Zuzendaritza taldeak. Ikastetxeetako eragile

2001-04-01
Euskadiko Eskola Kontseilua ikastetxe publikoen zuzendaritzarekin lotutako hainbat gairen inguruko hausnarketa bultzatzen jardun da azkenaldian. Horren ondotik etorri dira EAEko ikastetxe publikoetako zuzendaritzari buruzko azterlana eta urtarrilean burutu ziren hausnarketa jardunaldiak. Agian orain arte asko landu ez den arloa izan da zuzendaritzarena, eta aipatu ekimenek zuzendariak, gurasoak, sindikatuak, ikuskariak eta beste hainbat horretaz hizketan jarrarazi dituzte. Gainera, ikasturtea amaitu aurretik, EAEko ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeen hauteskundeak egingo direla kontuan hartuz, gaiaren interesgarritasuna areagotu egin da.
 
 
Euskadiko Eskola Kontseiluak, zuzendaritza taldeen funtzionamendu egokiak duen garrantziaz jabeturik, hezkuntza komunitate osoan arazo horren inguruko gogoeta prozesua sustatu du.

Asmo horretan, lehen zeregina EAEko ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeen egoeraren diagnosia egitea eta hobetzeko neurri batzuk lehenestea izan zen. Horretarako, zuzendaritza taldeko kideen eta eskola komunitatea osatzen duten gainontzeko kideen iritzia hartu zuen aintzat. Hala, lehen zeregina elkarrizketak egitea izan zen. 24 kiderekin bildu ziren gaiaren inguruko iritziak biltzeko; horietako 13 lan horretan eskarmentua duten Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zuzendaritza taldeetako kideak ziren, eta gainerako 11 sindikatuetako, guraso elkarteetako eta hezkuntza laguntza eta ikuskaritza zerbitzuetako ordezkariak.

Horien iritziak jaso ondoren 77 galderez osatutako inkesta prestatu zuten eta EAEko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko guztietara igorri zen. Erantzun kopurua oso altua izan zen, %50 Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, eta hori baino gehiago Lehen Hezkuntzakoetan.

Prozesu horren ostean EAEko ikastetxe publikoetako zuzendaritzari buruzko azterlana izeneko liburuxka argitaratu zen. Elkarrizketak, inkesta eta ondorioak biltzen dira bertan.

Lan horri jarraipena emanez, urtarrilaren 25 eta 26an hausnarketa jardunaldiak egin ziren Bilbon. 300 lagun bildu ziren bertan, eta jardunaldien helburu nagusia gogoetarako eta eztabaidarako gunea sortzea izan zen, epe laburrean eta ertainean hobetzeko proposamen errealistak planteatu ahal izateko. Antolatzaileek zein parte-hartzaileek balorazio oso positiboa egin zuten jardunaldien inguruan. Euskal Eskola Kontseiluaren ustez, bere lana bukatu da, eta orain gainontzeko erakundeek jarraitu behar dute lanean atera ziren hobetzeko proposamenak lor daitezen.



Jardunaldien aurrekariak eta egungo egoera

EAEko ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldea hiru pertsonek osatzen dute: zuzendariak, ikasketaburuak eta idazkariak. Talde hori hauteskunde prozesu baten ostean hautatzen da. Hala ere, hainbat kasutan inor ez da aurkezten eta gurasoek edota Administrazioak izendatzen dute.

Zergatik gertatzen da hori? Rikardo Ojenbarrena Euskal Eskola Kontseiluko teknikariak dioenez"agian orain arte ez zaio behar adina garrantzik eman zuzendaritzari, eta ez dugu ahaztu behar ikastetxeentzako oso garrantzitsua dela. Horregatik, jardunaldi hauekin horren inguruan sentsibilizatu nahi izan dugu".

Zuzendaritzaren zeregina ikastetxearentzat funtsezkoa dela dio Ojenbarrenak."Zuzendaritza on baten eragina elkarlanerako ohitura sortzea, bultzatzea eta indartzea da. Ikastetxearen funtzionamenduko alderdi asko bultza eta dinamiza ditzazke".

Orain arte zuzendaritzaren egoera, zeregina eta presentzia nolakoa izan den galdetuta, Ojenbarrenak Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen egoera desberdinak azpimarratu ditu."Orain arteko egoera desberdina izan da nola batean hala bestean. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan beste filosofia bat dago. Orain dela 7 urte inguru konturatu ziren irakasle bakoitzak ezin zuela bere gelara mugatu eta bere kabuz ibili, baizik eta ikastetxe mailan antolatu eta egin behar zirela gauzak. Horrela sortu ziren etapetako batzordeak eta bilerak, pedagogia arloa koordinatzeko egitura, curriculuma antolatzeko beharra eta abar". Hori guztia bideratzeko Administrazioak prestakuntza plan intentsiboa sortu zuen, eta irakasleak bildu egiten ziren lan arazoez hitz egiteko, gauzak adosteko, planteamenduak elkarjartzeko... Dinamika hori Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan garatu da azken 10 urteotan eta bere ondorioak eduki ditu prozeduretan, harremanetan eta dokumentuetan.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, ordea, ez da horrelakorik gertatu, lan egiteko eta funtzionatzeko ohitura kolektibo hori ez dago hain garatua, eta denbora eta baldintza faltak eragina izan dute."Horrez gain, beste faktore bat ere aipatu behar da" gehitzen du Ojenbarrenak."Euskalduntze prozesua, hain zuzen ere. Bigarren Hezkuntzan euskalduntze prozesua Lehen Hezkuntzan baino urte gutxiagotan burutu behar izaten ari da. Hirugarren faktore gisa, irakasle gehienak lizentziatuak izanik, berez ez dute hezkuntza prestakuntza berezirik izan, eta gela mailan irakastaro espezializatuari lehentasuna ematea da ohitura nagusia". Horrek guztiak zuzendaritzaren lana zailtzen du eta ardura kolektiboak hartzeko eragozpenak sortzen ditu. Honekin lotuta, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan hautagai falta nabarmena egon da azken urteotan.

Gauzak aldatu egingo direla uste du Ojenbarrenak, eta horretarako lehen urratsak ematen hasi direla zuzendaritza taldeak, gurasoak, sindikatuak, Administrazioa eta gainerako erakundeak."Badakite zuzendaritza taldeak garrantzi handia duela ikastetxearentzat, eta bere hautaketan ikastetxea dela horren ardura hartu behar duena, eta ez Administrazioa".



Jardunaldietan jorratutako gaiak

Jardunaldietan hiru gai nagusi landu ziren: zuzendaritza lana eta zuzendaritza taldearen berritzea, eskumenak eta baliabideak eta prestakuntza eta pizgarriak. Gai bakoitzean aurretik prestatutako txostenak eztabaidatu ziren, eta berauetan hezurmamitu zenaren laburpena duzue ondorengoa.



Zuzendaritza lana. Zuzendaritza taldea berritzea

Gai honen barruan lau puntu aztertu ziren.

1.- Zuzendaritza lana ikastetxe publikoetan

Ikastetxe publikoetan ikusten den ahulezietako bat zuzendaritza funtzioak definizio egokirik ez izatea da bere eskuduntza eta konpentsazioetan, eta horrez gain, ez da nahikoa baloratzen Administrazioaren, irakasleen eta eskola komunitatearen beste kideen aldetik.

Zuzendaritza taldearen funtzioen definizioak argitu aldera, hainbat gauza aipatu ziren jardunaldietan:

- Zuzendaritza taldeek funtsezko funtzioa betetzen dutela ikusi zen, proiektu komun batean oinarrituta ikastetxe osoaren bateratzaile eta ordezkari eta irakasleen dinamizatzaile baitira hobekuntza lanetan.

- OOG ikastetxeko zuzendaritzaren arduraduna dela eta berau dela hezkuntza jarduera burutzeko eta ikastetxearen baliabideen kudeaketa egiteko akordioak hartzen dituena. Aldiz, zuzendaritza da akordioak betetzeko eta baliabideak antolatzeko eta kudeatzeko azken arduraduna, irakasleen eta ikastetxeko gainerako langileen laguntza izanik.

- Zuzendaritza taldeei hezkuntza komunitate osoa ordezkatzea dagokiela, eta horretarako sektore guztien partaidetza izan behar dutela.

- Zuzendaritzak propiotzat daukan lan ugari aurrera eramateko berariazko gaitasunak eduki behar dituela.

- 2.- Zuzendaritza taldeak berritzeko prozesua

Gaur egun OOGren bidez hautatzen da zuzendaritza taldea, eta eredu egokitzat jotzen da. Haatik, eredu hori baliagarri izateko beharrezkoa da ikastetxeek onartzea neurri handi batean beraien ardura dela beren burua zuzendaritza karguez hornitzea eta ondorioz, egokiak diren pertsonei karguaz arduratzen laguntzea. Izan ere, zuzendaritza asko izendapenaren sistemaren bidez betetzeak Administrazioaren eta ikastetxeen huts egitea erakusten du.

Oso garrantzitsua da hautagai zerrendak zuzendaritza talde osoak osaturik egotea eta horrek lau urterako proiektua aurkeztea (plan estrategikoa), bertan Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuari (IHP) eta Ikastetxearen Ikasketa Proiektuari (IIP) dagokienez hobekuntzak lortzeko bultzatu nahi dituzten bideak planteatuz.

Zuzendaritza taldeen barne trantsizioa lagun dezaketen zenbait neurri azpimarratzen dira: zuzendaritza taldea aldatzerakoan kide guztiak aldi berean ez aldatzea, klaustroaren kideen zati handi batek uneren batean maila ertainetan koordinazio edo kudeaketarako karguren bat onartzea, ikuskaritza berritze prozesuetan inplikatzea eta ateratzen den taldeko kideren batek lehenengo urtean irakastorduen murrizketa izatea sartu berri den taldeari lagundu ahal izateko.

3.- Zuzendaritza eta ikastetxearen planteamendu instituzionalak

Ikastetxearen planteamendu instituzionalak, epe ertain edo luzekoak (hezkuntza eta ikasketa proiektuak) nahiz urte osokoak (urteko plana eta memoria) oso garrantzizkotzat jotzen dira, taldelana gidatzeko eta orientatzeko balio baitute. Gainera, akordio baten ondorio izanik, inplikazioa errazten dute praktikan jartzeko orduan. Hori dela eta, planteamendu instituzionalak oinarrizko tresnak dira zuzendaritza taldeek beren lana bete ahal izateko, betiere burokratizazio arriskuan erortzeko aukera saihestu behar delarik.

4.- Zuzendaritzaren zeregina ikastetxearen antolakuntzan

Zuzendaritza taldeak antolamendu pedagogikoan inplikatzea funtsezko zeregina da eta areagotu egin beharko litzateke. Zuzendaritzaren zereginak, zuzenean edo bitarteko organoen bidez, hauek izango lirateke: eskola antolamenduaren funtzionamendu ona eta ikastetxean eta ikasgeletan bizikidetza giro ona zaintzea, prozesu didaktikoen kalitatea eta ikasle guztiek ikastea bilatuz hezkuntza jarduera arruntaren etengabeko jarraipen eta ebaluazioa egitea, eta hobetzen lagunduko duten proiektu komunak bultzatzea.

Premiei erantzuna emateko, irakasleek taldelana egiteko ordu gehiago eduki eta tresna eta trebetasun eraginkorragoak erabili behar dituzte. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan erabilgarri dagoen denbora hobeto aprobetxa daiteke. Jardunaldietan, aho batez planteatu da beharrezkoa dela irakasleak ikastetxean behar beste denbora egongo direla bermatzea, koordinazio eta antolakuntza lanei aurre egin ahal izateko.

Bigarren Hezkuntzan argi eta garbi ikusten da iritziak banaturik daudela helburu hori lortzeko bideari dagokionez; alde batetik, batzuen ustez, irakasleek astean 30 ordu ikastetxean egon behar dutela dioen araua betetzeak, aipaturiko helburuaren betetzea segurtatzen du, aurretik egin beharreko negoziazioa egin ondoren; beste batzuentzat, berriz, ez.



Eskumenak eta baliabideak

Bigarren gai honen inguruan ere beste lau puntu izan ziren aztergai.

1.- Zuzendaritza eta ikastetxeen autonomiaren esparrua

Parte-hartzaileen iritzietan jasotakoaren arabera, ikastetxeek eta bertako aginte organoek jarduteko gaitasuna autonomia mailaren araberako da. Zuzendaritzak eskumenak behar ditu esleitu zaizkion funtzioak betetzeko eta ikastetxeaz kanpoko erakundeek hartutako erabakien menpe ez egoteko beti.

Autonomiaren lau arloak kontuan hartzen badira, garapen maila desberdinak ikusten dira, non ekonomia eta pedagogia arloetatik hasita beheranzko eskalan ondoren antolamenduarena agertzen den, eta oso atzean langileen kudeaketarena. Beharrezkotzat jotzen da lau arloetan autonomia maila nahiko altua izatea.

Ikastetxeen autonomia mailak proiektu propioak garatzeko gaitasunaren araberakoa izan behar du.

Bestalde, Administrazioak ez du hain arau emailea izan behar. Beharrezkoak diren baliabideak aplikatuz ikastetxeak proiektu desberdinak abian jartzera gehiago bultzatzea eskatzen du autonomiak. Ikastetxeen autonomia zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta aktiboagoa izan behar du Ikuskaritzak proiektuak eta horien emaitzak ebaluatzeko garaian, bai eta ikastetxeei proiektuak burutzeko eman zaizkien baliabideak kontrolatzekoan ere.

