EZAMA ESNAOLA, Felix: Kristau Eskola Euskal Hezkuntza Sisteman

2000-10-01
Euskal Kristau Eskola Euskal Herriari hezkuntza arloan ahalik eta zerbitzu egokiena eskaintzeko asmoz sortua da. Asmo tinko horrek haren nortasunaren bilaketa eta finkapena ziurtatzen du.
 
 
Zerbitzatzeko borondate hori mamitzeko, ordea, herriaren eta hura osatzen duten pertsonen egoera soziokulturala ezagutu eta onartu beharra daukagu, horri buruz edozein iritzi edo ikuspegi ideologiko aintzat hartu aurretik. Hain zuzen ere, errealitatea den bezala onartzeko jarrera begirunetsu hori aurretiazko baldintza da ezinbestean, horretan edo horri buruz nola jokatu behar dugun erabakitzeko. Eta baldintza etikoa ere bada. Izan ere, gizabanakoak eta gizataldeak eskubide batzuen jabe dira, eta hezkuntzan eta hezkuntza sisteman horiek errespetatu egin behar dira.

Gizakientzat eta "herriarentzat" mesedegarria den zerbait egin eta gizartean zabaldu nahi bada, eskubide horiei zor zaien begirunez jokatu beharra dago. Bestela jokatzea ez litzateke herria "zerbitza-tzea", hura indarkeriaz eraikitzea baizik.

2. Euskal Herria aniztasun handiko errealitate soziokulturala da eta den bezalaxeko onartu behar da.Aniztasun horrek alderdi asko hartzen ditu bere baitan: ideiak eta usteak, gizakiari buruz dauden ikusmolde ezberdinen inguruko balorazio etikoak, politika eta gizarte gaietan errealitatea ulertzeko era ezberdinak eta horretan eragina izateko modua.

Aniztasun handiko errealitate horrek aniztasun handiko hezkuntza sistema eskatzen du, guztion ondare diren giza eskubideetan oinarrituriko hezkuntza proiektu guztiak onartuko dituen sistema bat, hain zuzen.

Alde horretatik, inoiz ez dira parekotzat jo behar euskal hezkuntza sistemaren "batasuna" eta hura osatzen duten erakunde, sare, sektore edo ikastetxeen "homogeneotasuna" edo "uniformetasuna". Kultur aniztasuna duen gizarte baten askatasuna ziurtatzeko, ezinbestekoa da askatasunetik sortzen den aniztasun horren alderdi guztiak babestea.

3. Euskal Kristau Eskola, hezkuntza sarearen osagai moduan edo ikastetxe multzo gisa harturi, askatasunaren adierazpen eta bermetzat hartu beharko litzateke, bai pentsamenduaren arloan, bai bizitza eta bere zentzua ulertzeari dagozkion aukeretan eta baita hura behar bezala mamitzeko bide egokietan ere. Erlijio aukeraren beraren aurretik dagoen zerbait dugu, eta norberak bere kabuz erabakitzeko duen askatasuna islatzen du.

Askatasun hori eskatzen duenak ezin du onartu Herri Administrazioak edo gizarte talde jakin batek ustez herri edo nazio bati mesede egiten diotelakoan gizabanakoen bizitza antolatzeko eskubidea beretzat hartzea . Gizabana-koak mundu honetara etortzean duen ahulezia edo babes beharra kontuan izanik, bizitza sorrarazten duen pertsonak haren ardura hartu behar du. Bizitza fisikoki sortu duenak hura espiritualki sortzeko eskubidea izan behar du "eskolaren" bitartez, eta inork ezin du ez dagokion "gurasotasuna" bere gain hartu, ez zuzenean eta ez zeharka.

4. "Eskolari" buruzko "giza ikuspegi" horrekin bakarrik lor daiteke duintasun osoko eskola bat, gizakia eta bere askatasuna funtsezko eta oinarrizko erreferentzia gisa harturik betiere. Eskolaren eginkizuna ez da, soil-soilik, jakintza edo lanerako gaitasun batzuk erakustea, gizarteak behar bezala funtzionatu eta aurrera egin dezan. Izan ere, hasiera batean eskolak ez du kontuan hartzen gizabanakoak zer "egin" behar duen, ze"izan" behar duen baizik . Planteamendu hori alderantziz eginez gero, gizartea gizabanakoaren gainetik jartzeko ikuspegia nagusituko litzateke, eta ikuspegi horixe da, hain zuzen, pentsaera totalitario guztien oinarria. Horregatik gizabanakoarentzat "neutroa" izango den eskola eratzea ezinezkoa da . Horrek, gainera, eskola instituzioaren gizalegezko balioen galera ekarriko luke, berez izan behar duen hezkuntza eginkizuna ere galaraziz.

Une honetan premia handia dago Euskal Herrian hezkuntza sistema propioa antolatzeko eta "euskal eskolak" nolakoa izan behar duen zehazteko; alde horretatik, egiten ari garen baieztapenek gaurkotasun historiko ukaezina dute.

