Kronika

2001-06-01
 
 
Diwan eskolek eta Frantziako Gobernuak hitzarmena sinatu dute. Horrekin Diwan eskolak sistema publikoan integratzeko urratsa eman da.
Bretainiako eskola horiek 1977an sortu ziren. Egun 2.500 ikasle baino gehiago biltzen dira Lehen Mailako 30 eskola, Bigarren Hezkuntzako lau eskola eta lizeo baten artean. Ikastetxe hauetan bretoieraren irakaskuntza intentsiboa da, Bretaniako eskola publiko eta pribatuetan ez bezala. Hauek elebidunak dira eta bi hizkuntzak neurri berean ikasten dira.
Mugimendu bretainiarrak behin baino gehiagotan salatu du azken urteotan bretoierazko irakaskuntzak bizi duen egoera zaila: eskola eta azpiegitura arazoak dituzte, irakasle falta eta estatutuen prekarietatea. Hezkuntza Ministerioarekin sinatutako hitzarmenaren ondotik, Diwan eskolak estatutu publiko batek arautuko ditu aurrerantzean. Horrez gain, irakasle berrien heziketa, material pedagogikoaren finantzazioa eta irakasleen soldatak Hezkuntza Ministerioaren eskuetan geldituko dira.

Euskararen inguruko aferak hor darrai Nafarroan
Hilabete mugitua izan da Nafarroan euskarazko irakaskuntzarentzat. Nafarroako Gobernua hartzen ari den neurriak ikusita, eta prestatzen ari den dekretuak aurreikusita, irakasle zein gurasoak mobilizatu egin dira. Euskarazko irakaskuntza publikoan bi orduko lanuztea egin zuten irakasleek ELA, EILAS eta LAB sindikatuek deituta. 1.250 irakasletatik 1.100 inguruk egin zuten lanuztea. A eta G ereduetako 400 bat irakaslek ere bat egin zuten geldialdiarekin eta ikastoletako irakasleen %90ak ere bai.
Lanuztearekin bi gauza nabarmendu nahi izan zituzten. Bata, ezer ofiziala izan baino lehen kalera ateratzea erabat logikoa dela. Eta bestea, Gobernuak uda garaia aprobetxatuko duela irakaskuntzako dekretua edo dekretuak ateratzeko.
Horregatik, horren aurrean mobilizatzea ederki justifikatua dagoela aditzera eman zuten deialdia egin zuten sindikatuek. Era berean, hemendik aurrera erne jarraitzeko beharra azpimarratu zuten.
Langileez gain, guraso eta ikasleak ere kalera atera ziren . Sortzen-Ikasbatuz eta Euskal Adarrak egindako deialdiak erantzun zabala jaso zuen. Euskal irakaskuntza eta euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu zituzten. Modu berean, unibertsitate publikoan euskarazko ikasketak eskaintzeko premia azpimarratu zuten.
Hauek ere Gobernua prestatzen ari den dekretuak izan dezakeen eragina nabarmendu zuten, min handia egin diezaiokeelako D ereduko haurren garapenari. Izan ere, beste gauzen artean, ez zaio inolako bermerik ikusten.
Dekretua atera bitartean, hainbat neurri hartu eta aurrera eramaten ari da Gobernua. Horien artean testugintzari dagokiona. Otsailean Nafarroako Gobernuak deialdi publikoa egin zuen gaztelaniazko liburuak euskaratzeko diru laguntza eman ahal izateko. Garai hartan Elkarlanean eta Ereinek adierazi zuten ez zituztela euren materialak aldatuko. Hortaz, Anaya, Edebe, Santillana eta VicenVives argitaletxeei banatuko zaie diru laguntza. Itzulpenak eta egokitzapenak Nafar Gobernuaren irizpideen arabera eginen dira.
Dena dela, ikusteke dago zenbaterainoko kontrola ezarriko duen Gobernuak ikastetxeetan erabiltzen diren testu liburuak zein diren jakiteko. Izan ere, ikasmateriala aukeratzeko katedra askatasuna dago tartean.