2.- Ikastetxea eta Administrazioa

Ikastetxe publikoek zuzendaritzaren bitartez Administrazioarekin harreman erraz eta egonkorra izan behar dutela aipatu zen. Horrela gerta dadin, Administrazioak ikastetxeen egoera eta proiektuak ondo ezagutu behar ditu eta banaka edo kolektiboki komunikatzeko bide argiak finkatu.

Komenigarria jotzen da ikastetxeek beraientzako ekonomi baliabideak finkatzerakoan parte-hartzea, beste solaskide batzuekin batera, ikastetxea gainditzen duen negoziazio esparruaren barruan.

Bestetik, Administrazioaren zerbitzuak eta zereginak hobetzeko beharra antzematen da (Ikuskaritza eta gainerako zerbitzuak).

3.- Baliabide ekonomikoen kudeaketa

Diru baliabideen kudeaketari dagokionez, ikusten da ikastetxeek diru baliabideen kudeaketa egiteko Administrazioak erabiliko dituen irizpideak ezagutu behar dituela eta publikoki horien aplikazioaren berri eman.

4.- Langileen kudeaketa

Langileen kudeaketan zuzendaritzek eskumen gehiago eta ahalik eta plantilarik egonkorrenak izan behar dituztela azpimarratzen da. Beharrezkotzat jotzen da proiektuetan inplikatuta dauden irakasleen egonkortasuna bermatzea.

Langileriaren kudeaketarako araudiak norberaren eskubideak gehiegi lehenesten ditu ikastetxeen beharrekin alderatuz. Negoziaketaren arduradun direnez gero, Administrazioak eta sindikatuek langileriaren kudeaketarako irizpide berriak finkatu behar dituzte, irakasleen lan eskubideak eta ikasleen eskubideak hobeto bateratzeko. Irizpideok aplikatzerakoan, eginkizun garrantzitsua eman behar zaie zuzendaritzei, ikastetxe bakoitzaren beharrak behar den bezala horni daitezen.



Prestakuntza eta pizgarriak

Aurreko ataletako eskemari jarraiki, zuzendaritzaren prestakuntza eta pizgarrien gaia ere lau zatitan aztertu zen.

1.- Zuzendaritza taldeen prestakuntza

Zuzendaritza taldekoek prestakuntza behar dutela argi adierazi zuten jardunaldietako partaideek. Beraien hitzetan, Hezkuntza Sailaren egitekoa da plan bat antolatu eta bitartekoak bermatzea zuzendaritza funtzioak betetzen dituzten guztiek egin behar duten lan hori aurrera eraman ahal izateko behar den prestakuntza izan dezaten. Prestakuntza horrek batik bat praktikoa izan behar du, eta antolakuntzaren eta kudeaketaren alde teknikoetara eta trebezia sozialen garapenera bideratu behar da.

Baliagarritzat hartzen da Euskal Eskola Publikoaren legearen beste xedapen bat, ikastetxe bateko zuzendari lana betetzeko aukeratzen diren pertsonek gutxieneko prestakuntza izan behar dutela esaten duena, gutxienez 100 orduko ikastaro baten parekoa.

2.- Ikastetxeen arteko lankidetza sareak

Interesgarriak ikusten dira eskualde bateko, hezkuntza etapa bereko edo antzeko proiektuak garatzen dituzten ikastetxeetako zuzendaritza taldeen arteko sareak, informaziorako, prestakuntzarko eta elkar laguntzeko iturri binainak baitira.

3.-Zuzendaritza taldeentzako pizgarri ekonomikoak

Zuzendarientzako pizgarri ekonomikoak, aintzatespen eta eskumen maila altuagoarekin batera, beharrezkoak dira, jasotzen den erantzukizuna kontuan izanik. Hori nabarmenagoa da ikastetxe handietan eta kudeaketa maila altua dutenetan.

Gaur egun indarrean dauden pizgarri ekonomikoak erabat eskasak direla uste da, burutzen diren funtzioak kontuan izanik. EAEn LOPEGCEn ezarri den mailaren finkapena arautu eta indarrean jarri behar da zuzendaritza lana burutu dutenentzat, eta lan hori egin duten denborarekin proportzioan joan beharko du.

4.- Orduen aldetiko dedikazioa

Zuzendaritza taldeek irakastorduz kanpo nahiko denbora eduki behar dute lanak aurrera eraman ahal izateko, eta denbora horrek ikastetxearen neurrian eta landu behar dituzten arazoen araberakoa izan behar du. Orokorrean, ikastetxe ertainetan eta handietan zuzendariak ez lukeela irakaskuntza lanik egin beharko esan da; eta irakaskuntza lana egin nahi izanez gero, astean sei ordutik gora ez. Dena dela, irakaskuntza lan horren murrizketak edo desagertzeak ez du baztertzen gainerako koordinazio eta kudeaketa karguei dagokiena.



Jardunaldien osteko ondorioak eta Euskadiko Eskola Kontseiluaren balorazioa

Gai bakoitzaren inguruko eztabaida eta iritzi jasoketaren ondoren, Euskadiko Eskola Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak ondorio aipagarrienak azpimarratu ditu:

1. Jardunaldietako parte-hartzaileek bezala, OOGak benetan direnaren eta izan beharko luketenaren artean alde handia dagoela ikusten dugu. Parte-hartze maila txikia eta eraginkortasun eskasa antzematen da taldeko organo horietan. Era berean, zuzendaritza lana hartzeko prest egon litezkeen hautagien kopurua ere urria da. Ikastetxe guztiek, ahal dela, zuzendari talde hautatua izatea garrantzitsua da, eta taldeko organo horietan parte-hartze egoki eta eraginkorra duten esperientziak ezagutaraztea eta sustatzea ere bai.

2. Hezkuntza Proiektua eta Ikasketa Proiektua, baita urteko plana eta memoria ere, eskola elkartearen eta irakasleen lana bideratzeko erreferentzia gisa, ikastetxeetako zuzendaritzentzat, ia aho batez, oso garrantzitsuak direla onartzen dugu. Hezkuntzako Administrazioari behar diren aholkularitza eta laguntzak eskatzen dizkiogu, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan batez ere, guztiek dokumentu horiek burutu ahal ditzaten, eta tresna baliagarriak izan daitezen, bai ikastetxearentzat eta bai Hezkuntza Administrazioaren eskarientzat ere.

3. Ikastetxe bateko zuzendaritza talde lanean oinarritzen da. Horregatik, koordinazio, prestakuntza eta antolakuntza lanetarako, irakasleek behar beste denbora erabiltzea beharrezkoa da ikastetxe guztietan. Helburu hori bermatzeko moduari dagokionez, irakasle guztiek ikastetxeari eskani beharreko asteko 30 orduei buruzko araua Bigarren Hezkuntzan betearaztea eskatzeaz ez ziren ados jarri jardunaldietako parte-hartzaile guztiak. Gure ustez, ez da inolako anbiguetaterik behar arau hori interpretatzeko orduan, eta betetzeko bermearekin heldu behar zaio gaiari, betiere helburua zein den kontuan izanik.

