Reggio Emilia. Italiatik Euskal Herrira
In-fan-cia Haur Hezkuntzako aldizkariak urtero antolatzen du bidaia bat herrialde bateko haur eskolak ikustera, eta aurtengo apirilean Italiako Reggio Emiliara joan dira.
Herri horretako udal haur eskolak bereziak dira. Malaguzzi pedagogoaren pentsamenduan oinarritutako heziketa proiektua dute zutabe, hau da, haurrak da guztiaren erdigune eta herri osoa dago inplikatuta haurren heziketan.
Euskal Herriko hainbat irakasle eta hezitzaile bertan izan ziren, eta baita HIK HASIko partaide diren Izaskun Madariaga, Josi Oiarbide eta Maite Saenz ere. Beraiek egin digute han ikusitakoaren bilduma.
OIARBIDE, Josi; SAENZ, Maite. HIK HASIko kideak
Reggio Emiliako Eskolen hezkuntza proiektuaren muina haurra da. Eskola horiek haurra erdigunean duten zerbitzuak dira, baina horrez gain, elkarrizketa eta presentzia bereziki eskatzen dituzte, eta ez hezitzaileena soilik, baita familiarena ere.
Haurtzaroaren alde lan asko egin dute. Haurtzaroa eta zerbitzuak betidanik izan dira familien, hezitzaileen eta udal administrazioaren interesgune. Interes horren froga da Reggio Emiliako udalak (143.000 biztanle ditu) hezkuntzara eta kulturara bideratzen duen aurrekontuaren %30a. Gaur egun 0-6 urteko haurrentzako 37 udal haur eskola daude Reggio Emilian.
"Entzute" hitza klabeetako bat da esperientzia hau bereiztu duen aukera pedagogikoa ulertzeko eta definitzeko. Proposamenaren abiapuntua honakoa da: gutako bakoitzak, haur bakoitzak, pertsona bakoitzak balio bat duela, eta batez ere, gauzak esan ditzakeela eta esan nahi dituela. Haur bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta berezitasun horiek dira, hain justu, entzun behar direnak. Entzuketa da beste batekin elkartu ondoren sortzen den lehen jarrera, eta entzuketa hori da premisa edota elkarrizketaren adierazpen modua.
Entzuketa jarrera horren ondorioz, eskola laborategi bilakatu da, ikerketa laborategi handi bat. Bertan asanbladak -topaleku eta komunikazio gune bezala-, jolas libreak eta proiektu anitzen garapenak ardatz metodologikoa markatzen dute.
Haurrek ideia anitzekin has dezakete proiektu bat. Batzuetan proiektuak kasualitatez sortzen dira eta denbora laburrean garatzen dira; adibidez, egun euritsu batean sortzen den lainoaren ideiatik sortzen dena. Beste batzuetan egun edo hilabete batzuk lehenago sortzen dira lanak eta proiektuak, eta denbora asko irauten dute. Proiektu horiek haurren eta hezitzaileen edo zenbait gelatako haurren arteko negoziazioaren ondorioz sortzen dira.
Zenbait kasutan haurrek halako gogoa izaten dute gauzak kontatzeko, non hezitzaileek ekintzen orientabidea berrikusi eta birplanteatu egin behar izaten duten ideia eta ekarpen berrietara egokitu ahal izateko. Haurrak zirkoan, amonaren etxean edo beste nonbait egon badira, zerbait ekarri badute, zerbait gertatu baldin bazaie eta abar, ideia berriak ekartzen dituzte, eta horrek egun horretarako pentsatuta zegoen lana aldatu egiten du.
Hau da Reggio Emiliako eskoletatik hartu genuen iritzia: haurrak esateko asko duen eskola biziak eta sortzaileak direla, eta batez ere, entzunak izango diren lekuak direla. Haurrek badakite beren gauzarik eta pentsamendurik hoberenak eta tentsioak adierazteko aukera izango dutela hizkuntzen aniztasunaren bidez.
Reggio Emilia: proiektu filosofiko pedagogikoa
Reggio Emilian beren buruari etengabe egiten dioten galdera eta erantzuten saiatzen direna hauxe da: "Nola lagun ditzakegu haurrak, eta ondorioz, gure buruak, egiten dugunari zentzua bilatuz?"
Haurrak etengabe ari dira hori egiten: guri begiratzen digutenean, gauza guztien zergatiak galdetzen dituztenean... Bizitzaren zentzua bilatzen ari dira, izatearen zentzua. Nor naiz? Norbanakoaren zentzua bilatzerakoan, bizitzaren zentzua ari dira bilatzen.
Nola defini daiteke galdeketa eta bilatze lan horren ondorioz, Reggio Emiliako Haur Eskoletako esperientzia? Zer da Reggio Emiliako partaideentzat eskola?
Ikerketa eta esperimentazio gunea da. Haurraren esperientziari, bere bizitzaren zentzuaren bilatze bide horretan topagune bat eskaintzen dion eskola da. Haurrek eta helduek elkarrekin eraikitzen duten bilatze jarduna da, horren ondorioz garrantzi handiko balioa garatzen delarik, partaidetzaren balioa: familiaren partaidetza eta protagonista guztiena; ikerketa horren balioaz kontziente diren protagonisten partaidetza.
Bere identitatea etengabe bilatzen ari den eskola da. Etengabe bere buruari galderak egiten dizkion eskola. Eta hain zuzen ere, etengabeko galdeketa hori da Reggio Emiliak esperientzia pedagogiko bezala eskaintzen duena -eta eskaini nahi duena-.
Zentzuen eta esanahien bilaketa gunea da bai eskola barrua eta bai eskola inguratzen duen guztia.
Aipatu galdera horien guztien artean, bada funtsezko galdera bat, eta, beroni erantzuterakoan, hautu bat egin dute, erantzun horrek ematen baitio orijinaltasuna proiektuari. Hauxe da hasiera batean hain sinplea dirudien galdera, baina erantzunaren arabera praktika desberdinak bideratzen dituena:
Nor da, zer da haurra?
Nor da hezten ari garen eta saiakera horretan gu hezten gaituen subjektua? Zer esan nahi du "hezi" hitzak? Zein da heziketa prozesuaren betebeharra?...
Reggio Emilian badakite galdera horiek ez dituztela filosofoek bakarrik erantzun behar. Badakite hezteko betebeharra duen bakoitzak ere (irakasle, guraso...) ataka horretan jarri eta erantzun horiek bilatu beharko lituzkeela bere hezitzaile lanaren zentzua eta esanahia aurkitzeko.
Garbi adierazten digute haurraren kontzeptua anitza dela, ikuspegi, garai eta kultura bakoitzak haurrari buruzko imajina/irudi bat garatzen duela, eta imajina/irudi hori islatuko dela heziketa proiektuetan. Reggio Emilian, eta baieztapena hau probokatzailea dela jakinda ere, haurtzaroa existitzen ez den ideia edo premisatik abiatzen dira haurrari buruzko imajina egiterakoan.
Haurtzaroa giza eraikuntza da eta gizarte bakoitzak bere haurtzaroa eraikitzen du. Beraz, eraikuntza sozio-politiko eta kulturala da. Gutxi dira gaur egun eraikuntza horren abiapuntu bezala eskubideak aukeratzen dituzten gizarteak; ohikoagoa da beharretatik eta gabezietatik abiatzea.
Psikologiak eta pedagogiak gero eta gehiago azpimarratzen dituzte haurraren beharrak, hutsuneak, gabeziak, haurrak baduena eta haurra badena azpimarratu beharrean. Haur hauskorraren imajina gailendu da, beharrez eta gabeziaz beterikoa, eman egin behar zaion haurrarena. Berari buruz guztia erabaki dezakegu helduok. Haurra pribatua da; "nire semea-alaba", "nire ikaslea da". Gizarteak erabili, ahaztu, ezkutatu... egin dezakeen subjektuaren imajina gailendu da.
Loris Malaguzziri esker eraikitako esperientzia zera da: haurtzaroa subjektu politiko eta sozial moduan erreklamatu ahal izateko eta bere eskubideak adierazteko, elkarrekintzan eta haurraren gaitasun eta ahalmenetan oinarritutako haurraren irudia sortzea. Reggio Emilian haurraz hitz egiten denean, gizonaz eta emakumeaz hitz egiten da.
