Koldo Mitxelena zinema kritikaria

2002-03-01
Gai honetan zinema munduan murgildu gara Bilboko Elorrieta-Erreka Mari institutuko Seve Sanchez irakasleak 1. BBBko ikasleekin landutako proiektua dela medio. Zinema kritikak egiten ikasi dute ikasleek, edo zehatzago, ikusle kritikoak izaten. Horretarako, Koldo Mitxelena hizkuntzariak eta idazleak idatzitako zinema kritikak izan dituzte bide erakusle. Modu horretan, esperientzia honekin gauza bi lortu dituzte: zinema kritikak egiteko gai izatea eta Koldo Mitxelena zinema kritikaria ezagutzea.
 
 
Hizkuntza arrazoiak zirela-eta, Mitxelenaren Idazlan hautatuak liburua irakurri nuen aspaldian. Bertan, zinema kritika batzuekin topo egitea, zalantzarik gabe, ustekabe atsegina da zinemazale euskaldunontzat. Une hartatik bertatik pentsatu izan dut kritika haiek aukera asko ematen zutela bai ikerketarako eta bai lanerako. Ibaizabal argitaletxearen Euskara eta literatura. 1. DBHO liburuaren egileek argudio testua azaltzerakoan Mitxelenaren Animal Farm filmaren kritika sartzean, bidea erraztu didate nire aspaldiko asmoa burutu ahal izateko; hau da, Koldo Mitxelena zinema kritikariarengana hurbiltzea.



Helburuak

Hiru dira esperientzia honekin lortu nahi izan ditudan helbururik behinenak: a) argudio testuak landu eta ekoiztea; b) zinema kritikak baloratu eta egitea; eta c) Koldo Mitxelena bera ezagutzea.

Argi dago OCDak agintzen dituen helburu kontzeptualak, prozedurazkoak eta jarrerazkoak jorratuko direla esperientzian.



Esperientziaren garapena

Goian ikusi ahal denez, esperientzia batxilergoko lehen mailako ikasleekin burutu da.

Jarraian, erabilitako prozedura urratsez urrats deskribatuko dugu. Irakurketa errazteko, itzalpean jarrita doa ikasleei emandako materiala.



1. Aurretiko lana edo aurkezpena

Lehen urrats honen helburuak ikasleak gaian murgiltzea eta gaiari buruz uste baino gehiago zekitela erakustea izan dira; edo beste era batera esanda, hasierako ebaluazioa gauzatzea.

Horretarako, hurrengo galde zerrenda banatu nien:



Zer da zinema kritika?

Galdera horri bost erantzun baino gehiago ez dizkiozu eman behar; beraz, aukeratu bost ideiarik garrantzitsuenak eta idatzi bost esalditan.

Ezer bururatzen ez bazaizue, jarraian ideiak edo elementuak aurkitzen laguntzeko beste galdera batzuk doazkizue: nolakoa izan behar du zinema kritikak? Luzera? Zer esan behar da zinema kritika batean? Zer ez da esan behar? Zein zinema alderdi jarriko dituzu kritikan? Zeri buruzko informazioa eman behar du?



Erantzun guztiak jaso eta gero, laburtzeko eta sailkatzeko lanari ekin nion, lehenengo urrats horren bigarren zatia betetzeko asmoz. Horrelaxe itzuli nizkien ikasleei beraiek agertutako zinema kritikaren definizioa eta alderdiak. Ikus ditzagun:



Hauexek dira ikasleen erantzunak, laburtuta eta sailkatuta:

1. Zinema kritikak objektiboa izan behar du, zintzoa eta objektiboa. Ez da iritzi pertsonala eman behar. Iritzi pertsonala esan behar da.

2. Zinemaren ezaugarriei buruz asko jakin behar du kritikariak.

3. Kritikak ez du oso luzea izan behar; ezta oso laburra ere.

4. Filma nolakoa den esan behar da. Ona edo txarra den, baina argudioak emanez.

5. Filmaren alde guztiak ondo ikusi behar dira: gaia, argumentua, pertsonaiak, gidoia eta gidoilariaren lana, ekoizlearen lana, antzezleen lana, musika eta soinu efektuak, efektu bereziak eta abar.

6. Beste film asko ikusi behar dira, konparazioak egiteko.

7. Ezin da filmaren amaiera jarri.

8. Filma nori zuzenduta dagoen esan behar da.

9. Filma gustukoa izan den edo ez esan behar da, zergatik ikusi behar den eta zergatik ez.

10. Filmaren balorazio orokorra: zinema kritikak film bat hautatzeko balio behar du.



Egun berean, adituentzat zinema kritika zer den azaltzen zuten orrialde batzuk ere eman nizkien, alde batetik, eurek egindakoarekin konparazioak egin ahal izateko, eta bestetik, zinema kritikaz gehiago ikas zezaten. Hona hemen banatutako testua:



ZINEMA KRITIKA

Jarraian doazen oharrak Film Art. An Introduction liburutik hartuta daude. Liburu horrek badu gaztelaniazko itzulpena: DAVID BORDWELL eta KRISTIN THOMPSON (1995) El Arte cinematográfico. Una introducción , Bartzelona, Paidós.



Zinema kritika: sarrera

Film bat ulertu nahi duen edozein pertsona kritikoa edo kritikaria dela esan daiteke. Ikusitako filmaz eztabaidan diharduen edonor zinema kritika egiten ari da.

Zinema teknikak ezagutzeaz gain, filmak aztertzeko biderik eraginkorrenak beste kritikarien lanak irakurtzea eta filmak kritikoki ikustea dira.

Filma aztertzerakoan, kritikariak beti izaten du gogoan xede edo helburu bat: filmaren alderdiren bat ulertzea, zergatik gustatu zaion esatea edo irakurleak filma ikustera joan daitezen konbentzitzea.

