Sortzen-Ikasbatuaz elkarte bateratua eratu da
Orain dela bi urte hasi ziren elkarlanaren amaiera izan da bateratzea. Halere, urte bi hauen aurretik zegoen historiak lagundu du prozesu hau aurrera ateratzen.
Izan ere, denbora atzera eginez, orain dela urte batzuk Hernanin gauzatu zen Sortzen erakundearen eraketa kongresuan jende ugari bildu zen. Bertan landutako oinarri ideologikoei eta helburuei eutsi die Sortzen eta Ikasbatuaz erakundeek urte hauetan. Azpimarratzekoa da gaur egun erakundeok dituzten edukiak ez direla garai hartakoetatik gehiegi aldatu. Dena dela, ez da denboraldi honetan aldatu edo mantendu dena aztertzeko unea, dagoen oinarria ezerezetik jaiotzen ez den zerbait dela egiaztatzekoa baizik.
Ez dago dudarik Euskal Herri osoak bizi duen egoera politiko eta soziala dela elkartze honen arrazoi exogeno garrantzitsu bat. Horrek, halere, ez digu pentsarazi nahi elkarketa artifizial eta koiuntural baten aurrean gaudenik, Sortzen eta Ikasbatuazen arteko lotura abiatua baitzen Lizarrako Akordioa osatu aurretik, eta beraz, aspalditik ezinbestekoa ikusten zuten elkartze hau.
Horregatik, garrantzitsuagoak dira erakunde hauetako kideentzat urrats hau burutzeko eragina izan duten barne-arrazoiak, endogenoak, alor publikoan elkarlanerako izango den aurrerapauso hau ulertzeko. Apika igaro diren urte hauek beharrezkoak izan dira eman duten pauso hau arrakastaz burutzeko.
Agian hori bera dute arrazoi momentu honetan Iparraldeko presentzia eta parte hartzea bermatzeko dauden arazoak ulertzeko. Sortu duten lanerako bitarteko hau, Sortzen-Ikasbatuaz alegia, Iparraldean eta Iparraldetik Euskal Eskola Publikoa garatzen laguntzeko ezinbesteko lan ildoa bilakatzea espero dugu. Gauzak horrela, Ikas-Bi guraso elkartearekin eta Erakasleak elkartearekin harremanetan daude. Dena den, Iparraldeko egoera zailagoa da, ez baitago euskara hutsean ari den eskola publikorik, guztiak elebidunak dira.
Nafarroako Sortzen erakundearen ibilbidea
Sortzen Nafarroak, 1993an Euskal Autonomia Erkidegoko Sortzen desagertzera eraman zuten arazoetatik libre, euskara eta euskal kultura irakaskuntza arloan, Nafarroa osoan eta Nafarroa osoarentzat zabaltzeko lan ildoari ekin zion. Horretarako, Hernaniko kongresuan sortutako lanerako gune ideologiko zabala eta irekia bereganatu zuen, Nafarroarako egin beharreko egokitzapenak Amaiurko Asanbladan zehaztuz. Ondorioz, helburu hauetan jende, eta batez ere ikastetxe eta sektore, asko eta ezberdinak bildu ditu bere ahaleginean, Euskal Eskola Publiko Berriaren atzetik.
"Euskal irakaskuntza" izate bera kontzeptu gisa Sortzeni zor zaio Nafarroan, neurri handi batean, eta bere erreferente bilakatu da. Ikastetxeen arteko lanari esker, eta barrenean dituen sektore guztien lanari esker, helburu komun batean biltzea lortzen ari dira, edo horretan saiatzen dira bederen.
Sortzeneko kideen ustez, oso garrantzitsua da biltze hori, koordinazio eza eta helburu komunen sakabaneta berezko ezaugarria baitu Eskola Publikoak. Administrazioak soka muturraren papera eman nahi diola soilik aipatzen dute, eta bere soka zein den erraz soma dezakegula gaur egun Nafarroan. Honek ondorio latzak dakarzkio bai ikastetxearen izaera zehazteari (Hezkuntza Proiektua), eta bai bere osotasunean irakaskuntzari ere gure herriaren izaera bermatzeko beharko lukeen papera zehazteko orduan, eta Euskal Hezkuntza Sistema propioa errealitate bihurtzeko garaian.