Horregatik, Reggio Emilian beste guztien artean imajina hau aukeratu dute: haur sendo (indartsu) aberats eta gaitua . Beharrak badituela ahaztu gabe, baina batez ere bere ahalmenak, errekurtsoak eta eskubideak azpimarratuz.
Haurraren imajina hori aukeratu dute. Kontzienteak dira aukeraketa ez dela erraza, erabakitakoaren ardura hartzea eskatzen duela eta zalantza berriekin bizitzeko ausardia dakarrela berarekin. Aukeraketa horrek zera esan nahi du: helduekin batera eta helduen laguntzarekin bere bizitzaren eta horren zentzuaren bilatze lanaren protagonista eta eraikitzailea den haurraren eskubideen defentsa.
Indartsua esaten dutenean, kuriositateak ematen dion indarraz ari dira, zergatiak galdetzean adierazten duen indarraz, dakiena eta jakin nahi duenaren indarraz, harridurarako indarraz...
Sendoa diotenean, helduak probokatzeaz ari dira. Ikasteko eta munduarekin harremanetan jartzeko daukan aldez aurretiko jarreraz, bizitzaren lehen unetik eta lehenagotik daukan jarrera horretaz. Sendoa erlazioan, interakzioan, bere buruarekin, mundua eraikitzen duen bitartean, eraikitzeko duen gaitasunagatik...
Aberatsa eta gaitua da, teoriak eraikitzeko gai delako .
Zenbaitetan haurren teoria horiek helduoi barrea eragiten diguten munduaren interpretazioak dira. Diziplina eta programekin zuzendu behar diren teoriak dira.
Reggio Emiliako ikuspuntutik, haurren teoriak errealitatearen interpretazio zoragarriak dira. Egia da helduok eraiki ditugun esanahien jabe egin behar dutela, baina nola egin behar dute hori? Zenbat eta zenbat umildu izan ditugu haurrak! Inguruan dituen gauzen eta fenomenoen zentzua bilatzeko legitimatuak izan behar dute; euriaren, haizearen, pozaren... zentzua bilatzeko legitimatuak izan behar dute.
Zergatik egiten du euria? "ETBko eguraldiaren gizonak esan duelako". Erantzun horren aurrean barre egin dezakegu eta hori horrela ez dela esan dezaiokegu. Edo pentsatzen hasi eta harritu egin gaitezke hain adin txikiko haur batek bere buruari galderak egiten dizkiolako eta hainbat tokitatik informazioa jasoz teoria bat sortuz erantzuteko gai delako.
Horregatik azpimarratzen dute gaitua hitza.
Zer egin beharko luke helduak haurraren gaitasun horren aurrean? Haurrari erantzun "zuzena" eman ala haurrari bere erantzuna bila dezan utzi? Bere erantzuna adieraz dezan utzi, bere teoria adierazten utzi eta beste teoria batzuekin aurrez aurre jartzen utzi... Irakaskuntza aprendizaiaren iturria al da? Ala alderantziz?
Reggio Emilian aprendizaian oinarritzen dira. Horrek ez du irakaskuntza baztertzen, aprendizaiaren prozesuaren parte baita.
Haur hezkuntzari dagokionez, tradizioz hezkuntza hori sinplifikatzailea izan dela diote. Harrokeria kultural batetik sortutako haurraren imajinari omen dagokio sinplifikatze hori. Eta jarrera horren aurrean haurrari konplexutasuna proposatzearen aldeko apustu garbia egiten dute.
Haur aberatsa, sendoa eta gaitua. Balio eta eskubideduna.
Elkartasuna, baikortasuna, ausardia, nahia, ametsa... bezalako balioak dituena. Baina, bada Reggio Emilian bereziki azpimarratzen duten balio bat: ber bakartasuna , gure bakartasuna. Egunero gure aurrean jartzen zaigun gizaki horren identitatea. Izaki bakar horrekiko dugun erantzukizuna: neska-mutila, hots, humanitatearen esentzia bere desberdintasunean eta bere desberdintasunaren balioan. Guk daukagun eta ezagutzen dugun balioa, adierazteko zaila zaigun balioa. Haur bakarra izate horrek zera esan nahi du: burmuinaren bakartasuna, ezagutzeko eraren bakartasuna, ikasteko eraren bakartasuna... Gizaki bakoitzak bakartasun hori adierazten du.
Sormena emakume eta gizonezko bakoitzarengan egon daitekeela diote, baina horretarako behar-beharrezkoa da sormen hori norbanako bakoitzari onartzea.
Aprendizaiaren askatasuna eta eskubidea defendatzen dituzte, garbi adieraziz burmuin bakoitza bakarra bada, aprendizaia bakoitza eta aprendizaia ekintza bakoitza ekintza sortzaile bat dela. Ideia horietan oinarritzen dute beren ikerketaren ardatza.
Bakartasun hori entzun egin behar dugu hezitzaileok. Aditzik garrantzitsuenak, Loris Malaguzziren esanetan, ekin eta entzun dira.
Entzutearen pedagogia proposatzen dute. Zentzu guztiekin entzutea; nahia, desio eta kuriositatearekin entzutea. Besteari entzuteko prest egotea proposatzen dute, bestearen zain egotea, guri esateko zerbait garrantzitsua duela pentsatzen dutelako. Besteak esandakoari balioa ematen diote, ados egon ala ez.
Komunikazioa , mezua, guztien artean sortzen dute, hitz egiten duenaren eta entzuten dutenen artean. Horixe da beraien ustetan haurrek eskatzen dutena, entzunak izatea, bere izana lejitimatzen duen entzuketa, ezagutzan aurreratzea ahalbideratuko dion entzuketa. Ideiak adierazten direnean finkatu egiten dira eta adierazte nahi eta behar prozesu horretan kokatzen dituzt haurraren ehun hizkuntzak , besteekin eta bere buruarekin izandako topaketetan sortzen diren ehun, mila, ehun mila hizkuntza; ehun, mila, ehun mila adierazpen. Adierazpen horiek guztiak dira irakasle eta helduok entzun beharko genituzkeenak Reggio Emiliako proposamenaren arabera.
Inork ez dio haurrari ezagutzeko eta bizitzeko desioa erakutsi behar, berez baitauka. Inork ez dio erakutsi behar haurrari ibiltzen, hitz egiten, maitatzen, amets egiten... badaki, eta egin egiten du. Testuinguru errealak eta metaforikoak sortu behar ditugu haurrak ehun hizkuntzak bizi eta eraiki ditzan. Hitz egiteko, maitatzeko, amets egiteko ehun era. Bere sentipenak eta emozioak adierazi eta kontatuz, ezagutzen duena deskubritzen dugu. Kontatzen ari den bitartean bere burua kontatzen du, ezagutzen ari da eta bere burua ezagutzen ari da. Bere burua hizkuntza anitzen bidez eraikitzen du.
Kontuz, haurrak ezagutzeko duen desioa itzali gabe. Munduarekin komunikatzeko duen desioa itzali gabe. Komunikazio teknikak eta baliabideak ez baitira xede, bitarteko baizik.
Proiektuen adibideak
Sarreran adierazi dugun bezala, Reggio Emiliako Haur Hezkuntzako eskoletan proiektu desberdinak garatuz egiten dute lana, Euskal Herriko hainbat eskoletan bezala.
Halere, aipatu proiektuak garatzeko egiten duten ibilbidea, erabiltzen dituzten estrategiak, etengabe egiten dituzten balorazio eta zuzenketak beren praktikan hain ikertuta eta errotuta daudenez, proiektu baten adibidea ekarri nahi izan dugu orri hauetara.
Proiektuen sorrera edo abiapuntua ezberdina izan daiteke:
- Asanbladan botatako ideia batetik hartua.
- Eskolako bizitzan sor daitekeen egoera zehatz batetik abiatua: eskolan urik gabe geratu dira matxura bat dela medio, eta horren ondorioz uraren erabilera eta garrantziaren inguruko proiektu bat sortu da.
- Eskolak (pedagogoak, taileristak, laguntzaileak, irakasleak...) talde guztientzat proposatutako gai baten inguruan; adibidez, herriko eskulturak.
- Udaletxeko hezkuntza batzordeak eskola guztiei proposatutako gaiak; adibidez, hiria.
