Euskararen kontrako <br />erasoaren aurrean tinko

2000-12-01
Kontseilua osatzen dugun elkarteok AEKren aurkako operazioa gogor kritikatu eta mobilizazioetarako deia luzatu dugu.
 
 
Hamaika gai genituen editorialaren orri hau betetzeko. Hala ere, azken erasoak sortutako egoera larriari ezohiko ekimena zor geniola iritzi diogu. Orri honetatik, Kontseiluko gainontzeko kideen ahotsari gurea atxikitu nahi izan diogu. Jarraian, denon artean adostutako testua aurkezten dizugu.

Hemen bildu garenok AEKren kontra Garzon epaileak hasitako erasoaldia euskararen kontrako erasotzat jotzen dugu. Euskararen normalizazioaren aldeko jarduera desberdinak zigortzeko bidea irekitzeko saiakera dela ere uste dugu. Izan ere, epaile honek eginiko autoan euskararen alde jardutea delitutzat jotzen du inolako disimulurik gabe.

Euskararen kontrako ekimen zehatz baten aurrean gaude: AEKren ondasunak bahitu eta bere kide batzuk auziperatu dituzte, euskararen alde egiten duen lanagatik. Ekimen hau hemen bildutakoaren eta euskararen alde lan egiten dugunon kontrako ekimena da. AEKk euskararen alde eginikoaren lana beharrezkoa da. Eta erakunde honek bere jarduera normaltasunez jarraitu behar du. Horren aurrean,

1.- AEKren kontra irekitako bide hau bertan behera utz dezatela eskatzen dugu.

2.- Euskal Herriaren izaeraren elementurik funtsezkoena eta herritar guztion ondarea dena interes politikoen arabera erasotzea ez da onargarria.

3.- Kontseiluak gizarteari, instituzioei eta alderdi politikoei bere ikuspegia azaldu eta euskalgintzaren defentsan inplikatzea eskatuko die.

4.- Orain arte egin den bezala, lanari indarrez ekingo diogu eta denon artean lortutakoa zaintzen eta euskarak dagokion tokia har dezan ahaleginetan jarraituko dugu.

Kontseiluak eta bazkide dituen elkarteok gure kideei helaraziko diegu AEKk antolatuko dituen ekimenen berri eta bertan parte hartzeko gonbita luzatuko diegu. Halaber, euskararen aldeko gainerako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere zabaldu nahi dugu.


Entzun bedi gure ahotsa, jakin bezate herri honek aspaldi hartu zuela euskararekiko konpromisoa. Gehiengo sozialak hala adierazia du!