AOZARAZA ikastetxea, Oñati: Ikasleek barneko sentimenduak adierazteko modu bat aurkitu dute olerkigintzan
Olerkia zertarako?
Pentsmendu txarrak aldatzeko?
Balio al du lasaitzeko edo
atsekabea handitzeko?
Kultura al da edo
denbora galtzea?
Dirua irabazteko edo
euskara bultzatzeko?
Barne sentimenduak
kanporatzeko
Mikel Galarza
Oñatiko Mikel Aozaraza ikastetxean olerkigintza lantzeari garrantzia ematen diote. Maila guztietan du presentzia modu batera edo bestera, izan ere, olerkigintzaren lanketa proiektu baten barruan dute, curriculumaren barruan sartuta. Horrela, DBHko 4. mailan olerkigintza sakontasunez lantzera iristen dira. Andoni Salamero Euskara irakaslea da horren ardura duena.
Zer eskaintzen du olerkigintzak pertsonalki?
Niretzat olerkigintza bizia bera da, bizian oinarritzen da. Bizidun orok, olerkiak idazten dituenean, bizi hori sentitu behar du eta biziaren zati izan behar du. Eta biziaren zati denean olerkigintzarekiko lotura estua sortzen da. Bizitza hori, barruan dugun hori, kanporatzeko modu bat da olerkigintza.
Erraza al da 15-16 urteko gazteei hori adieraztea eta olerkiak idazten hastea?
Poliki-poliki hasiz gero, bai. Adibidez, arkume handi bat aterako baligute jateko, eta inoiz arkumerik probatu gabe egongo bagina, segur aski ez litzaiguke gustatuko. Aldiz, arkume pusketa txiki bat aterako baligute, gustatuko litzaiguke. Olerkiekin ere gauza bera gertatzen da. Zizka-mizkak bezala atera behar dira: olerki txikiak, ezagunak, goxoak, ez oso jantziak eta irudiak eta sinboloak erabiltzen dituztenak.
Ondoren, hori ezagutu eta gero, gauza gehiago lantzen joaten gara.
Nola lantzen duzue?
Hasieran olerkiak entzunez hasten gara. Entzuketarekin zerbait sentitzen dute eta hori prosaz adierazten dute. Hurrengo urratsa jolasten hastea da, hots, prosatik poesiarako jauzia ematea. Ordeka zabala utzi eta erreka batean sartzea bezala izaten da, eta erreka horretan egitura trinkoekin edo zabalagoekin jolas egin dezakete. Hori norberaren arabera gelditzen da.
Zein helburu du horrek guztiak?
Alde batetik helburu didaktiko bat du: poesia era dinamikoan eta aktiboan lantzea eta bizitzea, hau da, beste idazle batzuk sortu dutenetik ikasi eta norberak bere kabuz barruak agintzen dion hura azaltzeko gai izatea. Olerkiaren urruneko irudia gerturatzea eta bere baliagarritasunaz jabetzea da xedea.
Horri loturik dago bigarren helburua, hots, poesiak gizartekotzeko duen benetako ahalmenaz jabetzea. Askotan olerkiak bakarrik ikusten, irakurtzen eta idazten ditugu, itxita, hesituta, mugatuta dagoen zerbait dela dirudi. Hori topiko hutsa da. Olerkia besteekin partekatu behar dugu, barruan daukaguna azaleratu eta adierazi egin behar dugu.
Ama Lur
Ama lurra dugu maitatzen
gauza asko digu ematen
baina zer ari da gertatzen?
Ondorio batera naiz iristen
ez dakigula gauzak banatzen
bizimodu hau dugunean aldatzen
txiroei lagunduko diegu bizitzen.
Miren Korkostegi
Hatsa Elkartea
Hatsa Elkartea olerkigintzari lotutako elkartea da. Olerkia gustuko dutenak eta olerkigintzan aritzen direnak biltzen ditu Senperen kokatutako elkarte horrek, eta urtean behin, martxoaren 19an, olerkarien festa antolatzen du. Olerkizale guztiak elkartu eta egun atsegin bat pasatzeko asmoz antolatzen da jaia, besteak beste, elkarren olerkiak entzunez. Auxtin Zamora idazle eta elkarteko koordinatzaileak elkartearen zereginei buruzko xehetasunak eman dizkigu.
Poesia eta hatsa. Zein da bi hitz horien azpian mamitzen den filosofia?
