VITORIA, Jose Ramon:

2000-02-01
Jose Ramon Vitoria Arrasate Musikaleko eta Mondragon Unibertsitateko Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko Musika irakaslea da. Duela sei urte Aschero musika sistema lantzen hasi zen behar bereziak zituzten haurrekin. Ohiko pentagramak, notak eta solfeoa alde batera utzi, eta zentzumenetan oinarritutako sistema honen bidez pozik egoteko emaitzak lortu ditu.
 
 
Azken urteotan behar bereziak dituzten haurrei musika irakasten zabiltza, baina ez ohiko sisteman eta metodologian oinarrituta. Nola baina?

Aschero musika sistema da nik erabiltzen dudana. Ohiko solfeotik at, beste sistema bat da, logikoagoa, modu zientifikoan sortua eta ulertzeko errazagoa. Nolabait esateko, Aschero sistemak edozein jarduera plastikotan agertzen diren elementu guztiak biltzen ditu (hala nola, bolumena, kolorea, materia, forma eta tamaina) eta soinuzko jarduera orotan dauden parametroekin (iraupena, altuera, intentsitatea eta tinbrea) elkartzen ditu, usaimen, dastamen eta ukimenaren bidezko hainbat jarduerarekin uztartuz. Aschero sistemak zentzumen guztiak bildu eta garatzen ditu. Azken finean, diziplina anitzeko irakaskuntza da, diseinu bateratuaren bidez gai garrantzitsu honi erantzun koherente eta erakargarria ematen diona.



Nondik dator sistema hau?

Duela 30 urte inguru sortu zuen Sergio Aschero argentinarrak. Berez musikologoa den honek oso gaztetan asmatu zuen bere musikologia tesiaren emaitza izan zen sistema hau.

Brasilgo tribu batean musika ikertzen eta aztertzen hasi zen bere tesirako. Horretan ari zela, haien soinuak eta abestiak pentagraman idaztea ezinezkoa zela konturatu zen, soinu hura ezin zela eskema horietan adierazi. Orduan, bere buruari bueltak ematen hasi zen. Ekialdeko hainbat kulturatan ez dutela ohiko sistemarekin lan egiten konturatu zen. Aldi berean, musika sistema berriak behar ditugula ikusi zuen, batez ere zientifikoagoak izango direnak.

Zeren, nondik datoz guk ezagutzen ditugun notak? Latinezko lehenengo silabatik. Hortik sortu zen. Baina, zergatik horrela? Eta zergatik kode hori? XVI. mendean sortutakoa da, eta ohituraren indarrez erabili izan dugu, ez arrazoiak bultzaturik.

Gainera, XVI. mendeaz geroztik, ez zen ezer aldatu kode horretan, eta Aschero horretan hausnartzen hasi zen musikari bezala.



Zein desabantaila ikusten zizkion sistema tradizionalari?

Musika ikasteko arazorik handiena solfeoa ikastean zegoela ikusten zuen. Jendea atzera botatzen du solfeoak, abstraktua delako eta zenbait baldintza betetzen ez badituzu (azkartasuna...) ezin delako ikasi.

Horrez gain, sistema horrek ez dauka inolako erreferenterik. Biribilak bi balio du, baina zergatik? Biribil hori margotu egiten badugu, beltza deitzen zaio, eta bat balio du? Zergatik? Zazpi klabe ikasi behar al dira? Zertarako? Batekin nahikoa dugu. Gauza arraroak dira eta Ascherori ez zitzaizkion oso egokiak iruditzen musika ikasteko eta adierazteko.



Zer asmatu zuen alternatiba gisa? Zer ekarpen egin zuen?

Soinuaren ezaugarriak (iraupena, tinbrea, altuera eta intentsitatea) modu ezberdin batean irakurtzeko eta idazteko sistema asmatu zuen. Koloretako biribiletan oinarritzen da: kolore ezberdinek altuera adierazten dute, biribil tamainak intentsitatea eta biribil kopuruak iraupena eta.

Sistema hau ikastea solfeoa ikastea baino askoz errazagoa da, eta logikoagoa ere bai. Gauzak horrela, Aschero bere sistema erabiltzen hasi zen behar bereziak zituzten pertsonei musika irakasteko (Down sindromeko pertsonei, autistei, burmuin elbarritasuna zutenei, buru atzerapena zutenei...).



Zuk nola ezagutu zenuen sistema hau?

Arrasate Musikaleko zuzendari nintzela Aschero Arrasatera etorri zen ikastaro bat ematera. Down sindromeko neska batekin froga bat egin zuen, eta pixkanaka-pixkanaka musika irakurtzen hasi zen. Bat-batean gai zen musika irakurtzeko, eta harrituta gelditu nintzen.

Hori ikusita, zerbait egin behar zela pentsatu nuen, eta berehala, zuzendaritza kargua utzi eta buru-belarri hau lantzeari ekin nion.