Ikasbatuazen historia
1993. urtean, Euskal Eskola Publikoaren Legearen onarpenarekin batera, Sortzen plataformak egitura berria hartu zuen eta Nafarroako Eskola Publikoen Elkartea izatera pasa zen.
Ikasturte horretan bertan, EAEn Ikasbatuaz izeneko taldea sortu zen.
Egun, Ikasbatuazen biltzen diren kide askok hartu zuen parte Sortzenen sorreran ere, eta han finkatu ziren helburuei jarraituz eratu zen elkarte hau.
Sare publikora bilduriko ikastolek elkarrekin antolatuta jarraitzearen behar larria zuten; hasiera batean, publifikazio prozesu korapilatsu bati aurre egiteko beharrak batu gintuen.
"Biziraupenerako" sortu zen taldea gorpuztuz eta sendotuz joan zen, 1995. urtean Ikasbatuaz Elkartea legeztatu arte.
Euskal Autonomia Erkidegoan hedapena duen talde honek eskola komunitateko partaide guztiak batzen ditu. Bertan irakasle, ikasle, guraso zein gainontzeko langileek hartzen dute parte, egungo irakaskuntza publikoan sektore guztiak batera biltzeak berrikuntza eta lorpen handia suposatzen duelarik.
Helburu nagusiena zera izan du betidanik: Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko lanean jardutea, sare publikoaren barrutik, helburu bera duten ikastetxe, sektore eta erakundeekin elkarlanean arituz, Euskal Hezkuntza Sistema gauzatzeko xedearekin.
Sortzen-Ikasbatuaz elkarte berria
Sortzen-Ikasbatuaz elkarte berrian Naforroako eta EAEko 57 ikastetxe publiko elkartu dira, eta noski, bertako partaide diren 25.000 ikasle, 10.000 familia eta 1.800 langile. Elkartze honekin, Euskal Herri osorako elkarlanerako gune komuna sortzen ari direla uste dute bultzatzaileek, ikastetxe euskaldunetatik eta euskal irakaskuntzatik kanpoko interesei men egin gabe; Euskal Hezkuntza Sistema Propioa bideratuko duen euskal curriculumaren zehaztapenerako bideraturiko lan ildo garbiekin, eta antolaketarako orekatua den proposamen zehatz batekin. Euskal irakaskuntzaren metaketa eta indartzea espero dute ondorioz, eta horretarako zaharkituta dauden (baldin badaude) pentsamoldeak gainditzea. Euskal Hezkuntza Sistema Propioa lortzeko elkarlana burutu dadin eta Euskal Eskola Publiko Berrirantz bidera gaitezen, beraiengana hurbiltzeko deia luzatzen die Euskal Herri osoko ikastetxe publikoei.
Baina deialdi hau egiteaz gain, elkarteak berak bere norabidean aurrera egingo du. Helburuak eta estatutuak finkatu dituzte, antolaketa eratu dute, eta lan ildo nagusienak zehaztu dituzte
Estatutuetan agertzen diren puntuen artean, garrantzi gehien dutenak eta azpimarratzea merezi dutenak bi dira: lurralde eremua eta elkartearen helburuak.
Lurraldeari dagokionez, Euskal Herria da Sortzen-Ikasbatuazen eremua. Banaketa administratiboak gaindituz, bere proiektua Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dute.
Helburuei dagokienez, berriz, honako hauek dira azpimarragarrienak:
- Euskal Eskola Publiko Berrirako ezinbestekotzat jotzen dituzten eta oraindik lortzeke dauden ezaugarriak bermatzeko behar diren bideak urratzea.
- Euskal hizkuntza eta kultura sustatzea.
- Euskaraz ikasketak egiteko aukera Euskal Herri osoan berma dadin exijitzea.
- Euskal Eskola Publikoan dauden zerbitzu guztiak euskalduntzea.
