REICH, Wilhem
Wilhem Reich 1897an jaio zen gaur egun Polonia hegoaldea den lur horretan. Herrixka batean hazi zen, hainbeste liluratzen zuen eta ulertzen saiatzen zen naturarekin harremanetan.
Medikuntzako ikasle zelarik sexologiak sortu zion interesa. 1919an Freud ezagutu zuen eta bere enuntziatu nagusiak interesatu zitzaizkion: libidoa edo energia sexuala bizi-garapenerako iturri dela; haurra sexualitatearekin jaiotzen dela; neurosia haurtzaroko hainbat etapetako errepresio sexualak sortutako istilua dela; eta inkontzientearen aurkikuntza.
1920an APIko (Nazioarteko Elkarte Psikoanalitikoa) kidetzat onartua izan zen. 1922an bukatu zituen Medikuntza ikasketak eta Neuropsikiatrian espezializatu zen. Orduan hasi zen psikoanalista kliniko bezala lan egiten bai era pribatuan eta bai Vienako Ospitale Psikoanalitikoan. Hemen zuzendari kargua hartu zuen 1928an. 1924-30 urte bitartean Teknika Psikoanalitikoko mintegiko zuzendari izendatu zuten. Aldi berean, Psikoanalisia Institutuko partaide izan zen, eta eragin handia izan zuen irakasle didaktiko bezala etorkizuneko analistengan.
Sexualitateari eta genitalitateari buruzko hainbat artikulu argitaratu zituen, eta baita azterketa klinikorako oinarrizkoak izan diren liburuak ere; hala nola, Izaeraren analisia eta Orgasmoaren funtzioa. Hauez gain, izaera politiko-sozialeko zenbait liburu ere idatzi zituen.
Poliklinika Psikoanalitikoan lanean ari zelarik, ondorio batera iritsi zen: behar bezalako sexu-bizitzarik gabe ezinezkoa dela buru-osasuna edukitzea. Reichentzat neurosia sexualitateari ezartzen zaizkion oztopoek sortzen dute, batez ere haurtzaroan eta nerabezaroan ezartzen zaizkionak. Oztopo hauek gizarte eta moral antinaturaletatik sortzen dira. Reichek gizabanakoaren desoreka emozionaletan gizarteak duen eragina aztertu zuen: bizitzeko plazerra erreprimitu ondoren, gizarteak gizaki zurrunak, mekanikoak eta bizitza bere osotasunean eta benetako autonomiarekin esperimentatzeko gai ez direnak sortzen ditu.
Bere garaiko psikoanalistek ez bezala, neurosiaren alderdi sozialaz eta bere sorreraz interesatu zen, eta gaixotasunaren benetako prebentzioa bilatu zuen.
Marxen lana ezagutzen zuen Reichek. Austriako Partidu Komunistako kide zelarik eta ezinegon sozial indartsu batek bultzaturik, lagun batzuekin batera sexu garbitasuneko doako ospitalak sortu zituen Vienako langileen auzoan. Neurosiaren prebentzioan lan handia burutu zuen antisorgailuei buruzko informazioa emanez eta berauen eskuragarritasuna bideratuz, nahi gabeko haurdunaldiak etenez, eta hainbat egoeratan psikoterapia laburra erabiliz. Familia plangintzarako benetako zentro bilakatu ziren ospital hauek 1929an. Bere hitzaldiek jende andana erakartzen zuten. Baina ekintza hauek urduri jarri zituzten bai mugimendu psikoanalitikoa eta bai partidu komunista.
Gizarte Psikiatrian eta Haur Prebentzioan aitzindari izan zen, eta hezkuntzarekiko lehen harremanak 1927an izan zituen, Moskura egin zuen bidaian Vera Schmidt pedagogo psikoanalista ezagutu zuenean.
1930etik 33ra Berlinen bizi izan zen, eta psikoanalista marxisten taldearen osaketan parte hartu zuen. Urte hauetan guztietan izaera eta gihar oskolaren (armadura neouromuscular) kontzeptua landu zuen. Emoziozko arazo guztiak gorputzaren gihar blokeotan adierazten direla deskubritu zuen, eta horren aurrean babes neuromuskularra eratzen dela, zeina aldi berean gizakiaren izaera egituraren bitartez adierazten den.