4. Jardunaldietan argi eta garbi ikusi da ikastetxeetako zuzendaritzen eta Hezkuntza Administrazioaren, bai Lurraldekoaren eta bai Autonomikoaren, artean dagoen erlazioa ez dela guztiz egokia. Uste dugu beharrezkoa dela zuzendariak ikastetxeen ordezkari gisa onartzea, eta beraiekin komunikatzeko bide arinak irekitzea, bai banaka ari direnean, bai taldeka ari direnean.

5. Ikusi dugu ikastetxeek autonomia handiagoa eskatzen dutela, eta ondorioz, eskumen berriak beraien proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Guk ere gauza bera uste dugu; autonomia maila desberdinetarako aukera emango duten arau esparruak ezarri behar direla, bakoitzaren beharren eta ahalmenaren arabera. Badakigu autonomia lortzeko modu bakarra ikastetxeetako kultura aldatzea dela. Baina beharrezkoa izango da, baita ere, Hezkuntza Administrazioko kultura aldatzea.

6. Garrantzi berezia du parte-hartzaileek agertu duten identifikazioa elkarlanerako sareak sustatzeko proposamenekin. Elkarlan hori ikastetxeen artekoa eta zuzendaritza taldeen artekoa ere izan daiteke. Zuzendari elkarteei dagokienez, oso denbora gutxian beren eraginkortasuna, ezarpen azkarra eta hezkuntza kalitatea hobetzeko apustu garbia erakutsi dute. Hori dela eta, gizarteko elkarteekin eta Administrazioko estamentuekin solaskide izatea lortu dute, betiere sindikatuei aitortzen zaizkien funtzioak kaltetu gabe. Ondorioetan adierazitakoaren ildotik, zuzendariek elkarte horietan duten parte-hartzea arian-arian ikastetxeen ordezkari instituzional gisa egitea komeni da.

7. Interesa duten talde guztiek (ikastetxeek, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko eta Administrazioko beste zerbitzuetako arduradunek, gurasoen ordezkari diren elkarteek eta zuzendari elkarteek eta taldeek) jardunaldi hauen ondorioak kontuan izatea espero dugu, bakoitzari dagozkion gaietan.



IRITZIAK



BUJAN, Karmele. Donostiako Irakasle Eskola irakaslea

"Hezkuntza Zentroen Zuzendaritza eta Kudeaketa" izeneko jardunaldiak antolatu genituen iazko abenduan. Beroien asmoa unibertsitateko ikasleei ikastetxeetako zuzendaritzaren egoera ezagutaraztea izan zen, bai irakaskuntza formalean eta bai ez-formalean.

Zuzendaritzaren gaia pil-pilean dagoela dirudi, eta administrazioa zein zuzendari elkarteak gai honen inguruan kezkatzen hasi dira. Unibertsitateak ere bere zeregina eta erantzukizuna badituela iruditzen zait, eta horregatik ari gara arlo hori lantzen. Izan ere, irakasle izateko ikasketak egiten ari diren ikasleek Eskola Antolaketa izeneko ikasgai bat badute, baina ez dute inolako praktikarik egiten arlo horren inguruan, hau da, ez dute zuzendaritza praktikarik egiten. Horregatik, antolatu genituen jardunaldiek horretan lan egiten ari diren profesionalak ezagutzeko aukera eman zien ikasleei.

Unibertsitateak zuzendaritza lanak egiteko prestakuntza eskaini behar duela deritzot; zuzendaritza prestakuntzarako lehenengo abiapuntua eskaini behar duela Irakasle Eskolak. Momentu honetan Irakasle ikasketetako ikasgai bat Eskola Antolaketa da, eta horren atal bat Zuzendaritzarena da. Oraindik asko landu gabe dagoen gaia da, baina nik horretan sinesten dut; formazio espezializatua eskaini behar da zuzendaritza lanak egiten ikasteko.

Berez zuzendaritza taldea zuzendariak, ikasketa buruak eta idazkariak osatzen badute ere, koordinatzaile lanetan ari direnak eta departamendu buruak ere taldeko partaide dira nire ustez. Zuzendaritzaren inguruko gaiak ez dira hiru pertsonatara mugatzen. Gaur egun ikastetxeetan talde lanean aritzeko hainbat lan koordinatu behar dira, eta hiru pertsonek baino gehiagok egiten dute hori guztia. Hiruren artean ezingo lirateke ikastetxeko proiektuak aurrera eraman. Horregatik, zuzendaritzak askoren partaidetza eskatzen du.

Hori guztia kontuan izan behar dute irakasleek. Ikastetxeak funtzionamendu eraginkorra izan dezan talde bateko partaide direla argi eduki behar dute. Irakasle guztien eskuetan dago antolaketa eta funtzionamendua, baina ardura hartzen duena zuzendaritza taldea da.

Zuzendaritzari ardura hori ematea arbuiatu egin izan da sarritan. Halako jarrera boteretsuak, aginterazkoak edo nabarmentzen direnak urrun mantendu nahi izan ditugu. Gure dinamika geronek nahi bezala eramatea izan dugu gustuko. Baina zuzendaritzari ardura eta erantzukizun batzuk emateak ez du boterea ematen zaionik esan nahi. Zuzendaritzak besteekin batera aritu behar du, giza harremanetarako eta komunikaziorako bide guztiak irekita eduki behar ditu. Bere taldearekin konektatzea lortu behar du, eta hori da zailena, konektatzea. Nire ustez, ikastetxe guztiek daukate zuzendaritzaren premia. Gero, bakoitzak ikusiko du zein estilokoa izango den, zuzendari autoritarioa edo laisser faire estilokoa.

Zuzendaritza prestakuntzari arreta gehiago eskaini behar zaiola defendatzen dut. Ni prestakuntza integralaren alde nago, eta horren barruan zuzendaritza zereginei erantzuteko ibilbide egokia egin beharko litzatekeela uste dut. Adibidez, Irakasle Eskolan zuzendaritzari buruzko ikasgaiek alderdi praktikoa eduki beharko lukete, hots, praktikak egin beharko lirateke.

Horrek beharbada zuzendari profesionalaren irudia sortuko luke. Izatez, Europan badaude ikasketaz zuzendari profesionalak direnak, eta administrazioaren ordezkari dira. Hemen, ordea, profesionalen irudi hori ez da existitzen. Momentuz zuzendaritza demokratikoa defendatzen da, zuzendaria ikastetxearen ordezkari delarik, eta ez administrazioaren ordezkari. Eredu egokia dela iruditzen zait.



FERNANDEZ, Alfonso. Dolores Ibarruri Bigarren Hezkuntzako ikastetxeko

zuzendaria


Ikastetxe publikoetako zuzendaritza faktore klabea da zentro horien garapenerako. Teoriko guztiak ados dauden baieztapena da, eta gainera, eguneroko jardunean garbi ikusten da: zuzendaritza egonkorrak kudeatzen dituen zentroak edo zuzendaritza taldeen aldaketak traumarik gabe egiten dutenek barne funtzionamendu hobea dute eta ikasleei ematen dien erantzuna beren beharretara egokituagoa dago.

