I. Ikasle Eguna ospatu da Amurrion

2000-12-01
 
 
Azaroaren 26an 2.000 ikasletik bildu ziren Amurrion ospatu zen Ikasle Egunean. "Ikasle iraultzaz euskal mundu berria sortu" lelopean ospatutako egunak ikasleen topagune izatea lortu zuen.

Egunari hasiera emateko burutu zen harrera ekitaldian bi ikasle kolektibo omendu zituzten: ikasleen artean intsumiso jarrera pizten lagundu dutenak eta ikasle errepresalitatuak (kaleratuak, espedientea dutenak...). Lehenengoen izenean, abenduaren 6ko egunez ikastetxea irekitzen lehenengoak izan ziren Durangoko ikastetxeko ikasle batek irakurri zuen pregoia. Ondoren, ikasle errepresaliatuen ordezkariak, NUPeko ikasle batek, txupinazoa bota zuen. Hauek abenduaren 7an epaituak izango dira euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeagatik.

Ikasle Eguneko ekitaldiak zazpi gunetan burutu ziren, guztiak ikasleei egokiturik eta zuzendurik zeudelarik. Lehen gunean Euskal Herriko ikasle mugimenduaren inguruko bideoak ikusi eta solasaldia garatu zen; iragana, oraina eta geroa izan ziren aztergai. Gune berean ikasle mugimenduaren inguruko erakusketa eta laburmetraia ere ikusgai egon ziren. Bigarren gunean nazioarteko ikasleak egon ziren euren esperientziak kontatuz. Mexikoko eta Kataluniako ikasleek hartu zuten parte. Hirugarren gunean hainbat jolas burutu ziren, guztiek ere karakterizazio berezia izan zutelarik: garai ezberdinetako klaseen parodiak egin ziren, bolo jokorako boloei zinpego guarden edota hezkuntza agintarien itxura eman zitzaien, dardo jokoa hezkuntza eredu inposatuei zuzendu zitzaien, Euskal Herriko mapa erraldoi batean gertaera historiko zein leku geografikoak ezagutzeko aukera izan zen... Laugarren gunean bertso hip hop pilota partidua burutu zen. Ikasleen gaztetasuna eta berrikuntza islatu zituen joko "berri" honek. Gune berean egin ziren herri-kirolak.

Bosgarren gunean bost erakusketa izan ziren ikusgai: liburuena, artearena, kartelena, irratiarena eta xixena.

Seigarren gunea kale animazioak osatu zuen eta zazpigarrena bazkariak.

Eguneko ekitaldi horiek jarraipena izan zuten gaueko kontzertuarekin. Horren aurretik burutu zen ekitaldi politikoan bideo baten bidez eta ikuskizun baten bitartez ikasle egunaren izaera gogorarazi zuten. Ikasle mugimenduaren irakurketa bat egin zuten, eta Euskal Herriko irakaskuntzaren errealitatea ekarri zuten gogora. Azkenik, irakaskuntzaren egoera eta ikasle mugimenduak burutu duen lana azpimarratu zituzten.



ETXEBARRIA, Joana: "Ikasle izaera aldarrikatzeko eta ikasleen topaleku izateko xedez ospatu dugu Ikasle Eguna"



Zer dela-eta ospatu duzue aurten lehenengo aldiz Ikasleen Eguna?

Hausnarketa bat egin genuen, eta zera ikusi genuen: ikasle mugimenduak bilakaera bat ezagutu zuela Euskal Herrian, eta ikasle izaera errebindikatzeko, azpimarratzeko eta aldarrikatzeko topaleku bat behar genuela.

Gure inguruan hainbat jai ospatzen dira: ikastolen aldekoak, gazte egunak, euskararen aldekoak... Data erreferenteak dira, eta horiek bezalaxe, ikasle kolektiboari eskainitako erreferente baten beharra somatzen genuen. Horregatik ospatu dugu Ikasle Eguna, ikasleei protagonismoa eman dien topagune bat jarri dugu martxan.



