SAN JOSE ikastetxea; Donostia: urte osoan ateak zabalik

2002-03-01
"Sartu beldurrik gabe" horixe diote Donostiako Prim kalean dagoen San Jose ikastetxean. Urte osoan ateak zabalik dituen ikastetxea dela esan nahi du horrek, hots, azaroan, urtarrilean edota apirilean datorren ikasleari ez zaiola oztoporik jartzen gelara sartu eta beste ikaskideekin batera jarduteko. Hori da Karitateko Alaben konpainiaren eskuetan dagoen ikastetxe honen ezaugarrietako bat; eta beste bat, ikasleen gehiengoa etorkinak izatea da.
 
 
Azken urteotan, duela 100 urte inguru sortu zen ikastetxe honen ikasle kopurua asko jaitsi bada ere, aurten 130 ikasle ditu, eta ia gehienak etorkinak dira: kolonbiarrak, perutarrak, errusiarrak, bulgariarrak, txinatarrak, portugesak... 22 nazio desberdinetako haurrak daude. Beste edozein eskolatako kopurua baino askoz handiagoa da, eta horren arrazoietako bat urte osoan ateak zabalik edukitzea da. Rosario Irigoien zuzendariak dioenez "ikasle bat edo gehiago ikasturtea hasi ondoren hartzeak dinamika eta programazioa aldarazten ditu, eta nola ez, lana ugaritzen du. Guk, ordea, hautu hori egin dugu. Gabonetako oporren ondoren 20 ikasle gehiago etorri ziren, eta egun hauetan beste hiru".

Ikasleak eskolako dinamikan ondo integratzen direla dio Irigoienek, "giro gizatiarra topatzen baitute. Errumaniarrek edo txinatarrek oso irakasle gogorrak eta zorrotzak zituztela esan ohi dute eta irakasle-ikasle arteko harremana ere oso gogorra zela. Diziplina oso zorrotzean ohituta etortzen dira, eta hemen berehala konturatzen dira lagundu egingo zaiela". Jasotako diziplina zorrotzaren ondorioz, jolasten ez dakiten haurrak direla dio zuzendari honek: "Ez dira inoiz jolastu, ez dakite zer den jolastea, eta hemen ikasten dute".

Ez dute, ordea, jolasten soilik ikasten, noski. Lehen Hezkuntzako ziklo osoa bukatu arte ikasketak bertan egiteko aukera dute. Eskolaurreko mailetan euskaraz aritzen dira, baina Lehen Hezkuntzan B ereduan jarraitzen dute. Irigoien zuzendariak aitortu duenez, "B eredua da, baina galdera ikurra duen B eredua. Izan ere, eskolaurretik datozenek ez dute inolako zailtasunik eredu horretan jarraitzeko. Baina geroago sartzen direnek bai. Beren herrialdetik etorri berriek ez dakite euskaraz, eta ez dira gai B ereduan ikasteko. Batzuek gaztelaniarik ere ez dakite". Beraz, horiek denak nahasten dira gelan: alde batetik, eskolaurrean eskola horretan bertan ibili direnak, euskaraz badakitenak eta B eredua jarraitzen dutenak; eta bestetik, eskolara geroago etorri direnak eta euskaraz ez dakitenak.

Gaztelania jakin gabe iristen diren ikasleei hizkuntza hori irakasten zaie. "Aparte hartzen dira eta gaztelania irakasten zaie. Ez dugu itzultzailerik gure artean, eta gu gerok moldatzen eta arduratzen gara. Zenbait kasutan, udan osoan goizero aritzen gara irakasten. Momentu honetan 6. mailan dagoen errumaniar bat 3. mailan sartu zen, eta orain oso ondo hitz egiten du gaztelaniaz, euskaraz badaki, eta noski, errumaniera mantendu du".

Ikasleen arteko harremana oso ona dela dio Irigoienek, eta herri desberdinen arteko lotura estua dela. "Neska-mutilak elkartasunean hezten dira eta elkar maite dute, ez dago bazterketarik eta gatazkarik beraien artean".

Hainbat herrialdetako ikasleak elkartzen direla kontuan hartuta, bakoitzaren jatorria eta kultura zaintzeaz arduratzen dira. Garrantzitsutzat jotzen dute kultura guztiak nahastea eta denek denak ezagutzea eta bizitzea. Horrela, Gabonetan denek abesten dituzte Euskal Herriko gabon abestiak, guztiek dantzatzen dituzte Kolonbiako dantzak eta abar.

Ikasleen arteko harremana lantzeaz gain, familiarekin eta gizartearekin ere lotura mantentzen dute San Jose ikastetxean. Ez da beste ikastetxeetan sortzen den moduko harremana. Nolabait esateko, familien eta gizartearen arteko zubi lana egiten du ikastetxeak hainbat kasutan. Izan ere, guraso asko lan bila aritzen dira eta ikastetxeak horretan laguntzen die. Era berean, Donostiako jendeak eta taldeek badakite lan egin nahi duen jendea topatzeko ikastetxe horretara jo dezaketela.



Doakotasuna

Ikastetxe honetara joaten diren haurrek ez dute ezer ordaintzen, ez jangelarik, ez testu libururik, ez ezer. Eskola-asegurua baino ez dute pagatzen, eta hori ere ez denek, ikastetxeak % 60-70ena ordaintzen baitu. Gauzak horrela, haur guztientzako bekak eskatzen dituzte eta ia denentzat ematen diete. Laguntza horrekin testu liburuak eta jangelako gastuen zati bat ordaintzen dute. "Horrez gain, Elikagaien Bankuak eta Gurutze Gorriak janaria ematen digute, eta hori ordaindu beharrik ez dugu izaten", erantsi du Irigoienek. Berak emandako datuen arabera, 130 ikasletatik seik baino ez dute ordaintzen jangela, eta horiek ere ez beti.



Etorkinentzako irtenbide egokiaren bila

San Jose ikastetxean pilatzen diren etorkinak asko dira, eta badirudi beraientzako eskola dela, ez bertakoentzako. Horrek ghetto bilakatzeko arriskua sor dezake, baina ikastetxeko zuzendariak ez du horrela ikusten. "Badira hori esan dutenak, baina nik ez dut uste hala denik. Nahi duen ororentzat irekita dago, baita donostiarrentzat ere. Eta izatez, ikasle ohien seme-alabak badaude hemen. Dena den, egia da beste eskola bat ordain dezakeenak ez duela hona ekartzen bere semea edo alaba. Baina esan dudan bezala, ikastetxea denei irekita dago".

Etorkinek eskola honetan sartzeko beste batzuetan baino erraztasun handiagoak topatzen dituzte: ez dute ezer ordaindu behar, ateak zabalik dituzte ikasturte osoan, euskara mailarik ez dute eskatzen...

Beste eskoletara joateari ez dio gaizki irizten Irigoienek, baina haien funtzionamendua oztopatuko lukeela ikusten du. "Ikuskariak esan izan digu beste eskolei arazo bat kentzen diegula, ikasle horiek aurrez ezarrita daukaten funtzionamendua oztopatuko bailukete. Azken finean, lana eta kezkak areagotzen ditu, ez dago dudarik". Hala ere, neska-mutil jatorrak, ondo hezitakoak eta atseginak direla dio, eta arazorik ez dutela sortzen. •