Marrubizko muxuak zentsuraren aurka

2001-04-01
Takolo, Pirritx eta Porrotx Pailazo Taldearekin hitzartutako hainbat emanaldi bertan behera utzi dituzte zenbait udal eta ikastetxek
 
 
Espainiako hedabideek larrutze kanpaina berri bat ipini dute abian. Oraingo honetan Takolo, Pirritx eta Porrotx Pailazo Taldea aukeratu dute. Metodologia, aurrekoetan erabilitako berdina: haien bozgorailuetatik pozoina eta irainak barreiatu lau haizetara.

Ondorioak bat-batekoak izan dira. Zenbait udal eta ikastetxek pailazoekin hitzemanda zituzten ekitaldiak bertan behera utzi dituzte, zentsuratu egin dituzte.

Takolo, Pirritx eta Porrotx Pailazo Taldeak 13 urteko ibilbide profesionala du. Urte luze hauetan eskaini dituzten emanaldiak zenbatezinak dira eta hauetatik gehientsuenak ikastetxeetan eginikoak dira. Euskarari eta Euskal Hezkuntzari eginiko ekarpenak, seguruenik, ez du merezi duen eskerrik izango, herri honetan gertatzen den hainbat eta hainbat gauzek bezala.

Urte hauetan guztietan haur asko eta askoren begiak ilusioz ñir-ñirka ikusi ditugu, bihotz samur anitz pailazoen kantu eta dantzen erritmoan taupaka, haur ilara luzeak pailazoen musu koloretsu baten esperoan; masail gorri-urdinduak harro eta zoriontsu. Eta Takolo, Pirritx eta Porrotxek berdin eskaini dute ilusio hau ikusleak D eredukoak, B eredukoak zein A eredukoak izan, Erriberakoak edo Kostaldekoak izan. Inoren pentsamendu edo ideologiari erreparatu gabe; ilusioa, eta zergatik ez zoriona, ezin bailiteke sailkatu. Takolo, Pirritx eta Porrotx ilusio banatzaile nekaezinak dira, eta lan hori gainera euskaraz egiten dute. Hori ote da bere delitua?

Aurrerantzean haur horiek guztiek zailtasun handiak izango dituzte hain maiteak dituzten pailazoak ikusi eta gozatzeko.

Guk, argiak itzali, arropa koloretsuak erantzi eta aurpegiko pinturak garbitu ondorenean ere Takolo, Pirritx eta Porrotx ezagutzeko eta haiekin hamaika lan ordu konpartitzeko aukera eta ohorea izan dugu. Eta zinez diogu, beti adiskide prestuak aurkitu ditugu.

Gure txikian diogu ez dela zuzena zenbaitek hartu duten bidea. Haurren irrifarra aurpegitik ezabatu nahi izatea ez dago ongi, ezta irrifar hori euskaraz denean ere. Batzuen txepelkeriak ezin die-digu alaitasuna ukatu. Elkartasun keinuen gainetik eraso honek guztioi lanean jarraitzea eskatzen digu, eta gure ikastetxe eta herrietan orain arte Takolo, Pirritx eta Porrotxek izan duten presentzia defendatzea. Hori zor dizuegu eta zor diegu gure haurrei. Eutsi lanari Takolo, Pirritx eta Porrotx eta zuk ere bai, Aiora!