Sistema publikoan barne demokrazia handia lortu dugu eta momentu honetan zentroetako zuzendaritzak irakasleen eta gainontzeko eskola komunitatearen (gurasoak eta ikasleak) borondatea ordezkatzen du. Dena den, arriskutsua bihur daiteke zuzendaritzaren funtzioak utzikerian erortzen badira, zentroa bere kasa gidatzen dela pentsatzen bada, eskola komunitateko sektore batzuen eskuetan bakarrik gelditzen bada edo zuendaritzaren lana gainontzeko irakasleen lanaren baliokidea dela uste bada. Izan ere, nire ustez, badaude eztabaidatu ezin diren zenbait gai, erantzunak ez ligukeelako inora ere eramango. Adibidez, ikasleei klasera etortzearen egokitasunaz galde geniezaieke, eta erantzuna jakina izango litzateke (ezezkoa, noski!).

Barne demokrazia maila altu hori hainbat elementurekin bateratzea beharrezkoa da:

- Helburu argiak eta denek ezagutuak. Eskola komunitate osoak balio demokratikoetan oinarritutako prozedura demokratikoen bidez zehazten dira helburu horiek.

- Baliabide materialak eta denbora kudeatzeko eraginkortasun altua.

- Ikasle bakoitzari eta talde-gela bakoitzari ahalik eta erantzunik egokiena emateko esfortzu serioa.

- Nolabaiteko "agintea". Zuzendaritza "aginte" hori galtzen joan da eta hortan zerikusia izan du baliabide pedagogiko eta ekonomikoen eta giza baliabideen kudeaketan gehitu den autonomiak.

Aldi berean, nahitaezkoa da zentroak kanpoko kontrola edukitzea. Horrek baliabideen kudeaketa nola bideratzen den norabidetu eta ebaluatu behar du. Ikastetxeko Hezkuntza eta Curriculum Proiektuaren eta eguneroko jardunaren arteko koherentzia ere zaindu behar du.

Kanpoko kontrol horrek lortu behar du zentro bakoitzeko zuzendaritzak, irakasleak eta zentroak berak lanean inplikatzeko duen gaitasunaren araberako erantzuna izatea. Horrekin batera, beherrezkoa izango litzateke erreferentzia minimo batzuk finkatzea eta hortik behera inongo zentrorik ez egotea.

Nire iritziz, horiek dira etorkizuneko lan ildoak sistema publikoak kalitatezko erantzuna eman dezan nahi badugu.

Horrek lan asko eskatzen digu guztioi: zentroek zuzendaritza lanerako gaituenak bultzatu behar dituztela konturatu behar dute (nire ustez, denak ez direlako gai); zuzendaritzek barneko parte-hartzea bultzatu behar dute eta ematen zaizkien errekurtsoak eraginkorki kudeatu behar dituzte; eta Hezkuntza Sailak eta gainontzeko solaskide sozialek (sindikatuak eta guraso elkarteak) zuzendaritzek eskolan egiten duten lana errekonozitu behar dute ekonomikoki eta kudeaketa gaitasun aldetik.





EAEko ikastetxe publikoetako zuzendariak biltzen dituzten hiru elkarte daude. Batetik, Sarean, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeak biltzen dituena. Bestetik, Gipuzkoa mailan, Bigarren Hezkuntzako institutuetako zuzendariak biltzen dituen BiHe. Eta azkenik, Ikaslan, Lanbide Eskoletako zuzendarien bilgunea. Elkarte horietako bakoitzari beren jardunaren eta zuzendaritza taldeen egoeraren inguruko iritzia eskatu diogu.



Iritziak biltzeko honako galderak luzatu dizkiegu hiru elkarteei:

1.- Noiz sortu zen elkartea? Nork osatzen du? Zein helburu ditu?

2.- Nola ikusten duzue ikastetxe publikoetako zuzendaritzaren egoera oro har, eta zuen esparruan?

3.- Zer hobetu da azken urteotan? Zer hutsune gelditzen dira?

4.- Nola bete daitezke hutsune horiek?

5.- Zein da zuen elkarteak egin duen lana orain arte? Zein da hemendik aurrerako asmoa?

6.- Zer balorazio egiten duzue Euskadiko Eskola Kontseiluaren jardunaldien inguruan?

7.- Nola ikusten dituzue ikastetxe publikoetako zuzendaritzaren hauteskundeak?

8.- Beste zerbait aipatu nahi al duzue?



Sarean Elkartea

Euskal Eskola Publikoak Sarean




1.- Bere hasiera orain dela 5 urte kokatu behar da, Hezkuntza Sailak zuzendaritza taldeentzat antolatutako prestakuntza ikastaroen inguruan. Bertan bildutako hainbat lagunek zera ikusi zuten; nahiz eta ikastetxe bakoitzak bere bereizitasunak izan, guztietan sortzen ziren arazoak eta zailtasunak oso antzekoak zirela, eskola bakoitzeko ordezkariak beren kabuz ari zirela arazo hauen irtenbideak lortu nahian, eta kasu gehienetan, Administrazioarekin izan beharreko harremanak ez zeukala behar adinako eraginkortasunik. Horregatik harremanak gorpuzten joan ziren eta gerora Sarean - Euskal Eskola Publikoak Sarean izango zena abian jarri zen.

Hasieran 30en bat lagun biltzen zituen mugimendua orain hiru urte erakunde gisa antolatua geratu zen. Gaur egun, 100 kidetik gora dauzka eta geure burua EAEko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeen elkarte bezala definitzen dugu. Bere jarduera guztiak, bereziki urtean bitan antolatzen ditue topaketak , irekiak dira, ikastetxe publikoen antolakuntza eta pedagogi lanarekin zerikusirik duen edonorentzat irekiak, alegia.

Bere xedea ikastetxe publikoen hezkuntza zerbitzuaren hobekuntza bultzatzea da. Horretarako bi esparru nagusi ditu helburu: ikastetxeen arteko harremanak eta hauen eta Administrazioaren arteko komunikazioa.

Hala ere, helburu komunak edo hurbilak dituzten beste elkarteekin harremanak izateari ere arreta berezia jartzen dio eta, ondorioz, hainbat forotan elkarlanean ari gara: Bilgunea, Gunea eta gai jakinak lantzeko (administrariak, jantokiak, arazo lokalak...).

2.- Zuzendaritzaren egoeraren balorazioa ikuspegiaren arabera alda liteke. Emaitzari begiratzen badiogu, oro har, lana ondo eta profesionaltasunez egiten dela esango genuke, emaitza egokiak lortzen baitira. Baina, funtzio hau betetzeko behar diren oinarrizko baliabideei begiratuz gero, zer hobetu handia daukagula aldarrikatuko genuke. Beraz, zuzendaritzek lan ona egitea gehiago da norbanakoak bere betebeharrari jartzen dion ilusio, arreta eta denboraren ondorio, lan hori burutzeko dituen baldintza eta eskumenei esker baino.