Herri honek bere nortasuna berreskuratzeko eta osatzeko behar dituen kultur oinarri guztien taxuketa sendoa eraikitzeko Hezkuntza Curriculum propioa garatzea.
- Euskal Herriaren eta bere kultur nortasunaren erroetan oinarritutako Hezkuntza Proiektua sustatzea.
- Euskal Herri osoan hedatua egongo den Eskola Publiko Euskaldunaren eredua defendatzea.
- Euskal Eskola Publiko laikoa eta anitza garatzea. Ideologia eta pentsaera desberdineko hiritarrak elkarrekin lanean jarduteko aukera emango duena, elkarrenganako errespetuan oinarrituz.
- Pertsona libre, kritiko eta autonomoen eredua bultzatzea neska-mutil bakoitza nor izan dadin eta bere kabuz jokatzen ikas dezan,
- Irakaskuntzaren kalitatea garatzeko behar diren zerbitzu pedagogikoak lortzea, esperientzia trukaketak sustatuz eta behar hainbat jarduera (eskolako zein eskolaz kanpoko) sortu eta garatuz.
- Herri eta bailara ezberdinetako beharrak kontuan izanik, gurasoen eskariei erantzungo dien Haur Hezkuntza publiko egokia exijitzea.
- Euskararen normalkuntzarekin eta eguneroko bizitzako erabilera praktikoaren helburuarekin bat datozen ikastetxe eta elkarteekin elkarlana bultzatzea, batipat eskola publikoaren eremuan.
- Irakaskuntzan lan harremanetarako Euskal esparrua gauza dadin behar diren bideak urratzea.
- Euskal Eskola Publikoa benetan doakoa izan dadin lortzea.
- Eskola komunitatearen parte-hartzea ziurtatzeko eta zentroen benetako autonomia gauzatu ahal izateko titulartasun publikoaren edukia berritzea eskubide juridikoen errekonozimendua eskatuz.
- Eskola komunitateko estamentu guztietako ordezkarien parte-hartzea ziurtatzea, zentroak daraman heziketa proiektuan eragiteko eta erabakiak hartzeko aukera izan dezaten.
- Irakaskuntzako beste sektore batzuekin batera, Euskal Eskolaren gunea antolatzea.
Barne antolaketaren aldaketak
Sortzen eta Ikasbatuaz erakundeen antolaketan aldaketa batzuk sorrarazi ditu bateratzeak. Ikastetxeko sektore guztiak (ikasleak, gurasoak eta langileak) ordezkatuko dituen elkartea da, eskola komunitateko partaide guztien elkarlana ezinbestekoa baita kalitatezko eskola berma dadin.
Kalitatezko eskola hau gauza dadin, Hezkuntza Sistemari hobekuntzak proposatu behar dizkiotela argi dute. Hori guztia bideratzako, batzordeak sortu dituzte. Batzorde hauek hobetzeko premia duten gaiak aztertuko dituzte eta baita proposamenak egin ere.
Beste alde batetik, herrialde bakoitzeko dinamika anitza eta desberdina izaki, antolaketa federala aukeratu dute, herrialde bakoitzeko lanak koordinatuko dituzten Herrialdeetako Talde Iraunkorrak eratuz.
Era berean, herrialde bakoitzak bere Herrialdeko Batzarra izango du, Talde Iraunkorraren lana aztertu eta erabakiak hartzeko.
Egun, Araban kide gutxi direnez, Arabak eta Gipuzkoak elkarrekin funtzionatzen dute, bai Talde Iraunkorrari eta bai Batzarrari dagokionez.
Gauza berdintsua gertatzen da Iparraldearekin. Oraindik ez dute lortu eraketa sendorik Iparraldean, baina bide horretan ari dira lanean.
Herrialde eta Batzordeen lanak koordinatu eta bideratzeko, Euskal Herriko Talde Iraunkorra dago. Honek lan ildoak eta lehentasunak proposatuko dizkio Batzar Orokorrari (Elkarteko kide guztiek osatua), eta Batzarrean erabakitakoa aurrera ateratzen saiatuko da.