Proiektu guztiek ez dute zergatik iraupen berdinekoak izan behar. Eta partaideei dagokienez ere, batzuk haur talde batek bakarrik garatzen ditu, beste batzuk talde osoak (nahiz gelako, nahiz zikloko) eta beste batzuk eskoa mailan garatzen dira.
Taldea txiki batetik sortutako proiektu bat orokor daiteke baldin eta beste taldeek horixe bera garatzea eskatzen badute. Zentzu horretan, bereizi egiten dituzte eta kontuan hartu behetik gora hedatzen diren proiektuak eta goitik behera planteatzen direnak.
Hasieran aipatu dugun bezala, Reggio Emiliak proiektuaren esku-hartzeari dagokionean ibilbideak eta estrategiak oso zehaztuta ditu. Hasteko, proiektuak talde lana bezala ulertzen dira, "eskola guztiaren artean egiten baita". Talde horretan, haurrekin batera eskolako petsonal guztiak hartzen du parte: irakasleek, sukaldariek, taileristak, garbitzaileek... Beraz, elementu guztien arteko etengabeko komunikaizo markoa sortzen da.
Behetik sortzen diren proiektuen ibilbide posible bat:
Irakasleak haurrek jaulkitako hainbat teoria eta hipotesi jasotzen ditu eta alderdi bat/batzuren inguruko proiektuaren posibilitatea sortzen da. Posibilitate horrekin, gauza oso sinple bat egin daiteke, hala nola, haurrek ideia horri buruz pentsatzen dutena idatziz bildu eta marrazkiz hornituz bere horretan bukatu. Bukaera hauek hartzen duten formatua oso estetikoa, oso landua izaten da (protagonista guztiak kontuan hartu eta egileak taldean aipatzen/marrazten dira, euskarriaren estetika zaintzen da, material desberdinak erabiltzen dira...).
Katuen proiektua.
Proiektu sinple baten adibidea.
Irakasleak edo taileristak ideia gehiago garatzeko aukera ikusten badu, hezitzaileen taldean aurkezten da eta guztien artean proiektuaren jarraipenerako baldintzak jartzen hasten dira.
Lehen pausoa, sarritan, gaiaren inguruko mapa kontzeptualaren eraikuntza izaten da. Mapa osatzerakoan, hezitzaileek, aurreko esperientztietan, beraien ezagutzan eta haurrek ekarri dituzten ideietan oinarrizten dira, jakinda, proiektua aurrera doan heinean, aldez aurretik ezarritako mapa alda daitekeela.
Lan hau burutuz, helburu bat/batzuk ezartzen dira. Neurri batean bukaerako produktua nola izan daitekeen zehazten da, noski, malgutasunez eta aldakortasunaren ideiarekin.
Ondoren, haurrengana jotzen dute. Haurrei proiektua aurkezten zaie atalka edota osotasunean. Hori proiektuaren konplexutasunaren araberakoa izango da. Horren inguruan elkarrizketak garatzen dira eta ondorioz ikerketa bultzatzen da. Eta irakasleak era sistematikoan biltzen du haurrek aportatzen duten guztia eta proiektuaren garapenean egiten dituzten pauso guztiak: haurren teoriak transkribitu, proiektuan zehar egindako jarduerak argazki bidez dokumentatu...
Material grafiko/idatzizko hau guztia bi helbururekin biltzen dute:
- Hezitzaile taldeak beraiek deitutako "helduen geldiunetan" ikusi eta aztertzeko. Helduek, haurren ekarpenen (aurreiritziak, ezagutzak, bizipenak, etxean eduki ditzaketen baliabideak...) arabera, hainbat geldiune egiten dituzte. Geldiuneak proiektua berbideratzeko, egokitzeko, beharrezkoa bada hasierako planteamentua hausteko... erabiltzen dituzte.
- Proiektua bukatu ondoren honen inguruko prozesua agertzeko editatzen dituzten aldizkariak osatzeko.
Katuaren adibidea
Gure katuari guri hankak igurtzitzea gustatzen zaio, akaso urruma egin nahi duelako izango da, eta akaso mimoak egieta nahi duelako.
Maite-maite egindakoan leun-leunak dira, super leunak dira... artilea bezalako beroak... Katu bati maite-maite egiten zaionean katuen politasuna sentitzen da.
Katuak sabelean jaioatzen dira... maitemintzeko oso zarata arraroa egiten dute, nik entzun egn nien eta.
Katuek pentsatu egiten dute burmuin onak dituztelako. Pentsatzen daudenean geldi-geldi egoten dira, ez dira batere mugitzen. Katu amak bere katakumeei begiratzen dienean pentsatzen du: "Zein katakume politak ditudan!".
Hiria proiektua
Hiriaren proiektua udaletxeko batzorde pedagogikoak hiriko eskola guztiei proposatutako proiektua zen, baina eskola bakoitzak autonomia osoa zuen gaia bideratzeko momentuan.
Horrelako proiektuaren zergatia agertzerakoan, hona hemen Karla Rinaldik esandako hitzak:
"Zergatik egin hiriaren inguruko ikerketa bat?
Hemen zaudeten lankide askok nik baino hobeto argudia zenezakete zer esan nahi duen hiriaren gaiak lantzeak, hiriari buruzko ikerketa lan bat egiteak. Badakigu italiar hiri asko, eta baita europarrak ere, hasi direla haurrek hiriarekiko duten harremanaren inguruko proiektuak lantzen. Beraien hirian zerk ez zuen guztiz ondo funtzionatzen galdetu diete haurrei. Esperientzia hauek benetan oso onak dira, guztiz interesgarriak (Francesco Tonucci-ren "Fano, haurren hiria"ri egiten dio erreferentzia).
Dena den, guk beste bide bat hautatu dugu eta espiritu horrekin ezagutarazi nahi dizuegu. Haurrei ez diegu eskatu berriz hiria diseinatzeko, zerbait gehitzeko baizik. Ez genuen nahi zerk funtzionatzen zuen gaizki esatea soilik, baizik eta gaur egungo hiria hobeto ulertzen saiatzea eta zentzua ematen laguntzea zerbitzuen hiriaren eta hiritarren hiriaren arteko eztabaidan.
Horretarako, haurrak elkarrizketatu ditugu eta haurrekin hitz egin dugu hiritar bezala harturik. Beraien bizipenak kontatzeko eskatu diegu, baina baita gurekin batera hiria bizitzeko ere hiriko hainbat lekuren esanahia beren bizipenen eta beren esanahi propioen arabera eraiki dezaten".
Gai honen inguruan Balducci eskolako esperientzia konkretu baten garapena ezagutu ahal izan genuen.
Aipatutako Balducci eskola hiriko periferian zegoenez, talde pedagogikoak erabaki zuen lehenengo puntu bezala hiriaren zentroa lantzea. Proiektuaren lehen mapa kontzeptualean zentro historikoan kokatutako "Piazza del Duomo" eta periferia-zentroa kontzeptua lantzea deliberatu zuten, beraien auzotik zentrora joateko aukerak aztertzea eta zentrora irteera bat egitea planteatu zuten.
Gaiarekin haurrengana joan zirenean, irakasleak elkarrizketa bat bultzatu zuen:
- Joaten al zarete gurasoekin Reggio Emiliako zentrora?
- Zer egiten duzue?
- Nora joaten zarete normalean?
- Zein da gehien gustatzen zaizuen lekua?...
Elkarrizketak idatziz bildu ondoren, helduen taldea konturatu zen haur gehienek aipatzen zuten lekua herriko plaza nagusia zela, Piazza del Duomo. Hasierako mapa kontzeptualean azaltzen zenez, nola ez, garapenaren abiapuntua gune hori izatea erabaki zuten. Eta beste informaziorik landu gabe, lehen lana haurrei plaza horren marrazkia eskatzea izan zen, bakoitzak plazarekiko zituen aurre ezagutza/bizipenak isla zitzan. Grafikoki egindako lan horren zentzua hitzen bidez esandako ideien eta hipotesien errefortzua izatearena zen.
