultzaile lanak egiten. Hauek azaldu digutenez, zenbait lan itzuli egiten zituzten, beste batzuk beraiek sortu eta beste zenbait eskatu egiten zizkieten irakasleek zein ikastetxeek. Edozein kasutan, proiektuaren bideragarritasuna aztertzen zuten, hots, ordenagailuarekin lantzeko egokia zen edo ez, zerbait berria gehitzen zuen edo ez, orokor zitekeen edo ez... Eta onartzen baldin bazen, diseinu pedagogikoarekin hasten ziren. Orixekoek azaldu digutenez, "diseinu pedagogikoa egiteko proiektua zein heziketa mailara zuzentzen zen definitzen genuen, zein helburutarako zen, zein eduki eta ekintza biltzen zituen, ebaluazioa eta abar. Hau da, programaren egitura pedagogikoa zehazten genuen". Hurrengo pausoa diseinu informatikoa egitea zen. "Kasu honetan materialen bilaketa egiten genuen, hau da, grafikoak, soinuak, animazioak eta abar bildu. Ondoren, egin beharreko programarentzat egokienak ziren tresna informatikoak aukeratzen genituen eta pixkanaka-pixkanaka programako faseak diseinatu eta osatu. Era berean, proiektua egokitu eta birbideratu egiten genuen". Ondorengo lana taldean bertan barne ebaluaketa egitea izaten zen eta jarraian kanpo ebaluaketa. Lehenengoa irakasleen artean egiten zen, eta bigarrena ikasleekin, hots, programa lehendabiziko aldiz martxan jarriz. Ebaluaketak egin ostean azken aldaketak egiten zituzten eta ondoren Orixeren katalogoan gehitu eta banatu egiten zuten.
Orixeren lan esparrua eta materialak
- 1. CD-ROMa:
Euskaraz eta erdaraz eginak zeuden 700 programa ingurutatik hautaketa eta bilduma bat egin ostean, CD-ROM hau kaleratu zuten. Guztira 275 programa biltzen dira eta MS-DOS formatuan egina dago.
- Lehen Hezkuntzarako Klik programak
Programa hauek Kataluniako "Programa de Informática Educativa"n, Francesc Busquets-ek sorturiko KLIK programa-erremintaren bidez egiten dira Espainiako Estatu osoan eta horietako batzuk Orixek euskaratu egin zituen. Interesgarriak direnak hautatu eta itzuli zituen. Baina, baita moldatu ere. Izan ere, batzuk elementu kulturalak dituzte (Eguberriak, Inauteriak...) eta hauei Euskal Herriko ezaugarriak erantsi zizkioten. Azkenaldian programa berri batzuk egin ere egin zituzten taldekideek.
Klik programa hainbat gauza egiteko tresna da: azalpenak, narrazioak, ariketak eta ikaslearen lan-saioen ebaluaketarako baliabideak ere bai. Programak erabiltzen erraza den "marko" bat eskaintzen du, eta ondoren, bakoitzak moldatzen du bere eginkizunerako.
Klik bidez eginiko programa guztiak Internet bidez zabaltzen dira eta hortik deskargatu edo "eraitsi" behar dira eskoletan erabiltzeko. Orixe Taldekoak Interneten erabilera hori irakasle denek ez zutela ezagutzen edo menperatzen konturatu ziren. Bestalde, zenbait ikastetxetan Internet lotura txarrak dituztela-eta, oso motel ibiltzen ziren "eraisterakoan" eta, oro har, arazoak zituzten. Horregatik, orain arte beraiek euskaratutako eta sortutako programa guztiak CD-ROM batean bildu zituzten eta Lehen Hezkuntzako zentro guztietara banatu.
- 2. eta 3. CD-ROMak
Bi CD-ROM hauek oraindik kaleratzeke daude. DBH mailarako izango dira.
Bigarren CD-ROMak Euskara eta Literatura, Musika, Historia eta Hezkuntza Orientazioa programak biltzen ditu. Hirugarrenak, berriz, Euskara eta Literatura eta Musika. Gai eta eduki hauekin batera, atal teoriko bat ere badago, Ordenagailua eta Motibazioa deitzen dena. Irakasle zein ikasleentzako da eta programak nola erabil daitezkeen, bakoitzaren alderdi teknikoak, edukizkoak eta metodologikoak zein diren, zein adinetarako eta zertarako diren eta abar azaltzen da.
Atal teoriko hau CD-ROMean egoteaz gain, liburu formatuan ere kaleratuko da eta hori IDCk eginen du. Oraindik bukatzeke dago, ordea, eta horren zain daude dena batera banatzen hasteko.