Partidu komunista alemaniarrean afiliatua zelarik Sex-Pol sortu zuen, hots, langileriaren sexu politikarako elkartea. 40.000 pertsona baino gehiago bildu ziren elkarte honetan. Gai honen inguruan hainbat artikulu argitaratu zituen, besteak beste Malinowsky-ren ikerketa etnologikoetan oinarritutako Sexu moralaren ustekabeko sartzea, Faszismoko masaren psikologia eta Izaeraren analisia.
1933an Sex-Pol sakabanatua izan zen eta Reich bota egin zuten partidu komunistatik. Partiduko militanteei bere lanak irakurtzea debekatu zitzaien. Elkarte Psikoanalitikotik ere bota egin zuten bere ideia politikoak zirela-eta.
Hitlerrek boterea eskuratu zuenean naziek bere lan guztiak konfiskatu zituzten, eta Reichek Berlindik alde egin behar izan zuen.
1933an Danimarkan eta Suedian bizi izan zen, baina inon ez zioten gehiago egoteko baimena luzatu, bere artikuluak zirela-eta deseroso zeudelako. Orduan, Osloko Unibertsitateko Fisiologiako institutura gonbidatua izan zen Izaeraren Analisiari buruzko ikastaroak emateko. Horrela, 1939. urtera arte egon zen bertan. Urte hauetan bere lan klinikoarekin jarraitu zuen, eta bere metodo terapeutiko analitikoa egitura zuen, Begetoterapia karakteroanalitikoa izenez ezagutua. Honen helburua gaitasun orgastikoa suspertzea da, hau da, plazerrerako gaitasuna eta norbanakoarentzat interesgarria den edozein ekintza burutzerakoan (lana, harremanak eta abar) dugun kontzentrazio gaitasuna indartzea. Hau modu onargarrienean gertatzen da orgasmo garaian energiaren autoerregulazio bezala. Honek nerbio sistema begetatiboari mesede egiten dio, horretarako beharrezkoa delarik oskola puskatzea eta izaera eta giharrak desblokeatzea.
Biofisikaren arloan ere ikerketa anitz burutu zituen. Garai honetan A. Neill pedagogo ingelesa ezagutu zuen, eta orduz geroztik elkarrekin egin zuten lan Haur-Autorregulazioaren teorian. "Ez naiz Reichen ikaslea" idatzi zuen Neillek. "Reichengan jeinu bat ikusten duen gizabanako bat baino ez naiz. Ulertzeko gaitasun handia duen gizona da, gizatasun izugarrikoa, erabakitzeko gaitasuna duena, eta gazteriaren, bizitzaren eta askatasunaren aldamenean jarri dena. Freuden ondoren dagoen psikologorik handiena dela uste dut" (A. S. Neill Summerhilli buruz hitz egiten).
1939an Teodoro Wolfe-k (medikuntza psikosomatikoan espezialista) New Yorkeko New School for Social Research-en klaseak ematera gonbidatu zuen Reich Medikuntza Psikologiako irakasle laguntzaile bezala. Noruegako gobernuak erresidentzia baimena ez ziola emango ikusirik, EEBBtara joan zen eta han bizi izan zen 1957an hil arte, askatasunik gabe eta baldintza ilunetan.
Oinarri teorikoak
Bere ekarpenek diziplina anitzetako sintesiak eta ulermenak hartzen dituzte, hala nola Biologia, Psikologia edota Soziologia. Baina kasu honetan, bereziki Haur Prebentzioari jarriko diogu arreta. Beronen jatorriaz eta osasunaren garapenean jokatzen duen funtzio sozialaz jardungo gara.
Haur Prebentzioa osasunaren alderdi bio-psiko-sozialetik bideratu zuen Reichek. Garapenaren garaia hartzen du aztergai, sorkuntzaren unetik hasi eta 6-7 urteekin bukatzen delarik, hots, izaeraren eraikuntza globaren garaian. Garai hau kritikoa da haurren garapen psikoafektiboan, garai honetan eraikitzen baitira etorkizuneko "zuhaitzarenak (helduarenak) izango diren enborra eta adarrak" sortzeko oinarri ahulak edo indartsuak. Epe luzeko inbertsioa da, edozein abordatze terapeutiko baino emankorragoa, baina baita arriskutsuagoa eta neketsuagoa ere, eraldaketa sozialaren onarpena eskatzen baitu.