Aipatu marrazkiak arkatzez eginikoak behar zuten izan eta kolorea erabili gabe. Printzipioz hori haurraren adierazpena mugatzea dela pentsa badaiteke ere, badu beraientzat funtzionaltasun bat: txuri-beltzeko marrazkiak behar adina aldiz fotokopia daitezke eta proiektuaren garapenean zehar zenbait unetan marrazki hauetako hainbat elementu islatuz, konposatuz, konparatuz... erabil daitezke, hala behar izanez gero (kasu horretan marrazki horiek elementu zentrala eta errepikaria definitzeko eta elementu horren itxura eta proportzioak konparatu eta aztertzeko soilik erabili zituzten).
Haurren batek, halere, marrazkia koloreztatu nahi izanez gero, fotokopia ematen zioten eta bertan margo zezakeen.
Haurren marrazkiak helduen taldean aztertu ondoren, argi eta garbi identifikatu ahal izan zuten marrazki guztietan azaltzen zen elementua, hau da, plazan dagoen estatua erraldoia. Elementu horri helduz, eta haurrei guztiek margotu zutela adierazi ondoren, estatuari buruz zer pentsatzen zuten galdetu zieten, haurren teoriak abiarazi zituztelarik:
- "Plazan txori asko dagoenez, bertan txoriei jaten ematen zien gizon bat ibiltzen zen, eta esker onez estatua bat egin zioten"
- "San Prospero da bere deitura eta bere izena "Estatua. Zuri ez dizute (estatuarik) egingo zeren eta garrantzitsua izateko "Estatua" izena eduki behar duzu".
- ...
Plazako estatua horri buruzko teoriak berriro ere helduen artean aztertu ondoren, haur baten hausnarketa hartu zuten proiektuari bide berria irekitzeko:
"Estatua beti-beti dago han, eta joaten bagara ikusiko dugu. Eta nik badakit joaten, nire aitak mapa bat baduelako..."
Mapa aitzakia bezala harturik, maparen inguruko teoriak garatzea otu zitzaien. Interakzio desberdinen ondorioz (luze joko luke guztiak deskribatzea), mapa desberdinen inguruko lana garatu zuten, mapen tipologia txiki bat landuz: ibilbidea, bidezidorrak, altxorraren mapa...
Helduek ez zieten dokumentaziorik eskaini haurren motibazioa eta beharra suspertu aurretik. Dokumentazioa ondoren dator, hainbat iritzi, aurrezagupen eta teoria elkarjarri ondoren erasten diren elementuekin: hiriko planoa, argazkiak, autobusen ibilbideak... Gurasoei gehitu ditzaketen elementuak eskatu egiten zaizkie.
Dokumentazioa aztertu ondoren erabaki bat hartu zuten: guztien artean pentsatu, eztabaidatu eta eraikitako plano bat egitea. Hots, eskolatik hiriaren erdiguneraino bidea azalduko zuen planoaren eraikuntza lana garatzea. Irudikatu ondoren, ibilbidea gauzatu egingo zen, ESTATUA aurkitzeko irteera egingo zen.
Orain arte deskribatutako prozesu honen guztiaren argazkiak eta ahozko ekoizpenak bildu zituzten eta ikusi ahal izan genuen bezala, plazara iritsi zirenean ikusgarria izan zen haurren aurpegietako zirrara, estatuaren berdeskubritze une horretan adierazi zutena.
Prozesuen dokumentazioari garrantzi handia ematen diete, argazki, grabazio nahiz idatziko testuei, bai proiektuaren -prozesu bezala ulertuta- zentzua argitzeko baliabide bezala, bai sintesi eta autoebaluziorako tresna eraginkorra den neurrian. Beraiek dioten bezala: "Memoria irteeretan/garapenetan sortzen diren irudiek eusten dute".
Estatupean zeudela, sintesi lanari ekin zioten:
- Nola izena du? "Estatua deitzen da, ez al dakizu hala?"
- Nor da? "San Prospero da, txoriei jaten ematen diena"
- Zenbat denbora da hemen dagoela?
- Zertarako balio du?
- Nork egin du?
- Zerbait eskatu edo esan al genezake?
- Zer egiten du gauez?
- ...
Hainbat talderekin egun desberdinetan egindako irteeretan plaza ez zegoen berdin. Adibidez, astean behin plaza horretan azoka ibiltaria jartzen dute. Ondorioz, azoka egunean bisitatu zuen taldeak plazaren ikuspegi desberdina landu zuen. Horrela, plaza angelu desberdinetatik aztertzeko parada izan zuten. Haurren begi aurrean azaltzen diren testuinguru guztiak izan daitezke aprendizaia testuinguruak, eta honela egoera bakoitzak aprendizaia desberdinak garatzeko aukerak eskaintzen ditu. Adibidez, azoka egunak beste gauza askoren artean, noski, pertsonen arteko harreman eta elkarrizketei buruzko ideia eta hipotesiak lantzeko parada eskaini zien.
Eskolara bueltatutakoan, irteeran zehar ateratako diapositiben proiekzioa burutu zuten, eta ondoren hasieran egin zuten marrazkia bueltatu zieten haurrei. Fase honetan, autoebaluazioa bultzatzen dute.
"Nik ez nituen plazan zeuden etxe guztiak margotu..."
"Benetako plaza egiteko ezin da guk marrazkian egin genuen bezala egin, etxeak zutik jarri behar dira..."
Irakasleak bigarren ideiari heldu eta plazaren maketa egitea proposatzen die: possiamo contruire la piazza del Duomo... ("Moztea bizitza ematea da, irudi bati plano tridimentsionala ematea da").
Talde bakoitzak planteamendu eta material dseberdinak (papera, kartoia, buztina... erabili zituen, eta horren arabera arazo eta kontraesan desbedinak (estatuaren kokapena, plazaren sarbidearen arabera, proportzioak, plazara ematen zuten etxeen atzeko aldea nola ikusi eta adierazi, plazan elkartzen ziren kaleen trazatua...) aurkitu zituzten guztien artean konpontzeko.
Esan bezala, lan horiek guztiak behar bezala dokumentatuta azken formatu desberdinak eduki ditzakete. Zenbait eskoletan urte osoko lanak urtekari batean jaso izan dituzte. Besteetan, gure aurrean aurkeztu zutena bezala, dokumentazio horrek hitzaldi bat ilustratzeko balio izan dezake. Beste batzuetan, bi edo hiru orritako lan labur bezala aukezten ditute haurrek etxean... Baina beti haurren ideiak dira ardatza, haurren hipotesiak eta egindako bidean horiekiko izan dituen kontraste eta bizipenak dira garrantzia dutenak.
Ikus daitekeen bezala, proiektuak "amaitezinak", luzeak, motzak, zabalak, puntualak izan daitezke.
Reggio Emiliako bidaiari buruzko iritziak
HERRAEZ, Mari Karmen. Ortuellako PATeko aholkularia
Betidanik pentsatu izan dut ideiak, esperientziak, proiektuak eta abar elkartrukatzea dela ikasteko modurik egokiena, eta elkartruke hori in situ egiten bada, giroa eta protagonistak ikusiz, ikasketa hori askoz aberatsagoa izaten dela. Horregatik, Reggio Emiliako bidaiak Haur Hezkuntzako geletan egiten duten lana hobeto ikusteko, entzuteko eta sentitzeko aukera eskaintzen zuen.
Maletak egin bitartean guztiz bete gabe uztea pentsatu nuen, eta ideia, material eta proiektuz beteta etortzea, gero nik lana egiten dudan inguruneko irakasleei eskaini ahal izateko.
PATeko egoitza goitik behera miatu nuen bideo kamara egoki baten bila, argazki kamara bat hartu nuen eta diapositiba nahiz argazki andana bat ere bai.
Izugarria iruditzen zitzaidan berriz ere duela urte batzuk beste eskola batzuetako bidaian ezagututako jendearekin elkartzea.
Eta azkenik, zonalde italiar hura ezagutzeko aukera hutsa erabat erakargarria zen.
Horrenbestez, bidaia emozioz eta espektatiba handiz betea ikusten nuen. Haatik, espektatiba haiek etxetik ateratzeko unetik bertatik desagertzen hasi ziren: ez nuen argazki kamara egokirik aurkitu; taldea nik uste baino handiagoa zen, eta ondorioz, iritziak lagunartean eta lasaitasunez elkartrukatzeko aukera galtzen zen; Reggiora euritan iritsi ginen; Reggio Children-eko ordezkariekin izan genituen lehen bileretan filmatzea eta argazkiak ateratzea debekatu egin ziguten; eta hori gutxi balitz, ordaindu egin behar zen hango eskolak ikusteagatik eta beraiei entzuteagatik.
