Euskal irakaskuntzari egindako erasoen aurrean, mugi gaitezen!

2000-12-01
Azkenaldian Madrilgo administrazio zentralaren erasoaldiak jasaten ari da euskal irakaskuntza. Horren aurrean, hezkuntzako eragileok ez gara isilik gelditu, berpizten ari gara eta jarrera aktiboz erantzun nahi dugu. Oraindik hastapenetan dagoen mugimenduaren lehen urratsak dira honako adierazpenak eta mobilizaziorako deialdiak. Baina gizentzen joango den mugimendua izango da, euskal irakaskuntzak denon babesa eta bultzata behar baititu.
 
 
"Guk geure eskola" adierazpena

Komunikabideen bitartez jakin dugu PPko Gobernuak Espainiako Estatu osoan hasi nahi duen hezkuntza-erreformaren berri. Bide beretik, jaso ditugu dagoeneko klase politikoaren lehen erreakzioak, haien artean zenbait autonomia erkidegotako agintarienak. Hala ere, delako erreformaren lehenbiziko helburu edo jomugan -hau da, ikastetxeotan- ez dugu informaziorik jaso, eta, jakina, hainbat gutxiago inork iritzirik eskatu digu. Euskal Herrian, gainera, erreforma iragartze honekin batera etorri da PP, UPN, PSOE eta UA alderdien zuzen-zuzeneko erasoa euskal heziketaren kontra.

Euskal Herriko hezkuntza-komunitate askotarikoa osatzen dugunok ezin gaitezke egonean gelditu, eta salatu egin nahi ditugu ikusten ari garen jarrera arduragabeak. Aldi berean, erakutsi nahi dugu zein den gure ikuspegi komuna etorkizuneko hezkuntzaren inguruan, ez baitugu islaturik ikusten egiten ari diren planteamenduetan.

Hori dela eta, behean sinatzen dugun gizarte- eta hezkuntza-erakundeok gure jarrera adierazten dugu, puntu hauetan ardazturik:



Hezkuntzaren antolaketa demokratiko baten alde

Zuzenbide Estatu bateko hezkuntza-erreforma orok, edozeinek, demokratikoa izan behar du. Hau da, beharrizanetik hasi eta aplikazioraino, taxutzea eta antolatzea barne, kontuan izan behar ditu zuzentzen zaion hezkuntza-komunitatearen interesak, kontrastatu egin behar du errealitatearen diagnosia, indargune eta ahuluneena, baliabideak neurtu eta lehentasunak ezarri, eta erabakietan gizartearen iritzia kontuan hartu. PPko Gobernuak ez du eman pauso demokratiko horietako bat bera ere. Are gehiago, beharrizan partidista eta artifizial bat sortu du hedabideetan -dudako kalitatekoa-, LOGSE erreformaren inguruan, pentsaera bakar eta oroberdintzailearen ildotik hain zuzen. Zein datutan oinarritzen da PPk ezarri nahi duen erreformaren beharra? Non daude datu horiek?



Inguruan errotutako hezkuntza baten alde

Gizarteak eskatzen du ikastetxeek inguruko beharrizanei erantzun diezaietela, etorkizunera begirako ikuspegi batekin. Hori da euskal eskolen apustua duela zenbait hamarkadaz geroz, eta apustu hori indarrean da inork erreformarik goitik behera ezarri gabe. LOGSErekin, Espainiako hezkuntzan, Europako ingurunera egokitzeko ahalegin bat egin nahi izan zen. PPk, ordea, aspaldiko hezkuntza-edukien eta planifikazioaren oroiminez edo, hutsune bat aurkitu nahi du lehen erreforma honetan, ahazturik gure gizarte eta kultur ingurunea irekia dela, eleanitza eta kulturanitza, europarra, mendebaldekoa, demokratikoa eta modernoa, gizakien, giza taldeen eta erkidegoen ahalmenetan oinarritua, bai eta teknologia berrietan ere. PPren erreforma anakronikoa eta insolidarioa da.



