Erantzun arrakastatsua Udako Topaketa Pedagogikoak euskaraz egitearen proposamenari

2000-05-01
 
 
Urtetan sinestuta eduki gaituzte ikastaroak euskaraz antolatzea edo gai ezberdinetan sakontzea alferrikako lana zela .

Urtetan ustearen itzalpean aritu gara eta ia sinesten hasiak ginen gauza garrantzitsuenak, benetakoak, beste hizkuntzetan entzun-jaso-irakurri behar genituela. Gure etxean eta gure hizkuntzan kalitatezko lanak egin-sortu ezin bagenitu bezala.

Eta horrela, usteak egi eta ohiturak lege bilakatzeko zorian zeudenean, erronka berri bat botatzea otu zitzaion HIK HASIri. Eskarmentuz baitakigu herri honetan ametsak egi nola bilakatzen diren!

Urtetan ahalegin handiak egin ditugu hezkuntza euskalduntzen, ez hala ere desiragarria izango litzatekeen abiadan. Baina ezinbestekotzat jotzen den prestakuntza, eta zer esanik ez hezkuntza esparruan, nekez jaso dezakegu euskaraz.

Ingurura begirada bat ematea besterik ez dago. Uda partean, UEUn salbu, gutxi dira euskaraz ikastaroak jasotzeko aukerak.

Eskaintza kopuruaz gain, hedatuta dagoen baieztapena da euskaraz diren ikastaroek erantzun kaxkarra jasotzen dutela. Eta bata bestearen arrimoan, bazterrean uzteko zaila bihurtzen ari zen zirkulua osatzen hasia zen.

Hilabetetan hainbat aukera aztertu ondoren HIK HASIk bere eskaintza luzatzea erabaki du hiru egunetan burutuko diren hamaika ikastaroekin eta apustuak dakarren arrisku eta ilusioarekin...

Opor egunak izan arren eta diru kopuru bat suposatu arren, hona hemen uzta: jada 653 lagunek proposamenari eman diote baiezkoa, aurreikuspen itxaropentsuenak ere gaindituz. Lehenengo saiakera izanda eta euskaraz, ez dago gaizki, ezta?

Hori ikusita, lau haizetara zabaldu nahi dugu eraikitzeak molde zaharrak puskatzea esan nahi duela sarritan. Molde eta konplexu askorekin bukatu beharra dugu oraindik ere, eta horretarako ausardia, lana eta elkarlana beste biderik ez dago. Eta ondoren, erantzuna itxaron.

Bide batez, hausnarketa bat planteatu nahiko genuke: zergatik ote dute arrakasta gutxi euskaraz eskaintzen diren proposamenak, euskaraz direlako, ez direlako erakargarriak eta beharrei zuzenduta ez daudelako edo proposamen horietara iritsi ahal izateko bide egokiak ipintzen ez direlako?

Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak!