TABOADA, Lourdes:

2001-04-01
"Irakurketa eta idazketa" aztergai izan ziren Ikastolen Elkarteak otsailean antolatutako VIII. Jardunaldietan. Hiru egunetan zehar Euskal Herri osoko 700 pertsona hurbildu ziren hitzaldietara. Hitzaldi teorikoak zein esperientzia praktikoak entzun eta ezagutzeko aukera eman zuten jardunaldiek. Parte hartu zuten hiru hizlarirekin hizketalditxo bat egin genuen irakurketa eta idazketaren inguruan bakoitzak dituen ideiak ezagutu asmoz. Zenbaki honetan horietako baten ekarpena dakarkizuegu.

Lourdes Taboada Galiziako Hezkuntza Kontseilaritzako Irakasleriaren Prestakuntza Zerbitzuko Haur Hezkuntzako aholkularia da. "Hizkuntza idatzia eta Teknologia Berriak" izenburupeko hitzaldia eman zuen jardunaldietan. Teknologia Berrien eragina eta etorkizuna nola ikusten dituen azaldu digu.
 
 
Zure hitzaldian Teknologia Berriei buruz hitz egin diguzu. Nola lotuko zenituzke Teknologia horiek konstruktibismoarekin, hau da, nola aplikatuko zenituzke Teknologia Berriak konstruktibismoaren barnean?

Konstruktibismoak garrantzi handia ematen dio ikasten ari den subjektuari. Modu horretan, ikasten ari den haurra guztiz hartzen da kontuan. Gainera, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua haurrarengan zentratzen badugu, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuko beste elementu guztiak haurraren egokitzapenaren pean geratuko dira. Horrela, maila batean, irakurketa eta idazketako baliabide eta euskarriak ikaslearen kontsiderazioaren menpe geratuko dira, hau da, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua haurrarengan zentratu behar da.

Hori guztia konstruktibismoarekin lotzeko, lehenik eta behin, ikasten ari den ikaslearen garrantzia hartu behar da kontuan. Ondorengo pausoa irakurri eta idazteko erabilera soziala duten materialak erabiltzearena izango da, hau da, benetako testuak eta eguneroko bizitzan irakurri eta idazteko erabiltzen diren material eta euskarriak maneiatuko dira. Beraz, ez da irakurtzeko metodo bat sortzea, ezta modu zehatz batean irakurtzen irakastea ere, ikuspegi funtzional batetik irakurri eta idaztea baizik. Era honetara, benetako testuak (egunkariak, kontaketak, sukaldaritzako errezetak...) erabiltzen badira, benetako euskarriak erabili beharko dira, hots, ez liburuak soilik, baita Teknologia Berriak (pantailak...) eta helduek irakurri eta idazteko erabiltzen dituzten baliabideak ere.



Teknologia Berriek bertigo apur bat ematen dizutela aipatu duzu hitzaldian. Zer adierazi nahi duzu baieztapen horrekin?

Bai, bertigo apur bat ematen dit beraietaz esaten dutenagatik, zeren badirudi informazioa prozesatzeko modu berri bat direla eta beste era batera alfabetatuak gauden helduok ez gaude ohituta horretara. Haurrak, aldiz, horretarako askoz ere abilagoak dira. Ni orain arte liburua irakurtzen hasi eta bukatzen ohituta nengoen. Egun, ordea, egundoko pantailak ditugu hipertestu berriak irakurri ahal izateko, non tekla bati eman eta testua bera agertzen zaigun. Testua, gainera, irudi eta ahotsez lagundua doa eta horrek guztiak, irakurtzen ari denak berak bere ibilbide propioa egitea ahalbidetzen du eta ez idazlearena, liburu bat irakurtzen duzunean bezala, non idazlearen ibilibidea jarraitzen duzun.

Prozesu horrek kontrola ezin daitekenaren sentsazioa pizten dit. Beste batzuen aburuz, berriz, prozesua abantaila da, informazioa prozesatzeko daukagun moduarekin gehiago lotzen dela diote, hots, ez dela zerbait lineala, sare antzeko bat baizik.



Orain arte aipatzen ari garenaren arabera, Teknologia Berriak geroz eta gehiago erabiltzen dira. Ikasle asko dagoeneko ordenagailua erabiltzen ikasita datoz eskolara. Nola ikusten duzu prozesu hori gerora begira? Haurrei irakurtzen eta idazten ordenagailuz irakatsiko zaie edota lapitza erabiltzen jarraituko da? Uste duzu horrekin guztiarekin "liburuaren heriotza" iritsiko dela?

Ez, nire ustez ez gara "liburuaren heriotzera" iritsiko, zeren liburua ere teknologia oso perfektua da, eta gainera, urte askoren ondoren jasotzea lortu ahal izan dugun zerbait da. Horrez gain, liburua erosoa eta praktikoa da, merkea, ez du pilen beharrik eta abar. Liburuak bere abantailak ere baditu bitarteko eta objektu bezala, eta teknikoki hitz eginda, oso perfektua da.