Hezkuntza berdinzale baten alde

Hezkuntzak berdintasun printzipiotik abiatu behar du, bere zentzu guztietan, ikastetxeen bitartez bilatuz era guztietako desberdintasunak konpontzeko bideak (kulturazkoak, ekonomikoak nahiz sozialak), bai eta interes ezberdinen elkarguneak aurkitzeko ere. Izate diferenteak, desberdintasun iturritzat hartu beharrean, pertsonen aberastasun globalaren indargarritzat hartu behar dira, bizikidetza giro egoki batean. Ez zaio bide eman behar inolako bereizkeriari, arrazoi ideologiko, erlijiozko, arrazazko edo sexuzkoetan oinarritutakori, ezta menpetasunari ere.



Euskal Hezkuntza moderno baten alde.

Hezkuntza moderno, etorkizunari begirako eta kalitateko baten ezaugarriak honako hauek dira: prozedura pedagogiko eta didaktikoen globalizazioa, ezagutzaren, heldutasun pertsonalaren eta izpiritu kritikoaren zerbitzuko jarririk, bai eta errespetu, enpatia eta elkartasun balioen zerbitzuko ere. Heziketa modu horrek eskatzen du eskola komunikateak erabaki ahalmen zabala izatea bere ikastetxeetan, eta baliabide ekonomiko, material eta humanoak izatea aipatutako hezkuntza autonomo eta demokratiko horren zerbitzuan jartzeko. Horrek batu egiten gaitu euskal irakaskuntza baten alde lanean ari garen eta Adierazpen hau sinatzen dugun kideok. Hezkuntza-helburu horiei begira jarriak daude gure asmoak eta jarduna. Eta hori guztia kontrajarria dago PPk nahi duen Erreforma honekin, bai bere ulertzeko moduan, bai oinarrizko planteamenduetan. Gure aukera hauxe da: irakaskuntza modernoa, ikasle bakoitzarengandik abiatzen dena, bere inguru geografiko eta humanotik, eta globaltasunera irekitzen dena, aldi berean indartzen dituelarik ezagumen partikularra eta unibertsala, banakoaren heldutasuna eta giza balioak.



Euskal Hezkuntza plural baten alde

Hezkuntza oroberdintzailea eta baztertzailea iruzur hutsa da. Menpekotasunean hezitzeak ez dakar etorkizunik. HEZKUNTZA, hizki larriekin idazten dena, sormenezkoa da, askatasunean loratzen da, askotarikoa da, bizia bera den bezala, pertsonak ere era askotakoak garen bezala. Demokratikoa izan behar du, hau da, zuzen-zuzenean parte hartzen dutenek eztabaidatua, adostua eta burutua: ikasleek, familiek eta profesionalek. Aniztasunaren elkargune horretatik abiatuta, errespetua izan behar zaie gehiengoei bezala gutxiengoei, bai eta egoera bereziei ere. Euskal heziketa askotarikoa da, ikastetxe bakoitzean eztabaidatua eta erabakia, ikasle bakoitzaren erritmoa aintzat hartzen duena eta desberdintasunen orekatzailea. PPren erreforma hau, aldiz, pentsaera bakarrean, zatiketan eta eskolako bereizkerian oinarritua, alderdiaren interesean eta goitik beherako ezarpenean oinarritua, ez da bidezkoa.



Euskal Hezkuntza kultura-arteko baten alde

Elebakartasuna eta kultur sektarismoa Hezkuntzarekin bateraezinak dira. Euskal ikastetxeek azken berrogei urteetan bildutako esperientziak bermatzen du gure etorkizuneko apustua: euskal Hezkuntza eleanitz baten aldekoa, non euskara izango den komunikazio-lotura bateratzailea. Frantsesa eta gaztelania ere gure gizarte bizitza hurbilenekoaren parte dira, eta ingelesak bide ematen digu inguru zabalagora iristeko. Hizkuntza-planteamendu horren gainean, euskarazko Hezkuntzak kurrikulum kultura-arteko bat egiten du. Lehen-lehenik, euskal kulturaren beraren barrenean -aldi berean baserrialdekoa eta hirikoa baita, kostakoa eta barnealdekoa, Iparraldekoa eta Hegoaldekoa, ekialdekoa eta mendebaldekoa, tradizionala eta modernoa...-. Eta bigarrenik, baina plano berean, gure gizarteko partaide biziak diren beste herri batzuen kultura ere biltzen du; eremu zabalagoa hartzen du, hala nola europarra eta unibertsala. PPren erreformak hori guztia ezabatu egin nahi du, pentsaera bakar espainolarekin ordezkatu.



