Historiako zertzeladak: Libe Goñi, Seaskako lehen irakaslea

2002-03-01
1969. Urte horretan sortu zen Seaska, Iparraldeko Ikastolen Elkartea. Bi haur eta irakasle bateko ikastola izan zen lehenengoa, Arandia-Nobliatarren etxean kokatu zena. Lehen andereño hura Libe Goñi izan zen eta oraindik ere Seaskan jarraitzen du, Angeluko ikastolan, hain zuzen ere.


Lehendabiziko urte haietako kontuak eta bizipenak ahaztu gabe gordetzen ditu, eta gogoz kontatu dizkigu.
 
 
Lehenengo ikastolaren sorrera


Orain dela 33 urte sortu zen Seaska Baiona ttipiko Cordeliers karrikako etxe batean. Hura izan zen Iparraldeko lehen ikastola. Han bizi zen Argitxu Nobliak bere bi haurrek euskaraz ikas zezaten nahi zuen. Hala, bere senarra Lazaro Arandia Libe Goñirekin jarri zen harremanetan. Jaiotzez lazkaotarra zen irakasle hura Hegoaldetik alde egin eta Donibane Lohitzunera iritsi berria zen. "Lazaro Arandiari Donibane Lohitzunera andereño bat iritsi zela esan zioten. Nik Parisera frantsesa ikastera joateko asmoa neukan eta trena hartzera nindoan egun berean deitu egin zidan. Bere etxera joateko eskatu zidan, bere emaztea nere beharrean zegoela eta. Ikastola bat muntatu nahi zuen bere bi semeekin, ez baitzuen frantsesez ikas zezaten nahi. Baiezkoa eman nion eta han hasi zen Seaska".


Pixkanaka guraso gehiago ere animatu ziren eta euren seme-alabak ikastolara bidaltzen hasi ziren. Leku egokiago bat topatu beharrean aurkitu ziren, eta horrela, Enbatako kideek Baionan zuten lokal bat utzi zieten. "Hala ere, apartamentu txiki bat zen, ez oso aproposa haurrentzat" gogoratzen du Libek. "Tarte horretan, Garat familia sartu zen ikastolan, eta haien bitartez jakin ahal izan genuen Arrangoitzen markesa gazteentzako etxe bat eraikitzen ari zela. Printzipioz asteburutan soilik erabiltzeko asmoa zuten eta astegunetan libre geldituko zen. Horrenbestez, gaztetxe hartara joan ginen". Hala ere, eraikuntza amaitu bitartean Miarritzen egon ziren lau hilabetez. Azkenik, 1970. urtean, Arrangoitzera joan ziren eta hango ikastolaren ateak ireki ziren Baiona, Arrangoitz eta Arbonako hamabi haurrekin.





Seaska elkartea osatzeko urratsak


Libe Goñik gogorarazten digu 6 urtera arte haurrak ez zeudela eskolara joatera behartuta. "Orduan, 6 urtera arte gurasoek haurrak ikastolara ekar zitzaketen. Hala ere, hemengo jende gehiena pozik zegoen eskola frantsesarekin, ez zen bestaldean gertatzen zena pasatzen. Oso egoera ezberdinak ziren".


Arazoa 6 urtetik aurrerako haurrekin sortzen zen. Izan ere, ikastola ez zegoen legalizatua eta ondorioz gurasoak penalizatuak izan zitezkeen. Horregatik, 1969an bertan, apirilaren 30ean, Seaska elkarte bezala deklaratua izan zen. "Ni izan nintzen elkartearen lehen langilea, eta idazkari bezala izendatu ninduten. Ezen, andereño bezala izendatua izateko titulu frantsesa behar nuen eta nik espainola nuen" gogoratzen du Libek.


Legeztatzeak ikastolentzat aurrerapauso garrantzitsua ekarri zuen. Eta ondoren, kurtso berriak sortzeko beharrak ikastolen nahiz Seaskaren hedapena eragin zuen. Pixkanaka-pixkanaka haur kopurua haziz joan zen heinean, irakasleak ere gehiago ziren. "Jone Forkada, Marikita Tanburin, Amaia Aseginolaza eta abar hasi ginen eta han-hemenka banaturik hainbat ikastola ireki ziren". Libe andereñoa 10 urtetan jardun zen Arrangoitzeko ikastolan. Gero Baionako erdialdeko ikastolara igaro zen eta ondoren Polo auzoko ikastolara. Handik berriz Arrangoitzera itzuli zen eta 1992ra arte egon zen bertan. Geroztik Baionako Oihana ikastolan egon zen eta ikasturte honetan Angeluko ikastolan da. 20 haurreko ikastola ttipi eta alaia da Angelukoa eta Ama Eskolako haurrak bertatzen dira.