Zein mezu zabaldu nahi izan duzue?

Ikasleok mungu berria sortu nahi dugu, zehazki euskal mundu berria. Gure kasuan, kontziente gara Euskal Herrian gaudela eta geure herriaren etorkizuna dela eraiki behar duguna. Horregatik, hautatu dugun lema zera da: "Ikasle iraultzaz euskal mundu berria sortu". Azken batean, ikasle izaera aldarrikatu nahi izan dugu.



Eta zer ulertzen duzue ikasle izaerarekin?

Ikasleak garela; ikasi, sortu, amestu, borrokatu eta eraiki nahi dugun gazteak. Geure herriaren eta munduko gainontzeko herrien iragana eta oraina ikasi, ezagutu eta interpretatu nahi dugu, geure herriaren etorkizunaren eraikuntzan eragile aktibo izateko. Daukagun indarra mundu berri bat eraikitzeko erabili nahi dugu.



Zein ikasle motari dago zuzendua Ikasle Eguna?

Printzipioz egun horretako protagonistak munduko eta konkretuki Euskal Herriko ikasle iraultzaileak dira. Noski, jende guztiari egin zitzaion parte hartzeko deialdia, baina protagonismoa ikasle iraultzaileek izan zuten, benetan mundu berri baten sorkuntzan lanean ari direnek eta belaunaldi berria osatzen dutenek.

Ez du zertan izan behar ikaslea modu akademikoan. Benetan ikasle sentitzen den gazte iraultzailea eta gauzak aldatzeko prest dagoena jende oro da ikasle, azken finean.



Nolako izaera eman nahi izan diozue Ikasle Egunari?

Orain arte aipatu ditudan ezaugarriak biltzen dituen eguna da, hau da, ikasle izaera hori bere baitan duen eguna. Egun horretako eztabaida, mahai inguru, irakurtaldi, erakusketa, hitzaldi eta jolas guztietan islatzen da hori. Hau da, ekitaldi horiek guztiek karakterizazio berezi bat dute, sinbolismoz beterik daude, ikasle ikuspegitik planteatuta: ikasleen mugimenduaren inguruko bideoak eta hitzaldiak, ikasleen iragana, oraina eta geroari buruzko eztabaidak, nazioarteko ikasleen parte-hartzea, hezkuntza eredu inposatuei zuzendutako dardo jokoa, Euskal Herriko mapa erraldoian egokitutako jokoa, bertso hip hop pilota partidua, ikasleen arteko herri kirolak... Parte-hartzea, eztabaida eta kritikotasuna bultzatzen dira, eta guztia jai giroan murgildurik.



Aldarrikapen horiek Ikasle Egunera mugatzen al dira?

Ez, Ikasle Eguneko diskurtsoa ez da egun horretara mugatzen, diskurtso atenporalagoa da. Ikasleen izaera iraultzailea ikuspegi orokorrago batetik garatzeko eta ikasleen erreferente izateko planteatzen da eguna, baina horrek jarraipena eskatzen du urte osoan zehar. Esaterako, abenduaren 6an, espainiar konstituzioaren egunean, urtero bezala, ikastetxeko ateak ireki daitezen saiatuko gara. Desobedientziaren bidea haratago eramateko beharra nabaritzen dugu, arazoari bere neurriko erantzuna eman behar baitzaio. Beraz, Ikale Egunean elkarrekin elkartu arren, eguneroko lanak jarraipena izan behar du.



Hemendik aurrera urtero ospatuko al da?

Aurtengoa lehenengoa izan da eta ez dugu uste azkena izango denik. Dena dela, oraindik ez dugu erabaki zenbatetik behin ospatuko den, hori balantzea egin ondoren erabakiko dugu.

Hala ere, azaroaren 17aren inguruan ospatuko da, hots, Ikasleen Nazioarteko Egunaren inguruan.