Herrialde bakoitzak bere Talde Iraunkorrean parte hartzen duten bi kide izango ditu: Arabatik, Iñaki Agirre (Aguraingo P. Lope de Larrea ikastolako langilea eta Ikasbatuazeko Iraunkorreko kidea); Bizkaitik, Juankar Aretxabaleta (Deustuko ikastolako gurasoa eta Ikasbatuazeko lehendakaria izateaz gain, Talde Iraunkorreko partaidea) eta Patxi GarcÃa (Basauriko Arizko Ikastolako gurasoa eta Ikasbatuazeko Talde Iraunkorreko kidea); Gipuzkoatik, Mari Karmen Irastorza (Hernaniko Langile ikastolako langilea eta Ikasbatuazeko Talde Iraunkorreko partaidea) eta Jexux Goikoetxea (Urnietako Egape ikastolako langilea eta Ikasbatuazeko Talde Iraunkorreko kidea); eta Nafarroatik, Josu Jimenez eta Rafa Blanco (Sortzeneko iraunkorreko kideak).
Azkenik, Elkarteak bi Guraso Elkarte propio ditu (bata Nafarroan -Sortzen Gurasoak- eta bestea EAEn -Ikasge-).
Lan ildo nagusiak
Elkarte berriaren helburuak ez dira berriak, orain 20 urte eskatzen ziren gauza berak aldarrikatzen dituzte orain ere. Baina horregatik da, hain zuzen ere, horren garrantzitsua elkarte berri honen zeregina: "bada garaia aspalditik horren garbi ditugun helburuak gauzatu ahal izateko".
Aipatu helburuak kontuan harturik,beraz, Hezkuntza Sistema Propioa lortzeko bidean ezaugarriok dituen eskola eredua lortu nahi dute: euskalduna, autonomoa eta demokratikoki kudeatua, laikoa, hezkidetzan oinarritua eta anitza, kalitatezkoa eta integratzailea, osoki finantzatua eta lan marko berri batean kokatua.
Eskola eredu hau lortu ahal izateko, hauek dira proposatzen dituzten lan ildoak:
Euskalduna
Hezkuntza Sistema propioaz hitz egiten ari garenean, sistema euskaldunaz ari gara, noski. Hezkuntza euskalduna lortzeko, ildo hauei jarraitzeari derrigorrezkoa deritzogu:
- Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna lortu.
- Iparralde eta Nafarroako eskualde orotan euskarak eta euskarazko hezkuntzak erabateko babes juridiko-legala izan dezatela lortu.
- Oinarrizko Hezkuntza bukatzean ikaslearen euskara gaitasuna bermatua izan dadin lortu.
- Euskarazko eskaintza erabatekoa ziurtatu, ikasmaila eta jakintzagai guztietan, 0-3 etapatik hasita unibertsitatea bukatu arte, epeak eta plan bereziak finkatuz.
- Euskarazko hezkuntza gauzatzen duten ikastetxeak eta elkarteak indartu.
- Eskola komunitatearen bizitza euskaldundu, barne zein kanpo harremanetan euskararen erabilera ohikoa izan dadin behar diren oinarriak ezarriz.
- Langileria osoa euskalduna izatea bermatu.
- Irakasle euskaldun garatuak bermatzeko neurriak jarri.
- Euskal ikasmaterialen hutsuneak gainditzeko plangintza eraginkorra bultzatu, beharrezkoak diren baliabideak jarriz.
- Irakaskuntzako agente ezberdinen arteko elkarlana sustatu.
Autonomoa eta demokratikoki kudeatua
- Ikastetxea da Hezkuntza Sistemaren ardatza eta Hezkuntza Proiektua ikastetxearen oinarri.
- Hezkuntza Proiektua garatu ahal izateko ikastetxearen autonomia ezinbestekoa da. Hauek dira, gure ustean, autonomia ziurtatzeko oinarriak:
1.- Titulartasunari dagokionez:
- Titulartasun publikoaren edukia berritzea.