Helburuak hainbat izanik film osoa aztertzea zein azaltzea ia ezinezkotzat jo dezakegu . Horregatik, kritikek ez dute inoiz filma agortzen eta beti alderdi batzuk aztertzeke geratzen dira. Horrela, film bakar bati buruz liburu bat baino gehiago dago idatzita.

Filmak desberdinak badira -esate baterako, zinemaren generoak gero eta ugariagoak dira-, kritika ereduak ere askotarikoak izango ditugu.



Filmaren kritika

Ikus ditzagun orain film baten kritikare prestakuntza, antolakuntza eta idazketa .



Prestakuntza edo aurretiko lana

Edozein testuk bezala, filmaren kritikak ere aurretiko lana eskatzen du.

Lehendabizi, testua argudiozkoa izango dela esan behar da. Film bati buruz gure iritzia emango dugu eta iritzi hori argudioen bidez defendatzen ahaleginduko gara.

Prozesuaren lehen urratsa filmari buruz zer esan nahi dugun pentsatzea da. Hausnartzean galdera batzuk egingo dizkiogu geure buruari: zein da filmaren alderdirik interesgarriena? Zer ikasi ahal dugu zinemagintzaren aldetik? Eragin berezirik izango al du ikuslearengan? Zein dira filmaren esanahirik garrantzitsuenak?

Galdera horiei emandako erantzunetatik aterako dugu gure azterketare tesia . Eta, zalantzarik gabe, gure tesiaren arrazoibideak argiagoak eta sendoagoak izango dira, aurretiko lana ondo burutuz gero.

Tesia hautatuta, filmaren antolaketa ezagututa eta gure asmoetarako nabariak diren teknikei buruzko oharrak hartuta prest geundeke gure kritika eratzeko .



Antolakuntza eta idazketa

Orokorrean hauxe d argudio testuaren oinarrizko egitura :

Sarrera : aurretiko informazioa, tesiaren aurkezpena.

Gorputza : tesia sinetsarazteko arrazoibideak; tesiari laguntzeko datuak eta adibideak.

Ondorioa : tesiaren baieztapena eta bere kokapena eztabaida orokorragoan.

Edozein idazlanen oinarri-oinarrizko osagaia paragrafoa dela eduki behar dugu beti gogoan. Horrela, sarreran gutxienez paragrafo bat erabiliko dugu, gorputzean batzuk -beharrezkoak balira, noski- eta ondorioan bat edo bi.

Tesia sinetsarazteko testuaren gorputzak arrazoi edo argudio batzuk aurkeztu behar ditu, beti adibidez eta probez hornituta. Ez litzateke ideia txarra izango hasieran gure arrazoien zerrenda osatzea eta mailakatzea.

Gero, ohikoa da tesia justifikatzeko erabilitako arrazoi bakoitza paragrafo batean garatzea.

Argudioak defendatzeko adibideak atera ditzakegu filmetik bertatik, edozein alderditatik, hala nola: argazkitik, muntaiatik, soinutik, eszenaratzetik... Beste taktika bat filma beste batekin alderatzea litzateke. Batzuetan, berriz, eszena bakan baten azterketa sakona egitea ondo legoke. Estrategia asko ditugu, baina gure irudimenaren, ezagutzaren eta trebetasunaren menpe dago tesia ondo arrazoitzea.

Ondorioa edo testuare amaiera funtsezkoa da . Bertan tesia baieztatu egiten da eta irakurleari kontuan hartu beharreko arrazoibideak gogorarazten zaizkio. Garrantzitsua da amaiera bizia lortzea. Une horretan aipamenen bat bikain etorri ohi da.



Eranskina: zinemaren lanbideak

Michel Chion-ek Le Cinéma et ses métiers liburu interesgarrian -gaztelaniaz, El cine y sus oficios , Cátedra, 1992- zinemagintzako lanbideak aurkezten eta aztertzen ditu maisuki. Ondokoak lirateke film baten gauzatzean aurkitu ahal ditugun pertsona eta ogibide batzuk: ekoizlea, zuzendaria, gidoigilea, antzezleak, dekoratzailea, argazkiaren zuzendaria, soinuaren ingeniaria, efektu berezien arduraduna, muntatzailea, musikaria...





2. Koldo Mitxelenak egindako zinema kritiken azterketa

Jarraitu baino lehen ohar bat egitea gustatuko litzaidake. Hurrengo testuek eta azterketek ez dituzte Mitxelenaren kritikek ematen dituzten aukerak agortzen. Are gehiago, gure ustez egin gabekoa handiagoa da esandakoa baino.

Mitxelenak egindako zinema kritika guztiak Koldo Mitxelena: Euskal idazlan guztiak I liburuan (Patxi Altunak prestatua. Klasikoak. Euskal Editoreen Elkartea. 1988) aurki daitezke. Gure lanaren aipamen guztiek horri egiten diote erreferentzia.

1954-1964 urteen artean Mitxelenak kritika asko egin zituenez, behartuta geunden gure esperientziarako batzuk aukeratzera. Hautaketa egiteko irizpidea garbi dago edozein zinemazalerentzat: lau film hauek zinemaren historia guztietan agertzen dira; baita zinemari buruzko edozein testutan ere. Zinema arloan oraindik ere noizean behin film onenen zerrendak argitaratzen dira. Bada, zerrenda guztietan agertzen dira aztertuko ditugun lau filmak.

Lauak, goian esan dugun bezala, film onak dira eta halaxe ikusi zituen Mitxelenak bere garaian; horregatik, kritikak ere positiboak izango dira, filmen aldekoak.





