ETXEBERRI, Mixel:

2001-10-01
Egun Seaskako lehendakaria da Mixel Etxeberri. Seaskaren 31 urteko ibilbidea ondo baino hobeto ezagutzen du, beti aritu baita han eta hemen lanean. Guraso izateaz gain, Kanboko kolegioko Administrazio Kontseiluko lehendakaria izan zen bi urtez. Orain, Seaskako lehendakaritza kargua duen honetan, Frantziako Hezkuntza Ministeritzarekiko negoziaketetan parte hartzea egokitu zaio. Oraindik amaitu gabe dagoen prozesu horren berri eman digu. Argi esan digu ez dutelako nolanahiko estatuturik onartuko, Seaskaren nortasuna eta helburuak ez baitira negoziatzekoak.
 
 
Azken urte hauetan Seaskaren eta Frantziako Hezkuntza Ministeritzaren arteko bilera eta negoziaketetan Seaskaren estatutua izan duzue hizpide, baina momentuz ez zarete inongo akordiotara iritsi. Zein da orain arte Seaskak ukan duen estatutua?

1994tik aitzina estatutu berezia jarri zen guretzat, eskola giristinoek zuten estatutu bera eskaini ziguten. Horrek baimentzen du lehen mailetako eskoletan irakasleak ordainduak izatea. Beraz, irakasleak estatuak ordaintzen ditu, baina horretarako lizentzia bat lortu eta azterketa bat pasa behar izan dute, eta hortan zen lan handiena. Magisteritza ikasketak zituztenei baliokidetasun bat ematen zien, baina beste guztiek lan hori egin behar zuten. Seaskak bere gain hartu zuen irakasle horien formazioa eta zazpi urtetan hori izan da pisu handiena izan duen lana.

Horrez gain, estatutu horrek baimendu eta kasik behartu egiten du herriko etxea haur bakoitzeko dirua ematera eskola publikoetan bezala. Bigarren mailetan, erran nahi baita kolegioetan eta lizeoetan, irakasleak ere estatuak ordaintzen ditu. Horrez gain, funtzionamendurako diru kopuru bat jasotzen du ikastetxe bakoitzak departamendutik: lehen 80 haurrentzat 5.000 libera eta 80tik gorakoentzat 3.000 libera baino gehixeago.

Hortik kanpoko guztia gure gain da: zuzendariak, aholkulari pedagogikoak, ekonomialariak, zaindariak, idazkariak... Eta eraikuntza ere gure esku gelditzen da. Diru hori ezin da eraikuntzarako erabili, Ezin da, legeak ez du baimentzen. Diru laguntza aipatutako azpiegitura eta gastu pedagogikoak ordaintzeko da.



Herriko etxeek ez al dute laguntzen eraikuntza lortzen?

Bigarren mailako eskoletan ez. Lehen mailetan borondate politikoaren eskuetan gelditzen da, eta nahiz eta legeak ez baimendu, leku batzutetan laguntzen dute. Badira truko batzuk: alokairu sinboliko bat ordaintzea, kultura bidea hartuz hizpalau elkarteren artean hartzea nahiz eta gero ikastolarentzat izan... Adibidez, Hendaian horrela egiten da, Baionako bi ikastolak ere egoera honetan daude, Miarritzen eta Ustaritzen ere bai, eta Donibane Lohitzunen eraikin zaharra da eta berri bat galdetzen ari gara. Beste zenbait lekutan eraiki eta gero lortu ditugu diru laguntzak. Baionako lizeoa ere herri komunitate batek uzten digu. Ziburuko kolegioa alokatu egiten dugu, Donaixtikoa ere pribatu batzuei alokatzen diegu. Kanbokoa geurea da, Herri Urratseko diruarekin lekua eta materiala erosi eta auzolanaren bidez eraikia da.



1994tik gaurdainoko bilakaera nola ikusten duzu?

Nik uste dut ez dugula lanik egin geure garapenari buruz eta geure eredua finkatzeko bidean. Eskas hori sentitzen dut. Ulergarria da egoera ikusirik, baina penagarria ere bai.



Dena den, urratsak ematen hasi zineten 1998an. Zerk bultzata?

Gauza hasi zen ikusiz ez ginela asko garatzen eta eskola publikoetan gela elebidunak (B eredukoak) irekita diskurtso faltsua eratzen ari zela. Gure aurkako kanpainak segitzen zuten "hizkuntza indarkeriarekin lotuz" betiko leloan. Beraz, guretzat egoera zaila zen. Gainera, hizkuntza indarkeria eta betiko gauzekin lotzen zuten, betiko leloak.

Hori guztia kontutan hartuz, gure eredu eta ikastolei maila bateko ofizialtasuna eskainiz, eraikuntzetan botere publikoen inplikazio handiagoa baimenduko zuen estatutu publiko bat galdetzea erabaki genuen.



Beraz, zuek abiatu zenuten negoziaketa prozesua, ez administrazioak .