Guk, irakasleok, badakigu eta onartu behar dugu ikaslea eskolara etortzean ezagutza batekin datorrela, eta oinarri hori kontuan izanik hasi behar dugu lanean. Beraz, haurrek dakitena hartu behar da aintzat (teklatua erabiltzen dakiten, irakurtzen eta idazten...) eta dakiten hori ez da ezertan oztopo izan behar, alderantziz, eskolak egoera horretan beste mota bateko lanketa gauzatu beharko du. Lanketa hori teklatuarekin eta Teknologia Berriekin lotua egongo da, hau da, haurren ezagutzek ez dute arazo izan behar, kontuan hartu behar dira eta hortik abiatu. "Ni, irakaslea, naiz jakintza guztiaren jabe eta zuek, haurrok, ezjakinak zaretenez, nik esandakoa egingo duzue" bezalako jarrerarekin ez da aurkeztu behar gelan. Alegia, haur bakoitza datorren bezala dator eta hori da daukaguna. Beraz, hortik abiatuz egin behar da lan.



Gaur egunera arte arkatzarekin ikasten zen idazten. Egun, aldiz, ordenagailuen bidez ikasita datoz batzuk. Etorkizunean arkatzarekin ere irakatsiko zaiela uste al duzu ala ordenagailuak ordezkatuko du?

Hemendik urte batzu barru teklatua eta arratoia ordenagailuaren periferiko bezala desagertu egingo direla esaten ari dira. Horren aurrean, arkatza edota bolalumaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke, ordezka ezina den zerbait iruditzen baitzait. Gainera, bolaluma sakelean eraman dezakezun gauza bat da eta edozein momentutan oharren bat idatzi behar izanez gero, esku artean eduki dezakezun baliabidea da. Garrantzizkoena irakurtzen eta idazten jakitea da, eta idatzi eta irakurtzeko ekintzek zer zentzu duten. Eta era berean, objektu kulturala den idazketara iritsi ahal izatea. Garrantzi gutxien idazketa hori gauzatzen den moduak du. Nire iritziz, teklatuaren bidez idazten dakienak, arkatzez ere idazten badaki. Ez dut uste teklatuarekin idazten bakarrik dakien haurrik egongo denik.



Gertatu ohi da erosotasunera jotzea, eta teklatuarekin idaztea erosoagoa denez, badirudi horretarako joera dagoela.

Nire ustez ez da erosotasun kontua. Kasu batzuetan testuak teklatuarekin idatziko dira, baina zenbait egoeratan testua beste modu batera idatzi behar izaten da; esaterako, eskuz. Nik, adibidez, ez dut nire burua erosketako zerrenda ordenagailuz idazten ikusten, beti eskuz idatzi izan dut eta horrela jarraituko dut. Eta gauza bera gertatzen da beste hainbat kasutan ere.



Bai, baina beharbada iritsiko da egun bat erosketen zerrenda ere ordenagailuz egingo dena.

Ez dakit, posible da, zergaitik ez? Orain dela urte dezente ez zegoen garbigailurik; egun, berriz, etxe guztietan aurki dezakegu. Orain arte aipaturiko guztiarekin ere horrelako zerbait gerta daiteke.



Zalantzarik gabe, aurrerapen prozesu ikaragarrian murgildurik gaude. Aurrerapen hori onuragarria izango al da gizakiontzat?

Bai, nire ustez onuragarria izango da. Horren guztiaren gakoa bitartekoen erabileran aurkitzen dugu, hots, ordenagailua momentu bakoitzean erabiltzen jakin behar da eta ongi erabiliz gero positiboa izan daiteke. Duela urte batzuk, zinea agertu zenean, antzerkiari lekua kenduko ziola komentatzen zen. Haatik, antzerkiak oraindik ere bizirik dirau bere lekua betez. Horrekin adierazi nahi dudana da, gauza bakoitzak bere espazioa duela eta erabilerak definitzen dituela guk momentuero erabiltzen ditugun gauzak.



Bestalde, irakasleriaren formzazioari dagokionean, irizpide batzuk jarraitu behar direla komentatu duzu. Zein izango lirateke irizpide horiek?

Gaur egun formakuzioa ugari eskaintzen da. Nire esperientziaren ikuspuntutik, irakasleriaren formakuntza informatikan ematen da, hainbat irakaslek haurrek baino gutxiago baitakite ordenagailuei dagokienean. Informatikako formakuntza horrez gain, informatikako formakuntza pedagogikoa ere behar da. Hau da, esku artean dugun programa bat aztertzen jakitea beharrezkoa da; ona ala txarra den, zertarako balio duen eta abar. Aldi berean, material horren erabilera irizpideak ere prestatu beharko dira (metodologia, errekurtsoak...), oraindik egin gabe dagoen formakuntza hori guztia, alegia.



Ordenagailua erabiltzeaz gain, zuk aipaturiko irizpide pedagogikoak edukitzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen duzu.

Bai, hori aldarrikatzen dut, Teknologia Berriak hezkuntza zentzuarekin erabili behar direla uste baitut.