Arian-arian, etenik gabe, bidea eginean

2000-10-01
Euskal Eskolaren Txupinazoa erasoen aurrean lekua hartzeko proposamena
 
 
Janzki berria jantzi dugu! Kolore, letra mota eta itxura berriz irakurriko gaituzu aurrerantzean. Baina erne, berehala ohartuko zara itxurazko aldaketa izan dela soilik. Izena eta izanari, mamiari, eusten diogula, nola bestela!

Eta honekin, seigarren ikasturteari ekiten diogu. Gure sorreran hartu genituen konpromisoei arnas berria emateko berrikuntzak eginez, arian-arian, etenik gabe.

Etenik gabe diharduten beste batzuk Espainiako Hezkuntza Ministeriokoak dira. Euren Humanitateen gaiarekin tema hartuta. Azken hiru urtetan lantzean behin erasoaldiren bat egin dute gizartearen erantzuna neurtu nahiean. Baina bistan da bitartean euren asmoa gorpuzten doazela eta itxura guztien arabera aurtengo ikasturtean Humanitateen dekretua gauzatuko dela Espainian eta Hego Euskal Herrian.

Eraso hauen aurrean jaso dira protesta ahotsak, Hezkuntza alorretik batik bat. Azkena, uztailean "Euskal Eskolaren txupinazoa" lelora bildu ziren hezkuntzako hainbat sindikatuk, Guraso Elkartek, Ikasle Taldek eta Irakaskuntzako Erakundeek egin zuten agerraldia. Bertan plazaratu zuten idatzian Hezkuntza Erkidegoari zuzenean eta Gizarteari orokorrean proposamen zehatza luzatzen zitzaion: erasoen aurrean erantzun hausnartua, eztabaidatua eta zabala emateko beharraren aldarrikapena.

Txupinazoa jaurtikita dago. Orain, ikasturte berriaren hasierarekin batera, lehengo asmoei eutsi eta indarberriturik lanean jarraitzeko adierazpena egiteko garaia da. Eraso-erantzun dinamiketatik urrundu behar da. Gure bidea diseinatu eta ildo horretan lanari heldu behar diogu, etenik gabe, gure erritmoan.

Euskal Herriak urte luzez, mendetan, Frantzia eta Espainiarekin lotuta du bere historia. Eta bi estatu hauek euren begiekin ikusitakoa kontatu dute euren ahoz. Euskal Herria askoz lehenagotik, Europako beste herri zaharren antzera, historian zehar gorpuzten joan da bere kultura. Euskal Kultura honetan oinarriturik bere Hezkuntza antolatzeko eskubidea du, orain determinazioa behar dugu. Guk ere gure historia kontatu behar dugu. Zertarako da eskubidea biderik ez badago? Abia gaitezen!