Zuk metodo egokia zela ikusi zenuen, eta gainontzeko irakasleek?

Gehienek ia-ia txorakeria zela pentsatzen zuten, eta gainera, gutxiengo batentzat zenez, hau da, ezintasunak zituztenentzat... Horrez gain, testurik eta materialik ez zegoen, eta orduan, nola landu? Gainera, hainbeste urte solfeoa, harmonia, korala eta abar ikasten jardun ondoren jendeari barregarria iruditzen zitzaion koloreekin hastea. Jendeak ez zuen serioski hartu, baina nik bai, eta gustura nago sei urte hauetan lortu dudanarekin.



Azal iezaguzu zer egin duzun, bada.

Niretzat abentura izan zen hasieran. Sistema hor zegoela ikusten nuen, baina ez zen nahikoa. Hura lantzeko metodologia landu behar zen; hau da, sistema hartu eta beronekin zer egin, nondik abiatu eta egunean egunean zer irakatsi zehaztu behar zen, hots, eguneroko arazoak nola bideratu eta konpondu. Musika sistema eta bere arauak egokitu, aztertu eta garatu egin behar ziren behar bereziak zituzten pertsonentzako. Eta horrez gain, Euskal Herriko musika landu behar zen, horrek eskatzen duen guztiarekin: euskal kantak sistema honetara egokitzea.

Beraz, hasieran horretan hasi nintzen, hori guztia lantzen eta praktikan jartzen.



Sistema eduki arren, metodologia prestatu behar dela aipatu duzu. Zer metodologia landu duzu zuk?

Gauza bat musikaren kodea eta egitura erritmikoa irakastea da, eta beste bat kode edo musika horrekin egiten dena: arreta, memoria, kontzentrazioa, asoziazioa eta disoziazioa nola landu, alegia. Desberdina da jende aurrean jotzea, etxean bakarrik jotzea ikasteko, eguneroko lanak egiteko erabiltzea... planteamendua ez da berdina.

Beraz, programazio bat egin behar da musikaren kodeak erakusteko eta nondik hasi erabakitzeko. Haur hauentzat beste modu batera antolatu behar da, programazio berezia egin behar da.

Orduan, zertan datza metodologia? Nondik hasi, zein pauso eman lehenengo, zein bigarren eta zein hirugarren, eta nola ebaluatu. Hori da metodologiarekin zehazten saiatu naizena.

Noski, hori metodologia orokorra da, baina gero, ikasle bakoitzaren beharretara egokitu behar da.



Norekin jarri zenuen praktikan sistema hau?

Behar bereziak zituzten ikasleekin hasi nintzen Aschero sistema erabiltzen Arrasaten Musikalen. Ikasleen artean Down sindromea dutenak, autistak, burmuin elbarritasunekoak eta buru atzerapenekoak izan ditut. Guztiekin Aschero sistema erabiltzen dut, eta metodologia orokorra berdina da. Baina oraintxe esan dudan bezala, metodologia orokor hori bakoitzari egokitu behar zaio ondoren. Down sindromea duen batentzat eta autista batentzat ezin da metodologia bera erabili, zailtasun ezberdinak dituztelako; eta Down sindromea dutenen artean ere desberdintasun nabariak daude, bai psikikoak eta bai fisikoak. Nahiz eta gero helmuga berara heldu, pauso ezberdinak jarraitu behar dira. Bakoitzaren arazoak eta zailtasunak ikusi, eta hori landu eta garatu behar da.



Nolakoa da zure klase bat, zer egiten duzu klasean?

Instrumentu ezberdinak jotzen ditugu klasean. Batez ere perkusio instrumentuekin egiten dugu lan. Panderoa, danborra, triangelua, xilofonoa eta antzekoak joz, bai metalezkoak eta bai egurrezkoak, tinbre desberdintasuna lantzen dugu. Eta beranduago pianora pasatzen gara.

Txirularekin lan egitea zailagoa da, bi gauza daudelako: motrizitatea eta erritmoa. Alde batetik, motrizitatea landu behar da atzamarrekin lan egiteko eta askori kosta egiten zaie. Eta bestetik, arnasketarekin pultsoa edo erritmoa galdu egiten dute. Horregatik, pianoa egokiagoa da.

Noski, instrumentuak jotzerakoan bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzen ditut. Adibidez, mutiko batek ezker aldea geldirik du, eta batez ere hori lantzera behartzen dut, ezkerrarekin lan egitera, alegia.

Ia 300 euskal abesti prestatu ditut Aschero sisteman, eta horiek irakasten dizkiet. (Ikus adibidea)

Sistema honek modu zientifikoan ateratako 12 kolore erabiltzen ditu. Kolore hotzak soinu baxuak dira, eta kolore beroak soinu altuak. Soinu bat zortzidun bat altuagoa izan liteke, eta hori koloredun biribilari gainean puntu bat jarriz adierazten da.

