Kronika

2000-12-01
 
 
Ipar Euskal Herriko zenbait eskoletako jangeletan ez dute behiki haragirik jango abenduaren erdira arte gutxienez. Behi eroen auzia dela eta, abere irinen debekatzearen berri ofiziala jaso artean ez dute behikirik zerbitzatuko.
Herriko Etxeek, gurasoek hala eskatuta, debekatu dute eskoletan behi haragia jatea. Miarritze, Baiona, Hendaia, Donibane-Lohitzune eta Mauleko eskoletan hartu dute erabaki hau, besteak beste.
EAEn eta Nafarroan behi eroak ez daudela esan dute agintariek, eta behikia jateko arriskurik ez dagoela. Hala ere, Nafarroako zenbait guraso kezkatu egin dira eta Jangarriak enpresak txahal haragia zerbitzatzeari utzi behar izan dio gurasoen eskariz. Nafarroako gainontzeko jan zerbitzuko enpresek, ospitaleek eta zahar egoitzek, bestalde, behikia zerbitzatzen jarraitzen dute, haragi hori ez jateko arrazoirik ez dagoela eta.

Erreformaren dekretuak hizpide izaten jarraitzen du
Madrilgo Hezkuntza Ministeritzak gizarteratu ditu DBHko eta Batxilergoko erreformaren dekretuak. Abenduaren 15ean aurkeztu zien Pilar del Castillo Hezkuntza ministroak autonomia erkidegoetako Hezkuntza arduradunei, eta hilaren 24an Estatuko Eskola Kontseiluei.
Dekretuekin ikasgaien eduki minimoak eraldatzen dira, hots, estatu espainiarrak estatu osorako zehazten dituenak. Horrela, ordubete gehiago ezartzen da matematika eta espainiera ikasteko, plastika eta musikarako ordubete gutxiago eta Batxilergoko bigarren urtean Espainiako Historia derrigorrezko ikasgai bihurtzen da.
EAEko Hezkuntza sailburuorde Alfontso Unzetak adierazi zuen autonomia erkidegoen eskuduntzak mugatu egiten dituztela aldaketa horiek. Berezko hizkuntza duten autonomiek edukien %45a zehazteko eskumena dute. Oraingo aldaketek estatu espainiarrari dagokion %55a baino gehiago eskatzen dute, autonomien kaltetan, eta hori ez dutela onartuko adierazi du Unzetak.
Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jesus Lagunak ez du curriculumaren portzentaia horretan ez du inolako arazorik ikusten. Bere esanetan, erreforma egin beharrekoa da. Nafarroaren kasuan, ez du eragin handirik izanen, lehendik egina baitaude humanitateetako aldaketa horiek. Bere ustetan "historia irakasteko moduan atzerapausorik ez da izango, baina erreferentzia historikoak berreskuratu beharra dago".
Estatuko Eskola Kontseiluko partaideen aldetik iritzi ezberdinak entzun dira erreforma dekretuaren aurrean. Hurrengo egunetan txosten bat egingo du, baina ez da eraginkorra izanen. Seguraski positiboa izango da, baina zenbait erakundetako ordezkariek agertu dituzte beraien kexak.
Hezkuntza ministroaren asmoa abenduaren 15ean dekretuak Ministro Kontseiluan onartzea da.

Euskarazko matrikulazioa nagusitzen ari da Nafarroan
Euskara hutsezko edo euskara ikasgai bezala duten irakaskuntza ereduek gora jarraitzen dute Nafarroan. Aurtengo matrikulazio datu ofizialen arabera, hiru urteko haurren erdia baino gehiagok hautatu du euskarazko ereduren bat. Hamar gurasotik seik egin du hautu hori.
Azken hamarkada honetan D eredua etengabe igo da. Erdara hutsezko eredua den Gk, aldiz, behera egin du; %65etik %40ra pasa da.
Nafarroa osoa kontuan hartuta, Gk nagusi izaten jarraitzen du. Alta, eremuka aztertuta, zonalde euskaldunean D eredua ia bakarra da: 3 urteko haurren %90,5 dago euskara hutsezko ereduan matrikulaturik. Eremu mistoan %34,5 matrikulatu dira D ereduan, G ereduan %13,6 baino ez dabiltzalarik. Lehenengo aldiz, zonalde honetan haur erdia baino gehiago (%50,7) euskara hutsezko ereduan dabil. Eremu ez euskaldunean, ostera, %6,3 dira D eredukoak, iaz baino %0,3 gehiago. Oro har, hamarkada honetan, G ereduak 25,6 puntu galdu ditu, eta D ereduak 11,5 irabazi.
Aipatzekoa da, era berean, igoera hau jaiotze tasa behera doan unean gertatzen ari dela. Ondorioz, sare pribatuko matrikulazio kopurua jaitsi egin da, baina sare publikoan eta ikastoletan, aldiz, gora egin du.
Gizartearen hautua garbi islatzen dute datuok, baina Nafar Gobernuak ez du hori bultzatzeko inolako asmorik agertu. Aitzitik, hizkuntz politika beste bide batzuetatik eraman nahi du. Euskarari buruzko dekretu foralaren zirriborroa aurkeztu zuen, eta bertan 1994ko Euskararen Legea baino atzerakoiagoak diren neurriak proposatzen ditu. Dekretu horrekin Administrazioko euskara arautu nahi du eta besteak beste zera ekarriko luke: eremu euskaldunean euskararen ofizialtasuna desagertzea, eta eremu mistoan administrazioan gaztelania erabiltzea hiritarrak espreski euskara eskatzen ez badu, bederen.
Euskarari egindako eraso hauei erantzun zabala eman die Oinarriak plataformak eta nafarrek kalean.

Uztaritzeko ikastolak eta Urkila elkarteak bilkura egin zuten ikastolaren egoera latzaz mintzatzeko. Bilkura honetan izan ziren, besteak beste, hurrengo hausteskundeetan auzapez hautagaiak izango direnak. Denen lehentasuna izanen da ikastola berriaren eraikina.
Bitartean, ordea, ikastolako gurasoak kezkatuta daude. Izan ere, egun ikastola dagoen ingurua ez da batera egokia haurrentzat: kamioiak pasatzen diren bide ondoan dago, txikia da eta gelak ez daude egoki prestatuta. Egoera horrek gurasoek beste ikastetxe bat aukeratzera bultzatzen ditu.
Horregatik, beharrezkoa ikusten dute lehenbailehen eraikin berria izatea. Hendaia eta Miarritzen, esaterako, lekuz aldatu ondoren, ikasle kopuruak gora egin zuen.
Uztaritzeko ikastola berriarentzat lurra aspalditik hautatua dago, baina negoziazioak ez dira oraindik hasi. Hautagaien lehentasunen artean egokinik, hurrengo hilabeteetan zein pauso ematen diren ikusi beharko da. Bien bitartean, Urkila elkarteak lanean jarraituko du ikastola berri eraikitzea lortu arte.