3.- Proiektuak garatu eta ikasleen hezkuntza beharrei erantzun egokia ematzeko ezinbestekoa da ikastetxearen autonomia. Arlo honetan asko hobetu da ikastetxe publikoen egoera, bereziki ekonomia eta pedagogia arloetan. Horiez gain, antolakuntza eta langileen kudeaketarena daude. Guztietan eskuduntza maila areagotu behar bada ere, azken honek luke beharrik nabarmenena. Eremu labainkorra da, langileen berezko eskubideak eta ikasleenak, ikastetxeak eskaintzen duen oinarrizko zerbitzuaren jasotzaile diren legez, uztartu behar baititu.

Edonola ere, gizarteak baliabide gehiago eskaini beharko lioke egunez egun erantzukizun handiagoa egozten dion eskolari. Ahalmen edo autonomia mailarik hoberena ere antzua da behar adinako baliabiderik ezean.

4.- Esandakoaren haritik bi ildotatik egin beharko litzateke aurrera: batetik ikastetxearen eskuduntzak eta baliabideak areagotu, eta bestetik zuzendaritza taldeentzat formakuntza eta pizgarriak hobetu.

5.- Lorpenik handiena lehen aipatutako helburuen bitartez jardutea da. Hau da, sorrerako hutsune hura neurri batean gainditu da. Ikastetxeekin harremanak mantetzeko esparru bat jorratu dugu, bertan elkartearen batzorde eragilearen ohiko bilerak eta Topaketak kokatuko genituzke. Bestalde, Administrazioarekin oraindik zer hobetua baldin badago ere, solaskidetzarako bidea irekita dago.

Ikastetxen arteko harremanetarako esparru horretan landutako gaien zerrenda luzea da, baina guztiak ikastetxearen kudeaketa, sistemaren antolakuntza eta pedagogia arloen artean koka genitzake.

Hezkuntza Sailarekin izandako harremanen ondorioz hainbat hobekuntza lortu dugu. Honako hauek lirateke esanguratsuenak (guztiak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan):

- Gutxieneko plantilak nolakoak beharko luketen adostea Sareanen barruan, Hezkuntzari aurkeztu, eta lehen urrats bat ikasturte honetarako eman izatea.

- Administrarien figura beharrezkoa denaz Hezkuntza ohartaraztea eta alorreko beste erakundeekin bere funtzioak adostea. Ondorioz, zeregin hauetan arituko direnen lehen ezarpena eman da ikasturte honetan.

- Premia Planaren ezarpenari dagokionez, 2000 urteko ekipamendutik kendutako herena itzultzea, baliabide informatikoak ikastetxe guztietara banatzea eta informazioa ikastetxeetara luzatzea bultzatu dugu.

- Horiez gain, aipagarria da, gure ustez,Sareanek sare publikoaren irudia hobetzen egin duen lana hedabideetan.

Etorkizunean landu nahi ditugun gaien artean aipagarrienak hauek lirateke: Irakasle Eskoletako kurrikuluen inguruko hausnarketa, Informazio eta Komunikazioa Tekniketan (IKT) aditua izango den irakaslearen figuraren beharra eta irakasleria osoarengana heldu beharko duen prestakuntza, irakasle plantilen hobekuntzan urrats berriak ematea, zuzendaritzen egonkortasuna eta horien berriztapena, Eskola Jantokien Agindua eta berria ez den baina gero eta garrantzi handiagoa hartuko duen beste arazo bat: euskal gizarteak etorkizun hurbilean jasoko duen etorkin andanari behar bezalako erantzuna nola eman.

6.- Sarean elkartearentzat oso albiste pozgarria izan zen EEKk jardunaldi haiek antolatzeko asmoa zuela jakitea. Gai hau, zuzendaritzarena alegia, eskola publikoak egun duen arazorik garrantzitsuena izan liteke. Beraz, merezi zuen ikasturte honetan jarri zaion arreta. Aitortu beharra dugu, gainera, oso prestaketa lan ona egin duela erakunde honek, eta hori jardunaldietan nabaritu egin da. Era berean, azpimarragarria da jardunaldiok hainbat elkarterentzat bultzagarri izan direla, talde iritzia bildu eta horrekin azaltzeko lanketa propioa eragin baitu aurretik. Eta norbanakoarentzat ere aberasgarria izan da, bakoitzaren kezka eta iritziak jaso eta entzuteko parada izan baikenuen.

7.- Teorikoki, helburua ikastetxe bakoitzean hautagaitza bat baino gehiago aurkeztea eta haien artean ikastetxeko Ordezkapen Organu Gorenak hautatu ahal izatea litzateke. Baina hori gaur egungo egoeratik oso urrun dago. Edonola ere, zentro bakoitzean zeregin hau borondatez eta konpromisoz onartuko duen hautagaitza lortu beharko litzateke, eta honek ikastetxearen proiektua eta ikasketa proiektua garatuko lituzketen plan estrategikoaz aritu beharko luke. Hautagaitza hori lortzea, eskola osoaren lana baldin bada ere, bereziki irakasleen artean landu beharko litzateke.

Ikuspuntu praktiko batetik, hainbat xehetasunek hautagaitza hori lortzen lagunduko lukete. Adibidez, oso garrantzitsua irizten diogu irtengo den eta sartuko den taldeen artean loturaren bat izateari. Horretarako, irten denak bere eskarmentua sartu berriaren eskueran jartzeko aukera izatea interesgarria litzateke. Ahal izanez gero, talde osoa ez aldatzea ere ona litzateke.

Hauteskundeak ikasturtearen bigarren hiruhilabetean egitea litzateke egokiena. Izan ere, ikasturte amaierak ez dira batere egokiak hain prozesu sakonak behar adinako arretaz lantzeko. Gainera, horrek sartuko denari bere burua kokatzen hasteko eta irtengo den taldearekin hainbat lotura uztartzeko aukera ematen dio. Era berean, behar izanez gero, oinarrizko formakuntza edo bestelakoren bat jasotzeko astia izango luke.

Beraz, baldintza egokiak bermatuz gero, eta hori da lortu behar dena, gaur egun dagoen hautaketa aukera egokia litzateke.

8.- Sarean Elkarteak bat egiten du EEKak antolatutako jardunaldietan jasotako ondorioekin. Egoeraren diagnosia egina dago, zailtasunak mugatu dira eta aurrerabideak proposatu dira. Orain, Administrazioan dagoenari, edo aurki egongo denari, dagokio horiek kontuan izatea eta egoki kudeatzea.Sareanek hori guztia errealitate bihur dadin bere ahalegina jarriko du eta bere esku dagoena eskainiko du.