- Administrazio publikoak eta gizarte erakundeak dira derrigorrezko agenteak; bata bestearen parean, bakoitza bere zereginekin eta dagozkien eskumenak zehaztuta.
- Hezkuntzan zuzenki inplikatutako sektore guztiak Hezkuntza Politikaren partaide izatea.
- Eskola komunitateko partaideek eurei dagozkien eskumenak edukitzea, erabakietan parte hartzeko ahalmenaren errekonozimendua ziurtatuz.
2.- Partaidetzari dagokionez:
- Euskal Eskola Publikoan kudeaketa demokratikoa eta partehartzailea izatea, parekotasun printzipioan oinarrituz.
- Eskola Komunitateko estamendu guztiek bere ordezkariak edukitzea komunikazioa eta elkarrizketa ahalbidetzeko.
- Eskolako partaide guztiek (guraso, irakasle, ikasle eta ez-dozente) ikastetxeak daraman heziketa proiektuan eragiteko eta erabakietan parte hartzeko aukera izatea.
3.- Planifikazioari dagokionez:
- Ikastetxe bakoitzak bere proiektua garatu ahal izateko baliabideak izatea, ikastetxearen egoeratik abiatuta eta Hezkuntza Proiektuari egokituta.
- Zentro bakoitzak bere Hezkuntza Proiektuaren eta Curriculumaren barnean, ikasleak zein langileak euskalduntzeko neurriak jarri ahal izateko eta euskalduntzea aurrera eramateko ahalmen eta baliabideak edukitzea.
4.- Langileriari dagokionez:
- Ikastetxearen Proiektuarekin konprometituta egongo den langileria izatea.
- Langileriaren aukeraketan parte hartzea (beharrak, soslaiak eta abar zehaztuz).
- Plantillen egonkortasun minimoa zehaztu eta ziurtatzea; ez borondateen baitan, legez araututa baizik.
- Ordezkapenen sistema berritzea (adjudikazio datak, zonaldekako poltsak, ordezko "finkoak" ikastetxeetan...).
5.- Kudeaketa ekonomikoari dagokionez:
Hezkuntza Proiektuaren garapenari dagozkion baliabide ekonomikoak ikastetxeak berak kudeatzea, betiere administrazioko zein hezkuntza komunitateko kideen kontrolpean.
Laikoa, hezkidetzan oinarritua eta anitza, kalitatezkoa eta integratzailea
Sortzen-Ikasbatuazeko ikastetxeek, ondoko ildoak jarraitzen dituzte eta jarraituko dituzte goian aipatutako helburua lortzeko:
- Ideologia eta pentsaera desberdineko hiritarrei elkarrekin lanean jarduteko aukera ematea, elkarrenganako errespetuan oinarrituz.
- Pertsona libre, kritiko eta autonomoa izatea bultzatzea, neska-mutil bakoitza nor izan dadin eta bere kabuz jokatzen ikas dezan.
- Diskriminazio mota guztiak baztertzea.
- Ikasketa prozesu eta erritmo desberdinak bideratu ahal izateko behar diren baliabideak eskaintzea.
- Hezkidetzan oinarritutako hezkuntza bultzatzea, neska-mutilen arteko ezberdintasunak onartuz eta estereotipoak gaindituz.
- Hezkuntza eta pedagogia arloan kalitatea eskaintzea.
- Horretarako, etengabeko formakuntza prozesuan oinarritzea.
- Euskal kulturan integratua egotea, gure gizartearen errealitatean txertatua, eta hurbileneko ingurunean eragitea, bertatik jasoz eta emanez, eta inguruko horrekin harreman estuan egonez.
- Eskola komunitatearen barnean nahiz komunitate horretatik kanpo elkartasuna bultzatzea.
-
Osoki finantzatua
Alor honetan honako ildoak jarraitzeari ezinbestekoa deritzogu, horietako batzuk autonomiaren atalarekin lotu baditzakegu ere:
- Euskal Eskola Publikoa doakoa izatea.