Itzulerako lehen hegazkina hartzeko eta guztiaz ahazteko gogoa eman zidan, baina ez nuen horretarako indarrik izan. Gauzak horrela, hoberena egoerari etekina ateratzea zela pentsatu nuen.
Horrela, bideo kamara irudiak grabatzeko bitarteko bat zela kontsideratu nuen, baina burmuinak eta zentzuek funtzio hori bete dezaketela. Zentzuak dira, hain zuzen ere, gela bateko ateak pasa ondoren "mozkortuta" gelditzen direnak.
Hortik printzipio bat ondorioztatu nuen: "ikusi eta sentitzen nuen guztiarekin ez mozkortzea". Garrantzitsua zen aztertzeko eta hausnartzeko datuak hartzen ahalegintzea, baina konparaketarik egin gabe beste eskoletako lanak ez gogogabetzeko eta biderazin ez bihurtzeko.
Sentitzen nuen guztiari irekia nengoen egoera bakoitza bere testuinguruan aztertuz.
Azkenik, profesionalki hain interesgarria zen jendearekin topatzeko aukera ahalik eta gehien aprobetxatu nahi nuen, nahiz eta talde txikiagoa izanik sortzen den erlazio mota ez lortu.
Hausnarketa horiek eskola bizitzako alderdi interesgarriak aurkitzen lagundu zidaten, hau da, heziketaren filosofiako alderdiak eta hori praktikan ezartzearenak.
Guztia kontuan harturik, zera azpimarratuko nuke:
- Haur eskola osatzen duten pertsona heldu guztiek argi eta garbi daukatela haurra jarduteko eta sortzeko "gai" dela.
- Ezagutza "auto-sozioeraikuntza" prozesua dela, benetako eta egiazko eraikuntza ekintza (Carla Rinaldi).
- Helduaren papera "besteari eta hark esaten duenari irekia egotea da, zentzu guztiekin milaka hizkuntzaren etengabeko entzuketa da". Horrek jasotzea, entzutea, babestea, baloratzea eta interpretatzea esan nahi du.
- Haurraren mundua osatzen duten heldu guztien arteko harreman eta elkartrukea (familia, komunitateko ordezkariak, hezitzaileak, eskolako langile ez-irakasleak...).
- Indibiduoaren eta giroaren garrantzia, eta bien arteko ulermenaren eta batasunaren etengabeko bilaketa.
Uste horiek honako gauzetan islatuta ikusi nituen:
- Hezitzaile bakoitzak bere praktikari buruz egin zezakeen defentsan eta oinarri teorikoetan.
- Haur guztienganako errespetua eta entzuketa, eta idazten zuten guztiaren gainean egiten zuten etengabeko hausnarketa.
- Helduen astia.
- Espazioaren, materialen eta proposamenen antolaketa, guztiak zentzumenak hunkitzera eta piztera bideratuta, eta ekiteko, esperimentatzeko eta probatzeko animatzera zuzenduta.
- Elementu naturalak protagonista ziren proposamenen aurkezpena. Berauetan argiak, itzalak, koloreak eta bolumenak gauza bakar batean alderdi asko erakusten zituzten. Horrek arreta galarazten zuen berriz beste plano batean kokaraziz. Aukera berrien etengabeko bilaketa zen.
Azken puntu horretan Eskola Berdeak eta Birziklatze Zentroa daudela azpimarratu behar da. Birziklatze Zentroa 1996an sortu zen kultur mundua eskola munduarekin harremanetan jartzeko asmoz, eta balio ekologikoen, etikoen, hezitzaileen, estetikoen eta ekonomikoen defentsan apustu eginez.
Reggio Children-eko Lagunen Elkarteak kudeatzen du. Mota guztietako materialak hartzen dira eta erabilera estetikoa, funtzionala edo sortzailea emateko antolatzen dira.
Zentro honek ekologia bizitzeko modu berri bat adierazten du desegindako materiala baloratuz eta produktu sortzaileak eta komunikatzaileak sortzeko berreskuratuz. Objektua, ingurumena eta gizakia errespetatuko dituen filosofia bilatzen saiatzen da.
Ideia edota materialen bila jo daiteke zentro horretara eta doakoa da. Horrek gizarte talde askoren inplikazioa esan nahi du (udala, enpresak, kooperatibak, eskola...).
Bestalde, eskola berdeek nekazari guneetan dute jatorria. Han familiek kontaktu gehiago dute naturarekin, ekonomikoki naturaren menpe baitzeuden.
Familia horien bizitza jasotzeaz, aintzat hartzeaz eta beronengandik ikasteaz arduratzen da eskola Eskola bizitzaren oinarrizko helburuak naturaren azterketa, errespetua eta ingurumenaren zainketa dira.
Gizakia eta naturaren arteko orekaren etengabeko bilaketa da.
ELORZA, Kristina. Bilboko CEI-ICD .
Bisitatu nituen eskoletan zentzumenak esnatu eta ia blokeatu egin zitzaizkidan hainbeste estimulu jaso ondoren. Eskola batzuetan janari goxoa eskaintzen ziguten, beste batean usainez beteta zegoen tailerra, geletan musika lasaia edo naturan grabatutako hotsak entzuten ziren, eta bisitatutako egoitza guztietan hormak, sabaiak, mahai luzeak eta bazter guztiak kolore biziz betetako irudiz eta egitura desberdineko material deigarriz apainduta ageri ziren.
Diseinatutako materiala eta espazioak, dokumentazio panelak, apaingarriak, argiak eta haurren produzioak edonon ikustea (pasabideak eta komunak ere tailerrak bihurtzen dituzte) harritzekoa zen benetan. Beraz, zentzu eta sentsatzioz betetako bisitaldia izan zen.
Estetikaren garrantzi horrek zerikusi handia dauka bertako langileek haurrari buruz duten iritziarekin. Carla Rinaldiren esanetan, haur indartsua nahi dute, eskubide eta balioduna. Horrexegatik zaintzen dira garbiketa eta ordena, alaitasuna eta estimulu aberatsak, haurren lengoaien fruitu bezala sortutako irudi eta bolumenak... eskolak haurrarekiko landu nahi duen errespetuaren ondorio bezala. Horrela ez balitz bolatxo, gardenki eta bitxikerien artean galduko ginateke Reggio Emiliako eskoletan. Irudi eta usainetan murgilduta galduko ginateke etikari bere lekua aurkituko ez bagenio.
Ekarpen horiek guztiak gure eskoletarako ere baliagarriak izan daitezke. Aipatzekoa da nola zaintzen ziren sarrerako espazioak, gurasoekin informazioa elkartrukatzeko aukerak, material guztiz pertsonalizatuak eta eguneratuak, edozein etxetan erabiltzen diren altzariz atondutako txoko goxoak, pertsona heldu guztien arteko koordinazioa, eskolan dauden kultura desberdinetako erreferentziak guztien eskuetan jartzea eta abar.
Adituen hitz potoloak entzun eta gero, haur eskoletan irakasle gogotsuak eta guraso arduratsuak aurkitu genituen espazioak partekatzen. Denen artean diseinatutako eta betetako topaguneak informazio, formazio eta elkartrukea errazteko eskaintzaz beteak zeuden. Hor agertzen ziren etikaren printzipioak: agurretan, erakusketetan, ospakizunetan, Somaliatik etorritako ama batek bere hizkuntzaz ipuin bat kontatzeko antolatutako saioan eta abar.
Sentipenak eta emozioak azaltzeko ere leku bat eskaini behar du eskolak. Norberak bere buruarekiko errespetua aintzat hartzen badu, eta bere gogo eta beldurrei erantzuna aurkitzen badie taldean mundua ezagutzeko galderak zabalduz, kultura desberdinak kontuan izanez eta eskolan elkartasuna bultzatuz, estetikarekin batera eraikitzen den etika sortzen da. Reggio Emiliako eskoletan, erakusketa zoragarriak alde batera utzita, haurren nahiak eta afektuak abiapuntutzat hartzeko prest dauden irakasleak aurkitu nahi genituen. Halere, ez genuen izan horretan sakontzeko aukerarik.
