Unescok dio euskara desagertzeko arriskuan dagoela

2002-03-01
Aspaldidanik alarma gorria piztua badago ere, ea Euskal Herriak historian zehar erakutsi duen lanerako pertseberantziak berde itxaropentsura garamatzan
 
 
Unescok aurkeztu duen munduko hizkuntzen atlasaren arabera, 6.000 hizkuntzetatik 3.000 desagertzeko arriskuan daude, tartean euskara.

Euskal Herrian, nagusiki, eskolan jarri da euskara berreskuratzeko esperantza. Urtero matrikula datuetara jotzen dugu gure txiki eta gaztetxoen euskara osasuna nola dagoen jakin nahian.

Duela 40 urte irakaskuntza prozesua erdara hutsean bazen ere, orduan abiatu zen euskalduntze ahalegina goraka joan da etengabe, azken 20 urte hauetan abiadura azkartu egin delarik.

Gaur egun, ikastetxe, herri, eskualde eta herrialdeen arabera ezberdintasun handiak badaude ere, ikasle txikien artean aurrerapen handia eman da euskararen ikasketari dagokionean. Baina, zer gertatzen da gure gaztetxoak heltzen doazen heinean? Institutuetan ehunekoa asko jaisten bada, Lanbide Heziketan datuak ñimiñoak dira, eta taldeak osatu ezina aitzakiatzat hartuta, egoera hobetzeko bide hestua ikusten da. Unibertsitatean ere, zailtasun handiak daude hainbat ikasketa euskaraz egiteko EAEn. Nafarroan eta Iparraldean, aldiz, euskaraz aritzeko aukerarik ere ez dagoela esan liteke.

Pozgarria da hainbat ikastetxe normalizazio planetan murgilduta ikustea. Euskaraz hezteaz gain, hizkuntzaren normalizazioak izan behar duelako helburua. Horrek, ikastetxe barruko bizitza normalizatzea bilatzen du. Ikasgelako hizkuntza izatetik, pasabide, jolastoki, ikasketa osagarri eta kirol jardunaldietan eragitea dakar. Eta nola ez, barruko presentzia fisikoak ere normalizatzen joan beharra du; administrazio lanak, talde eragileen eta azpibatzordeen jardunak, gurasoekiko harremanak... Bertako egoera ezagutu eta horretatik abiatuz, plan zehatzak ezarri behar dira normalizazioaren bidean sakonduz.

Garbi dago eskolak bakarrik ezin duela dena lortu, kanpoko eraginak handiak direla. Teknologia berriek geroz eta eragin handiagoa dute ikasleengan; ikerketa batzuk diotenez, eskolak adinako eragina.

Eskolak inguruan eragin behar du, hori izan daiteke gizarteari egin diezaiokeen ekarpen nagusietakoa. Baina, inguruak ezinbestean erantzun behar dio eskolan egiten den ahaleginari. Herrietako euskara elkarteek, aisialdiko taldeek, herri mailako hitzarmenek, euskara biltegiek... Herri bakoitzean, eskolak bere plana duen neurrian, udalerriak ere berea eduki beharko luke.

Eta zer esanik ez, Euskal Herrian gure hizkuntza eta kultura prestigiatuko duten bitarteko eta ekinbideak ezinbestekoak direla: administrazio ezberdinen normalizazio planak aurrera ateratzea, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua bezalako erakundeak bultzatatzea, euskal komunikabideei laguntzea...

Hau da, behetik gora eta goitik behera eraginez eta elkarri lagunduz jardun behar dugu.