Koldo Mitxelenak egindako zinema kritiken azterketa

Erantzun galdera hauei:

Orokorrak, film guztiei buruz:

1. Atera Mitxelenak erabilitako hiztegi teknikoa edo zinema hiztegia.

2. Zein da Mitxelenaren xedea edo helburua zinema kritikak egiten dituenean?

3. Aipatu Mitxelenak aztertzen dituen filmaren alderdiak.

4. Esan zein diren Mitxelenak zinema kritiketan egindako aipamenak:

(a) Zinemarekin lotutako aipamenak:

(b) Gainerako kultur erreferentziak:

Film bakoitzari buruz egiteko:

CITY LIGHTS (HIRIKO ARGIAK), 1931, Charlie Chaplin (1889-1977)

RASHOMON, 1950, Akira Kurosawa (1910-1998)

LA STRADA, 1954, Federico Fellini (1920-1993)

ZAZPIGARREN ZIGILUA, 1956, Ingmar Bergman (1918)



1. Zein da tesia edo tesiak, bat baino gehiago balira?

(a) Tesiaren aurkezpena.

(b) Tesia sinetsarazteko arrazoibideak.

(c) Tesiaren baieztapena eta ondorioa.

Ondorio orokorrak: esan zinema kritikari lanean Mitxelenak zein berezitasun zituen





Kritiken azterketa egiteko galde zerrenda hori banatu nien ikasleei. Galderak nire ustez asko eta zabalak zirenez, banan-banan egiteko esan nien. Astean erantzun bat edo bi egin behar ziren. Dena den, beti prozedura bera jarraitu genuen. Ikasleek lana ekartzen zidaten egun berean nik neurea eskaintzen nien, eurei egindako galdera guztiei neuk ere erantzun bainien. Hortaz, orain doazen azterketak nireak dira. Filmaren atzean hitza zenbat aldiz agertzen den ikus daiteke. Gero, amaieran, ikasleek egindako ekarpenak jarriko ditut.





Atera Mitxelenak erabilitako hiztegi teknikoa edo zinema hiztegia:

Antzezlari La Strada, 1.

Argi-oihal City Lights, 1.

Arte City Lights, 1; Zazpigarren

Zigilua, 1.

Arte gai Zazpigarren Zigilua, 1.

Arte-lan City Lights, 1.

Egile Zazpigarren Zigilua, 1.

Film City Lights, 4; Rashomon, 1; La Strada, 3; Zazpigarren Zigilua, 4.

Gai Zazpigarren Zigilua, 2.

Ikuskari Zazpigarren Zigilua, 1.

Ikuskizun Zazpigarren Zigilua, 1.

Ikusle Zazpigarren Zigilua, 2.

Irudi City Lights, 2; Zazpigarren

Zigilua, 1.

Irudipen City Lights, 1.

Istorio La Strada, 1.

Kolore City Lights, 1; Rashomon, 1.

Mintzabide Zazpigarren Zigilua, 1.

Pelikula City Lights, 1.

Saio Zazpigarren Zigilua, 1.

Soinu City Lights, 1.

Zeluloide City Lights, 1.

Zinema City Lights, 2; Rashomon, 1; La Strada, 1; Zazpigarren Zigilua, 3





Aipatzekoak dira, nire ustez,"zinema" eta"film" hitzak. "Zine" hitza ez du erabili eta "pelikula" behin bakarrik. Hori kontuan hartuta, neuk ere Mitxelenak bezala, "zinema" eta "film" hitzak soilik erabiliko ditut.



2. Zein da Mitxelenaren xedea edo helburua zinema kritikak egiten dituenean?

Lau kritika hauek aztertuta, esan behar dugu ez dugula nahiko argibiderik aurkitu galderari behin betiko erantzuna emateko.

Dena den, zerbait esatera ausartuko gara. Honela, gure ustez, lehendabizi, kritikak edo iruzkinak zinemazalea zelako egiten zituen; hau da, Koldo Mitxelenak zinema biziki atsegin zuelako. Esate baterako, Ingmar Bergman-en filmaren kritikaren hasieran hauxe dio: "ia arrastaka eraman nindutela". Ez zegoen ziur filma gustukoa zuenik. Eta jarraian: "baina zorionez eraman ninduten". Argi dago zinema aretoetara "ondo pasatzera" joaten zela, eta gainera, izugarri gozatzen zuela film on baten aurrean. Gogoratu La Stradaren kritika: "azkeneko zenbait urtez ikusi ditudan filmetan onena". Ogibidez kritikaria izan balitz, agian "behartuta" joango zatekeen, baina inolaz ere ez "arrastaka".

Aztertzen dituen filmen alderdietan ere zaletasunagatik egiten zituela ikus daiteke. Ia kritika guztietan gaia, argumentua edota istorioa aztertzen ditu. Edukian jartzen du arreta bereziki. Zinema bera eta zinema kritikaria lanbide izan balitu, gainerako alderdiei -zuzendaritza teknikei, adibidez- bestelako garrantzia emango ziekeen.

Laburtzeko, esan dezakegu Mitxelenaren helburua euskaraz atsegin zuen gai bati buruz, zinemaz, hain zuzen ere, idaztea zela, libreki, gogoz eta atseginez, irakurleei bere iritzia helarazteko.





Galdera hori toki honetan jartzea zalantza handikoa izan da. Alde batetik, kritiken irakurketa orokorra bultzatu nahi nuen; baina bestalde, zailegia iruditzen zitzaidan hasieran Mitxelenaren xedeaz galdetzea.



Filmaren ondoko zenbakiak "aipamena" dagoen paragrafoa adierazten du. Erreferentziak errazago bideratzearren, kritiken paragrafoak zenbatu egin ditugu.

Hurrengo galdera erantzuteko, aipamen bakoitzari buruz lerro bat baino gehiago ez idazteko azpimarratu nien ikasleei, helburua, azken batean, lan bat egiterakoan hiztegi entziklopedikoen erabilera beharrezkoa dela erakustea baitzen; baita, jakina, Mitxelena kultura handiko gizona zela ere.





4. Esan zein diren Mitxelenak zinema kritiketan egindako

aipamenak:




(a) Zinemarekin lotutako aipamenak:

CITY LIGHTS

Hollywood : AEBetako Los Angeles hiri ondoan dagoen zinema gunea.