Egitura argi bat daukate definituta, bai eskoletako eguneroko dinamikan eta bai hirian udaletxearekin eta Reggio Children Fundazioarekin. Espazioa, denbora eta arduren banaketa horretan, haurrak eta irakasleak ez dira galtzen, oso argi definituta baitaude bakoitzaren zereginak eta zer-nolako emaitzak bilatzen diren. Kanpotik ikusita, biribilegia iruditzen zait, itxiegia.
Ez genuen astirik izan euren formazio prozesua zehatz-mehatz ezagutzeko. Udalek pedagogoak eta psikologoak kontratatzen ditu; horiek udaleko Osasun Zerbitzuarekin koordinazioan lan egiten dute eta eskoletako beharrei erantzuten diete.
Baina irakasleen prestakuntza Reggio Children Fundazioaren eskuetan dago. Bere helburuak prestakuntza, ikerketa, aholkularitza, erakusketak eta argitalpenak dira.
Amaitzeko, zer azpimarratuko nuke?
Alde batetik, hemen bezala, eskaintzen diren plazak ez direla nahikoa dagoen eskaerari erantzuteko. Gizartea -familiak eta administrazioak barne- bere haur txikienentzat zelako zentro mota behar duen definitzen ari da: jaioberriak nork eta nola zaindu, jantokiak eta arratsaldeko ordutegiaren luzapenak nola antolatu eta abar.
Beste alde batetik, bisitatu nuen Gulliver udal eskolan irakaslea astelehenero elkartzen da tailerreko arduradunarekin eta sukaldariarekin astea antolatzeko. Giroa hirugarren hezitzailea dela esaten dute, irakasleon lana hausnarketarako eta elkartrukerako testuingurua erraztea dela uste dute.
Horixe azpimarratuko nuke; galderen bidez ikasten dela, gure hezitzaile lanari buruzko erantzunak lan taldean bilatuz eta haurrek azaltzen dizkiguten galderei adi egonez.
Penagarria izan zen irakasle saiatu horiekin eztabaidarako aukerarik ez izatea. Asko ikasi nuen haiekin eta hainbeste galdera gelditu ziren egiteke.... Hor dago gakoa, galderetan, ez erantzunetan.
VALENCIA, Koldo Valencia; EL BUSTO, Mari Asun; MENDIA, Eva. Atarrabiako Ama-Lur haur eskolako irakasleak
Atarrabiako Ama Lur Haur Eskolako hiru langile gara, bi hezitzaile eta tailerista bat. Historia pixka bat eginez, gure eskolak transferentzia anitz jasan eta gero, bertako udal langileak izatera pasa ginen. Horrekin batera, Loris Malaguzziren hezkuntza filosofia berriaren teoria ezagutu genuen Alfredo Hoyuelosen eskutik. Hezitzaileok jada bikoteka lan egiten bagenuen ere, filosofia horretan oinarriturik, eskolan aldaketa asko egin ziren; giroaren berrikuntza (altzariak, materialak, espazioak eta abar estetikoki birplanteatu), argazkilaritza laborategia eskolan ipini, haurren prozesuak dokumentatu, tailerista eta tailerra eskolan txertatu, eskola berritzen mantentzeko pertsona eta leku berritzaile bezala, besteak beste.
Ondoren, euskal lerroaren ezarpenarekin batera, Iruñeko Haur Eskoletan arituak zirelako Malaguzziren proiektua ezaguna zuten hezitzaileak hasi ziren lanean gure eskolan.
Amaitzeko, pasa den urtean tailerista lanpostua Arte Ederretan lizentziatutako batek bereganatu zuen, tailerista lanpostua eskolan sendotuz.
Hau guztia azaldu nahi izan dizuegu geure eskolaren egoera berezia ulertarazteko. Udalak eta lankideek Reggio Emiliara joateko aukera eskaini zigutenean, oso helburu zehatzak finkatu genituen: bertako eskoletako giro bereziak, proiektuetan oinarritutako heziketa, eta tailerra eta taileristaren funzionamenduaren zehazpenak behatzea.
Puntu horiek garatu baino lehen, aipatu beharra dago Reggio Emiliako eskolak ekosistema gisara ingurunean txertatuak daudela, ingurumenarekiko begirunea dutela, eta familiak eta gizartea orokorrean eskolako filosofian inplikatzen dituztela.
Giroa
Giroa hirugarren hezitzailea da, sentsazio anitz eskaintzen dituena, autonomia eta talde harremanak ahalbidetu behar dituena eskola estetikaren barruan.
Kurtso hasieran egiten den lehendabiziko gauza haurrei txokoak ezagutzen laguntzea da; batetik, haurrei konfiantza emateko, eta bestetik, txokoak nola erabili behar diren ezagutarazteko. Txoko bakoitza ekintza irekiak baina konkretuak garatzeko pentsatuta dago, hots, ezin da edozein ekintza edonon garatu, horretarako prest dagoen txokoan baizik.
Hezitzaileek txokoen erabilerak behatu behar dituzte, eta ikusitakoaren arabera taileristaren laguntzaz aldatu edo egokitu.
Haurrak bere burua ziur sentituz gero, ez du heldua baztertzen, onartu eta bere zaletasunak erakutsi baizik.
Giroaren proiektua behin eta berriz aztertzen da, hausnartzen eta aldatzen ari den proiektua da, haur guztiak ezberdinak direnez, interes eta behar ezberdinak dituztelako. Urteak joan eta urteak etorri, helduen behaketek giroa aldarazten dute.
Nolabait esatearren, haurren autonomia giroari esker lortzen ahal da. Horrexegatik, giroak beti berraztertua eta berraztergai behar du egon.
Gelako eta eskolako gainontzeko txokoen arteko lotura (pasabideak eta abar) azpimarratzekoa iruditu zitzaigun, haurrek beren gaitasunak garatzeko leku eta txokoak zabaltzen direlako gisa horretara.
Helduendako informazioak eta berriak hormen goialdean jartzen dira, familiei eta hezitzaileei jakinarazteko. Bertan eskolan garatu diren proiektuen berri ematen da eta egunean eguneko informazioa ere bai (janariak, oharrak...).
Proiektuetan oinarritutako heziketa
Haurrekin lantzeko eredua kurtso hasieran pentsatutako proiektuetan oinarritzen da. Proiektu horiek hezitzaile eta taileristaren artean zehazten dituzte, eta haurren egunerokotasunean oinarritzen dira. Ez dira, programaketak diren moduan, linealak, mugatuak eta aurretik ezarritako helburuekin. Programaketekin azken emaitzei ematen zaie garrantzia, hots, haurrek azkenean eskolak pentsatutako helburua lortzeari. Reggio Emiliako eskoletan, berriz, haurrak "nola egiten duen" azpimarratzen da, benetako garrantzia haurrek erabilitako prozedura eta estrategietan datza.
Proiektuaren saioak garatu ahala, zeharreko gaiak agertzen dira, eta hasierako proposamena aldarazten dute. Aldaketa horiek edozein momentutan gertatzen dira, haurren behaketa eta beharren arabera.
Azken finean, konplexutasuna garatzeko eredua dela esan dezakegu.
Tailerra eta tailerista
Tailerra
Reggio Emiliako eskolen txoko guztiak irekiak eta aberatsak dira, eta zentzu horretan, tailerra ere guztiz irekia eta aberatsa da, baina oso aukera anitzak eskaintzen dizkio haurrari.
Tailerrean hainbat arte teknika ezagutu eta erabiltzen badira ere, ez zaio artelanari ematen garrantzi handiena. Haurrek teknika horien lanketaren bitartez lortzen dituzten ikasketa prozesu ludikoak dira, hain zuzen ere, garrantzitsuenak.
Haurrak talde txikitan sartzen dira tailerrera (hiruzpalaunaka). Horrela hezitzaileek aukera ona dute haurren prozesuak behatzeko.
Tailerraz gain, gela bakoitzak tailer txiki bat dauka, non egunerokoan tailerreko aukera berdintsuak eskaintzen ahal diren.
Tailerrean aurki dezakegun materialen artean teknika grafiko-plastiko anitz garatzeko tresneria eta materialak daude, baita naturako materialak ere, eta taileristak asmatzen dituen beste guztiak ere bai. Material hauek guztiak haurren esku daude, ez dute jolas mugarik aurkituko. Beraz, "zikindu" dezakete nahi adina, edonon... Askatasun horri haurren iniziatibak gehitzen badizkiogu, tailerraren magia lortuko dugu.