Gure gizartea gaixorik dago, eta hori edozein egunkari irakurrita egiazta daiteke: genozidioak, miseria eta desberdintasun soziala eta emozionala, sexu gehiegikeria, haurren tratu txarrak (bai psikologikoak eta bai fisikoak), manipulazio genetikoa, elikadura manipulazioa eta abar. Hauek guztiek sufrimendu sozialaren maila islatzen dute. Horregatik, Prebentzioaren diskurtsoa lehenbailehen onartu behar da komunitateko guneetan. Familia eta Hezkuntza dira aitzindari izan behar duten gune horietako bi.
Aurrera jarraitu aurretik, Fokatze Prebentibo Bio-Psiko-Sozialaren jatorria gogoratuko dugu, eta gero hemen aurrera eraman diren praktikak eta esperientziak aipatuko ditugu.
1949an, prebentzioaren arloan 10 urteko esperientziaren ondoren, OIRC (Orgonomic Infant Reschearts Center) sortu zen erabaki garbi batekin; autorregulatutako haurraren ikerketaz eta garapenaz arduratzea. Orduan sortu ziren indarkeriarik gabeko jaiotza definitzeko osasun kriterioak, Gerora Leboyer eta M. Odent-ek garatu zituztenak. Osasun baldintza minimoetatik (haurdunaldia, erditzea, edoskitze luzea eta hazkuntza) zetozen haurrak sistematikoki aztertu ondoren, beste kontzeptu bat ere atera zen: Haur autorregulazioa.
1950ean Reichek honakoa idatzi zion Neilli: "Azkenean patologiatik urrundu eta haur osasuntsuarekin hasi behar dugu gure lana". Desiratutako haurrak eta bizitzeko beharrekiko errespetuzko klima batean hazten ziren haurrak behatuz, Autorregulazio kontzeptuaren definizioa eratuz joan zen.
Autorregulazioak zera esan nahi du: gizabanako orok jaiotzatik dituen ahalmenak errespetatzea, jaio orduko eta lehen urteetan dauden kanpoko interferentzia ez beharrezkoak ekidinez (erditze estresanteak, edoskitze arautuak eta mugatuak, gorputz eta emozio kontakturik eza eta abar). Haurren beraien arlo biologikoa, psikologikoa eta soziala garatzeko duten gaitasunean konfidantza edukitzea esan nahi du honek, betiere beraien erritmo biologikoaren arabera, bakarra eta errepikaezina dena, eta ez estatistikoa eta uniformea. Haurrari lo egiteko, jateko edo afektua eskatzeko ez zaiola erakutsi eta hezi behar sinetsi behar da, eta ez dela normaltasuna edo normopatia soziala (pisua, lo egiteko orduak, esfinterraren kontrolaren adina, sozializazioaren adina eta abar) bilatzen duten baremo pediatriko estatistikoetan erori behar. Aitzitik, autorregulazioak mekanismo biologikoz eta psikologikoz betetako eredua ezartzen du, zeinak poliki-poliki behar horiek erregulatzen dituen helduek ezarritako kriterioek aldatu gabe.
Honek heziketa tradizionalarekin topo egiten du, honen helburu nagusia gizabanakoa gizartera egokitu dadin lortzea delarik. Era berean, gizarte horrek etengabe neurotizatzen gaitu gure oinarrizko beharrei muzin egitera bultzatuz. Oinarrizko behar horiek honako hauek lirateke: afektuaren beharra, kontaktu epidermikoaren beharra, begirada beroen beharra eta haurtzaro osoan zehar arreta eta enpatia beharra.
Gure heziketa Frustrazioaren teorian oinarritu da. Oso txikitatik frustratzen gaituzte gure gizarteak eskainiko digun etorkizunera ohitzen joan gaitezen. Horrela prestatu nahi gaituzte eta horrela lagundu nahi digute. Ez dakigu gizakia zenbat eta ahulagoa eta sentiberagoa izan, inguruneari erantzuko orduan eta gaitasun gutxiago duela. Ondorioz, kanpotik ezarritako ereduetan oinarritzen da, gizartearen aurrean egokituz eta etsiz. Paradoxikoki, gizarteak berak eragotzi egiten du lortu nahi duen sendotasuna.