Charlie Chaplin : aktore eta zinema zuzendaria. Londres, 1889-Suitza, 1977.

"The Black Knight" -Zaldun beltza-. Film bat.

"Captain King": Henry King-ek egindako filma, 1953.

"Limelight": Charlie Chaplin-ek egindako filma, 1952.



LA STRADA

Federico Fellini : zinema zuzendari italiarra, 1920-1993.

Anthony Quinn : Ipar Amerikako aktorea. Mexiko, 1915.

Richard Basehart : Ipar Amerikako aktorea. Ohio, 1914- Los Angeles, 1984.

Giulietta Masina : aktore italiarra. Felliniren emaztea.



ZAZPIGARREN ZIGILUA

Ingmar Bergman : zinema eta antzerki zuzendari suediarra. 1918.

Charlie Chaplin : ikusi "City Lights".

Frank Capra : zinema zuzendari estatubatuarra. Palermo, 1897-Kalifornia, 1991.

Federico Fellini : ikusi "La Strada".

Juan Antonio Bardem : zinema zuzendari espainola. Madril, 1922.

Alfred Hitchcock : zinema zuzendari britainiarra. Londres, 1899 - Hollywod, 1980.

"Psicosis" : Hitchcock-en filma, 1960.



(b) Gainerako kultur erreferentziak

CITY LIGHTS

Gregorio Marañón : mediku eta idazle espainola. Madril 1887-1960.

EGAN : RSBAPen buletinaren literatur eranskina. Donostia, 1948. Aldizkari honetan

idatzi zituen Mitxelenak zinema kritikak.



RASHOMON

José Ortega y Gasset : filosofo eta idazle espainola. Madril, 1883-1955.



LA STRADA

Gurutz Ansola : ekonomialaria. Azpeitia, 1924. EGAN aldizkarirako zinema eta

antzerki kritikari gisa lan egin du (1956-62).



ZAZPIGARREN ZIGILUA

Luis de Góngora : poeta espainola. Kordoba, 1561-1627.

James Joyce : idazle irlandarra. Dublin, 1882- Zurich, 1941. "Ulises" 1922.

Nikolas Ormaetxea "Orixe": euskal idazlea. Orexa, 1888- Añorga, 1961.

Blaise Pascal : matematikari, fisikari, filosofo eta idazle frantsesa, 1623-1662.

Biblia , Jainkoa, Familia Santua, Mendiko hitzaldia, Apokalipsia...





Jarraian datorren bosgarren urratsa argudio testua zer den aztertzeko funtsezkoa dugu, funtsezkoena ez esatearren. Galdera benetan esanguratsua denez, ikasleei film bana aukeratzeko eta egiteko esan nien. Dena dela, nik den-denak eman nizkien.

Lanari ekin baino lehenago, argi azaldu nien ondo arrazoituz gero, lan guztiak baliagarriak direla, denek laguntzen baitute zinema kritikak egiten, argudio testuak aztertzen eta Mitxelena ezagutzen.





CITY LIGHTS (HIRIKO ARGIAK), 1931, Charlie Chaplin (1889-1977)



1. Zein da tesia edo tesiak, bat baino gehiago balira?

Antzinako film mutuak ere onak izan daitezkeela.



(a) Tesiaren aurkezpena:

Film honen tesiaren aurkezpena lehenengo bi paragrafoetan ikus dezakegu: "Orain (...) Hollywoodetik ere deus gutxi etortzen zaigu". "Honi eskerrak (...) zeluloide zaharra agertzen zaigu". Ez omen zegoen film berririk; hortaz, aukera ederra "Hiriko argiak" berrikusteko edo gazteagoentzat lehenengo aldiz ikusteko.



(b) Tesia sinetsarazteko arrazoibideak:

Kritikaren hurrengo paragrafoetan tesia zein ondo arrazoitzen duen baieztatu ahal izango dugu.

Berehala zalantza agertzen du: "ea beti aurreraka ibili ote garen" (3. paragrafoa).

Aurrerapenak agerian daude, baina, berez, onak ote dira? Konparazioak egiten ditu eta batzuetan gogorrak benetan: "Gure gurasoek (...) eztanda baten bidez etxe bat desegiten bazuten, guk herri osoa txeha dezakegu". Eta zinemara etorriz: "gure arte-lanak ederragoak ote haienak baino?" (4. paragrafoa).

Bosgarren paragrafoa, nire ustez, Mitxelenak zinema kritika batean idatzitako zatirik bikainena ez bada, ez zaio asko faltako. Izan ere, lerro gutxitan zinemak izan duen garapen teknikoaren laburpen osoa egiten du, eta gainera, umore finez. Irakurri ondoren, aurrerapenek "barregarriak" dirudite. Garbi dago Mitxelenarentzat pantaila "luze-zabalean" handitzea ez dela aurrerapena. Hurrengo paragrafoan "aurrerapen" horien adibide diren bi film aipatzen ditu.



(c) Tesiaren baieztapena eta ondorioa:

Azken bi paragrafoetan tesiaren baieztapena dator: "nola adieraz ote daitezke gauzak hitzik gabe?". Orduan, Chaplinen bi film alderatzen ditu; mutua bata eta mintzatua bestea. Eta azkenean, bigarrenari buruz zera irakur dezakegu: "zerbait gehiegixko du". Zer da? Ezin da argiago esan "hitzik" gabe, Chaplinek bezala.

Gure ondorioa: Mitxelenak ederki azaltzen du zineman aurrerapenak ez daudela pantailaren tamainan edo efektu berezietan, baizik eta, batez ere, gaien edukiak aurkezteko jorratutako zinema hizkuntzan.





RASHOMON, 1950, Akira Kurosawa (1910-1998)



1. Zein da tesia edo tesiak, bat baino gehiago balira?

* Japoniarrek egindako film bikain honetan gizakion kezka filosofikoak eta gizaki guztiok berdinak garela munduan.

