Euskal Herriko Lanbide Eskolak nazioarteko eskolekin harremanetan

2001-06-01
Momentu honetan Euskal Herriko 17 lanbide eskola inguru, gehienak Elgoibar BH Institutuan kurtsoan zehar aritu eta gero, ari dira nazioarteko proiektuak lantzen. Europako beste herrialdeetako eskolekin harremanetan daude eta urtean zehar elkartruke ugari egiten dituzte; Euskal Herriko ikasleak eta irakasleak kanpora joaten dira eta kanpokoak hona etortzen dira.
 
 
Elkartruke horien helburu nagusiak bi dira. Ikasleen elkatrukeen kasuan, hemengo ikasleek lan praktikak kanpoko enpresetan egitea da, eta kanpoko ikasleek hemengo enpresetan. Eta irakasleen kasuan, informazioa elkartrukatzea: aurrerakuntzak, kalitatearen sistemaren funtzionamendua, irakaskuntza sistema, eskaintza, enpresetako praktiken antolaketa...

Elgoibar BH institutuan orain dela 9 urte hasi ziren kanpoko eskolekin erlazionatzen, eta gaur egun dozena erdi proiektu inguru dauzkate martxan: Ingalaterran, Irlandan, Italian, Finlandian, Suedian eta Holandan. Jose Luis Fernandez Maure Elgoibar BH Institutuko nazioarteko proiektuen arduradunaren iritziz elkartruke hauek oso positiboak dira."Gainera, harremanak ditugun jendea gure antzekoa da, gure antzeko pentsamenduak eta ikuspuntuak ditu, eta horrek asko errazten du erlazioa. Lankidetzara, mundura eta nazioarteko proiektuetara irekita gaudenak gara". Izan ere, tartean ongi atera ez diren esperientziakere izan dituzte, eta arrazoia hori izan da; ikuspuntu desberdina edukitzea. Hala kontatzen digu Fernandeze: "Orain dela 5 urte Ingalaterrako hegoaldeko eskola batetik jaso genuen hara joateko gonbitea. Baina, hasieratik katastrofikoa izan zen: neskak minigonarekin, mutilak korbata eta trajearekin... eta bat-batean militarrak! Bai, militar gazteei ere klaseak ematen zizkieten. Gure eskolan militarismoaren eta sexu banaketaren balioak deusesten ari bagara, nola egingo dugu horrelako eskola batekin elkartrukea? Horregatik, eskola harekin ez genuen aurrera jarraitu".

Ikasle zein irakasleentzat aberasgarria dira horrelako esperientziak eta harreman horiek luzaroan mantentzeko asmoa dute.



Erromako harremanaren nondik-norakoak

Erromako Instituto Profesionale Carlo Cattaneo eta Elgoibarko BH Institutuaren arteko harremanak orain dela urtebete hasi ziren. Ikasturte honetan Italiako zazpi ikasle Elgoibar, Deba eta inguruetako enpresetan jardun dira lanean, eta hemengo zenbait ikasle Erromako enrpesetan praktikak egitera joango dira. Bestetik, hemengo lau irakasle Erromara joan ziren, eta orain dela gutxi egon dira Euskal Herrian Carlo Cattaneo eskolako Leandro Cantoni zuzendaria eta Rocco Farima Hezkuntza Bereziko koordinatzailea. Elgoibarko BH Institutua ezagutu dute eta Donostian antolatuta den Lanbide Heziketako Ikastetxe Integralen Nazioarteko Kongresuan parte hartu dute. Gauza egokiak eta Italiara eramateko modukoak ikusi dituztela aitortu digute.



Nolakoa da Erromako zuen lanbide eskola?

Leandro Cantoni .- Momentu honetan 1.000 ikasle baino gehiago dituen lanbide eskola da. Hiru urtetan ikasle kopurua 400dik 1.000ra igo da. Haziz doan lanbide eskola bakarra da, eta horren arrazoia dauzkagun ikasketa proiektuak dira. Eskaintzen ditugu heziketa zikloak Elektronika, Elektrizitatea eta Autoen Mekanika dira.

Eskolak lau egoitza ditu, eta horietako batean etorkin asko daude. Horregatik, etorkinei zuzendutako didaktika berri bat erabiltzen dugu, eredu pilotua dena probintziako beste eskolentzat. Bestalde, behar bereziak dituzten 62 ikasle daude aurten.



Nola dago antolatuta Italiako irakaskuntza orokorra?