Arazoa zera da: ez dela bereizten noiz eta zer frustratu. Hemen sortzen da errakuntza larriena: bereiztu egin behar ditugu oinarrizko beharren frustrazioa eta bigarren mailako beharren frustrazioa, ondorioak kontrakoak baitira. Lehenengoek kalte larriak sortzen dituzte, eta bigarrengoek ez.
Haurren oinarrizko beharrak honako eskubide hauekin lotuta daudenak izango lirateke: afektua hartzekoa, negar egiten dutenean kasu egitekoa, besoetan hartzekoa... Laburtuz, segurtasun afektiboa bizitzeko eskubidea, hots, segurtasuna bermatzen duen eta kanpoko mundua modu positiboz barneratzen laguntzen duen testuingurua sortzea. Behar hauek frustratu egiten badira, min larriak sortzen dituzte autoestimuan eta bizitza ulertzeko moduan, eta horrek erabat baldintzatzen du heldutasuneko bizitza.
Bigarren mailako beharrak behar kulturalak dira, frustratuak baldin badira barruan minik sortzen ez dutenak: goxokiak, kontsumismoa eta abar. Azalekoak dira, eta psikismo sendoaren sorreran garrantzirik ez dutenak.
Beraz, ohiko heziketa topikoetatik haratago, garapen psikoafektibo osasuntsua errazteko zer eta nola egin behar dugun galdetu behar diogu geure buruari.
Lan delikatua da haurra behatzea eta bere bizipen emozionalak bere kokapenetik ulertzen saiatzea epairik egin gabe eta errudunik bilatu gabe. Pertsonalki hainbat galdera planteatzea eta prestakuntza zehatz bat edukitzea suposatzen du haurrei beren lehen urteetan lagundu ahal izateko.
Haur Hezkuntzako Prebentzioko saiakera praktikoak
Poliki-poliki Euskal Autonomia Erkidegoan prebentzioa lantzen ari da, nola arlo pribatuan hala arlo publikoan. Azaletik, arlo pribatuan egin dena azaltzera noa, instituzioek ezartzeko desiragarria dena:
- Hazkuntzarako eta edoskitzeko laguntza taldeak sortu dira. Doakoak dira, eta 0 eta 2 urte bitarteko haurrekin antolatzen dira.
- Gurasoen eskola. Gutxi gorabehera 2 eta 7 urte bitarteko haurren gurasoei zuzenduta daude.
- Familia sistema osoaren jarraipen espezializatua 6 urtera arteko haurrentzat eta familientzat.
- Konferentziak eta argitalpenak, eta Prebentziorako formakuntza.
Orain arte, batez ere Donostiako PATekin eta Udalaren aritu gara elkarlanean prestakuntza programetan. Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko Sailaren bitartez Haur Prebentzioko eta Osasun Iraunkorraren Promozioko programa bat garatzen ari gara orain dela sei urte hasita. Erabat doakoa da programa eta hiru proiektu bateratuk osatzen dute.
Lehenengoa Haur Hezkuntzako irakasleei zuzendua dago eta 40 ordukoa da orotara. Bigarrena gurasoentzako da, eta "Gurasoen eskolak" delakoen bitartez bideratzen du lantalde batek. Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta nik koordinatzen dugu.
Hirugarren proiektua aipatu hezitzaile taldeak integratzera bideratua dago, hau da, irakasleak eta gurasoak. Horrela, proiektu hau aurreko biekin erabat lotuta dago.
Haur hezitzaileen formakuntza
Formakuntza honetan lantzen ditugun gaiek esparru zabala hartzen dute, baina erlazio zuzena daukate haurraren prozesu psikoafektiboarekin jaiotzatik 7 urtera arteko garai horretan, gutxi gorabehera. Besteak beste, nahitaezkoak diren gai hauek lantzen ditugu: bizitzako lehen urtea, sozializazioaren zentzua, eskolaratze goiztiarraren nolakotasuna, familiaren funtzioa eta abar. Garrantzi berezia ematen diogu banaketa-integrazioa garaiari (familiatik eskolara igarotzeko une horri) eta haur agresibitatea eta sexualitatea bezalako gaien ulermenari eta esku-hartze egokiari. Gai hauek monografiko batean landurik dauzkagu.