- Finantziaketa publikoa hiru mailatan gauzatzea:
1.- Orokorrean, guztientzat derrigorrezkoa dena (ikasleek beharrezkoa duten material guztia barne).
2.- Pedagogia berrikuntzan ematen diren urratsez gain, eskola komunitateak bere kokapen geografiko edota sozialarengatik jasan ditzakeen desoreka linguistiko, sozial, psiko-fisikoak eta abar konpentsatuko dituena.
3.- Hezkuntza Proiektuaren arabera, pedagogia berrikuntzan ematen diren urratsei erantzungo diena.
Lan marko berri batean kokatua
Aurretik aipatutako hainbat helburu lortzeko, gehienbat langileriari dagozkionak, ezinbestekoa dugu lan marko berria antolatzea. Ondoko oinarriak behar ditu lan marko berriak:
- Irakaskuntzan lan harremanetarako Euskal esparrua sortzea.
- Euskal Herriko Hezkuntza Sailek lan hitzarmen propioak bermatzeko ahalmena izatea.
Euskal Eskola Publiko Berria SORTZEN, lotu lanari!
Sortzen
Urtarrilaren 22an Donostiako Miramar jauregian SORTZEN eta IKASBATUAZ erakundeen bateratze prozesuari bukaera eman zitzaion.
Orain arte Hegoaldean Euskal Eskola Publiko Berriaren alde aritu garen bi erakundeok bat egitean, Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propio baterako bidean beste aurrerapauso bat emanen dugu.
Sortzen hasiera batean Hegoalde osorako zabaldu bazen ere, gero Nafarroara mugatu zen, Euskal Eskola Publiko Berria eguneroko lanean eraikiz. Eta jakina da Nafarroan oraindik indarrean dagoen Vascuenceren lege murriztaileak, UPNren jarrera antidilubianoak eta PSN-PSOEren euskararen kontrako jarrerak, eskola munduan gure hizkuntzaren garapena zailtzen dutela. Baina hala ere, Sortzen Nafarroan urte gutxi hauetan ezinbesteko erreferente bikakatu da euskara eta irakaskuntzaren munduan.
Aurrera eramandako D ereduaren aldeko kanpaina arrakastatsuek, hainbat eta hainbat eskola publikotan lerro eta gela berriak borrokaren bidez lortzeak, egindako Hizkuntz proiektuak, "Euskaraz mintza" proiektuak, urtero egiten den Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko festak, Folklore jaiak, bikoizketen aldeko ekimenak, eta behar izan denean egin diren salaketa kanpainek erakutsi dute Nafarroako Euskal Eskola Publikoak duela hamar urte pentsaezina zen bizitasuna eta bizkortasuna duela gaur egun, bizirik dagoela eta aurrera jarraitzeko asmo tinkoarekin, zeren asko aurreratu bada ere, asko gelditzen baita oraindik egiteko.
Nafarroa osoan gure "lingua navarrorum" honetan ikasteko eskubidea aldarrikatzen jarraitu behar dugu, haurtzaindegitik unibertsitateraino, ziur egonda etorkizuna euskaraz datorrela. Ikasle, irakasle eta guraso guztien lanari esker lortuko dugu berandu baino lehen denok gogoan daukagun Euskal Eskola Publiko Berri hori, horixe izan baita Sortzenen ezaugarrietako bat; Hezkuntza munduko elementu guztiak batzen dituela, alegia.
Bidean gure helburu berdinak dituztenekin biltzea eta indarrak batzea oso beharrezkoa da, zeren Hezkuntza Sistema Propioa eta Euskal Curriculuma osatuko badugu, denon artean egin beharko dugu eta ez Nafarroatik soilik.
Bateratze prozesu honen ondorioz sortu den Sortzen-Ikasbatuaz elkarte berrian hasitako bidean jarraitzeko, pauso nabarmenak emateko baldintzak ezartzen dira. Bien arteko elkarlanean proiektu komunak aurrera ateratzea errazago izanen da, komunitate batean egindako esperientzia aberatsak bestean egokitu eta egin ahal izanen direlako, elkarrengandik ikasiz eta elkarri irakatsiz.
