Kronika

2002-03-01
 
 
Iparraldeko eskola elebidunetan 14 postu elebidun gehiago izanen dira 2002-2003 ikasturtean. Paueko Akademia Ikuskaritzak eskola kartak argitaratu ditu, eta horietan zehazten denaren arabera, 14 gela elebidun ireki eta frantses elebakarrean aritzen ziren zortzi gela itxiko dira.
Aldaketa horiek ez dute inongo eskolaren ixtea ekarriko, Joel Rene Dupont Paueko Akademia ikuskari nagusiak aditzera eman duenez. Eskola batzuek postuak galduko dituzte, eta beste batzuek irabazi. Lehenengoen artean frantses eskola elebakarrak daude, eta bigarrengoen artean eskola elebidunak. Irekiko diren 14 gela horiek irakasle postu erdia baino ez dute izango. Hala ere, gela elebidunak irekitzeko eskari guztiek ez dute Akademia Ikuskaritzaren oniritzia erdietsi. Behin behineko plangintza finkatzeko gurasoek eta irakasleek ere euren iritzia emanen dute.


Etorkinak D ereduan matrikulatzeko kanpainak egin dira
Aurtengo matrikulazio kanpainan etorkinak D ereduan matrikulatzeko deia luzatu da EAEn eta Nafarroan. Euskal kulturan eta Euskal Herriko errealitatean integratzeko modurik onena dela aditzera eman dute kanpaina defendatu dute elkarteek, besteak beste, Sortzen-Ikasbatuazek, Oinarriak elkarguneak, Euskara Kultur Elkargoak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Gasteizko Euskaltzaleon Elkarguneak.
Azken honek azaldu duenez, Arabako Hezkuntza Ordezkaritzak A eredura bideratzen ditu etorkinen seme-alabak, B eta D ereduei buruzko informaziorik eman ere egin gabe. Etorkinen ordezkari batek esan duenez, "etorkinontzat erosoagoa izan daiteke seme-alabek gaztelania dakitela ziurtatzea, baina haurrentzat ez du zertan onena izan". D eredua egoki ikusten dute haurrak "euskal komunitatean buru-belarri integratzea ahalbidetzen duelako" eta Euskal Herrian jaiotako haurrekin "aukera berdintasunean" ipintzen dituelako.
Hala ere, argibidea, laguntza eta baliabideak falta dira guraso etorkinek D eredua ezagutu eta hauta dezaten. Hutsune hori betetzeko asmoz Sortzen-Ikasbatuazek egitasmo bat jarri du abian. Beronen xedea etorkinei integrazioa erraztea da, eta horretarako hainbat proposamen luzatzen ditu: bilerak egitea proposatzen du haur eta gurasoekin, harrera bereziak, jantokiko menuetan berezitasunak kontuan hartzea eta eskolako jaietan beste kulturak ez ahaztea.
Proposamena elkarte, irakasle, laguntza talde eta etorkinen elkarteekin landu da, eta orain ikastetxe guztietara igorriko da eztabaida eta onar dadin.
Bien bitartean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ingelesari ematen dio lehentasuna, eta ingeles goiztiarra ezartzeko erabakien berri eman du. Datorren ikasturtetik aurrera 3 urteko haurrek eta Lehen Hezkuntzako lehen ziklokoek gutxienez astean bi orduko ingeles eskola izanen dute Nafarroako ikastetxe publiko eta kontzertatuetan. D ereduko ikastetxeetan, ordea, irizpide pedagogikoak kontuan hartuta, 4 urtera arte atzeratu ahal izango da eredu berriaren ezarpena.


Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimen bihurtu da
Euskal Herriak Bere Eskola kanpainak izaera aldatu du eta herri mugimendu gisa antolatuko da hemendik aurrera. Martxoaren 23an egingo da Altsasun sortze batzarra.
Urrian hasi zen kanpaina hori eta eragileak gustura daude orain arte emandako urratsekin. Ehunka ikasle, irakasle eta guraso bildu dira herri eta auzoetan euskal hezkuntza sistema propioa sustatzeko helburuarekin. Zehazki, Hegoaldeko 37 herritan eta lau hiriburutako 24 auzotan sortu dira lan taldeak. Aurrerantzean herri eta eskualde gehiagotara zabaltzeko asmoa dute, eta baita Lapurdira, Nafarroa Behereara eta Zuberoara.
Lan talde bakoitzak bere beharrak eta egitekoak erabakiko ditu hemendik aurrera ere, baina horrez gain, taldeak elkarren artean koordinatuko dira, eta horretaz arduratuko da koordinazio nazionala. Xedea lan praktikoa egitea da, hots, euskal hezkuntza sistemaren aldarrikapena helburu zehatz eta lorgarrien bidez lantzea.
Altsasuko batzarraren aurretik eskualdeka batzarrak eginen dira kanpainaren balorazioa egiteko. Batzar horietako ekarpenak bilduko dira Altsasuko bilkura nazionalean, eta ondoren hurrengo hilabeteetarako plangintza proposatuko da.
Herri ekimen honen eragileek eskualdeko batzarretan nahiz nazionalean parte hartzeko deia luzatu diete ikasle, irakasle, guraso eta hezkuntzan interesa duten guztiei.
Bada abian jarri den beste ekimen bat ere, kasu honetan ikasleena. Ikasle Abertzaleak erakundeak egitura nazionala osatu du, hau da, Iparraldera ere zabaldu da. Hegoaldean 13 urteko ibilbidea egin badu ere, Iparrraldean orain eratu da. Dagoeneko bi talde antolatu dira, bata Bernat Etxepare lizeoan eta bestea Baionako unibertsitatean. Hirugarren bat osatzear dago Donibane Garaziko lizeoan. Bernat Etxepare lizeoko ikasleen aldarrikapen nagusiak baxoa euskaraz gainditzeko eskubidea aldarrikatzea eta selektibitatearen arazoari irtenbidea ematea dira. Unibertsitateko taldearen ildo nagusiak euskararen egoera kaskarra salatzea, Euskal Herrian ikasteko eskubidea aldarrikatzea eta jarrera demokratikoak aldarrikatzea dira.


EAEko irakasleentzako Lan Eskaintza Publikoa 2003ko uztailera arte atzeratu da Hezkuntza Sailak eta ELA, LAB, EILAS eta UGT sindikatuek hala adostu ondoren. Aldaketa horrekin irakasleak lasaitu eta hizkuntz eskakizuna ez dutenei prestatzeko astia eman nahi izan diete. Anjeles Iztueta Hezkuntza Sailaren esanetan, "horrela denok irabaziko dugu: irakasleek denbora gehiago izango dute azterketak prestatzeko, euskara falta zaienek ere denbora gehiago izango dute euskara prestatzeko, eta irakasle guztiak lasaiago ibiliko dira".
Dena dela, Hezkuntza Berezirako pertsonala hartzeko probak aurtengo udazkenean egingo dira, eta guztira 121 lanpostu aterako dira. Datorren urteko uztaileko deialdian, bestalde, 1.352 lanpostu eskainiko dira.
Irakaskuntzan oihartzun gutxiago izan ohi du lehen sektoreak, baina nekazaritza, artzain eta arrantzale eskolak ere badira. Eskola horietako gehienetan gaztelaniaz ikasten dute, nahiz eta gehienak euskaldunak izan. Hori dela eta, Nekazaritza euskaraz, orain lelopean mobilizazioak egiten hasi dira. Ikasle horien aldarrikapenak eskolak, irakasleak, materiala, ikastetxeen funtzionamendua eta ikasleek egiten dituzten praktikak euskalduntzea dira.
Murgia, Derio, Arkauti, Fraisoro-Zizurkil eta Txantreako ikasleek ekimen bateratua eramango dute aurrera, eta Iparraldeko nekazari eskolekin ere harremanetan jarriko dira. Horrez gain, lehen sektorean ere eginen dute zabalpena, Euskal Herrian dauden artzain eta arrantzale eskoletara, eta nekazaritzako eta irakaskuntzako eragileengana joz.