Bai, guk beste herrialdeetako eskolekin batera: Bretainiako Diwan, Kataluniako Bressola, Okzitaniako Calendrettak eta Alsaziakoak. Denok koordinatuta hasi genituen elkarrizketak 1998an. Egun batean integratzeko proposamena egin ziguten eta alsaziarrek, okzitandarrak eta katalanak eskapo egin zuten. Integrazioa hitza entzun bezain laster alde egin zuten. Katalanek aurretik esperientzia txar bat izan zuten. Bazen integratu zen eskola bat eta asko galdu zuen; irakasle ez formatuak iritsi ziren, katalana ez zekitenak...

Bretainiarrek segitu egin nahi zutela esan zuten, eta Seaskak ikusterat joango zela erran zuen.

Elkarrizketek jarraitu egin zuten, beraz, eta integrazio protokolo bat eskaini zuen Hezkuntza Ministeritzak. Bretainiarrek onartu egin dute. Bukatu ez den protokolo bat onartu dute, artikulu guztiak idatzi gabe baitaude. Apustu bat bezala onartu dute, erranik izenpetzen zutela eta ondoren aitzinatuko direla.

Aldiz, guk erran dugu hori ez dela onargarria, zeren eta ez dugu konfiantzarik. Eta pentsatzen dugu arrazoia dugula. Oraindik ez ditugu elementu guztiak, baina uste dut frogatuko dela arrazoia genuela.



Zergatik ez da onargarria integrazio protokolo hori?

Arrazoi bat baino gehiago dago. Lehenengoa zera da: murgiltze ereduaren, hots, D ereduaren edo gure ereduaren gutti gorabeherako ezagupen aski ona egiten badu ere, ez du berme juridikorik. Guk galdetzen dugu bermea, non gure eredua ez den ukitzen ahalko; horrela da eta kito, ongi definitua gera dadin eskatzen dugu.

Bestela, Bretainian gertatu dena pasatzeko arriskua dago. Gela bat ireki nahi zuten eta auzapeza ados zegoen. Herriko Kontseiluan hasi dira mintzatzen eta erabaki dute gela bat eskaintzea, baina eskola publikoaren barruan, elebakarrekin batera. Guk badakigu, eta idatzia da, D eredua ikastetxeen logika dela, murgiltzea ikastetxe mailan garatu behar dela. Horrelako gauzak oso arriskutsuak dira eta badakigu horrela izorratuko gaituztela.

Eskola publikoek ez dute D eredua eskaintzen. Guk erraten diegu "egin ezazue eta etorriko gara", baina ez dute hori egin nahi.

Bigarren gauza Seaskaren lekua da. Erran nahi baita gurasoen lekua eta parte hartzea kudeaketan. Guk gure eredua jarraitzen duen talde pedagogikoa daukagu eta zaindu nahi dugu, ez baitugu beraienganako konfiantzarik. Formazioa ere guk kudeatu nahi dugu, garrantzitsua baita irakasleen prestakuntza. Eredua ongi da, baina hori atxikitzen duena irakaslea da eta irakasleak eredua atxikitzeko behar du formatu. Horregatik, irakasleen formazioan parte hartu nahi dugu. Hezkuntza Ministeritzarentzat, ordea, oso bortitza da parte hartu hitza entzutea.

Onartezina den beste puntu bat garapena da. Guk gure eredua eraikitzea nahi dugu, eta aldioro zertarako sortu ginen oroitarazi nahi dugu. Gu hizkuntza berreskuratzeko sortu eta bizi gara, eta hori ahaztu egiten da protokolo honetan. Beste eskolekin parekatu nahi gaituzte eta hori ezin dugu onartu. Zeren eta gure hegoa, gure filosofia hortan da. Ez gara erori behar bi hizkuntzen oposizioaren diskurtsoan, ez. Guk erraten dugu haurrak elebidunak ateratzen ditugula, bi hizkuntzen menperatze orekatuarekin. Baina gure desmartxa da euskara berreskuratzeko. Eta hori egiteko behar da gure eredua eskaini, baina eskaini denetan. Horiek nahi dutena da gure eskola integratu eta kito, horretan bukatzen da. Eta hori ezin da onartu.



Integrazioa ulertzeko modu bi ikusten dira: bata, norberarena errespetatuz era normalizatuan integratzea; eta bestea, beraien sisteman sartzea.

Hala da, eta hori ez da negoziaketa. Batzuk esaten dute negoziaketetan bakoitzak beretik utzi egin behar duela, baina nik esaten diet ez dela negoziaketa komertziala. Gu hizkuntza berreskuratzeko prozesu batean gara, eta hori ezin da negoziatu; egiten da edo ez da egiten. Esan dezatela, ez gezurretan ibili.



Bretainiarrak integratu egin dira. Gainontzekook zer egingo duzue aurrera begira? Zer aukera ikusten dituzue klabeak izan daitezkeen hurrengo urteetan?

Bai, urte klabeak izango dira. Guk galdetzen jarraitzen dugu. Abenduaren 27an azken bilkura egin genuelarik, agindu zizkiguten emendakin edo egokitze batzuk guretzat, eta oraindik zain gaude. Deitu dugu behin baino gehiagotan, ekainean berriz gutun bat idatzi genuen, eta orain berriro deitzen ari gara bretainiarrek ukan dutena ofizialki guri bildatzeko errateko. Eta hori bada azken hitza, azken eskaintza, erran dezatela.