Rocco Farima .- Orain dela 100 urte sortutako sistema mantentzen da eta ez da batere aldatu. 6-11 urte bitartean Lehen Hezkuntza dago, 11-14 urte bitartean Hezkuntza Ertaina eta 14-18 bitartean Bigarren Hezkuntza.



Zein da Lanbide Heziketaren egoera?

Leandro Cantoni .- Lanbide Heziketaren kasuan erreforma aurreikusia zegoen 2001-2002 ikasturterako, baina gobernu berriak ezezkoa eman dio eta ez du ezarriko. Hemen egin den erreformaren antzekoa zen eta ilusionatuta geunden. Pena da, hemengo emaitza onak ikusita, han gauza berdina egitera iritsi nahi genuelako.



Euskal Herriko Lanbide Heziketa ezagutu duzue. Zer eramango zenukete hemendik Italiara?

Rocco Farima .- Oinarrizkoena, euskal Lanbide Heziketaren erreforma.

Horrez gain, harrituta gelditu gara hemengo eskolen kalitatearekin. Eskola konplexua, gaurkotua, malgua aktiboa eta esperimentatzeko eta proiektatzeko gai dena aurkitu dugu. Eta kalitatearen gestioa Italian baino askoz hobeto daramate hemengo eskolek. Han merkatuaren eskakizunak betetzen ez dituen kalitatea dago eta kanpoko mundu produktiboarekin erlazioarik ez dago zentzu horretan.

Leandro Cantoni .- Bestalde, Italian irakaskuntzak, oro har, gizartean duen balorazioa hemen duena baino askoz era baxuagoa da. Irakaskuntza oso gutxi baloratzen da. Ondorioz, profesional on batek nahiago du irakaskuntzan lan egitea baino beste arlo batean aritzea. Hemen ondo prestatutako profesionalak irakaskuntzan ikusteak harritu egiten gaitu. "Zergatik ez ote daude enpresaren batean lanean?" galdetzen diogu geure buruari. Arrazoia da hemen irakaskuntzaren birbalorizazioa egin dela, eta Italian ez.

Rocco Farima .- Beste gauza bat irakasleen motibazioa eta inplikazioa da. Elgoibar BH Institutuan ikusi dugun horii bai eramango genukeela Italiara! Hemengo irakasleak ez dira irakastearekin konformatzen, beraien prestakuntzaz ere arduratzen dira. Gure irakasleen mentalitatea oso akademikoa da, irakasteaz baino ez dira arduratzen, ikastea ez da arazoa, beraien prestakuntzak ez du kezkarik sortzen., ez dira inplikatzen, ez daude motibatuak. Mentalitate aldaketa hori ez da gertatu Italian oraindik eta arazo oso handia da.



Zer ekarriko zenukete Italiatik hona?

Leandro Cantoni .- Hori zailago da, baina badago gauza bat: ikastetxeen autonomia. Euskal eskolei autonomia gehiago emango genieke. Gure kasuan, hezkuntza proiektuak, ikasketa proiektuak eta abar aurrera eramateko autonomia daukagu, nahiz eta beti marko orokor baten barruan kokatu beharra izan. Hemen askoz ere murriztuago dago.

Rocco Farima .- Aldatuko genukeen beste gauza bat zuzendaria da. Hemen zuzendaria aukeratu egiten da eta urte jakin batzuetarako, eta hori ez dela ona eta egokia uste dugu, ezegonkorra delako. Garrantzitsua da zuzendaria profesionala izatea eta kudeaketa arloa ezagutzen duena.



Zer harreman duzue enpresekin?

Leandro Cantoni .- Lanbide eskolen eta beste eskolen egoera erabat desberdina da Italian. Beste eskolek ez dute inolako harremanik eta kontakturik enpresekin eta lanbide eskolek bai, askoz ere aktiboagoa da produkzio munduarekiko harremanetan. Lanbide Heziketan oso garrantzitsua da enrpesekin kontaktua edukitzea behartuak gaudelako ikasketen zati bat akademikoa izatera eta beste bat praktikoa izatera, hots, sistema produktiboan lan egitera. Horretarako zuzenean enpresetan aritu behar dute ikasleek. Horregatik, oso garrantzitsua da sistema produktiboarekin harremanak edukitzea.

Guk, beste harremanez gain, Wolksvagen-ekin partenrship bat daukagu, hots, Wolksvagen-en akademia bat. Nazioarteko proiektua da, Alemania ere badagoena, eta garrantzitsua da ikasleentzat.