Euskal Hezkuntzako legeria propio baten alde

Guk aukeratu dugun Hezkuntza ereduak bai baduela beharrizan bat aski handia: bera garatu eta indartzeko lege-bitarteko egokiz hornitzea. Orain arte Espainiako gobernuen aldetik bultzatu diren erreformak -eta azkeneko hau da adibiderik onena- interes jakin batzuetatik abiatu dira, arlo honetan behintzat gureekin bat ez datozen interes batzuetatik. Horregatik, dei egiten diogu Euskal herriko klase politikoari ahalegin handiagoa egin dezan euskarazko Hezkuntza baten alde dagokion zeregin hezitzaile-sozialean, eta ez dezala gehiago sutu hezkuntzaren arlora ere hedatutako alderdi-aurkaritza hori. Izan ere, konfrontazio horrek ez du batere laguntzen Euskal Herrian hain beharrezko dugun gizarte-kohesioa lortzen. Ordezkari politikoei aitzindaritza eskatzen diegu, lidergoa, euskal Hezkuntzak lortu duen garapenaren neurrikoa, horretan bat baikatoz hezkuntza-komunitateko kideen gehiengo handi-handi bat. Eskatzen diegu, ordezkari politikoei, konprometi daitezela Euskal Hezkuntzarako Legeria propio baten bidezko oinarrizko adostasun sendo batean.



Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz eta Euskal Herriko Gurasoen Elkartea (BIGE, Baikara, Sortzen eta Denon Eskola).

Euskal Herrian, 2000ko azaroaren 29an.



Hainbat ikastetxetako zuzendarien adierazpena

Azken aldi honetan Hezkuntza, hezkuntza sistema bera, ia egunero hizpide dugu hedabideetan. Arreta mediatiko hau ez da hezkuntza sistematik bertatik sortutako ekimenen ondorio (ez genuke besterik nahi), baizik eta, zoritxarrez, hezkuntza sistemaren erabilpen politiko alderdikoiaren jarduera jakin batetik eratorria.

Eguna joan eta eguna etorri, zehaztasunik ezean, burugabekerian, tergibertsazioan, itxuragabekerian, baita irainean eta faltsukerian ere, oinarritutako adierazpen uholde baten aurrean gaude.

Atsekabez ikusten dugu kanpaina honek esistitzen ez den lotura ezarri nahi duela hezkuntza sistema, euskarazko irakaskuntza, xenofobia, arrazakeria, inkonpetentzia profesionala, bortizkeria, ikaslegoaren gaitasunik eza, dotrinatze ideologikoa eta abarren artean.

Kanpaina honen sustatzaileei bost axola ikastetxeetako errealitateak marraztutako egoerarekin zer ikusirik ez badauka. Bost axola salaketa hauen aldeko datu bat bera ere ez badago. Bost axola orain arteko azterketa eta ebaluazioek alderantzizkoa badiote.

Funtsean, euskarazko irakaskuntzaren aurka, ikastetxeen autonomiaren aurka eta hezkuntza sistemako profesionalen aurka egindako erasoa baino ez da. Urteetan zehar pazientzia handiz eraikitakoaren aurkako erasoa, beraz. Horretarako, errealitatea eta datuak bestelakoak direnez, tergibertsaziora, manipulaziora eta gezurretara jo dute.

Horregatik guztiagatik, behean izenpetzen dugunok euskal ikastetxeetako zuzendari bezala, salatu egin nahi dugu kanpaina hau eta jokabide horretan etsi dezatela esijitzen diegu arduradunei. Aldi berean, zerbitzatu behar duen gizartean erroturiko heziketa kalitatezko eta propioarekiko konpromisoa berresten dugu.