Haurraren zentzumen-esperientzak zabaldu egiten dira, bere barne eskemak aniztu eta bere sormena eta burujabetasuna etorkizunean bultzatuko dituzten bere buru irudiak indartu egiten dira.
Tailerista
Taileristek 3-6 urteko etapan egiten dute lan, eskola bakoitzeko tailerista bat dagoelarik. 0-3 etapan berez ez dago taileristarik, baina bi etapa horiek bateratuak daudenez, taileristek hor ere lan egiten dute.
Taileristaren heziketa Arte ingurukoa da, ez ordea pedagogikoa. Formazio ezberdina duen pertsona bat hezkuntza taldean integratzearekin bilatzen dena ikuspuntu berri anitzak sarraraztea da, eztabaida eta hausnarketa sakontzeko. Azken finean, lana aberasteko eskola beti berritzen jardun dadin.
Taileristaren funtzioak, laburrean esanda hauek dira:
Alde batetik, giroaren estetika zaintzen du, txokoak diseinatzen edota egokitzen laguntzen du.
Beste aldetik, hezitzaileen heziketa Arte mailan lantzen du. Reggioko eskola guztien artean tailerista asko daudenez, bakoitzak bere espezialitateko ikastaroak antolatzen ditu. Adibidez, "buztinaren ezaugarriak eta lantzeko formak", edota "Ikus-entzunezko teknikak, ordenagailua, bideoa, argazkilaritza"...
Azkenik, hezitzaile eta pedagogoekin batera, ikerketa proiektuak diseinatu, landu eta eztabaidatzen ditu, hainbat ikuspuntu ezberdin eskainiz.
MENDOZA, Miriam. Zarauzko Udal haurtzaindegiko hezitzailea
Azkenean iritsi da eguna! Hain entzunak eta famatuak diren Reggio Emiliako haur eskolak ezagutzeko aukera izango dugu. Bertara joan aurretik informatzen eta beste lankideen esperientziak jasotzen jardun gara ikusiko duguna ziurtatzeko, baina bidaia hau egin ondoren guk ere zer esanik izango dugu.
Haur eskolara sartu orduko harmonia bikaina nabari da, dena bere lekuan dago eta informazio eskean ibili beharrean inguruko horma guztiak dokumentatuta ikus daitezke: haurren eguneroko lanak, proiektuak, behaketak... "Hau lana!". "Auskalo zenbat ordu pasa dituzten hau egiten..." "Nondik ateratzen dute hau guztia lantzeko denbora?". Sinezgaitza egiten zaigu hori guztia nola eta nork gauzatu dezakeen ulertzea: "Ziur guri erakusteko besterik ez dutela egin, eguneroko martxan hau ezinezkoa da" diote sinesgogor batzuek (azken finean denok pentsatzen duguna da), baina hainbat eta hainbat haur eskola bisitatu ondoren lan kate baten ondorioa dela onartu behar izan dugu. Lan bikaina benetan!
Gure sinesgarritasunari helduz, begien bistan dagoen guztia behatzen aritu gara: objektuak, marrazkiak, baliogabeko materiala..., denek baitute bere garrantzia. Objektu eta material guztiak haurren esku daude eta txundituta geratu gara haurrek nola erabiltzen dituzten ikusitakoan. Haurrek behar dutena besterik ez dute erabiltzen, ez dute dena atera eta hankaz gora botatzen, ez eta beste lagunen jolasak edo eraikuntzak puskatzen. Nola kontrola daiteke hori beste haurrak amorratzea izugarrizko garaipena izaten denean? Espazioa ere hainbat txokotan antolatua dago mota ezberdineko aktibitateak burutzeko, baina aukeran espazio libre gutxi dago. Hau dena ikusirik, gure ikuspuntutik, oraindik eta arrazoi handiagoa ikusten dugu bata bestearen espazioan sartzeko eta egiten ari dena puskatzeko, baina... errespetua nagusitzen da. Hala ere, haurrak non asetzen du bere mugimendu beharra? Non askatzen ditu bere bat-bateko indar eta energiak?
Espazio horietan giroa oso lasaia da, haurraren mugimenduak oso lasaiak dira eta baita hezitzailearenak ere. Baina era berean, kontaktu fisiko eta goxotasun falta nabaritu dugu hezitzailearen eta haurren artean. Bizpahiru egun hauetan musuak, kilima jokoak, zirikatzeak... faltan izan ditugu. Behin eta berriz aipatzen dugun harmonia horrekin ez dator bat afektibitate arloa. Hezitzaileak behaketa jarraian dirau ikusten duen guztia papertxoan idatziz. Aldiz, aukeran eta gure iritziz, haurraren joko eta aktibitateetan parte-hartze eskasa dauka. Bere mugimenduak oso kontrolatuak ikusten dira, baita aurpegiko keinuak ere. Non daude haurrek hainbeste atsegin dituzten dramatizazio eta espresioak, antzerki mundua...? Afektibitate eta harreman mundua beste era batera garatua ikusi dugu, goxotasun falta, konplizitate eza... nabaritu dugu. Haatik, nola kritika dezakegu hau guztia ikusteko egun gutxi batzuk soilik izan baditugu?
Pietro eta Andrea hasarretu egin dira batak bestearen eraikuntza puskatu duelako eta harro geratu gainera (ah! gu bezala odol berokoak dira, pentsatu dut berahala). Biak erdi borrokan hasi dira eta hezitzaileak kanpotik dena behatzen du. Beraien arteko arazoa ezin dutela konpondu ikusitakoan, begirada batez eta hitz gutxi batzuekin dena konpondua geratu da. Pietro Andrearen eraikuntza berregiten ari da ezer pasa ez balitz bezala (erraz hoztu zaie odol berotasuna!). Ez da ez negarrik, ez oihurik, ez aurpegi txarrik egon (eta nik benetako iskanbila nahi nuen halako harmonia posible ez dela ziurtatzeko...).
Egun hauetako bizipenak hitz gutxitan azaldu behar izanez gero, dena kontrolpean dutela esango genuke. Aukeran gehiegi? Gure ikuspuntutik ikusirik bai, dudarik gabe, baina bide hori nola gauzatu den ulertzea kosta egiten zaigu. Urte askoko lana da, ez hobea eta ez okerragoa, ezberdina baizik.
MADARIAGA, Izaskun. Oiartzungo udal ikastola partzuergoko irakaslea
Duela lau urte Emilia Romagnara joan ginen bertako udal haur eskolak ezagutzera. Lehen inpresioa izugarria izan zen hainbat arlotan: eskolen estiloa, haurrari buruzko kontzepzioa, edukiak lantzeko modua, euren proiektuak, udalen inplikazioa eta haurtzaroko heziketaren garrantziaz zuten sinesmena, zituzten azpiegitura aberatsak, 0-6 etapa osoari erantzutea eta abar.
Aurten eskola horien guztien iturburura joateko aukera eduki dugu, alegia, Reggio Emiliako eskolak ezagutzera. Aurrekoan bezain hunkituta geratu ez banaiz ere (espero nituenak zirelako), ahalegin guztiak egin ditut bertatik jasotakoak barneratzeko, nire aurreko eskemetan txertatzen saiatuz gero, ahal nuen moduan prozesatzeko. Beraz, nire inpresioaz ariko natzaizue, han-hemenka ikusi, ohartu, frogatu edota antzeman ditudanak azaltzen.
Eskola hauetara sartzerakoan, lehen inpresioa "giroak" egiten du. Zerbait oso desberdina usaintzen da berehala, eta zentzumenak tente jartzen zaizkigu.
Eskola ingurua ederra dute. Berde kolorekoa, asfaltorik gabekoa. Belardi eta zuhaitz ugari, ura, harriak, bidezidorrak, "mendixkak", aterpeak, lur gogorrak ere tartean... elementu ugari haurrek aberastasunez aprobetxatzeko.
Barruko espazioak, espazio irekiaren sentsazioa ematen du, mugimenduan dagoenarena, altuera desberdinak, haizez mugitzen diren zintzilikarioz beterik txoko guztiak, ispilu asko, espazio guztiak agerian, guztien esku, sabai altuak eta argitasun handia, eskola guztia elkarkomunikatua, kristalezko ateak, txoko guztiak heziketarako aprobetxatuak, espazio hilik gabe. Eta han-hemenka etxeetan arruntak diren altzariak, eskola baino etxe kutsu gehiago eman nahian.
