HOYUELOS, Alfredo:

2000-12-01

Alfredo Hoyuelos Iruñeko Udal Haur Eskolako tailerista da. Irakasle eta pedagogoa den gizon hau Loris Malaguzziren pentsamenduari eta lanari buruzko doktoradutza tesia bukatzear dago. Duela 15 urte ezagutu zuen Reggio Emiliako esperientziaren sortzaile izan zen pedagogo italiarra, eta berarekin eta bere ideiekin maiteminduta gelditu omen zen.

Hala, Reggio Emiliako esperientzia gertutik ezagutu nahi zuen, eta 1986/87 ikasturtean hara joan zen bertako eskoletako hezkuntza ikuspegia ikertzera eta sakontzera. Geroztik urtero joaten da hango esperientziari jarraipena egiteko, eta bide batez bertako hezitzaileekin harremanak mantendu eta iritziak elkartrukatzeko.

Iruñeko Udal Haur Eskoletan Malaguzziren proiektua lantzen dute eta harreman estua dute Reggio Emiliako haur eskolekin. Alfredo Hoyuelos da bederatzi haur eskola horietako tailerista.

Gertutik ezagutzen ditu Reggio Emiliako zein Iruñeko esperientziak, beraz.

 
 

1986an etorri zen Loris Malaguzzi pedagogo italiarra Iruñera ikastaro bat ematera eta han ezagutu zenuen. Une hartatik bertatik maitemindu omen zinen berarekin eta bere ideiekin, eta hala jarraitzen omen duzu. Zer ikusi zenuen berarengan horrelako eragina sorrarazteko?

Bi gauzek hunkitu ninduten; haurrei buruz hitz egiteko zeukan moduak eta bere pentsamenduak.

Ordura arte inoiz entzun ez nuen moduan hitz egiten zuen haurrei buruz, ikuspegi psikologiko eta pedagogikoetatik urrunduz. Haragi eta hezurrezko haurraz ari zen, ez unibertsitatean, salbuespenak salbu, erakutsi ziguten liburuetako haurraz. Malaguzziren esaldi entzutetsu bat dago: "hezkuntza ona egin nahi baduzu, lehenengo psikologiako, pedagogiako eta didaktikako liburuak itxi behar dituzu".

Haur ahaltsu eta aberatsaz hitz egiten zuen. Haurra poesiatik, metaforatik eta ahalmen neurologikoetatik eta biologikoetatik ikusteak haurren gaitasunei buruzko ikuspegi berria sorrarazi zidan.

Bigarrenik, oso errotuta neuzkan psikologia eta pedagogiako kontzeptu eta ideiak krisian eta zalantzan jarrarazi zizkidan. Halako moduan puskatzen zuen neukan guztiarekin, non horretan arakatzeko eta ikertzeko gogo bizia sortu zidan.

Bera ezagutu ondoren Reggio Emiliara joan zinen. Zer aurkitu zenuen han?

Lehenengo egunean 3-6 urte bitarteko haurrentzako eskolan hunkitu ninduten zenbait gauzekin egin nuen topo, eta hango esperientziak esan nahi izan duenarekiko iradokitzaileak izan dira.

Hasteko, ni Iruñean Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolan aritua nintzen; oso handia zen, munstro bat bezala. Haur pila bat zegoen, ia denak anonimoak eta ezezagunak. Reggio Emiliako eskolan sartu nintzenean, esparru txiki bat aurkitu nuen. Hiru gela baino ez zeuden, eta 75 haur osotara. Haur eta guraso guztiak ezagunak ziren, familia txiki bat izango balitz bezala. Han udal haur eskola guztiak horrelakoak dira.

Bigarrenik, eskolako ingurunearen kualitate estetikoak harritu ninduen. Oso zaindua dago, ondo neurtua, gustuz jarria, ez dago alferrikako elementurik, aberastasun kromatikoa eta kulturala handia da, eta haurra eta hezitzaileak biltzen dituen giroa goxoa.

Hirugarrenik, gela bakoitzean hezitzaile bi egoteak ere harritu egin ninduen, hemen bakarra egoten baita. Bi hezitzaile egoteak ikuspegi eta iritzi ezberdinak eztabaidatzeko aukera ematen du.

Laugarrenik, elkartasun harremana eta laguntzaileekin eta sukaldeko langileekin dagoen erabateko komunikazioa aipatu behar da. Guztiek hartzen dute parte bileretan eta gauza guztietan, denak dira eskola komunitateko kide.

Azkenik, familiekiko komunikazio aberatsa dutela esan behar da. Harreman emozionala, gizatiarra, afektiboa eta komunikaziozkoa sortzen da eta haurrak eskola uzten dutenean ere mantentzen dute harreman hori.