CD-ROM hau ToolBook bidez eginiko programa multimediekin osatu dute Orixe taldekoek. Tresna informatiko honekin baliabide multimediak sor daitezke: bideoa, kalitate oneko audioa, animazioak...integratuz. CD-ROM honen helburua DBHrako eta Batxilergorako dauden programak zentroetara banatzeko sistema erraztea izan da.
- "Informazio bila Interneten"
Hau gida bat da, 12-16 urteko ikasleei zuzenduta dagoena, Interneten informazioa bilatzeko erabiltzen ikas dezaten. Urratsez urrats Internet nola erabil daitekeen eta informazioa nola aurki daitekeen esplikatzen da gida honetan: nola sartu sarean, nola bilatu gai jakin bati buruzko informazioa, nola idatzi, zer desberdintasun dagoen gauza bat edo bestea egin...
Koaderno bat bezala antolatua dago gida eta jarraitu beharreko pauso guztiak zehazten dira, azalpenak eta ariketak bateratuz.
- Orientabideak
Lan hau Eusko Jaurlaritzak eskatuta egin zuten. DBH eta DBHOko orientatzaileentzat eta ikasleentzat liburu bat argitaratu ohi da hurrengo mailetan egin ditzaketen ikasketei buruzko informazioa jasoz. Bada, Orixek informazio hori euskarri informatikoan bildu eta aurkeztu zuen. CD-ROM hau DBHko ikastetxe guztietan banatua dago.
- Ikerketa lanak
Euskarri informatikoak egiteaz eta zabaltzeaz gain, zenbait ikerketa lan ere burutu ditu Orixe Taldeak. Esaterako, "Motibazioa eta ordenagailuen arteko harremana", "Klik, aktibitate multimediak garatzeko tresna. Deskribapena eta analisia", "Material informatikoen ebaluaketa gida"... Ikerketa lan hauek, beti ere, Hezkuntzarako Informatikoarekin lotuta egon dira.
Nola erabili materiala? Zertarako?
Material informatikoa badago bai, gaur egun, baina askotan ez dugu jakiten nola erabili. Orixekoek diotenez "programa hauek heziketa prozesuaren edozein fasetan erabil daitezke, beti ere beharren arabera. Adibidez, ikasleak gai baten inguruan motibatzeko, aurretik gai horri buruz daukaten ezagutza ebaluatzeko, osatzeko, informazioa biltzeko, edukiak zabaltzeko, errepasatzeko, ebaluatzeko...". Material osagarria da eta irakasleak erabaki behar du noiz eta nola erabili.
Aktibitate hauetan ordenagailua banaka, binaka, talde txikitan edo talde handitan erabil daiteke. Banakako erabilpena bi eratakoa izan daiteke. Bata, ikasle bakoitzak bere ordenagailuarekin eta bere programarekin egiten duena. Bere erritmoan egiten du lan, irakasleari behar duenean laguntza eskatuz. Lan hori bere beharrei egokitutakoa izan liteke, edo talde osoa egiten ari dena ere bai. Bestea, ikasleak irakaslearekin egiten duen erabilpena da. Kasu honetan, zailtasunak dituzten ikasleek irakaslearen laguntza jasotzen dute lanak egiteko.
Binaka edo talde txikitan erabiltzen da gehienbat ordenagailua gure inguruan. Ikasleak ordenagailu batean egoten dira lanean, elkarrengandik hurbil eta elkarren arteko komunikazioa eta interakzioa sortzen da.
Irakaslea bitartekaria izango da eta horrela ikasleen autonomia eta interakzioa bultzatzen dira. Erabilera honetan interesgarria da ikasleen artean sortzen den interakzioa behatzea, gela osoaren aurrean duten jarrerarekiko ezberdina izaten baita.
Hirugarren erabilera mota talde handitan edo gela osoan egiten dena da. Kasu honetan ikasle guztiek programa bera erabiltzen dute aldi berean, sarearen bidez edota telebista pantaila batekin.
Nolanahi ere, ordenagailuan eta ordenagailuarekin modu guztietara burutzen den lana, gero "ohiko" klasera eraman, osatu eta erabil daiteke.
Ordenagailuekin egiten den lana informatika gelan edo "ohiko" gelako txoko batean burutu daiteke, eta horrez gain, liburutegietan ere bai, ordenagailuak dauden kasuetan. Antolaketa bat edo bestea hautatu, hori ikastetxearen esku dago.
