MARCHESI, Alvaro:
LOGSE lege positiboa eta beharrezkoa izan zen 1990ean. Pentsatu besterik ez dago nolakoa izango zatekeen orain hezkuntza sistema 1970eko Hezkuntzako Lege Orokorrarekin jarraitu izan bagenu. Beharrezkoa eta positiboa izan zen Haur eta Lehen Hezkuntzan ekarri zuen aldaketagatik, derrigorrezko hezkuntza hedatu zuelako eta Lanbide Heziketan eredu berria jarri zuelako.
Ikasleen garapena beste modu batera ulertzea ekarri zuen, ez hain modu akademikoan. Finean, aldaketa nabarmena ekarri zuen, baina arazo esanguratsuekin egin zuen topo.
Garbi dago planteatzen ziren hainbat hezkuntza aldaketa paperean gelditu direla, hots, praktikan ez direla garatu. Zein izan da hori gertatzeko oinarrizko arrazoia?
Hezkuntza aldaketak bere horretan gelditzen badira, ez dira aurreikusitako helburuak lortzen. Beharrezkoa da hezkuntza erreforman beste aldaketa eta erlazio batzuk ere egitea.
Erreformek porrot egiten dute bi baldintza ematen ez badira. Bata, hezkuntza erreformak ez direla hezkuntza erreforma soilik pentsatzea. Eta bestea, eskola ez dagoela ikasleek soilik ikas dezaten bideratua, baita gurasoek eta irakasleek ikastera ere. Izan ere, erreformaren helburua da erreforman parte hartzen duten eragile guzti-guztiek ikasten jarraitzea. Hori da gaur eskatzen dena, eta noski, neurri kontserbadoreak eta eraginkortasun gutxi dutenak hartzea baino konplexuagoa da.
Azken finean, hezkuntza erreformak ez du hezkuntzakoa soilik izan behar, hezkuntzak ezin ditu gizartean dauden arazo guztiak konpondu. Hori eskatzea gehiegi eskatzea da. Horregatik, beste ikuspegi batzuetatik eta beste baldintza batzuk aintzat hartuta konpondu behar dira.
Zein dira baldintza horiek?
Hiritarren maila soziokulturala, hezkuntzara bideratutako bitartekoak, gurasoak euren seme-alaben heziketan konprometitzeko modua, familien maila kulturala eta abar. Faktore horiek guztiek gauzak hobeto edo okerrago funtziona dezaten eragiten dute.
Zenbateko eragina dute familiaren maila kulturalak eta familiaren konpromisoak?
Familiaren maila kulturala eta espektatibak oso garrantzitsuak dira ikasleen garapena bermatzeko. Horrez gain, egin ditudan ikerketen ondoren, familiaren konpromiso mailak ere garrantzi izugarria duela konturatu naiz. Badaude maila kultural eskasa duten familiak, baina hezkuntzarekiko konpromiso itzela dutenak. Nahiz eta gurasoek ikasketarik ez izan, izugarrizko interesa dute seme-alaben heziketan, eta interes horrek orokorragoa den beste faktorea (maila kulturala eta espektatibak) osa dezake.
LOGSE ezarri zenetik 10 urte pasa ondoren, hainbat arazok konpondu gabe jarraitzen dute. Zein dira garrantzitsuenak zure ustez?
Bigarren Hezkuntzako irakasleen prestakuntza, irakasleen egoeraren gehiegizko homogeneotasuna, irakasleen egonkortasun eza, ezintasun gehiagoko haurrak dituzten ikastetxeentzako laguntzarik eza, ordu, ikasgai eta irakasleen antolaketa desegokia eta LOGSEren inguruan zabaldu den irudi ezkorra.
Zein gabezia ikusten diozu Bigarren Hezkuntza irakasleen prestakuntzari?
Bigarren Hezkuntzako irakasleen hasierako prestakuntza gaizki planteatuta dago, tamalgarria da, salbuespen batzuk izan ezik. Agian promozio eredua aldatu beharko litzateke. Bigarren Hezkuntzako irakasle izan nahi duenak aurrez erabaki eta aukeratu beharko luke hori, bestela ez baitira maila horretan hezteak duen arduraz eta garrantziaz jabetzen. Horregatik, planteamendua gaizki dago. Esate baterako, Madrilgo Unibertsitate Conplutenseko doktodarutza kurtsoan arazo bat sortu zait. Hezkuntzaren Institutura iritsi zen ikasle bati hiru liburu eman zizkioten eta matrikula ordaindu ondoren azterketa egiteko eguna jarri zioten. Azterketa test modukoa zen, hots, asmatutako galderak puntuatzen dira, gaizki egindakoak kendu gabe. Hori gainditu eta gaikuntza titulua lortu zuen. Ez dut uste horrekin ikasle hori Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko prestatua dagoenik.