Elementu horiek guztiak hango esperientziaren iradokitzaileak direla esan duzu. Zein dira Reggio Emiliako esperientziaren oinarrizko zutabeak?

Haurrarenganako errespetua, giza eta politika partaidetza, antolaketa, ideien alderatzea edo erkatzea eta proiektuaren izaera. Zutabe hauek guztiak lotuta daude. Malaguzzirentzat hezkuntza sistema bat da eta elementu guztiek elkarlotuta egon behar dute.

Sakon dezagun zutabe horietan bakoitzak eusten duena zehazki zer den jakiteko. Haurrarenganako errespetua aipatu duzu hasteko. Zer ulertu behar dugu horrekin?

Haurra bera den bezala errespetatzea eta onartzea esan nahi du horrek, hots, hainbat gauza errespetatzea; haurraren gaitasunak, guretzat arrotza dena, entzuterik espero ez duguna, bere garapena ez oztopatzea programazioen bidez... Malaguzzik oso garbi adierazten du "Haurraren 100 hizkuntzak" erakusketan berak egiten duena hezkuntza pedagogia profetiko guztiaren kontra dagoela. Horrela dio: "Aurrez gertatuko den guztia dakien pedagogiaren aurka dago gure hezkuntza, haurrari egun guztiak berdinak direla eta ezustekorik ez dagoela erakusten dionaren aurka, helduek egiteko aukerarik izan ez duten hura errepikatu besterik egin behar ez duten horren aurka".

Ideia hau optimismoari eta alaitasunari oso lotuta dago. Optimismoak esan nahi du haurraren ahalmen eta baliabideei bide ematea, orain arte sistematikoki gordeta gelditu baitira hezkuntzan bertan. Alaitasuna ere oso garrantzitsua da Malaguzzirentzat. Historikoki pedagogia, eskola osoa, curriculuma... pedagogia tristez osatua dagoela dio, azterketei, akademizismoari, derrigorrez joateari, gero zentzurik aurkituko ez zaien gauzak ikasteari eta abarri lotua. Pedagogia alaia eraiki behar dugu, irribarre eginaraziko diguna, zoriontsu egingo gaituena. Eta hori lortzen da haurrek, hezitzaileek eta familiek eskola maitatzen badute. Modu horretara, eskola porrota ekidingo genuke.

Malaguzzik dioen bezala, eskola bat atsegina da lan iraunkorra egiten duenean, erosoa denean, asmatzeko gai denean, bizigarria, begi-bistakoa ea komunikagarria denean, eta ikerketa, ikasketa, kritika eta hausnarketarako lekua denean. Gogobetetze pertsonala nahiz profesionala ematen duena. Familiartasunera, elkarrizketara, urruntasunen ezabaketara eta estilo demokratikora gonbidatzen duena. Hala-moduzko eskola sortzen duten bakardadea, banaketa eta axolagabetasunaren aurkako gune bat. Eskola atsegina aldi berean haurren, profesionalen eta gurasoen eskubideen alde borrokatzen dakien hura da.

Partaidetza nolakoa da?

Reggiokoentzat eskola komunitateko kide guztien partaidetza oso garrantzitsua da. Laguntzaileek eta sukaldeko langileek hezitzaileekin batera parte hartzen dute. Familiarekiko elkarbizitza eta familiarekin egiten diren gauzak oinarrizkoak dira. Hezkuntza soziala da gauza guztien gainetik, eta ez didaktikoa. Hezkuntza haurrarekin egiten den lan didaktikora murrizten bada eta familien eta hiritarren heziketa iraunkorraz ahazten bagara, esperientzia ez da hezitzailea.

Antolaketari buruz zer diozu?

Malaguzzi ideologo handia zen, baina gaitasun izugarria zuen ideien antolaketa espezifikoen bitartez hori guztia ekintza konkretura nola pasa jakiteko. Pentsatzen badu eskolak puskatu egin behar duela haurraren irudi psikologiko-pedagogikoarekin, tailerista jartzea proposatzen du. Pentsatzen badu eskolak denen gainetik alderatzea edo erkatzea izan behar duela, hezitzaileak binaka jarriko ditu. Pentsatzen badu hezkuntzak soziala izan behar duela, partaidetza bultzatuko du, baina begien bistako gauzetan islatzen dena. Pentsatzen badu hezitzaileak prestatuta egon behar duela, derrigorrezko prestakuntza ezarriko du.

Ideien alderatzea edo erkatzea da beste zutabeetako bat. Zer esan nahi du horrek?

Hitz horrek denak batera eztabaidatzea eta elkarrizketatzea esan nahi du. Oso garrantzitsua da gauzak emantzat ez hartzea. Heziketa hainbat ekintzen erkatze publikotik sortzen da. Erkartzen ez garen momentutik itxi egiten gara. Hezitzaile bakar bat bere gelan ixten bada eta modu pribatuan hezten badu, ez du inorekin alderatuko gela barruan gertatzen dena, haurrak bere ikuspuntutik baino ez ditu ikusiko, eta esperientzia behartsua da oso.