Iparraldeko ikastolen suspertzean ezin da ahaztu elizak eman duen laguntza. "Hasi ginen pixka bat elizak lagunduta, bestaldean bezala. Horrez gain, Azkaineko auzapeza herriko etxeko kontuetatik %1, 2 edo 5 ikastolarako ematen hasi zen, eta hori beste urrats bat izan zen, ordura arte gurasoak baitziren dirua jartzen zutenak". Lehendabiziko guraso haiek benetan euskaldun sentitzen zirela dio Libek, "euren seme-alabak euskaldun sentitzea eta euskal munduan murgiltzea bilatzen zuten ikastolaren bitartez. Euskaldun izateaz erabat harro zeuden, hau da, euskaraz pentsatu nahiz sentitzen zuten eta euren nortasunaren parte garrantzitsutzat zuten geure hizkuntza den euskara. Egun, aldiz, sentimendu horrek ez du hainbesteko indarrik, eta zenbait kasutan bigarren hizkuntza ikastea da gurasoen helburua".





Ikastolan eta kalean


70eko hamarkadan ez zegoen euskarazko material handirik, eta zegoen gutxia Hegoaldetik, Donostiatik hain zuzen ere, ekarritakoa zen. "Ni Donostiako Gordailu argitaletxera joaten nintzen eta euskarazko material gehiena handik ekartzen nituen" dio Libek. "Horrez gain, udan han-hemenka egiten ziren ikastaldietara joan ohi nintzen. Bilkura haiek ikasteko, gure artean ezagutzeko eta elkarri egiten genuenaren berri emateko balio zuten".


Hala ere, haurrak hezteko garaian, testu liburuak ez ziren beste baliabide asko erabiltzen zituzten, hala nola, jolasak, kantuak eta kontakizunak. "Garai hartan ez genuen ia materialik erabiltzen, eta beharbada, ez genuen beharrik ere ikusten. Karmele Esnalek ere urte askotan zehar, besteak beste, bere ahotsarekin, bere eskuekin eta bere kantuekin egin zuen lan".


Euskararen lanketa ez zen lau hormetara soilik mugatzen, aitzitik, euskara eta euskal kulturarenganako maitasun sentimendua herri osoan suspertzen saiatzen ziren. Horren adierazle garbia dugu Olentzerorekin lehenengo aldiz atera zireneko unea. Liberen ahaleginaren eta lanaren fruitua izan zen, ordura arte Iparraldean Olentzeroaren irudia erabat ezezaguna baitzen. "Hemen Papa Noel eta Jesus haurrak ekartzen zituzten opariak. Orduan, gurasoei deitu eta Olentzeroren berri ematea erabaki nuen. Mutiko bat Olentzeroz jantzi, txistua atera eta plazara atera ginen. Arrangoitzeko herria biziki eremu zabala zen, eta abenduko asteburu bakoitzean auzo batera joaten ginen Olentzerorekin. Etxean Papa Noelek ekartzen zizkien opariak, baina ikastolan Olentzerok".





Ikastolen eta euskararen egoera Iparraldean


Urte hauetako ibilbideari eta etorkizunari begira jarrita, Libek badu zeresanik. Bere ustez Seaskaren politika edo jokamoldeak eragin zuzena eduki du ikasle kopuruan, baina ez onerako. "Manifestaldiak egin dira ezker eta eskuin, baina hemengo jendea oso kontserbadorea da. Beste jokamolde batzuk erabili izan balira, nik uste dut gaur egun ikastoletan izan behar zirela ez 1.200 haur, baizik eta gutxienez 5.000. Badira guraso batzuk betiko galdu ditugunak".


Herriko etxeen konpromiso faltak ere ikastolen bizia baldintzatzen duela dio Libek. "Benetako borondatea behar da herriko etxeen aldetik, eta benetan euskara salbu izateko neurriak hartu behar dituzte. Ezin dugu beti eskean ibili eskaleak bagina bezala. Hemengo euskaldun anitzek ez badituzte ikasketak egiten, ez badituzte kargu politikoak eta goiko karguak hartzen, dena frantsesen eskuetan geldituko da, beti bezala". Hala ere, gauzak aldatzen ari dira, hori ezin da ukatu. "Oroitzen naiz Andoaingo ikastolan nintzela auto-stop egin eta sekula santan ez genuela esaten ikastolan lan egiten genuenik. Gaur egun, ordea, trankil-trankil esan dezakegu ikastola batean lan egiten dugula".


Euskararen egoeraz galdetuta, Liberen iritziz Euskal Herriak gaur egun bizi duen egoera lotsagarria eta mingarria da. Horrenbeste urtetan zehar euskararen alde borrokatu ondoren, gaur egun haurren artean erdara (frantsesa eta gaztelania) da nagusi, euskararen erabilera klase orduetara murrizten delarik kasu gehienetan. "Hemen ez dago hizkuntza kontzientziarik, espainolez edo frantsesez aritzen gara askotan eta hori ezin dut onartu. Nik ez dakit zer egin, baina errealitatea ulertzea nahiko gogorra zait, ikusiz gu zigortuak ginela euskaraz hitz egiteagatik".


Ikusitakoak ikusita, guztiz goraipatu beharra dago Libe Goñik nahiz garai hartako beste irakasle eta guraso askok euskararen alde eta berau suspertzeko asmoz buruturiko lana. Ekarpen hori gabe ez baitakigu gaur egun nola egongo zatekeen gure euskara.•