Biribil kopuruak, berriz, soinuaren iraupena adierazten du. Elkarren ondoren lau biribil agertzen badira, bi biribilek baino iraupen luzeagoa izango du soinu horrek.

Pianoaren kasuan, zein esku erabili jakiteko, bokalak erabiltzen dira, bokal bakoitzak behatz bati dagokio; eskuin eskuko behatzak letra larriekin adierazten dira (a, e, i, o, u) eta ezkerrekoak letra xeheekin (A, E, I, O, U). Normalean hiru atzamarrekin eta hiru kolorerekin hasten gara.



Zein emaitza eman dizkizu sistema honek?Ikasle hauei musika irakatsi diet, musikaren kodea eta egitura erritmikoa. Baina horrez gain, musika kode horrekin arreta, memoria, kontzentrazioa, asoziazioa eta disoziazioa landu dituzte. Hori guztia lantzeko aukera ematen du musikak.

Askotan musikan trebeziari ematen zaio garrantzia (azkar jotzea...) eta komunikatzeko ematen duen aukera hori galdu egiten dugu. Ikasle hauek, ordea, gauzak hitzez edo beste modu batera gauzak adierazteko zailtasunak dituzte, eta musikak gauza horiek adierazteko aukera luzatzen die.

Modu horretan, musikak beste balio bat hartzen du ikasle hauentzat, komunikaziorako espresiobide alternatibo bihurtzen baita.

Gainera, beraiek ohartzen dira horretaz, gai direla konturatzen dira, eta horrek izugarri balio du.



Musikak komunikatzeko eskaintzen dien aukeraz ohartzen al dira beraiek?

Bai. Orain arte 14 kontzertu egin ditugu eta beraiek gero eta argiago ikusten dute publikoarentzat eta gizartearentzat gauza oso garrantzitsuak eta zailak egiten ari direla.

Adibidez, neska batek tailer batean giten dut lan, eta lanetik atera ondoren egunero etxean bi ordu pasatzen ditu abestiak ikasten bere kabuz, autonomia osoz. Beretzat espazio berri bat zabaldu du musikak, komunikatzeko modu bat. Normalean oso gutxi hitz egiten du, baina musikaren bitartez komunikatzen da.

Beste batek euskal abestiak izugarri maite ditu. Euskal abestiak baldin badira, berehala jotzen ditu. Nahiz eta abesteko gaitasunik ez izan, jotzeko badu, eta hori plazaratu egiten du.

Autista batek, adibidez, ez du batere hitz egiten, baina buruan sekulako artxiboa duela konturatu gara, abesti pila bat dakizkiela, eta horietako asko inoiz abestu ez ditugunak.

Beste bat bertsoen eta abestien bitartez bere abestiak sortzen ari da. Hiru kolore eta bateko zein biko egiturak erabiliz, bere kantak jotzen ditu, eta gero bertsoa jartzen du erritmoaren arabera.

Hau guztia gizarteak onartzen duela konturatzen dira, eta horrek beste balio bat ematen du, ez da musika soila. Kontzertuak oso gustura eskaintzen dituzte, eta pentsa, ez da broma 20 edo 200 pertsonen aurrean jotzea. Nola bizitu eta gozatzen duten! Harrigarria da! Zabaldu duten espazio horretan gustura eta eroso sentitzen dira.



Erantzun hau ikusirik, zerbait berria egiteko aukerarik ikusten al duzu?Bai, maketa bat egingo dugu, eta garrantzitsua dela iruditzen zait, grabatzeko gai direla ikusteko aukera emango dielako.



Aschero sistemaren ezagupena eta hedapena zenbatekoa da?Egia esan, aspaldiko sistema da, baina ez da oso ezaguna. Estatu espainiarreko eskola publikoetan dezente erabiltzen dute, baina hemen oso gutxi. Bartzelonan ere ez da ezaguna. Behin hara joan nintzen eta esplikatu nuenean jendea harrituta gelditu zen. Hemen Hezkuntza Berezian dagoen esperientzia bakarra nirea da.



Hain gutxi zabalduta egonik, nola ikusten duzu etorkizuna?

Jendearen aldetik gero eta interes gehiago pizten ari da, eta Irakasle Eskolan ere gero eta jende gehiago matrikulatzen da Hezkuntza Berezian. Nik ikastaroak ere ematen ditut sistemaren berri emateko eta esperientziak ezagutarazteko. Behar bereziak dituzten ikasleen aritu naiz batez ere, baina sistema honek guztiontzat balio du.

Zenbaki sistema erromatarretik arabiarrera pasatzea iraultza izugarria izango zen bere momentuan, eta musikarekin ere gauza bera gerta liteke. Baina nire asmoa ez da gurutzada bat egitea. Sistema honek, musika emaitzak lortzeaz gain, gizartearen integrazioa garatzeko eta suspertzeko balio dezakeela pentsatzen dut nik, nahiz eta bide bakarra ez izan.