Heziketa publikoa bada, erkatze horrek ere publikoa izan behar du. Garrantzitsua da sukaldariekin, laguntzaileekin nahiz gurasoekin eztabaidatzea eta haurrak hori ikusi egin behar du hortik ikas dezan.

Proiektuaren ideiari buruz zer azpimarratuko zenuke?

Haurrekin gaiak lantzeko orduan proiektuetan oinarritzen dira, eta ez programazioetan. Proiektuak haurrak hobeto ezagutzeko egiten dira eta orduan beren kultura, ideia edo irudizkoetatik (haurrak mundutik sortzen dituen irudiak) abiatu behar dute. Haurrei egokitutako proiektuak proposatu ahal ditugu, haurrentzat zentzua daukaten proiektu errealak. Ondoren, behaketa, ikerketa eta dokumentazioaren bidez lantzen da proposatutakoa. Behaketak esan nahi du sistematikoki ikustea ETA datuak hartzea gertatzen dena interpretatu ahal izateko. Ikerketa ezezaguna den horretan sakontzea da. Eta dokumentazioa garrantzitsua da egiten denaren testigantza uzteko.

Zer desberdintasun dago proiektuaren eta programazioaren artean?

Programazioa aurrez zehazten da haurrak lortu behar dituen helburuen eta horiek gauzatzeko egin behar dituen ekintzen bidez.

Proiektua, aldiz, zehaztugabea da. Proiektuak edo haurraren eraikuntza eta ikasketa prozesuak nola garatuko diren aurrez jakitea ezinezkoa da.

Adibide garbi batekin ikusiko dugu desberdintasuna. Reggio Emiliako eskola batean mahai bat egin behar zen eta haurrei ea diseinatzeko gai ziren galdetu zitzaien, gero zurgin batek eraikitzeko. Baiezkoaren ondoren diseinatzeari ekin zioten. Horretarako erabiltzen zituzten bideak, bilatzen zituzten estrategiak, neurriak emateko moduak... aurrez jakitea ezinezkoa zen. Batek oinetakoekin neurtu behar zela esaten zuen, baina orduan ohartu ziren oinetako guztiak ez zirela berdinak. Horrela, neurtzeko oztopoekin topo egin zuten, eta zentimetroa, metroa eta abar ezagutzera iritsi ziren, beraiek bakarrik, hezitzaileek bideratu gabe.

Programazioan oinarrituko baginaa, "metroa zer den ikasi behar dute" esango genuke, eta ariketa eta ekintza desberdinak planteatuko genituzke hori ikasteko. Modu horretara, haurrek oinekin neurtzeko duten kultura guztia galdu egingo genuke.

Nolakoa da Reggio Emiliako haur eskoletako hezitzaileen prestakuntza?

Astero guztientzako derrigorrezko bi ordu t´erdiko prestakuntza pedagogikoa egin behar dute proiektua prestatzeko eta bere balorazioa egiteko. Horrez gain, urtean urtean 45 orduko derrigorrezko formakuntza jarraia eta ordaindua daukate, lan hitzarmenean dagoena. Izan ere, ezin da ulertu gizartea eta haurrak aldatzen ari diren heinean, horretara prestatu gabeko hezitzaileak egotea.

Hemen prestakuntza, salbuespenak salbuespen, borondatezkoa da, eta ezin du horrela izan. Haurraren eskubidea da hezitzaile prestatua edukitzea.

Hezitzaileez gain, tailerista den pertsona bat dago. Zer da tailerista?

Reggio Emiliako 3-6 urteko haur eskola bakoitzak tailer bat du bere taileristarekin. Arte akademiako prestakuntza artistikoa duen pertsona da. Bere egitekoa da bere ekintzekin eta harremanekin berma antzeko bat eratzea heziketa esperientziak fresko eta sortzaile iraun dezan eta eskematizazioaren gehiegikerietan eta ohikerietan eror ez dadin.

Nolatan sortu zen pertsona hau? Malaguzzik uste zuen pertsona bakoitzak bere ikuspuntua zuela haurrak ikusteko, eta hezitzaileek, beren formakuntza eta deformakuntzaren ondorioz, haurra era zehatz batera ikusten zutela. Horrenbestez, gurpil zoro batera iristen gara. Hori eragotzi behar zela zioen Malaguzzik, normaltasun gehiegi zegoela eskoletan eta hori apurtu egin behar zela.