Oinarrizkoa den eta landu dugun beste gai bat apegoarena da (Bowbly), hau da, loturaren garrantzia eta eskola eta familiaren arteko interakzioan lotura hori irakurtzeko aukera praktikoak.
Nahiz eta gai hauek interesgarriak eta erakargarriak izan, garrantzitsuena hezitzailearen jarrera alda dadin lortzea da; hau da, haurraren jokaeren eta bizipenen interpretazioak haurraren prozesu emozialaren benetako enpatia egoera batetik sortuak izatea. Haurraren ikuspuntu propiotik sortutako enpatia izatea, helduok barneko zein kanpoko munduaz dugun pertzepzioarekin alderatuz oso ezberdina baita. Haurra heldutasuneko soziabilitatea lortzeko eraldatu egin behar den "polimorfo zital" bezala ikustea ekidin behar dugu.
Gurasoen Eskolak
Eskola hauen helburua hausnarketa eta ulermenerako gune izatea da, bai aitatasun eta amatasunaren funtziorako, bai haurren prozesu psikoafektiboaren garapenerako. Eskoletako hezitzaileei eskaintzen zaien formakuntzarekin batera eskaintzen dira, betiere nahiko baliabide daudenean.
Testuinguruen integrazioa
Testuinguruen integrazioaren helburu nagusia zera da: haurren garapen osasuntsurako oinarrizkoak diren bi gune hezitzaileen arteko ohiko banaketa gainditzea, hots, familiaren eta eskolaren arteko banaketa.
Eskola sistemaren eta familiaren artean benetako komunikazio zubia eraikitzeko oinarriak jartzen saiatzen gara. Horrela, haurren lehen urteetako koherentzia nahikoa eta hizkuntza komuna bultzatu nahi ditugu.
Era berean, familien aldetik hezkuntza beste batzuen eskuetan uzteko dagoen joera gainditu nahi dugu, eskolako aktibitateetan kolaboratuz eta parte hartuz. Zeharkako modu honetara, haurrek gurasoak gertu eta aktibo sentituko dituzte eskolan, eta konfidantza eta segurtasuna emango die horrek.
Hau guztia aurrera eramateko proposatutako aktibitateen artean daude bideo-foruma, gurasoen ipuin kontaketak, edozein motatako gaitasunen erakusketa (lanbideak, sukaldaritza, antzerkia eta abar) eta beste hainbat gauza. Familien eta eskolen prestutasunaren eta sormenaren arabera sortuko dira aktibitatea hauek.
Haur Prebentzioaren fokatzea berritzailea eta erakargarria den arren, baditu bere zailtasunak aplikatzeko orduan. Izan ere, gaur egun dugun gizarte eredua zalantzan jartzera eta aldatzera bultzatzen gaitu, ohiko erresistentziak hor egon arren.
Zorionez, gero eta sektore gehiago dago sentsibilizatua, eta hainbeste alferrikako sufrimendu eta asetze eza sortzen duen gure "status quo"a aldatzeko beharra baloratzen dute. Gaztelaniaz esaten den moduan, "más vale prevenir que curar". Gizarte osasuntsuagoa nahi badugu sustraitik hasi behar da. Gaurko prebentzioa biharko etorkizuna da.
Bibliografia
Wilhem Reichen lanak gaztelaniaz:
- REICH W., El análsisi del carácter. Editoriak Paidós. Bartzelona. 1980.
- REICH W., La función del Orgasmo. Editoriak Paidós. Bartzelona. 1980.
Wilhem Reichen lanak ingelesez:
- REICH W., Children of the future. Orgone Energy Bulletin, III. liburukia. 1951.
Wilhem Reichi buruzko lanak gaztelaniaz:
- LUICHI DI MARCHI, BiografÃa de una idea. Ediciones Peninsula. 1974.
- REICH ILSE OLLENDORF, Una bibliografÃa personal. Granica Editor. Bartzelona. 1978.
Wilhem Reichi buruzko lanak ingelesez:
- NEILL A. S., Records of friends. Ekonomia Kultur Zentroa.