Irakasleen egoeraren gehiegizko homogeneotasunak zer ondorio ditu?
Irakasleen artean autoestimu falta sortzen du. Alde batetik ez dago pizgarri profesionalik irakasleek beraien gaitasunak gara ditzaten eta horregatik baloratuak izan daitezen. Eta bestetik, ez da aintzat hartzen irakasleen lanak eskakizun batzuk dituela.
Irakasleen egonkortasun eza konpondu gabe dagoen beste arazo bat dela esan duzu.
Bai, hezkuntzaren kalitateari eta irakasleen moralari negatiboki eragiten dien arazoa da, batez ere irakaskuntza publikoan, ez hala irakaskuntza kontzertatuan. Egia da lekuz aldatzeko aukera irakaskuntza publikoan eskubide bezala ulertzen dela, baina gehiegikeriaz erabiltzen bada ez da ona hezkuntzaren kalitatearentzat. Era berean ez da ona administrazioak duen gaitasuna ikastetxeetako plantillak mugituz irakasleen artean egonkortasun eza sortzeko. Laburtuz, egonkortasun eza ez da ona hezkuntzaren kalitatearentzat.
Arazo horri ez zitzaion heldu eta tirabirak sortzen jarraitzen du. Ez dut hemengo egoera ezagutzen, baina Madrilen adore eta gogo falta nabaria dago irakasleen artean. Irakaskuntza publikoko irakasleek zera esaten dute: batzuk ezin dugu aldatu eta besteoi aldarazi egiten digute ikasle nahikorik ez dagoelako edo gaiak berrantolatzen direlako. Orduan, nola hasiko gara proiektuekin hurrengo urteetan nor egongo garen ez baldin badakigu?
90eko hamarkadan gizartean gertatu diren aldaketek zenbait arazo berri sorrarazi dituzte. Horietako bat teknologia berriek sortu dutena da. Nola ikusten duzu gai hori?
Ikasleen ikasteko modua aldatzen duen beste kultura bat sortu du. Garrantzitsuena ez da ordenagailuak, informazio ugari eta Internet egotea, baizik eta ikasleek ikaskuntza prozesura gerturatzeko beste modu bat daukatela. Arreta gutxiago duten ikasleak dira, motibazio gutxiago dutenak, esfortzu gaitasun gutxiagokoak eta beraien ikasketetan indibidualistagoak. Batez beste astean hiru ordu ikusten duten programa batek aspertu egiten baditu, aldatu eta beste bat ikusten dute. Hamar minutu baino gehiago hizketan ari den irakasle bat ikusten dutenean, ahalko balute, zapping egin eta aldatu egingo lukete. Zorionez edo zoritxarrez, ezin dute horrelakorik egin.
Ez da bigarren mailako gaia. Lehen Hezkuntzako irakasleek ikasleen maila jaisten ari dela esaten dute. Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko irakasleek hori esatea ulergarria da, baina Lehen Hezkuntzako 3. mailan ez. Gauza ez da ikasleen maila jaisten ari dela, baizik eta ikasleek beste modu batera ekiten diotela ikaskuntza prozesuari; beste era batera ikasten dutela. Horregatik, orain arte bezala irakatsi nahi dion irakasleak bere eredura ez dela egokitzen ikusten du. Ikasleak irakasteko gure eredu tradizionalera egoki daitezen nahi dugu, eta ez dira egokituko mundu desberdin batean bizi direlako. Aldaketa hori oso garrantzitsua da, ikasleen motibazioa eta interesa baldintzatzen dituelako.
Horri loturik, talde lana garrantzitsua da. Kultura indibidualistagoa bizi dugu, eta ez soilik gizartea indibidualistagoa eta konpetitiboagoa delako, baizik eta aisialdiko sistemak gero eta indibidualistagoak bihurtzen ari direlako. Makina eta irudiekiko duten pasioak ez die uzten guk egiten genituen beste ekintza batzuk egiten. Aldaketa hori oso kontuan izan behar da.
Seme-alaben ohitura aldaketak aipatu ditugu, baina familia bera ere aldatu egin da. Horrek zer ondorio izan ditzake ikastetxeetan?