5. Kristau Eskolaren ustezEusko Herriko gizarteari eta herritarrei egiten zaien hezkuntza eskaintza guztiz onuragarria da une historiko honetan, bai landu beharreko etorkizunari begira eta baita bake eta normalizazio bidean aurrera egiteko ere. Kristau Eskolak nahi luke bere izaeragatik eta izan nahi duenagatik aintzat hartua izatea, bere nortasunari helduz egiten duen hezkuntza eskaintzagatik baloratua izatea, euskal eskola gisa jardunez, dagoeneko baden eta etorkizunean eskubide osoz izan nahi lukeen gizarte horren zerbitzuan.

Euskal Herriarekiko leial jokatu nahi du, berari zerbitzu bat eskaintzeko jarrera tinkoz, bertan erroturik dagoelako eta harekiko konpromiso sendoa hartu duelako. Eta "eskola" den aldetik, bere ustez ikastetxeari ezinbestean loturik dagoen hezkuntza helburuaren alderdi aberasgarri guztiak eskaini nahi ditu, eskola modernoak berez dituen eskakizun tekniko eta pedagogikoen arabera lan eginez. "Kristau" eskola denez, argi adierazi nahi du eskaintzen duen giza proiektua Ebanjelioaren balioetan oinarrituta dagoela. Halaber, "euskal" eskola da, bere burua "euskaldun" izendatzen duen herriarekin bat eginik, hura zintzo zerbitzatzeko helburuz.

6. Kristau Eskolak gizakiaren duintasun osoa aldeztu eta bultzatzen du. Horregatik, haren hezkuntza proiektua askatasun osoz onartzen duten pertsonetako bakoitzari heziketa integrala eskaintzeko bokazioa berresten du. Bestalde, ondo asko daki duintasun hori, lehentasunez, gaurko gizarteko behartsu eta baztertuei aitortu behar zaiela. Ildo horretatik, gizarteari benetako zerbitzua eskaintzen dioten bestelako hezkuntza aukeretan bezala, doakotasuna bermatzeko beharrezko baliabide guztiak (baliabide publikoak barne) erabiltzeko eskubidea errebindikatzen du.

Euskal Kristau Eskolaren funtsezko oinarria Hezkuntza Komunitatea da, eta alde horretatik, hura osatzen duten pertsona guztien askatasuna eta partaidetza bultzatzen du. Bestalde, oharturik dago pertsonen hezkuntza ezin dela bakarkako ikuspegi batez bideratu; aitzitik, gizarteari zabalik egon behar du. Gizartearekiko jarrera arduratsua, eta horrekin batera, hura bereganatzeko beharrezkoa den gaitasuna, lan ohitura eta diziplina, gizarte hezkuntzaren helburuetako batzuk dira, gizabanakoaren benetako heziketa integrala lortzeko funtsezko alderdiak izanik.

7. Kristau Eskolak berariaz berresten du bere izaeraren eta bere hezkuntza jardueraren ezaugarri nagusi de kristau jatorria . Bere burua kristautzat hartzen badu, ez da haren titularra kristaua delako, baizik eta bere nortasunak eta eskaintzen duen zerbitzuak hala eskatzen diotelako. Zerbitzu hori gizabanakoari begira antolatua da, hura gizabanako eta gizarteko kide bezala harturik, Jesukris-toren Ebanjelioan oinarri hartzen duela. Dena dela, konfesionaltasun horrek bidea zabalik uzten die beste batzuei ere, betiere erakunde horren nortasunari buruz begirunezko jarrera hartzen badute, eskolak eskaintzen dien hezkuntza zerbitzuaz balia daitezen.

Kristau Eskolak uste du gizakiarentzat oso aberasgarria dela Jainkoarengana hurbiltzea, Jesukristoren jarraibidea eredutzat hartuz, eta arlo hori "eskolan" landu daiteke Fededun izateko eskubidea onartzen duen gizarte batek onartu beharra dauka, halaber, bizitza sozial eta zibiko-politikoari buruz kristau ikuspegia duten eskolak sortzeko eskubidea .

Horregatik, "kristau" eskolak, bere hezkuntza komunitatearen bidez, bizitzari buruzko kristau ikuspegiarekin bat datozen balioak erakutsi eta zabaldu nahi ditu, hala nola askatasuna, justizia eta elkartasuna.

8 Bakea lortzearen alde dago , eta horri begira, gizarte bizitzaren arlo guztietan elkarrizketa, elkar ulertzea eta partaidetza aktiboa bultzatu nahi ditu gatazkak konpontzeko.

Bere iritziz, kultura eta hezkuntza arloan euskal hiritar guztien funtsezko eskubideak behar bezala onartzea da bide bakarra normaltasun zibiko-sozialeko giroa sortzeko. Euskal Herriaren sustrai historiko-kulturala eta, batez ere, bertako hizkuntza aztertu eta lantzea Euskal Kristau Eskolaren hezkuntza eginkizunaren atal guztiz garrantzitsuak dira.

Euskal Kristau Eskola ongi jabetua dago, gure herriak Europan gero eta esku-hartze handiagoa izateko erronkari aurre egin behar diola. Eta erronka horri bi eratan erantzungo dio: bere nortasuna finkatuz eta komunikazio eta informatikako teknika berriek dakarkiguten etorkizunari ja-rrera zabalez begiratuz.