Edertasuna eta estetika da oso deigarria den beste alderdia. Dena dago ongi jarria, ezer itsusirik ez, ezer hautsirik ez, gauza guztiak bere lekuan, txukun. Badirudi zehar lerro baten antzera, egiteko guztian dagoela presente estetika, osagai modura.
Kolorea. Faltan bota nituen gure geletan hain present dauden baztertu ezineko plastiko-kolore urdin-berde-gorri-hori-laranja horiek! Beste "klima" bat arnasten da, metalak, kristalak, kartoiak, paperak, egurrak, itsas-txirlak, kortxoak, oihalak... gozatzen dutena. Eta nola ez, haurrek margotu edota osatutako mural koloretsu zoragarriek bizitzen dutena.
Dokumentazioa. Zenbat informazio! Eskolari buruzkoa sarreretan, egiten diren proiektuei buruzkoak pasillo edo geletan, lantzen diren gaiei buruzkoak txokoetan. Irakasleek biltzen dute informazioa, baina haurrek egiten dute hitz, beraiek adierazten dute irakasleek jasotako argazki politen bitartez. Ez dira ekintza soilak komunikatzen, prozesuak baizik, eta horretan maisuak dira, badakite lanaren zentzua transmititzen kanpotik datorren edonori, gurasoei tarte. Horma guztiek hitz egiten dute.
Edukiak lantzeko era bizia. Esperimentazioan oso oinarritua. Haurraren aurkikuntza, sormena, etengabe jartzen da martxan. Beraiek dioten haur konpetente eta ehun mintzaira duenarengan biziki sinesten dutela adierazten duen metodologia da. Argi-jolas ugari egiten dituzte efektu desberdinak sortzeko, itzalekin jostatzeko, gardentasunarekin esperimentatzeko. Efektu askotako ispiluak nonahi, norbere irudiarekin jolasteko edota ingurua modu desberdinez behatzeko. Eraikuntzei garrantzi handia ematen diete eskola hauetan, inoiz bildu ez eta amaierarik gabeko eraikinak daude geletako apaltxo berezietan. Komunetan ur-jolasak egiteko tresneria ugari. Plastika mundua taileristen laguntzaz sakon lantzen dena da: marrazkia, pintura, modelaketa. Ikusgarria da nola txertatzen dituzten lan proiektuetan eta nola lortzen dituzten emaitzak edozein material mota tarteko erabiltzen dutelarik. Gaur egun, gainera, informatikaren laguntzaz beste esparru berrietan zehar murgildurik dabiltza aukera berriak deskubritzen.
Garbi dago aipaturiko desberdintasun guztiak filosofia oso baten isla direla. Haurrari buruzko kontzepzioa, alde batetik, gai-ezindu binomioaren eztabaidan, eta honi lotuta, garapen-aprendizaiaren filosofia desberdina, eskolaren egiteko ideiarekin batera. Haurrak "laborategi" batean bizi dira. Ez dakiguna da, nola bizi diren, aukera gutxi izan baikenuen bertan ikusteko. Ikusi genituenak, gainera, 3 urtetik gorakoak izan ziren, txikienak txikiegiak zirelako jendearen bisitak jasateko. Beraz, sinplekeria bat litzateke ikusitako apurrarekin ondorio zehatzak ateratzea baina bai zerbait antzemateko:
- Taldeak txikiak dira. Taileristekin lana egiteko bi edo hiruko taldetxoak izaten dira gehienez, eta haurren portaera behatuz gero, hain lasai, hain autonomo eskolaren zehar, hain espazio behar gutxirekin beren mugimenduetan eta abar, noizbait oso gertutik "eramanak" izan direla pentsa liteke.
- 3 urte bitarteko haur eskoletan ikusitakoarekin lotuz gero, hango espazio eta material antolaketarekin, aurreko iritziak indarra hartzen du, haurrak oso gertutik jarraitzen dituztela, alegia. Adin horretan dago gakoa nire ustez, eta lastima izan zen eguneroko bizitza ezin ikusi izana. Inportantea zen irakaslea-haurraren arteko harremana ikustea, proposamenak egiteko era ezagutzea, zein sozializazio arauak azpimarratzen zituzten ikustea eta abar.
Eskola horietan, espazioak ikusteaz gain, irakasle eta gurasoen azalpena besterik ez genuen eduki, ondo eginiko diskurtsoa (beste eskola guztietan bezala) eta proiektua parte-hartzailea eta ikuspegi integralarekin egina zela antzematen zena.
Reggioko udal eskoletan (eskola nazionalak oso desberdinak, konbentzionalagoak, baitira) gauza on eta aplikagarri asko topatu genituen nahiz, eta gure eskoletan haur gehiagorekin lan egin eta arlo askotan beste baldintza batzuk eduki. Beraien filosofia eta egiteko modu asko dira guretzat baliagarri. Baina honek ez du esan nahi Emilia Romagnako eskolak perfektuak direnik, nahiz eta lehen momentuko harridura hori pentsatzera eraman. Izugarri interesgarriak dira, perfektuak ez. Niri gogorra egiten zitzaidan, esate baterako, bi ziklotako irakasleen formakuntza desberdina onartzea, eta gure artean gertatzen den bezala, 0-3ko irakasleak lehen zikloan soilik izatea hezitzaile eta 3-6ko formazioak, berriz, etapa guztirako balio izatea. Ulergaitza haurraren heziketaren garrantzia hainbeste goraipatzen dutenen artean.
Edukietan ere hutsune batzuk antzematen ziren. Niretzat, txikiekin lan egiten dudalako agian, gorputzaren lanketa nola bidera zezaketen misterio bat izan zen. Geletan leku libre gutxi, eta kanpoan?... Hango belardiek ez zuten asko ibilitako itxurarik. Ederrak bai, baina zenbat denboraz gozatuak? Nire zalantzak ditut.
Heziketa zerbitzua kalitate handikoa dela ezin uka, baina garestia herritarrentzat. 0-3ko eskoletan 12.000tik 56.000 pezetara bitarte ordaintzen dute gurasoek hilero, eta 3-6ko esparruan, berriz, 12.000tik 21.600 pezetara bitarte. Hori horrela izanik ere, esan beharra dago herritarrek nahi edo behar dituzten hainbeste plaza ez daudela, eta haur ugari gelditzen direla kalean edota beste eskoletara joan beharrean. 3-6ko adinean %100 dago eskolaratua lau eskola moten artean: udaleko eskolak, eskola nazional publikoak, erlijiosoak eta kontzertatuak. Eta 0-3 adinean, %38ra besterik ez dira iristen, esparru honetan ere beste egitura juridikoko eskolak sortzen ari diren arren. Horietako batzuek, gainera, udalekoen gidaritza eta aholkularitzapean. Gurasoek autogestionatutako kooperatibak, kontzertatuak eta beste hitzarmen mota batzuek dituzten eskolak ere ari dira sortzen 0-3ko haurrei erantzuteko.
Ikerketarik ez egotea beste hutsune garrantzizkoa dela iruditzen zait. Hainbeste urtez eta munduan zehar hainbeste lekutara hedatzen ari den ereduak ez du ondorioen eta geroko eraginaren inongo ikerketarik eginik. Hain artistak, hain ikertzaile ikusten diren haurrak, zein lanbidetan bukatzen dute, adibidez? Zertan eragiten du eskola bateko eta ez beste eskola bateko ikasle izanak? Merezi du, azken finean, halako heziketa bitxia ematea? Beraiei galdetuz gero, erantzuna berehalakoa dute: ez zaigu axolarik, ereiten duguna hor gelditzen zaie beren onerako.
Reggio Children Fundazioa bide berrietan sartu da, Reggioko eskola ereduari etekin komertziala ere ateratzen. Gure bisitan ezin izan genuen musutruk ezer lortu, dena ordainduta eskuratu ahal izan genuen, baita eskoletan ematen zizkiguten txostentxoak ere. Tamalgarria, ulergarria baino gehiago, baina saiatu naiz inpresio txar horrek barruan sentitzen nuen animoa ez itzaltzen nire lanari bultzada berritzailea emateko.