Horretarako, aldamenean beste norbait behar dugula ohartu zen, ikusten dugunaren beste ikuspegi bat emango digun norbait. Hortik sortu zuen tailerista. Bere arte formakuntzaren bidez estereotipoak eta topiko psikologiko eta pedagogikoak puskatzeko pertsona da tailerista. Artea ez da haurrek Artea ikasteko erabiltzen, baizik eta errekurtso edo estrategia bezala erabiltzen da gauzak beste era batera ikusteko. Horretarako artistak egokiak direla uste zuen, gai direlako mundua oraindik inork ikusi ez duen bezala ikusteko.

Adibidez, hezitzaileek txoko bat diseinatzen dutenean funtzionaltasuna bilatzen diote (psikomotrizitatea lantzeko izango da, joko sinboliko batentzat, eraikuntza lantzeko...). Artistak, ordea, instalazio edo espazio gune bezala ikusten du.

Baina, gauza guztien gainetik, pedagogia bera hausteko sortzen da, hezitzaileei lana oztopatzeko bere planteamenduetan hain eskematikoak izan ez daitezen.

Nola gauzatzen da taileristaren lana? Jar iezaguzu adibide bat.

Hezitzaileak eta taileristak proposamen batzuk luzatzen dizkiete haurrei. Tailerista saiatzen da proposamen horietan hezitzaileak lantzen ez dituen eta ezagutzen ez dituen alderdi berriak lantzen.

Ondoren, haurrak behatzen dituzte, batzuetan biek batera, besteetan taileristak bakarrik eta besteetan hezitzaileak bakarrik. Behatzearekin batera dokumentazioa biltzen dute bideoekin, diapositibekin eta abar. Hori aztertu eta hausnartzen dute gero, eta normalean ez dira ados jartzen tailerista eta hezitzaileak. Hori da politena eta interesgarriena, hain zuzen ere. Batek gauza bat ikusten du, eta besteak beste bat. Bakoitza aberastu egiten da besteak planteatzen dizkion ikuspuntuekin.

Proiektu horietako batzuk tailerrean egiten dira, eta beste batzuk tailerrera sartu ere egin gabe.

Orduan, Reggio Emiliako haur eskolak ez dira arte eskolak.

Ez, eta hori garbi edukitzea garrantzitsua da. Biraoa iruditzen zaie beren eskolak arte eskolekin identifikatzea. Izan ere, Malaguzzik haurraren ehun hizkuntzak aipatzen dituenean hizkuntza asko eta denak elkarrekin komunikatuta daudela esaten du. Arteari lehentasuna ematea bere printzipioen aurka dago, beraz.

Iruñeko Udal Haur Eskolek Reggio Emiliako esperientziaren aldeko apustua egin zuten orain dela 13 urte. Nola gauzatu da? Zein balorazio egiten duzu?

Nire ustetan, esperientzia gazi-geza izan da. Bederatzi haur eskoletan ezarri zen esperientzia hau eta ondorioz anitza izan da, guztietan ez da gauza bera egin. Dena den, batzen gaituen ideia bakarra dago. Balio garrantzitsuak landu ditugu, haurrak sentsibilitate handiz behatu dira, tailerrak ezarri dira, ingurunea zaindu da, dokumentazioa landu... eta guztia erantzukizun eta borondate handiz.

Zein oztoporekin topatu zarete?

Antolaketa aldetik muga eta gabezia handiak daude: profesional kopurua txikiegia da, sistemak berak erosotasunak sorrarazten ditu... Tamalgarria da eta oztopoak jarri besterik ez du egiten horrelako esperientzia aurrera ateratzeko.

Horrez gain, LOGSEren dekretuaren prespektibak ez dira atsegingarri eta esperantzagarriagoak.

Posible ikusten al duzu Reggio Emiliako esperientzia Euskal Herriko beste haur eskoletara zabaltzea?

Lehendik martxan dauden eskoletan baino hobeto garatuko litzateke eskola sortu berrietan. Izan ere, gure lanbideko gaitz bat berrikuntzarako eta sortzeko zailtasuna da. Segurtasun eza izugarria dago hezkuntzan, eta erosotasuna ere bai. Badirudi gurdibide batzuetan sartu eta ez garela hortik ateratzeko gai. Eta Reggio Emiliako esperientziak etengabe mugitzea eskatzen du, ia-ia errailetik irtetea.

Horregatik diot errazagoa dela pertsona berriak dauden tokian jartzea abian proiektu berri bat, hainbeste eskema ez dituztelako.

Dena den, ez dut esaten martxan dauden eskoletan ezarri ezin denik, hor dugu Iruñeko adibidea. Aldaketa interesgarriak egin daitezke heziketa esperientzia kualifikatuz. Malaguzzik hala zioen: "Hezkuntza desegoki baten bidez haurraren gaitasunak eta aberastasunak traizionatzen baditugu, giza espezie osoa traizionatzen ari gara".