Lanbide Heziketa aldatzeko ahalegina dator Madrildik
Pilar del Castillo Madrilgo Gobernuko Hezkuntza ministroak bilera egin zuen erkidegoetako Hezkuntza ordezkariekin Lanbide Heziketaren lege aurreproiektua aurkezteko. Inaxio Oliveri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua planteamenduaren aurka agertu zen, eta Nafarroako ordezkaria, aldiz, alde. Inaxio Oliveriren esanetan, "atzerakoia eta zentralista da lege aurreproiektua, eta Jaurlaritzak ez du martxan jarriko dagoen bezala".
Oliverik gogoratu zuen Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketaren Plana martxan jarria duela sindikatuekin adostu ondoren, eta horrekin jarraituko dutela. "Lege aurreproiektuak plan bakar bat ezarri nahi du erkidego guztientzat, bakoitzaren ahalmena kontuan hartu gabe".
Eta halaxe adierazi zuen Pilar del Castillok ere: "Funtsezkoa da Espainia osoan Lanbide Heziketa bakarra egotea. Nazionala izan behar du, Espainiako merkatu bakar eta irekiaren erreferente gisa".
Eusko Jaurlaritza orain martxan dagoen Lanbide Heziketarekin gustura dagoen bitartean, EAEko biztanleen gehiengoa ere kontent dago hezkuntzaren kalitatearekin. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egindako azterketa soziologikoaren arabera, %62k uste du eskaintzen den hezkuntzaren kalitatea ona dela, eta %12k oso ona. Iritzi txarra dutenak askoz gutxiago dira: %1k dio oso gaizki dagoela, eta %4k gaizki dagoela. Erdipurdika dagoela diotenak %16 dira.
Inkestaren bigarren atalean EAEko hezkuntza sistema Espainiakoarekin alderatzen da. Emaitzetan bi iritzi nabarmendu dira. Batetik, %39k erantzun du bien artean alderik ez dagoela. Bestetik, %31k esan du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa hobeto dagoela. Eta okerrago dagoela uste dutenak %3 izan dira. Dena dela, euskaldunen %41k uste dute bertakoa hobea dela, eta erdaldunen artean, ordea, %21k bakarrik uste du hori.

Udaleku Elkartearen lanak aurrera jarraitzen du, oztopoak gaindituz . Iazko azaroan 450.000 liberako (11,263 milioi pezeta) zorra zuen eta horri buelta ematea lortu du. Defizit hura zela-eta, elkartea ia desagertzear egon zen, baina gauzak aldarte hobean daude orain. Botere publikoekin egin dituzten bilera eta lanen ondorioz pauso bat aitzina eman dute. Izan ere, gutunak bidali dituzte Hegoaldeko 522 herriko etxeetara eta Iparraldeko 233tara. Hegoaldetik 160.000 libera (4 milioi pezeta) eskuratu dituzte, eta Iparraldetik deus ez. Hortik ondorioztatzen da Iparraldeko haurrek erabiltzen duten egituraren %80 Hegoaldeko diruz finantzatzen dela. Udalekuko kideak ez ziren ados gelditu Iparraldean jasotako erantzunarekin, eta zenbait herritako instituzioekin negoziatzen ari dira, hango haurrek Udalekuren proiektuetan parte hartzen baitute.
Bestalde, Udalbiltzaren laguntza ere jaso zuen, baina hura ez zen zorra kitatzeko, 2001. urteko proiektuak ordaintzeko baizik.
Udari begira jarrita, Udalekuk Internet ikastaldiak emanen ditu Arberatze, Baiona eta Hendaian. Brasilgo perkusioa, antzerkia eta itsas bela ikasteko aukera ere izanen da. Eta horrez gain, Goizuetan zenbait egunetarako egonaldi bat antolatu du euskara hutsean.