Eskaintza bere horretan mantentzen bada, ezezkoa emango diozue, orduan.

Baldintza horiekin bai. Seaskako bulegoko 11 kidetatik batek ere ez du onartzen, eta pentsatzen dugu Ikastolen Kontseiluak ere ez duela onartuko Azken erabakia Biltzar Nagusian hartuko dugu, eta onartzen ez bada bertze bide bat bilatzen saiatuko gara.



Zein bide izan liteke?

Jadanik berriz bildu gara okzitandarrak, alsaziarrak eta katalanak. Herri Urratsera gonbidatu genituen elkarrekin lanean hasteko.



Beste eskaintzaren bat jasotzeko aukerarik ikusten al duzue?

Gu saiatuko gara. Guk pentsatzen dugu integrazio basa batean sartu gabe badirela beste bideak estatutu hobeago bat lortzeko. Behar dutena borondate politikoa da.



Ikas-Bik galdetu du eskola publikoetan D eredua emateko ahalmena, baina ez da erantzunik egon. Zer iritzi duzu aukera horretaz?

Ez da horrelakorik gertatu, berriz diot, sare publikoan D eredu bat sartzeko borondaterik ez dago. Eta Hezkunde aparato osoa ez da prest.



Ikastetxe elebidun publikoetan eta eskola giristinoetan euskara sartzeak murriztu al du ikastolek zekarten indarra?

Ez dut uste, benetan ez dut uste.



Baina ikastoletan iritsi zen momentu bat ez zutela igoerarik izan.

Bai, baina arrazoia ez zen hori izan, euskararen aurka egindako kanpaina baizik. Hori izan da kaltegarria.

Hasieran bai, gure aurkako desmartxa zela pentsatu genuen, batez ere eskola publikoaren kasuan. Baina erran behar da hor sartu diren irakasleak kontzientziatuta sartu direla. Nik batzuk ezagutzen ditut eta nahi dute eta borondatea dute euskararen alde lan egiteko. Erakutsi nahi diete haurrei euskara ez dela eskolan soilik, baita kalean ere. Haiek egiten duten indarra garrantzitsua da eta alde horretatik positiboa da.

Ari dira erraten ez dela aski egiten dutena, gehiago egin nahi lukete, eta hori ona da euskararentzat. Nahiz eta ez izan aski, hori elebakarrari kendua da. Gure etsaia elebakarra da. B eredua ez da gure etsaia, euskararen alde da nahitanahiez, ez da aski, baina pauso bat da. Hortik aterako direnak D D eredua eskatuko dute beren haurrentzat.



Gizartean nabaritzen al da elebitasun horren aldeko jarrera?

Bai. Adibidez, Sarako eskola publikoan iaz ez zen haur bat bera ere matrikulatu A ereduan. Urruñan orain dela 3 urte ireki zen ikastola eta ondotik eskola publikoan gela elebidunak ireki dituzte. Aurten eskola publiko horretako haur kopurua eredu elebidunaren eta elebakararren artean erdibanatua dago. Denbora gutxian aldatu egin da egoera, eta hori, nahitanahiez gure eraginagatik da.



Seaskako ikastolak erreferentzia direnaren seinale.

Bai, gure lana ez da soilik haurrak elebidun onak ateratzea, motorra edo akuilua ere bagara. Jendea tiratzen dugu eta hori ere oso garrantzitsua da. Iparraldeko euskalgintzaren mugimenduan Seaska ikur ukaezina da, mugimendu gehienak Seaskatik sortu baitira.



Seaskaren ibilbidean 1994ko estatutua mugatzat jartzen duzu. Horrek zer esan nahi du, 1994ra arte barrura eta kanpora begira egiten zenutela lan eta 94tik aurrera barruko antolaketara begira jarri zinetela gehiago?

1994ko estatutuaren ondotik ikastolak autonomoago bilakatu dira beren funtzionamenduan. Orduan, gutxiago sentitu da Seaska, jendea pixkat urrundu egin da federaziotik. Horregatik, iaz bezala, aurten ere saiatu nahi dut Seaskako guraso berri guztiak biltzen eta esplikatzen zer den Seaska, zer den jokoan, azken finean.



Baina ez al da ona ikastola bakoitzak bere autonomia izatea bere antolaketarako?

Ez da txarra, baina ikastola batetik bestera ez dago desberdintasun handirik. Irakasleak administrazioak ordaintzen ditu zuzenean, ez ikastetxeen bidez, eta Seaskak kudeatzen ditu. Seaskari ematen dizkio eta berak egiten du antolaketa.



Hezkuntza Proiektua ikastola bakoitzak ala Seaskak ezartzen du?

Ikastola bakoitzak bere Eskola Proiektua du, baina Hezkuntza Proiektua Seaskarena da. Pedagogia Seaskaren ardura da, gure estatutuetan horrela idatzia da.