* Film on bat egiteko ez da gauza handiren beharrik.

Lehenengo tesiaz arituko gara hasieran, hauxe baita gure ustez tesi nagusia. Egia esan, bigarren tesi gisa jarri duguna lehenegoaren arrazoibide bat baino ez da, azken batean zergatik den film bikaina erakusteko idatzi baitu.



(a) Tesiaren aurkezpena:

Lehenengo paragrafoan, edo, hobeto esanda, lehenengo esaldietan egiten du tesiaren aurkezpena: "Japondarrek ere badute zinema eta, harritzekoa, Ortega y Gaset-en perspektibismoaren argibide polit batekin aurkeztu zaizkigu".



(b) Tesia sinetsarazteko arrazoibideak:

Lehenengo paragrafoan bertan ekiten dio arrazoibideak emateari, egoera lauzpabost lerrotan aurkeztu eta gero, galdera batekin amaituz: "nola gertatu dira gauzak? "Egoerak eta argumentuak berak argi planteatzen dute galdera filosofikoa; "egia" ezagutu ahal da ala nork bere "egia" baino ez? Hori bigarren paragrafoaren azken galderan ikus dezakegu: "Honek berak ere, egi-egia esan ote digu?".

Eta hirugarren paragrafora heldu gara. Nahiz eta galdera filosofikoari erantzunik -ba ote dauka? - ez eman, "basoan gertatuaren berri nahiz ez ongi jakin, zenbait gauza ikasi ditugu horratik, eta ez nolanahikoak". Jarraian dator ikasitakoa: mundu guztian "gizonak era batetsukoak direla", "beste grinez kanpora, nork bere burua goraino jaso eta besterena lurreraino jatxi beharra duela eragile".

Laugarren paragrafoa -guk bigarren tesia bezala jarri duguna- filma ona dela baieztatzeko gaineratu du: gauza handirik gabe -dirurik ote?- film eder bat egin dutela, alegia.



(c) Tesiaren baieztapena eta ondorioa:

Hirugarren paragrafoaren amaieran dagoeneko ikus genezakeen tesiaren baieztapena, hau da, "Japonen eta hemen gizona -eta emakumea- izukaitz baino bildurtiago, prestu baino berekoiago, bihotz-zabal baino zitalago dela, alegia". Tamalez, gizakiaren izaerari buruzko irakaspena ez da oso baikorra.



* Film on bat egiteko ez da gauza handiren beharrik

Kritikaren laugarren paragrafoan Mitxelenaren ustez film on bat egiteko zer behar den ikus dezakegu: "baina "zer" hori ez da dendetan salgai daudenetakoa". Paragrafoa irakurri ondoren, garai haietan, orain bezalaxe, jende asko kexu zela pentsa dezakegu, diru gabe ez zegoela film on bat egiterik esanez. Baina, Mitxelenak dio, gure ustetan, kontua ez dela dirua, "talentua" baizik. Eta adimena landu egin behar da.





LA STRADA, 1954, Federico Fellini (1920-1993)



1. Zein da tesia edo tesiak, bat baino gehiago balira?

Gai arrunta izanda ere, gizatasunari buruzko film on bat egin daitekeela.



(a) Tesiaren aurkezpena:

Lehenengo paragrafoan argi eta garbi inolako itzulingururik gabe egiten du tesiaren aurkezpena: "azkeneko zenbait urtez ikusi ditudan filmetan onena". Bigarren paragrafoan ere tesiaren aurkezpena egiten jarraitzen duela esan dezakegu: "non dagoen film honen indarra. Sorginkeria dirudi. Gaia arrunta du...". Dakusagunez, "filmetan onena" eta "gaia arrunta". Jarraian gai arrunta azaltzen du: pertsonaiak, egoera eta gertakizunak.



(b) Tesia sinetsarazteko arrazoibideak:

Zergatik da ona? Mitxelenaren erantzuna hirugarren paragrafoan dugu: "Gizatasuna dariolako noski, jauregietan adina etxola eta kale-kantoietan aurki daitekeen gizatasuna". Eta gizatasun honen adibidetzat filmaren eszena bat dakarkigu: "Zampano buru eta bihotz-gogorraren itsas ertzeko negarra".



(c) Tesiaren baieztapena eta ondorioa:

Aurreko paragrafoari buruz esandakoaren barnean ere tesiaren baieztapena aurki dezakegu. Baina biribiltzeko, hau da, halako istorio xumea aurrera ateratzeko, behar-beharrezkoa da aktoreen lana: "Personak arruntak eta dohai berezirik gabeak badira, ez direla horrelakoak antzezkariak". Eta izenak aipatuz ematen dio amaiera laugarren eta azken paragrafo honi.





ZAZPIGARREN ZIGILUA, 1956, Ingmar Bergman (1918)



1. Zein da tesia edo tesiak, bat baino gehiago balira?

Film batean gairik goitiarrena -heriotzaren ondokoa- hizkuntza berririk asmatu gabe erakustea.



(a) Tesiaren aurkezpena:

Lehenego bi paragrafoetan luze aritu da Mitxelena tesiaren aurkezpenaz, halako gai garrantzitsuak eskatzen duen moduan. Izan ere, film honen gaia gizakiaren "gairik handienen" artean koka genezake. Zer da, bestela, heriotzaren ondokoa? Mitxelena, beste asko bezala, dudan zegoen halako gaia jorratzen duen filmaren aurrean. Hizkuntza zaila espero omen zuen. Horixe pentsarazten digu literaturaren bi berritzaileen aipamenak: Gongora eta Joyce. Behin bere aurreiritziak azalduz gero, oker zegoela jakinarazi digu berehala: "Ingmar Bergman-ek (...) Ongi dakien eta ongi dakigun hizkuntzan dakarren mandatua, ordea, ohi ez bezalakoa da hagitz". Gaia ere ez omen da ohikoa zineman.