Familiak anitzagoak dira eta eskakizunak ere beste batzuk. Bikote aldaketa handia dago eta guraso egonkorrak dituzten familiak gero eta gutxiago dira. Beste familia eredu batzuk sortzen ari dira eta horiek beste eskakizun batzuk dituzte, beste balio batzuk, eta hezkuntza ulertzeko beste modu bat. Hezkuntzako profesionalok izaten ditugun kontraesanekin egiten dute topo gurasoek ere. Guretzat irakastea zaila baldin bada, eurentzat ere bai. Ez dute jakiten zein diren arauak, eskakizunak, zer egin eta nola irakatsi. Gizarteko kontraesanak irakasleengana eta gurasoengana zabaltzen dira. Horregatik, eskola eta familiaren arteko lotura aldatu egin behar da.
Kultur aniztasunari ere erantzun beharko dio eskolak. Nola ikusten duzu hori?
Ez dakit hemengo egoera nolakoa den, baina beste zenbait komunitate autonomotan (Madril, Katalunia...) geldiezinezko egoera da eta hori izango da hurrengo 10 urtetako itxura. Eta horrek, noski, izugarri aldatzen ditu irakaskuntzako baldintzak. Etorkinen sartzea oso aberatsa da, baina konpontzeko zailak diren jomugak planteatzen ditu, batez ere hizkuntza aldetik. Irtenbidea ez da beste eskoletan ikas dezatela esatea.
Gizarteko arazoak konpontzeko denak hezkuntzari begira jartzen dira. Ez al zaizu iruditzen hezkuntzari gehiegi eskatzen zaiola?
Bai, dudarik gabe. Gizarteak gero eta gehiago eskatzen die eskolari eta irakasleei. Arazo bat dagoen bakoitzean hezkuntza sistemak konponduko duela uste da. Bideetan gero eta istripu gehiago daudela eta bide heziketa irakatsi behar zaie. Eta pentsa gai horretan zein zentzugabea den irtenbide hori.
Gauzak dauden bezala, Madrilgo Gobernuko Hezkuntza Ministeritzak Kalitatearen Legea eskaintzen du egoerari erantzuna emateko. Zer iritzi duzu Lege horren inguruan, oro har?
Esaten eta iradokitzen dutenaren arabera, Ministeritzaren proposamena ez da nire gustukoa. Arazoei berehalako irtenbidea ematen die, baina neurri horiekin konpontzen ez diren beste arazo batzuk sortzen dira.
Kalitate Legeak eskaintzen dituen neurriak tradizionalak eta kontserbadoreak dira. Aldaketak ikasleen garapenean oinarritzen direla uste dut, eta ez ditu kontuan hartzen gizarte, familia eta hezkuntza testuingurua, ez eta baliabideak, prestakuntza eta nire ustez aintzat hartu beharko liratekeen beste hainbat gai.
Edozein modutan, edozein lege egin aurretik, gertatzen denaren inguruko balorazio zehatza egiteko eskatu beharko genioke gobernuari. Ondoren, hainbat alternatiba dituen dokumentu bat aurkezteko, eztabaida irekitzeko, eta hortik abiatuta egokien uste duen legea egiteko.
Legeak eztabaidagarriak diren hainbat neurri planteatzen ditu. Lehenengoa Bigarren Hezkuntzako 2. zikloan ikasleak gaitasunen arabera ibilbidetan banatzea da. Zein abantaila eta desabantaila ikusten dizkiozu horri?
Abantaila bakarra du: irakasleak ikasleari bere gaitasunaren arabera irakats diezaiokeela eta ikasle taldeak homogeneizatzen dituela. Baina horrek hainbat arazo sortzen ditu, bereziki bi. Bata ikasleak bere gaitasunen arabera ibilbidetan banatzeak ibilbideei balio zehatz bat ematen diela, hots, baloraziozko konnotazioa hartzen dutela: batzuk onak dira, beste batzuk erdi mailakoak eta besteak txarrak. Konnotazio negatiboko ibilbideek espektatiba ezkorragoak sortzen dituzte, eta ondorioz, ikasleak gutxiago saiatzen dira eta gutxiago ikasten dute.
Hoberena da desberdintasunak sortzen dituzten ibilbide horiek sortu gabe, ikasle guztien maila igotzea. Eginkizun zaila da, baina bestela, batez besteko maila igotzeko ordez ikasleen arteko desberdintasuna handitzeko arriskua dago, hau da, batzuen maila igotzekoa eta besteena ez. Ikasi nahi ez duten ikasleei, atzeratuta daudenei eta motibaziorik ez dutenei laguntzeko neurriak hartu behar dira, baina ibilbide desberdinak sortu gabe.