Esperientziak dio...
Urte hauetan martxan jarri diren proiektuak eta erabili diren programak ugariak izanik, ondorioak ikusteko edo antzemateko aukera egon da. "Oso erantzun desberdina jaso dugu" diote Orixekoek. "Batzuk gogo handia erakusten dute eta beste batzuk lehenengo arazo teknikoarekin pot egin eta utzi dute. Horrez gain, kasuistika handia dago, alegia, ikastetxe bakoitzeko egoera desberdina da oso".
Azkenaldi honetan jarraipen handiena Lehen Hezkuntzako zentroetan egin dutela esan digute Orixekoek. "Irakasleak desiatzen daude materiala eskuratzeko eta erabiltzen ikasteko, egarria antzematen da Lehen Hezkuntzan. Ikasleek elementu motibatzaileak eskatzen dituzte eta informatikaren kultura ezagutzen dute. Irakasleek baino gogo gehiago adierazten dute eta hauek daramatzate arrastan horretara".
DBHn, ostera, egoera desberdina dela diote. Zentro batzuetan informatika Hezkuntza Curriculum Proiektuaren barnean sarturik dago jadanik, eta beste batzuetan ez. "Gainera, pentsatu ohi dute curriculumean edukiak direla garrantzitsuenak, eta ez gaiak lantzeko prozedurak dibertsifikatzea. Horregatik, ordenagailuak erabiltzea denbora galtzea dela uste dute batzuk" Orixekoek diotenez. "Bestalde, irakasleon jarrerak ere garrantzi handia du, eta teknologia berriekiko irakasleok hartzen dugun jarreren artean ikaragarrizko aldea dago. Gainera, informatika ikasgai bezala ematen dute ikastetxeetan eta ordenagailu-gela hori beti "hartuta" egoten da. Horrela, beste irakasleek ez dute gela hori erabiltzeko erraztasunik lortzen".
Dena dela, informatika eta ordenagailuak erabiltzen dituztenak gustura daude eta abantailak ere ikusten dizkiote. Ondoriorik nabarmenena motibazioa da. Ikasleak gogo handiz egoten dira, aktibitatea bizia, aktiboa eta entretenigarriagoa da, desberdina da, eta hori lortzea ez da gutxi.
Bestalde, ikusmenean oinarrituriko oroimenaz baliatzeko aukera ezin hobea ematen du. "Gaur egungo ikasleak ikusmenaren bidezko informazioa jasotzen ohituta daude telebista, zinema eta abarren kulturan hazten ari baitira eta informatikaren bidez ikusmen oroimena eta identifikazioa indartu egiten dira" Orixekoen iritziz.
Tolosako esperientziaren ondorioetako bat izan zen aipaturiko hori. Bi taldeen artean, hau da, informatika erabili zutenen eta erabili ez zutenen artean ikusi zen alde nabarmenena ikusmen oroimenarekikoa izan zen. "Ikusten den zerbait gogoan hartzen dute ikasleek. Ordenagailuak, beraz, ikusmen oroimena aktibatzen du, eta ez da dena irakurritakoa buruz ikastean oinarritu beharrik. Adibidez, gorputzeko artikulazioek nola funtzionatzen duten ikus daiteke ordenagailuan eta ikusi ondoren, hori nekez ahazten da. Aldiz, ikusi gabe deskribatu egiten badigute, ziur ahaztu egingo zaigula".
Bestalde, informatikaren oinarri metodologikoa aktibitatean datza, hau da, programa eta ikasleen arteko interakzioan, eta beraz, ikasleak ikas-irakas prozesuko protagonistak dira.
Programak sekuentzietan banatuta egoteak ikasleen erritmo ezberdinak errespetatzen ditu. Ikasleek, era berean, beraien ikas-irakas prozesuan baliagarriak izango zaizkien abileziak garatzeko eta sortzeko aukera dute. Aztertzen, konparatzen, identifikatzen, erlazionatzen, behatzen, informazioa bilatzen, kritikoak izaten... ikasten dute. Horrek guztiak ikasleen autonomia pertsonala indartzen du.
Irakasleei dagokienez ere aldaketak sumatzen dira. Ikaste prozesuko bitartekariak bihurtzen dira eta ikasleekiko harremana hurbilagoa izan ohi da. Beraien lanean eta prestakuntzan ere gauzak erraztu egiten dira. Programak sekuentziatzeko aukera dauka eta material hauek gelako programaketan txerta daitezke. Ordenagailua beste bitartekoekin batera erabil daiteke.