Argi gera bedi erakunde batek ez duela bestea irensten, eta ez bata ez bestea ez dela desagertzen; Nafarroan gure eguneroko lanean jarraituko dugu, baina gure erreferente bakarra ez da izanen Nafarroa, Hegoalde osoa baizik. Etorkizun hurbilean Iparraldeko lagunek ere Euskal Eskola Publiko Berria eraikitzeko lan eder honetan bat eginen dutelakoan gaude.
Errealitate ezberdinak, baina borroka bat; Euskal Eskola Publiko Berriaren aldekoa. Nork bere lekutik, lotu lanari!
Sortzen-Ikasbatuaz elkarrekin Euskal Eskola Publiko berrirantz
Ikasbatuaz
Datorren maiatzean beteko dira zazpi urte Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait ikastolak sare publikora biltzea erabaki genuela.
Hasiera batean publifikatze prozesuan sortu zitzaizkigun hainbat arazoren aurrean erabaki komunak hartzeko bildu baginen ere, denbora aurrera zihoan heinean konturatu ginen bagenuela zeregina sare publikoaren barruan.
Dinamika honetatik jaio zen Ikasbatuaz Elkartea, Euskal Eskola Publiko Berriaren nahia errealitate bihurtzeko asmoz, eta hezkuntza munduan lanean diharduten agenteei zabalik.
Eguneroko eskola bizitza baldintzatzen duten arazoei aurre egiteko lanean ari bagara ere, lan horrek iparra behar du. Euskal Eskola da gure xedea, eta biharko eskola honen zutabe izango den Euskal Eskola Publiko Berriaren oinarri sendoak gaurdanik jartzen hasi beharra dugu.
Bide honetan, urrats garrantzitsua eman dugu Nafarroako Sortzenekin orain bi urte hasitako prozesu eratzaileari amaiera emateko.
Bi elkarteoi, xede berarekin sortuak eta helburu komunak izanik, bidea erakunde bakar batean jorratzeko garaia iritsi zaigu, gure proiektua Euskal Herri osoan zabaltzeko.
Bestalde, Elkarte honek, hain atomizatuta dagoen hezkuntza publikoari beste berrikuntza garrantzitsua ekarri nahi dio, eskola komunitateko sektore guztiak erakunde bakar batean biltzea, alegia.
Era horretan, Euskal Herri osorako mugimendu bateratua antolatu nahian, gure jarduera Iparraldera zabaltzeko lehen urratsak ere emanak ditugu.
Euskal Herriarentzat Hezkuntza Sistema Propioa lortzeko bidean, beste batzuen artean, honako ezaugarriak dituen eskola eredua ari gara garatzen:
Euskalduna: Euskal Herriko ikasle orok euskaraz ikasteko aukera izango duten eskola, horretarako beharrezkoa den babes juridiko-legala lortuz; langileria euskalduna izango duen eskola; euskal curriculuma garatuko duena...
Autonomoa: ikastetxeak izan behar duelako Hezkuntza Sistemaren ardatza, eta hezkuntza proiektua ikastetxearen oinarri, ikastetxearen autonomia garatuz, kudeaketa demokratikoan oinarriturik, bai partaidetzaren aldetik, bai planifikazioari dagokionean (baliabideak, langileria,..) bai kudeaketa ekonomikoan...
Hezkidetzan oinarritua: pentsamolde eta izaera desberdinak bilduta, pertsonak kritiko eta autonomo izatera bultzatuko dituen eskola.
Osoki finantziatutakoa: benetan doakoa eta desorekak (linguistikoak, sozialak eta abar) konpentsatuko dituena.
Kontziente gara, dena den, hezkuntza munduan mugitzen garen guztion (Administrazio, guraso, langile, ikasle, ...) inplikazioaren eta elkarlanaren ondorioz soilik iritsiko garela helburua betetzera. Horregatik, eman dugun pauso txiki bezain garrantzitsu honekin gure gonbitea luzatu nahi diegu Euskal Eskolaren bidean bidelagun izan nahi duten guztiei.