BiHe

Gipuzkoako Institutuetako

Zuzendarien Elkartea




1.- Gipuzkoako institutuetako zuzendarien artean bilerak egiteko ohitura aspaldikoa zen. Halere, arrazoi ezberdinak medio, legeztatutako erakunde izaerarik gabe aritu gara orain oso gutxira arte. Aurreko ikasturtearen amaieran, noizbait gertatu behar zuen, biltzen ginenetako batzuk oso argi ikusi genuen bultzada berria behar zuela gure arteko harremanak; eta horren ondorioz, 2000ko abenduaren 20an osatu genuen Elkartea.

Oraingoz, 25 institutu gara Elkartean, baina laster gehiago izango garelakoan gaude; hain zuzen ere, Lanbide Heziketako ikastetxeak ziren eta orain Batxilergoa ematen duten ikastetxeei elkartekide izan daitezen gonbitea pasatzekoak gara, eta gauza bera egin nahi genuke DBH independienteekin.

Helburua nagusienak bi dira:

- Kalitatezko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak bultzatzea institutuetan.

-Zuzendarien ordezkari izatea Administrazioaren eta beste erakunde batzuen aurrean.

2.- Hasteko, aitortu behar dugu ezberdintasunak nabariak direla ikastetxeen artean. Izan dugun arazoetako bat zuzendaritza karguen egonkortasunik ezarena da, nabarmenagoa agian Bigarren Hezkuntzan. Zenbait kasutan inor ez zegoen prest ardura horiek hartzeko eta arrazoiak ugari izan daitezke: karguen zailtasuna, balorazio eskasa Administrazioaren eta gizartearen aldetik, pizgarririk eza...

3.- Konturatu gara ikastetxeak berak izan behar duela protagonista honetan guztian, guk geuk hasi behar dugula bakoitzak bere eragin esparruan lana ahalik eta hobekien egiten. Zuzendaritza lana eraginkorra izango bada, eta horrek etapa guztietarako balio du, hiru zutabe-sustengu behar beharrezkoak ditu: taldea, proiektua eta iraunkortasuna. Gakoa horretan dago eta azken urte hauetan urrats sendoak ematen ari dira bide horretan.

Hutsuneak ere badira oraindik, jakina. Bidea lehen aipatutakoa bada, hori erraztuko luketen urratsak eman beharko lituzke Administrazioak: baliabideak, autonomia handiagoa, pizgarriak... jada horretan ari diren ikastetxeentzat. Eta gainerakoei, bultzada bat ildo horretara hurbil daitezen.

4.- Batetik, oso garrantzitsua da ikastetxeen arteko lan kooperatiboa, eta horretarako zuzendari elkarteak aukera egokia izan daitezke.

Bestetik, Administrazioarekin elkarlana behar beharrezkoa da, denok irtengo gara irabazle horrela jokatzen badugu.

5.- Gure lehen lana erakundea martxan jartzea izan da, hori zen aurtengo ikasturterako helburuetako bat. Gainera, EEKren jardunaldietan parte hartu genuen. Hezkuntza Sailarekin eta hainbat elkarterekin harreman zuzenak ditugu: Ikaslan, Sarean, Adi (Nafarroako Institutuetako Zuzendarien Elkartea)... Ikasturte amaierari begira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen kalitatearen inguruan jardunaldiak antolatu nahian gabiltza.

6.- Guztiz positibotzat baloratu ditugu. Antolakuntza oso egokia izan zen, beste ikastetxe eta etapetako zuzendari eta zuzendaritza taldeetako kideekin izateko aukera ezin hobea izan genuen eta ondorioetan Administrazioari proposamenak egiteko aukera izan genuen. Hurrengo urratsa agintariei dagokie: egindako proposamenak aztertu, baloratu, eta ahal diren neurrian, indarrean jarri.

7.- Maiatz aldera edo egitekoak dira. Administrazioaren zeregina hauteskunde-deialdi txukun bat egitea da, behar diren baliabideak, pizgarriak... eskainiz. Ondoren ikastetxe bakoitzak hausnarketa sakona egin behar du, zuzendaritza talde sendoa eta eraginkorra izatea oso garrantzitsua baita edozein proiektu aurrera aterako bada. Hori dela bidea uste dugu eta ikastetxe gehienek horrela jokatuko dutelakoan gaude.

8.- Geuk, ikastetxeok eman behar ditugu lehen urratsak. Inozoa litzateke geuk egin beharrekoa beste norbaitek egingo digula pentsatzea. Egotetik aritzera pasatu behar dugu, ondorio guztiekin.

Bukatzeko, dei bat luzatu nahi genieke Bizkaiko eta Arabako institutuetako kideei elkarlanean has daitezen, guztiok batera askoz gehiago egiteko gai izango baikara.





Ikaslan

Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen elkartea




1.- Ikaslan Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoek osatutako elkarte bezala sortu zen 1993ko maiatzaren 17an; beraz, zortzi urte betetzear dago .

Azken urte hauetan zabaldu da Araba eta Bizkaira, eta horrela, gaur egun Ikaslan Guipuzkoa 25 ikastetxek osatzen dute, Ikaslan Araba 9 ikastetxek eta Ikaslan Bizkaia 21 ikastetxek. Elkarte autonomoak gara, nahiz eta hiruhilero koordinazio bilerak egin hiru zuzendaritzen artean.

Ikastetxe publikoak garenez eta juridikoki Euskal Gobernuko Hezkuntza Sailaren menpean gaudenez, ezinezkoa izan zitzaigun gure hasierako helburua lortzea, hots, Lanbide Heziketako Institutuen elkartea izatea. Horregatik, Lanbide Heziketako zuzendarien elkartea sortu beharrean aurkitu ginen.

Ikaslanen eremua lanbide heziketa da, eta Ikaslaneko partaidea izateko, ondorengo baldintzak bete behar dira:

- Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren onarpena.

- Ikastetxeak gutxienez lau ziklo hezigarri eman behar ditu.

- Etengabeko prestakuntza eta formazio okupazionala eskaintzea.



Ikaslanen helburuak, ondorengo hauek dira:

- Lanbide heziketako ikastetxe integralak garatzea eskaintza akademikoa zabalduz langileentzako etengabeko formaziora eta langabetuentzat formazio okupazionalera.

- Elkarteko partaideen interesak, proiektuak eta proposamenak bideratzea.

- Irakasleriaren etengabeko formazioan iniziatiba hartzea, formazio programak irakasleriaren beharrei egokitzeko.

- Elkarteko partaidee, kalitatezko formazioa eman dezaten laguntzea.

- Europako ikastetxeekin izan daitezken harreman eta lankidetza programak gauzatzen laguntzea.

- Elkarteko ikastetxee, gestio, pertsonal eta ekonomia autonomia izan dezaten altenatibak proposatzea behar den lekuan.

- 2.- Ikastetxe publikoetako zuzendaritzen egoera nahiko kezkagarria da, ikastetxe askotan zuzendaritzak urtero aldatzen direrako eta hori ez da batere ona ez ikastetxearentzat, ez inguruarentzat eta ez Hezkuntza Sailarentzat.