(b) Tesia sinetsarazteko arrazoibideak:

Aurreko kritikekin alderatuta, hauxe da, zalantzarik gabe, luzeena. Hori dela-eta, hurrengo paragrafoetan zehatz-mehatz eta aipamen ugariren bidez behar dituen arrazoibide guztiak eskaintzen dizkigu tesia sinetsarazteko. Paragrafoz paragrafo aztertuko dugu.

3. paragrafoa. Egoera aurkeztu egiten du: Zalduna itsasertzean Heriotzarekin.

4. Heriotzaren aurrean betiko galderak: "Jainkoa, hil ondoko irautea ala ezereza". Orduan erantzunen bila hasiko da zalduna, eta berarekin batera zuzendaria; baita gu ere. "Jainko bila dabilela esan daiteke". Eta hemen bi aipamen: Orixe, euskalduna eta Pascal filosofo frantsesa; biak kezka erlijiosoak zituztenak.

5. Zaldunaren ondoan ezkutaria dugu: "Federik ez du eta ez du fedearen beharrik" . Kontrajarpena, Zaldunaren kezkari indar handiagoa emateko.

6. Beste kontraesan bat, hauxe: Suediatik -munduko ongizate gizarterik aurreratuena- "Jainkoaganako deadar larri hau" etortzea.

7. Gaia aurkeztu eta gero, nola zinemaratuta dagoen aztertzeari ekingo dio: "Gairik goitiarrena ez da ezer zineman ez beste edozein artetan irudi egokietan mamitzen ez bada". Eta erantzuna paragrafoan bertan: "Film honetan ez dago honelako desegokitasunik".

8. eta 9. Berriro filmari buruz dihardu. Filmean sinbolo asko aurkitu ditu eta guztien esanahia ez du garbi ikusi, nahiz eta batzuena bai: "Joxe komeriantea, emaztea eta semea, gure artean dabilen Familia Santuaren errainu bizia". Hainbat sinbolok ez ote du filmaren aberastasuna adierazten? Bederatzigarren paragrafoan zinemaren defentsan esaldi bat irakur daiteke eta aipatu beharrean gaude: "Gezurra dirudi, baina egia da zinemak, hain beheratua eta gaitzetsia izan den mintzabide honek, ez duela, mandaturik zuenean, mandatu bat besterik ekarri, behinolako Mendiko Hitzaldoi hartako mandatua: zorionekoak...".



(c) Tesiaren baieztapena eta ondorioa:

Azken bi paragrafoetan aurkeztu du Mitxelenak ondorioa, Apokalipsiaren aipamena ekarriz: "Zai daude eta zai gaude atea noiz irekiko, atean zer ikusiko...". Baina "Ez dugu atea zabaltzen ikusi. Ezin zezakeen inork erakuts..." Eta betiko galderek galdera izaten jarraituko dute, baina oraingo honetan zinema hizkuntzaren bidez maisuki plazaratuta.







3. Ondorio orokorrak: zinema kritikari lanean Mitxelenak zituen berezitasunak

Ikasleei emandako neure iritziak jarriko ditut.



Ondorio orokorrak: esan zinema kritikari lanean Mitxelenak zein berezitasun zituen

1. Mitxelena kritikari profesionala baino ikusle kritikoa dela esan dezakegu. Halaxe azaldu genuen Mitxelena zinema kritikariaren xedea edo helburuak aztertu genituenean: "Mitxelenaren helburua euskaraz atsegin zuen gai bati buruz, zinemaz, hain zuzen, idaztea zela, libreki, gogoz eta atseginez, irakurleei bere iritzia helarazteko." Eta hauxe da gure asmoa proiektu honekin: zinema kritikak egiten ikastea edo, zehatzago, ikusle kritikoak sortzea.

2. Mitxelenak kritika guztietan bere iritzia ematen du. Beti esaten digu, nahiz eta zeharka izan edo, hobeto esanda, estilo literario bikainaren bidez, filma ikustera joan behar dugun ala ez: "Orain, gero eta hobeto gabiltza, Hollywood-etik ere deus gutxi etortzen zaigu. Honi eskerrak, eskasiak ere alde onak baditu eta, zeluloide zaharra agertzen zaigu noizean behin. Behin behintzat ikusgarria: aspaldiko Chaplinen "City Lights" maitea" (1, 2). Jakina, lau film hauek maisulanak direnez, ez dago dudarik. Hala eta guztiz ere, bere balorazioa egiten du.

3. Mitxelenak ez ditu filmaren alderdi gehienak aztertzen, baina, hori bai, film guztietan aztertzen dituen alderdiak gaia eta istorioa dira. Guztien gainean bere arreta filmaren mezuak pizten duela esan dezakegu. Filmaren gainontzeko alderdiak aztertzen baditu, beti alderdi horren zerbitzupean izango da; hala nola, antzezleen lana La Strada" filmean edo hitzik gabeko filmen balioa City Lightsen.

4. Goian esan dugu, Mitxelenak aztertzen duen alderdia argumentua dela. Eta honi lotuta Mitxelena narrazio teknikak -nola garatu istorio bat- ondo ezagutzen dituela esan behar dugu. Ezin ahaztu Mitxelena hizkuntzalaria zela. Lau kritika horietatik atera ahal dugun ideia bat zera litzateke: film on bat egiteko istorio on bat behar dela eta istorio hori ondo garatu eta zinemaratu behar dela. Nahiz eta gidoi hitza inoiz ez aipatu, gidoiaren beharra ondo azpimarratuta dago kritika guztietan, gidoia istorioaren egokitzapena baita, istorioa irudietan jartzen laguntzeko, zinema bihurtzen, alegia. Adibidez, Zazpigarren Zigilu filmean esaten digun bezala: "Gairik goitarrena ez da ezer zineman ez beste edozein artetan irudi egokietan mamitzen ez bada". Eta jarraian, nire ustez, paragraforik argigarriena:

"Beste irakaspen atseginago bat ere badakarkigute. Film on bat egiteko ez da gauza handiren beharrik: bospasei lagun, basabazterra, etxe edo eliza erdi hondatu bat. Kolore bizirik ere ez, eguzkiaren basoko harrigarrizko ibilerak -"osto-pilo eta izar izunak habe"- eta euriaren etengabeko emana begietaratzeko. Beste zerbait ere behar da apika, baina "zer" hori ez da dendetan salgai daudenetakoa" (Rashomon, 4).