Neurri desegokia deritzot, baina Bigarren Hezkuntzako irakasleen %70 ados dago. Ostera, gurasoen %25 baino ez dago alde.
Gobernuak planteatzen duen bigarren neurria ikasleen atzerapenei irtenbidea emateko kurtsoa errepikatzea da. Ados al zaude neurri horrekin?
Momentu honetan hiru aldiz errepika daiteke: Lehen Hezkuntzan behin eta Bigarren Hezkuntzan bi aldiz. Ez dut uste errepikapenak ugaritzeak ikasleen arazoak konpontzen dituenik. Europar Batasuneko inongo herrialdek ez du uste derrigorrezko hezkuntzan hirutan baino gehiagotan errepikatzea ona denik. Eta inkestek adierazten dutenez, errepikatu duten ikasleak ez dira hobeto ibiltzen.
Errebalidak zeresan handia eman du. Zein iritzi duzu horren gainean?
Errebalida positiboa da Batxilergoaren amaieran. Egokia deritzot Batxilergoaren amaieran kanpoko azterketa bat egoteari irakaskuntza sare guztientzat eta eskola guztientzat antzeko mailak eta kontrolak ziurtatzeko. Azterketa bateratzailea ez egotea diskriminatzailea izan daiteke.
Haatik, ez dut ondo ikusten Batxilergoaren ondoren bi azterketa egitea, hots, errebalida eta selektibitatea. Eta horrekin batera, errebalida horren kontzeptuarekin ere ez nator bat. Izan ere, errebalidak, azterketa bat denez, badu bere alderdi negatiboa: ikasleak ikasgai guztiak azterketa bakar baterako prestatzera presionatzen dituela. Hobe izango litzateke ikasgaien arteko oreka bilatzea, ez baita egokia bi ikasturtetako edo gehiagotako ikasgai guztiak azterketa bakar batean neurtzea.
Gainera, oraindik ez dakigu errebalida zein mailetan jarri nahi duten. Eta noski, DBHren amaieran jarriko balute, abantaila baino desabantaila gehiago ekarriko lituzte. Besteak beste, irakaskuntza eredua bera aldatuko luke.
Gutxieneko edukiei buruzko neurria ia oharkabean pasa da. Zer diozu horri buruz?
Gutxieneko edukiak oso klasikoak dira, eta ikasleen maila bajua edukiak gehituz konpontzen du legeak. 50eko eta 60ko hamarkadetan bezala, ikasleak dena buruz ikastean oinarritutako eredua da hori. Eta momentu honetan informazioa pilatzea ez da garrantzitsuena, baizik eta informazioa aukeratzea, bizitzan moldatzen ikastea, ikasten dena eskolaz kanpoko egoerarekin lotzea, analisirako eta taldean lan egiteko gaitasuna izatea, iniziatibak hartzen jakitea eta sortzailea izatea. Ez da garrantzitsua ehunka eta milaka gai jakitea.
Eduki horrek transmititzen duen eredua oso negatiboa da. 10 gairekin ikasleen %25ak ez badu ongi bukatzen, 20 gairekin gehiagok edukiko dute arazo hori. Hezkuntza ulertzeko modua negatiboa da.
Egungo hezkuntza sistema hobetzeko zein neurri proposatzen dituzu zuk?
DBH hobetzeko modurik onena Lehen Hezkuntza hobetzea da, berau baita DBHren klabea eta hor egiten den esfortzu orok DBHren funtzionamendua bermatzen du.
Zer esan nahi du Lehen Hezkuntza hobetzeak?
Lehenengo gauza zailtasunak dituzten ikasleei aparte kasu egiteko nahikoa irakasle egotea esan nahi du. Hau da, ikasle horiei denbora gehiago eskaintzea besteekiko aldeak gutxitzeko.
Bigarrenik zentroei autonomia gehiago ematea eta udaletxeei zeregin gehiago ematea eskolen kudeaketan, antolaketan eta zainketan. Eta hirugarrenik, administrazioaren lan egiteko modu aldatzea.
Zer-nolako autonomia beharko lukete ikastetxeek zure ustez?
Antolaketarako autonomia, curriculuma garatzeko autonomia, eta ikasleen aniztasunari erantzuteko aukerak, ibilbideak edo proposamenak erabakitzeko autonomia eduki beharko lukete. Horrekin batera, irakasle taldearen egonkortasuna mantentzeko autonomia, eta administrazioari proposamenak egiteko, negoziatzeko eta hitzartzeko autonomia. Kasu horretan administrazioaren barruan udaletxeek protagonismo gehiago hartu beharko lukete, zentroetatik hurbilen daudenak baitira.
