Euskara Nafarroan, zalditik astora eta astotik lurrera

2001-03-01
Nafarroan euskararen erabilera arautzen duen dekretua ezarri du Nafarroako Gobernuak. Ez du euskararen normalizazioa laguntzen.
 
 
Ikustekoa Nafarroan sortu duten iskanbila! Aurrerantzean, herritarrak ez du bermerik Administrazioarekin harremanak euskaraz izateko. Administrazioaren barruan, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtzen da atzerriko edozein hizkuntzak duen balio eta estimu berberarekin.

Dekretua eraginkorra izateko sortu dute. Ezohiko bizkortasunez euskararen edozein arrasto ezabatzeari ekin diote dekretu horren babesean. Eta bat-batean guztia zilegia bihurtu da euren asmoetarako bitarteko egokia bada behintzat. Txundituta bide-seinaleak ordezkatzen ikusi ditugu, herrien izenak ezabatzen eta gaztelerazko izenaz ordezkatzen, Eusko Ikaskuntza eta EUEri laguntzak kentzen... lehentasun guztiak euskararen erauzketan ipini dituzte.

Euskararen aurkako gurutzada ero horren hurrengo ekimena zein izango den ez dakigu. Pentsatzen hasiak gara Sanzek oraindik ez duela jakin Europan hizkuntza gutxituen urte europarra ospatzen ari direla eta Europako adituek hizkuntza gutxitu horiek sustatzeko moduak aztertzeko eta bideratzeko ahaleginean direla. Behar bada gerta liteke Sanzen gobernuak ez jakitea lingua navarrorum-en gaztelerazko baliokidea zein den, edo behar bada zein hizkuntza den gisa horretan izendatzen dena. Behar bada ez dira jabetu misto hitzaren esanahiaz.

Euskara Europako hizkuntza zaharrenetakoa izanik, eta hau ez da gure baratzeko baratxuria, aditu eta jende askoren begikotasuna sortzen du Europan eta mundu osoan. Eta non izango ditu arerio erasokorrenak euskarak, lingua navarrorumek, non eta Nafarroan! Benetan, ezin dugu ulertu.

Gure aho txiki honekin, ausardiaz, esango genieke Sanz eta bere gobernukideei ez diezaiotela ez entzunarena egin nafar gehienek eskatzen ari direnari: dekretua bertan behera utz dezatela Europa osoan hizkuntz aniztasunaren alde zabaltzen ari den mezuarekin bat eginez. Eta Sanz jauna, irakasle bihotzez diogu, arro egon zintezke zure erreinukideen gehiengoak bi hizkuntzen jabe izan nahi dutelako. Bi bat baino gehiago da leku guztietan, eta Nafarroan ere bai.

Hizkuntza urtea ospatzen ari garen honetan ez dezagula euskararen, lingua navarrorumen, genozidioaz hitz egin behar izan!