5. Kritikak egitean, Mitxelenak film bakoitzaren alderdirik ikusgarriena nabarmentzen du, eta horrek, aipatu berri dugunez, gaiarekin edo argumentuarekin zerikusi zuzena izan ohi du. Eta horretan oinarritzen du ber tesia . "Gehiago esan behar banu ez nintzateke noski gauza izango. Ez bainuke adieraziko non dagoen film honen indarra. Sorginkeria dirudi. Gaia arrunta du eta zarpail xamarra" (La Strada, 2). Segidan tesia arrazoitzeari ekiten dio.

6. Tesia justifikatzeko erabiltzen dituen arrazoibideak ondo garatzen ditu. Bere argudioak ederki justifikatuta daude eta beti aipamen egokiez lagunduta eta defendatuta. Aipamenak askotarikoak dira: kulturalak -Orixe eta Pascal, Zazpigarren Zigilua , 4- edo zinemarenak - Aurrerapen galant horiek...", City Lights, 6. Filmaren beraren adibideak ikusi ditugu -"Azken-aldea, batez ere, berebizikoa da" La Strada, 3; baita, batzuetan besteekin konparazioak ere City Lights eta Limelights -.

7 Aipamenei edo erreferentziei dagokienez , Mitxelenaren kultura zabala eta sakona dela esan dezakegu. Literaturan aipamen modernoak eta klasikoak -"gaurko neska-mutilek irakurtzen dituzten nobeletan edo antzinako poema epikoetan bezala", Rashomon, 3- ikusi ditugu, anglosaxoia -Joyce- eta espainola -Góngora-, frantsesa eta Euskal Herrikoa. Filosofiaren aldetik berdin gertatzen da, Pascal XVII. mendeko frantses filosofoaren ondoan, Ortega y Gasset dugu. Bere garaiko pentsalariak ere ezagunak dira berarentzat -Marañon. Kristauen kulturan hezia izan dela argi adierazten du Bibliari buruzko aipamenetan. Eta hori guztia lau kritika soilik aztertuz!

8. Idazkera dotorea eta argia, zehatza eta aberatsa da aldi berean, dudarik gabe. Baliabide literario ugari ikus ditzakegu. Mitxelenaren umore fina eta ñabardura ironikoa edonon eta noiznahi agertzen zaizkigu. Kontuan hartzen baditugu zein urtetan idatzi zuen, hau da, euskara estandarizatu gabe zegoenean, eta aukeratutako gaia -orduan euskaraz zinemari buruz zenbat ote zen idatzia?- harrigarriagoa irudituko zaigu Mitxelenak irekitako bidea. Eta zein erraz ulertzen diren bere iritzia eta argudioak! Guztiontzat adierazgarriak diren hitz teknikoak eta adierazpideak aukeratzen badaki. Amaitzeko zinemazale euskaldun guztiontzat eredugarria den paragrafoa oso-osorik jarriko dut.

"Artean keinuka -gor-mutuen antzera- ari zitzaigun zinema hasi zen behin, ez os gaxterik, hizketan. Hizketan ez ezik, soinua jotzen ere ikasi zuen. Are gehiago, marraka, marrua, kurrinka, orroa, makakorroa, irrintzi eta arrantza egiten ere bai. Kolore xuri-gorri politak etorri zitzaizkion. Hazi ahala, irudiak larritzen zihoazen, gero eta handiago. Luze-zabalean handitu ez ezik, loditu ere egin omen dira. Argi-oihaleko irudi horietako batek besoa luzatzen duenean, makurtu egiten omen gara, uki ez gaitzan. Orain irudipen hutsa da, baina luzaro gabe, Jainkoa lagun, bekainean hartuko dugu muturrekoa, erne ez bagabiltza" (City Lights,5).

9. Aztertu ditugun lau kritika horietan Mitxelenak erabilitako eskema, ikusi dugunez, bat dator argudio testuarekin tesiaren aurkezpena -gehienetan lehenengo edo bigarren paragrafoan egiten du eta aurkezteko era batzuk ditu irakurlea inoiz ez aspertzeko tesiaren gorputza edo tesia sinetsarazteko arrazoibideak -paragrafo gehien erabiltzen duten alderdia eta adibide, aipamen eta arrazoi ugariz beteta dago; et tesiaren baieztapena edo ondorioa -azken paragrafoan eta tesia azpimarratzeko batzuetan galdera erretorikoak egiten ditu.

10. Hasieran, Mitxelena kritikaria baino ikusle kritikoa zela idatzi dugu. Horretaz ez dago zalantzarik, baina kritika horiek ondo irakurriz gero, zinemaz jardun zuen hizkuntzalaria baino gehiago zela esan daiteke; hau da, Koldo Mitxelena zinema kritikaria ere bazela.



4. Ikasleen ekarpen berriak

Atalaren izenburuak dioenez, ikasleen lana baloratzeko beraiek egindako ekarpen berriak banatu nizkien, bi helbururekin: alde batetik, ikasleek ikus zezatela beren lanak aintzat hartzen direla, eta bestetik, jakin zezatela kritikak egitean denok zerbait berria aurkitzeko gauza garela.



Azken ekarpenak

Jarraian daukazue, zuen lanak irakurri eta gero, nirean agertzen ez dena; hitz batez, hauexek dira nik ikusi ez nituenak eta zuek egin dituzuen ekarpen berriak



Zein da Mitxelenaren helburua zinema kritikak egiten dituenean?