Zer eskatzen dio horrek ordainetan ikastetxeari?
Bi gauza, nire ustez. Bata eskola kontseiluen aldaketa. Oso mugatuak dira eta gizartearen parte-hartzea gehiago bultzatu behar da, nahiz eta irakasleei ez gustatu. Gizartea diodanean ez naiz gurasoez soilik ari, baita gainontzeko eragileei buruz ere. Gizartea hezkuntzan konprometi dadin lortu behar da, ingurunean paper garrantzitsuagoa jokatu behar du, eta horretarako kudeaketan parte hartu, zuzendaritzan erantzukizunak hartu eta abar egin behar du.
Bigarren kontrapartida da autonomia ebaluatu egin behar dela. Gizarteak eta administrazioek eskolen funtzionamendua nolabait kontrolatu egin behar dute.
Administrazioen lan egiteko modua aldatu egin beharko litzatekeela aipatu duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Administrazioak eskolarekin dituen harremanak ulertzeko modua aldatu behar du. Administraziora itzuliko banintz, ez nituzke arau orokorrak egingo. Kolektibo bakoitzari dagozkion irtenbideak bilatuko nizkioke. Bakoitzak bere nahiak eta erantzunak ditu, beraz, eskola bakoitzarekin proiektu zehatzak negoziatu eta adostuko nituzke. Horrek eskatzen du eskolak autonomia, proiektu bat eta egonkortasuna edukitzea, eta administrazioa eskola guztietara banan-banan hurbiltzea.
Irakasleei dagokienez, zein aldaketa egingo zenituzke?
Nagusiki bi: irakasleen garapen profesionala bultzatu eta irakasle dezenteren irakasteko modua aldatu.
Lehengoari dagokionez, mekanismoak adostu eta hitzartuko nituzke irakasleen lana bultzatzeko, beraien kezkak eta bideak aintzat hartzeko eta esperientzia duten profesionalak laguntza emateko, beste irakasleak prestatzeko eta abar "erabiltzeko".
Sumatzen dudan gabezia bat zera da: behin irakasleak irakaskuntza publikora sartzen direnean, inor ez dela beraietaz arduratzen. Oposaketak egin, eskolara joan, ezartzen zaien lana hartu eta kito, hor bukatzen da. Ez da modurik egokiena profesional berriak baloratzen duten lanbide batera sartzeko. Irakasleak beste modu batera aukeratu beharko lirateke, baina horrez gain, berri horiei erakusteko gogoa eta gaitasuna duten pertsonak behar dira.
Bigarrenik irakasle dezenteren irakasteko modua aldatzea aipatu dut. Izan ere, beste modu batera irakatsi behar da, irakaskuntza errealitatearekin lotuz, ikasleak bi mundu zeharo desberdinekin topa ez daitezen. Ikasitakoari erabilgarritasuna bilatu behar zaio eta ikasleek paper aktiboagoa eta laguntzaileagoa eduki behar dute. Ikasketa estrategiek lehentasuna eduki behar dute mugarik gabeko edukien metaketa edo ikaskuntzaren aurrean.
Aldaketa horiek ez dira arauen edo legeen bidez egiten. Aitzitik, garapen profesionalak, prestakuntzak, estimuluek eta baldintza hobeek dakarte aldaketa.
Azkenik, zein mezu bidaliko zenioke hezkuntza komunitate osoari?
Garrantzitsuenak ez direla aipatu ditudan neurri zehatz horiek, baizik eta hezkuntza ulertzeko oinarrizko ardatza, hezkuntzari ematen zaion zentzua eta irakasleen lana.
Hezkuntza proposamen global bezala ulertu behar dugu, ez bere testuinguru sozialetik at dagoen zerbait bezala. Hezteak merezi duela pentsatu behar dugu. Hezkuntzak ez du izan behar ezagutzak ikastea soilik; hiritarrak hezi behar ditu pertsona kontzienteak, erantzuleak, berritzaileak eta sortzaileak izan daitezen. Mezu hori nagusitzen doan heinean eta posible egiteko moduak bilatzen diren heinean, neurri horiek beteko dira.
Horrek gero eta esfortzu handiagoa eskatzen du, irakasteko modu berriei aurre egitea. Irakasleek sumatu behar dute hezkuntza beste modu batera ulertze horrek beren ahalegina bultzatzen duela.