Hezkuntza Sailak eta sindikatuek ez dute behar hainbat baloratu eta bultzatu zuzendaritzen lana, badirudi ez direla konturatzen zuzendaritza egonkor batek duen garrantziaz ikastetxe horrek proiektuak eguneratu eta gauzatzeko, zeren eta urtero aldatzen diren zuzendaritzetan ez dago proiekturik.

Badirudi, ikastetxetako zuzendaritzekin ez dagoela nahiko konfiantzarik, eta ondorioz gaur egun malgutasunik gabeko egitura "enkortsetatua" daukagu hezkuntza publikoan.

Errekurtsoak optimizatzen jakingo duen antolakuntza behar dugu eta ez kurtso hasierako zirkularrean eta ikastetxe guztientzat berdin banatzen dituen pertsonal errekurtsoen funtzionamendua.

Ziur nago, ikasturtean aurrera eman nahi dituen proiektuak kontuan izanik, ikastetxe bakoitzari dagozkion pertsonal errekurtsoak gestionatzen utziko balitzaio, emaitzak askoz ere hobeak eta aberasgarriagoak izango liratekela.

Lanbide eskola garrantzitsuenetan zuzendaritzak nahiko egonkorrak dira, eta hori antzematen da ikastetxearen funtzionamenduan. Horretan zerikusi handia izan duIkaslanek, zeren eta ikastetxe mota horietan ere zuzendaritza karguen pizgarriak beste ikastetxe publikoen berdinak dira.

3.- Zuzendaritzako lanak dituen dedikazio orduak behar bezala baloratu behar dira, zeren eta ardurak eta konpromisok hartzeko pizgarri ekonomikoak ezin dira izan gaur egungoak. Era berean, ezinezkoa da gaur egun ikastetxe bati eskatzen zaizkion betebeharrak IXX. gizaldiko gestio egitura mantenduz lortu nahi izatea.

Gizaldi berri honetako zuzendaritzak ikastetxeko proiektu bultzatzaile, koordinatzaile eta kudeatzaile izan behar du, batez ere ikastetxeko motorra. Eta horrek denak denbora eta proiektuarekiko konpromisoa eskatzen du.

Ikastetxe publikoak Hezkuntza Administrazioren ardurapean dagoen entitate autonomo bat izan behar du. Ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzuen hartzailei begira egon behar du (ikasleak, bertako langileria, gurasoak, enpresak, beste ikastetxeak, instituzioak eta abar), prozesuak ebaluatu eta etengabeko hobekuntzan murgildurik, zerbitzu egokia eta eguneratua eman ahal izateko.

4.- Gaur egun lantzen ari garen proiektuak ondorengoak dira:

-Ikastxekin (www. gipuzkoa.net/ikastxekin). Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Lan Sailaren laguntzaz. Ikaslan Gipuzkoako ikastetxeetako irakasle guztientzat informatikako ikastaroak %75eko diru laguntzarekin. Helburua hau da: Teknologia eta Informazio Teknologia Berrietan (NTIC) gure ikastetxeetako irakasleria prestatu eta eguneratzea.

- Emaweb . Gipuzkoako Foru Aldundia eta Emakunderen laguntzaz. Langabezian dauden emakume eta etxekoandreentzat Interneteko 55 ikastaro emango ditugu ekaina bitartean.

- Txekinbide . Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren laguntzaz. Informatikako ikastaroak langabezian dauden pertsonentzat. Ikastaroa amaitu ondoren, praktikak egingo dituzte enpresetan.

-Esustapen (www.esustapen.com) Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatuak. Hetel, Lanhez eta Ikaslanen izenean, lanbide heziketari dagokion informazioa, helbide interesgarri eta ikastaro interaktiboak arakatzen eta bilatzen ari da Interneten bekadun talde bat.

-Sarean(www. Ikaslan.hezitek.net/sarean.html). Bruselaseko Arrantza Saila, Eusko Jaurlaritzako Arrantza Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazal eta Ingurugiro Sailaren laguntzarekin antolatuak. Zumaiako Institutuarekin aurrera daramagun proiektua (Ensayo de cría de bogabante y erizos de mar).

- SAREKA (Kalitatea Hezkuntzan proiektua) (www.euskadi.net/lanbidez/sareka). Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Zuendaritzaren laguntzarekin antolatua. 1998an martxan ipini genuen proiektu honetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 41 ikastetxe publikori kalitate sistema ezartzeko aholkularitza eta laguntza ematen zaie. Proiektu honek bere emaitzak eman ditu, eta gaur egun 17 ikastetxe publiko dauzkagu ISO 9002 kalitate ziurtagiriarekin eta beste hiru ikastetxek maiatzerako izango dute ziurtagiria.

- GARATU (Irakasleriaren formazioa). Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin. Azkeneko bost urte hauetan parte hartzen dugu irakasleriaren formazio teknikoa diseinatzen eta ematen, ezaguera teknikoak eguneratu eta berritu asmoz.

- SPRI ikastaroak . Aurten hasi gara ikastaro mota hauek ematen enpresetako erdi edo goi mailako karguentzat. Lau ikastaro ezberdin eskaintzen dira: Kudeaketa Plana, Kalitate Totala, Marketing Plana eta Produkzio Estrategiak.

- Material teknikoa euskaraz . Hetel eta Ikaslan elkarrekin lanean ari gara, lanbide heziketan material teknikoa euskaraz izan dezagun. Argital etxeei errentagarri ez izategatik argitaratzen ez dituzten eta heziketa zikloak era egokian irakasteko oso garrantzitsuak zaizkigun material teknikoak euskaratzeko ekimena gauzatu asmoz, hiru lurraldetako Foru Aldundiei eta Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Zuendaritzari dirulaguntzak eskatu dizkiegu proiektua gauzatze arren.

6.- Euskadiko Eskola Kontseiluak antolatu dituen jardunaldiak eta ondori bezala ikastetxetan banatu den liburua oso interesgarria dela iruditzen zaigu, bertan hezkuntza munduan murgilduta dauden hainbat zuzendari eta sindikatutako ordezkariek beraien hausnarketa eta iritziak eman dituztelarik. Oinarrizko dokumentu garrantzitsua iruditzen zaigu, ikastetxetako zuzendaritzak duten garrantzia aitortu eta erabakiak hartzeko ahalmen konpetentziak edukiz zuzendaritza indartsuak bultzatzeko abiapuntua bada.

7.- Lehen aipatutakoak betetzen ez badira, orain arteko zuzendaritza hauteskundeen antzekoak izango dira. Leku gehienetan inor ez da aurkeztuko eta Hezkuntza Sailak urtebeterako izendatu beharko ditu beste askotan bezala. Gaur egun zuzendaritzek daukaten erantzukizunak, karguak dakarren ordu dedikazioak eta pizgarri urriak, kargu hauetarako oso irakasle gutxi aurkeztea ekar dezakete.