1. Informazioa ematea; filma zeri buruz den esatea eta filmari buruzko iritzia ematea: ona edo txarra den jakinaraztea.

2. Filmak eta filmen gaiak aztertzea; filmen mamia ateratzea: alde onak eta alde txarrak.

3. Mitxelenak bere hitzen bidez irakurleak gogoeta egitea lortzen du.

4. Mitxelenak, literatur kritika gustukoa zuenez, zinema kritika literatur kritika osatzeko atal bat bezala izan zezakeen.



Aipatu Mitxelenak aztertzen dituen filmaren alderdiak:

1. Pertsonaiak.

2. Ingurunea, filmaren kokapena eta eszenaratzea ("kamio hautsez..." La Strada, 2).

3. Filmaren garaia, noiz egin zen.



Ondorio orokorrak: zinema kritikari lanean Mitxelenak zituen berezitasunak

1. Kritiketan bere pentsamenduak oso ondo islatzen ditu.

2. Idazkera bikaina. "Nire euskara hobetzeko Mitxelenaren liburuak gustura irakurriko nituzke".

3. Kritika bat egiteko erabili behar den objektibotasuna ondo erabiltzen du: ez gehiago, ez gutxiago.

4. Zinema kritika aitzakia da edozein gairi buruz bere jakinduria azaltzeko; baita bere iritziak emateko ere.

5. Batzuetan kritika batean tesi bat edo ideia bat baino gehiago azaltzen ditu, bere arrazoi eta ondorio bereziak emanez.

6. Filmak norentzat diren egokiak esan ohi du.







Esperientziaren ebaluazioa

Azterketak

Azterketa batean honako idazlana eskatu nien ikasleei: Egin ikusitako azken filmaren kritika.

Egia esan, kritika gehienak oso onak izan ziren. Ikasle batzuek izugarri kritika interesgarriak burutu zituzten. Nire ustetan, ikasleen lanetan bi alderdi hauek azpimarratzekoak dira:

1. Orain ikasleek filmari buruzko iritzia ematerakoan, arrazoitu egiten dute. Ez dute "gustatzen zait" soilik esaten, "zergatik gustatzen zaidan" esaten ere saiatzen dira.

2. Orain zinema kritika egiteko hiztegia eta ezaguerak badituzte, eta hori nabaria da idazkeran. Ez daukate arazorik hizkuntzaren aldetik kritikak burutzeko.



Epilogoa: praktika bat

Amaitzeko, bideo-klubetan gaurko film bat aukeratu nuen denok ikusteko, eta gero kritika egin zezaten eskatu nien. Filma 1999ko Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen C'est quoi la vie? izan zen.

Hurrengo oharrak kontuan hartzen baditugu, oraingo honetan emaitzak hobeak izan direla esan dezakegu:

a) Ikasleak ez daude halako filmak ikusten ohituta eta ondorioz, gehienentzat ez zen gustukoa izan.

b) Atsegin ez duguna kritikatzea, alderantziz dirudien arren, askoz zailagoa izan ohi da, ez baita batere erraza zergatik ez zaigun gustatzen esatea.



Ondorioa: esperientziaren irakaspenak



Gazteak eta euskara

Gazteen arteko harremanetan euskara gutxi erabiltzen dela entzuten ari gara behin eta berriro. Ikusi besterik ez dago Hik Hasik argitaratu duen Gazteen euskararen erabilera sustatzeko gida liburua. Gehienetan atsedenaldirako elementuak edo bitartekoak erdaraz daudelako gertatzen da. Horixe gertatzen da zinemarekin, jakina.

Zenbat film ikusten dute gazteek astean zehar zinema aretoetan, bideoan edo telebistan? Film guztiak euskaraz ikustea ezinezkoa denez, behintzat filmen iruzkinak edo kritikak euskaraz irakur edo entzun ditzatela. Eta gero, beren iritziak ere euskaraz emateko gauza izango dira. Ez al da hobe filma jatorrizko bertsioan ikustea eta iritzia euskaraz ematea alderantzikoa baino? Hau da filma euskaraz ikustea eta gero erdaraz komentatzea? Tamalez, hori gertatu zait: ikasleak euskarazko film bat ikustera eraman eta atera eta berehala erdaraz iritziak emateari ekin. Bada, esperientzia hau hori saihesteko baliagarria izan dela uste dut.

Orain arte esandakoa beste arlo batzuetara pasa dezakegu. Gaur egungo gazteak zinemara joaten dira, baita musika entzutera ere... Adibidez, bideo-jokoei dagokienez, zenbat ordu pasatzen dute egunero? Eta nork eman die haiei buruzko hiztegia? Eta haiei buruzko kritikak -iritzia ematen- euskaraz egiten irakatsiko bagenie? Hitz batez, lan egiteko arlo zabala dugu aurretik.



Koldo Mitxelena zinema kritikaria

Ibon Sarasolak dio "...euskaraz zinemaz gehien, oraintsu arte, eta ondoen idatzi duen Koldo Mitxelenak..." Euskara batuaren ajeak, 83-.

Esperientzia honen helburua ikasleei zinema kritikak egiten irakastea izan da, baina Mitxelenaren zinema kritiketara egindako hurbilketa txiki honen ondorioz, Ibon Sarasolak bezala, euskaraz zinemaz idatzi nahi duen ororentzat Mitxelenaren lana ezagutzea ezinbestekoa dela esan behar dugu.

Eta hauxe da bigarren irakaspena: Koldo Mitxelena zinema kritikaria ere badela. Hortik lanaren izenburua eta sorrarazten duen grina: ikerketa jarraitzea; baina, ez euskara irakaslearen ikuspuntutik, zinemazalearen aldetik baizik. Zinema kritika arloan ere badugu zer ikasia Mitxelenarengandik.