Kronika

2000-02-01
 
 
0-3 etaparen erregulazioak zehaztu gabe jarraitzen du
LOGSEk 2002. urtera arteko epea ezarri zuen 0-3 etapa arautzeko, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zein Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak presarik ez badute ere, haur eskolen eta gurasoen eskaerak gero eta ozenagoak dira.
Gasteizko gobernuko Hezkuntza Sailak Erakundearteko Batzorde bat eratu zuen iazko urrian arautzearekin hasteko, eta lan egutegia zehaztu berri dute. Momentuz egungo egoeraren diagnostikoa egin dute eta Legebiltzarrean dagoela adierazi dute Hezkuntza Saileko arduradunek. Bitartean, aurten haur eskoletako dirulaguntza 100 milioi pezetatik 300 milioi pezetara igo du. Bestalde, orain arte haur eskolak finantzatu dituzten Foru Aldundiek eta udalek erantzukizun hori Hezkuntza Sailarena dela esanez dabiltza.
Gauzak horrela, Euskadiko Udalen Elkarte Eudelek testu bat igorri die udalei zera aholkatuz: Hezkuntza Sailak ardura hori bere gain hartu arte haur eskolarik ez eratzeko.
Nafarroan ere egoera ez da batere egonkorra. Eskola Kontseiluak etapa honen arautzeari buruzko lehen zirriborroa egin du, eta Gobernuari 0-3 zikloaren erregulazioa aurreratzeko eskatzen dio, ez itxaroteko 2.002. urtera arte. Horretarako lau arrazoi ematen ditu. Lehena, 3 urte baino gutxiagoko haurrei ematen zaien heziketaren kalitatea hobetzea baldintza minimo batzuk eskatuz. Bigarrena, eskaera soziala betetzeko adina lan eskaintza bermatzea herri erakundeekin, beste administrazio publikoekin eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuekin hitzarmenak eginez. Hirugarrena, gurasoei lanerako erraztasunak ematea eta atzerapenak dituzten haurrei lehenbailehen arreta eskaintzea. Eta laugarrena, haur eskoletako zuzendaritza taldeetan, irakaslerian eta familietan sortu den zalantzarekin amaitzea.
Eskola Kontseiluak ez du etapa hau arautzeko eredu zehatzik proposatzen, baina gogoratzen du ez dela ahaztu behar etapa honen funtzio soziala, eta eskaintza publikoaren aukera hartzen ez bada, familiei laguntzeko sistemak aurreikusi beharko direla.

Iparraldeko ikastetxeetara ere iritsi da "Allegre plana"
Frantziako Hezkuntza ministroa den Claude Allegrek "bortizkeriari aurre egiteko plana" aurkeztu zuen. Oro har, ez da batere ongi ikusia izan eta kritika ugari jaso ditu. Plan honetan, besteak beste, oso gogortzat sailkatuak izan diren 75 kolegio eta lizeoetan poliziak zainketa neurriak areagotuko dituela esaten da. Horrez gain, Frantzia osoko ikasleei, eta baita Iparraldekoei ere, zigor mailaketa bera aplikatuko zaie. Zainketa eta laguntzarako 7.000 langile gehiago kontratatuko dira. Neurri horien koordinazioa Hezkuntza, Justizia eta Barne ministerioetako ordezkariak bilduko dituen egitura koordinatzailearen esku egongo da.
Irakasle eta ikasle sindikatuek Allegrek azarpenaren bidea aukeratu duela diote. Kolegio eta lizeoetan gehiengoa duen SNES-FSU irakasle sindikatuaren ustez "plan honek bortizkeriaren eragile sakonei saihets egiten die". FIDL lizeotako ikasle batasunak esan du "moralean eta errepresioan oinarritutako erantzuna ez da, egoerara egokitu. Eta poliziari ikastegietan sartzeko baimena emateak argi azaltzen du hezkuntza sistemaren porrota".

Bigarren Hezkuntzako irakasleak kokatzeko prozesua hasi da EAEn
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jarri du martxan EAEko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleak kokatzeko prozesua. Sare publikoan dauden ikastetxe guztiek (166) hartuko dute parte prozesu honetan, eta guztira 6.133 lanpostu beteko dira. Horietatik 863 berriak izango dira, baina ez dira datorren urtera arte eskainiko. Bestalde, lanpostuen banaketa egiterakoan hizkuntza kontuan hartuko da. Beteko diren 6.166 lanpostutatik 3.146 bigarren hizkuntz eskakizuna dutenentzat izango dira, hots, aurreko lan zerrendan zeudenak baino 800 gehiago.
Prozesu honek hiru fase izanen ditu. Lehenengo, ikastetxe bakoitzak dituen lan zerrendetan egokituko da eskaintza. Modu honetara irakasleen %80k orain dagoen ikastetxen jarraitzeko aukera izan ei du. Ikastetxe berean lekurik ez dutenekin bigarren fasea hasiko da, hots, lekualdaketa lehiaketa egingo da. Aipatu irakasle horiek eta lanpostu finkoaren zain dauden 747 sartuko dira lehiaketa honetan. Prozesu honekin irakasleriaren egonkortasuna lortuko dela adierazi zuen Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuak.
Sindikatuak kritiko agertu dira hasitako prozesu honekin, orain dela bi urte sindikatuen gehiengoaren oniritzia zuen antzeko egitasmoa atzera bota zuelako Hezkuntza Sailak, eta orain adostasunik gabe jarri duelako martxan hau. EILASek kalitatea eta euskalduntzea bermatuko ote dituen zalantza adierazi du, eta ELAren ustetan hizkuntz eskaeraren alorrean erdibidean gelditu da. LABek irakasleen kokapenari ezezik, hezkuntza sistemaren beharrei eta euskalduntzeari ere erantzun behar zaiela adierazi du.

Iruñeko San Frantzisko ikastetxearen etorkizuna zalantzan dago
Iruñeko San Frantzisko ikastetxeko Gurasoen Elkarteak, Alde Zaharreko auzo elkartekoak eta beste hainbat talde Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren jarrera kritikatu dute. Bi instituzio hauek lortu duten akordioaren arabera, Nafarroako Liburutegi Nagusia San Frantzisko ikastetxea dagoen eraikinean kokatuko da, eta eskola honetako haurrak Ezpeleta Jauregira joango lirateke. Egokitzapen hauek egiteko 300 milioi pezetako aurrekontua onartu dute.
San Frantzisko ikastetxeko Guraso Elkarteak honen guztiaren berririk ez duela salatu du, eta bere kezka agertu. Ezpeleta jauregiak LOGSEk ezartzen dituen arauak ez dituela betetzen aditzera eman du. Aldaketa honek, halaber, Alde Zaharreko haurrak auzotik urruntzea ekarriko luke, eta auzoan ikastetxe publiko bat egotea ezinbestekotzat jotzen dute Alde Zaharreko auzo elkartekoek, auzoa biziberritzeko modu bat baita.
Informazio eta zehaztasun gehiago jaso artean, proiektua geldiarazteko eskaera egin diete elkarte hauek gobernuari eta udalari. Era berean, onartutako 300 milioi pezetekin San Frantzisko ikastetxea hobetzeko eskatu diote. Haur eta Lehen Hezkuntzako bi lerroak bermatzeko galdegin dute, eta 12 urterekin eskola uzten duten haurren beharrak asetzeko baliabideak jartzeko ere bai. DBH martxan jartzeko, helduentzako hezkuntza programak prestatzeko eta Descalzos kaleko haurtzaindegia irekitzeko ere eskatu dute, urtarrilean baitzen irekitzekoa.