Poesia hatsa bezalakoa da. Hatsa airetik hartzen dugu, bakoitzak berea, eta berriz ere airera itzultzen dugu, baina aurretik geurea den zerbait erantsiz. Ihintz fin bat, bustidura ezkutu bat uzten dugu espazioan, eta hori da norbanakoaren berezitasuna, norbanakoak sortzen duena.
Poesia ere hatsa bezalakoa da. Gizarte osoarenak diren hitzak, sentimenduak eta pentsaerak hartzen ditugu, geure egiten ditugu, eta geure baitako ihintzarekin, sentimenduekin busti, eta berriz kanporatzen ditugu.
Poesia denona den gauza batetik sortzen dugun zerbait da, eta berriz denei itzultzen zaiena.
Zein asmorekin sortu zen Hatsa Elkartea?
Oinarria poesia da, eta elkartearen nahia da poesia elkarrekin lantzea, partekatzea, gozatzea eta bizitzea. Gure zeregina olerkiak landu nahi dituenari laguntzea eta elkarrekin poemak egitea da. Interesgarria da elkartzea eta denon artean aritzea, egiazki sorkuntza aberatsagoak egiten baitira modu horretara.
Horrela, elkartearen inguruan haurrak, gazteak zein helduak biltzen gara. Denon poemak bildurik urtero liburu bat argitaratzen dugu.
Elkartearen ateak interesa eta gogoa duen orori irekita daude, baina horrez gain, hainbat eskolatara ere joan zarete.
Bai, hala da. Seaskako bost ikastolatan eta zenbait eskola elebidunetan jardun gara. Irakasleei olerkia nola landu dezaketen azaltzen diegu, eta ondoren beraiek aritzen dira haurrekin. Izugarri didaktikoa suertatu da esperientzia eta haur batzuek elkarteak argitaratutako liburua osorik irakurri dute.
Zer?
Barneko zelaietan,
bihotz arrapaketan,
zer sentitzen dugu?
Egun batean modu txarrean
nahigabe sortzen bihotzean.
Xabier Puerto
Liburuaren orrialdeetan barna
45 ikasleren olerki bilduma xumeak osatzen du Hatsaren Poesia liburua. Eurek osatutako poemekin batera, poesiari buruz duten iritzia ematen digute. Azken ikasturte honetan olerkigintzaren inguruan egin duten lanak baliabide hori hobeto ezagutzeko aukera eman die, eta nola ez, baliagarritasuna eta erabilgarritasuna ere aurkitu diote. Beren iritziak irakurtzea nahikoa da horretaz jabetzeko.
Olerkigintzari buruz nuen iritzia nahikoa aldatu da. Hasieran ez zitzaidan batere gustatzen olerkiak egitearena, agian nire ustez ez naizelako oso ona horretan. Baina poesia landu dugun heinean, nire zaletasuna handitzen joan da eta orain, jadanik, badut olerki bat nire kabuz sortzeko gaitasuna. Nire ustez denok dugu ahalmen hori, baina ezetz pentsatzean, ez dugu inoiz lortuko. Gainera, olerkigintzarena, oso bide egokia iruditzen zait zure sentimenduak adierazteko. Maite Almeida
Hemen
Hemen dut nire etxea,
hemen nire lagunak,
hemen nire kezkak eta
hemen nire pozak.
Hemen dut nire bihotza,
hemen, Euskal Herrian,
hemen dut bizia,
hemen dut guztia.
Maite Almeida
Nire ustez poesia sentimenduak adierazteko erabiltzen den metodo onenetarikoa da. Azkenean laguntza bat dela iruditzen zait poesia. Uste dut poesiak bi alde dituela idazleak igortzen duenean eta irakurleak irakurtzen duenean, eta norberak irakurtzen duenean zein atsegina den.
Poesia beste mundu bat da, hainbeste gauza dago olerkian idazteko, hainbeste gauza irakurtzeko. Mundu berezia da dabilenararentzat eta besteontzat zer esanik ez. Jon Urkia
Poza
Irrifar leuna eta goxoa.
Jaioberri baten moduko usaia.
Maitasunaren disdira
Nire begientzako nigarra.
Udaberriaren ardatza.
Txorien txorrotxioen alegera.
Haize finaren hots txistularia.
Zeruko urdin ederraren ikusmira.
Nire sentimenduen lehena.
Bizitzako erdigunea,
zainetatik doakidan irrika bizia.
Aspaldidanik itxaroten egon
naizen momentua.
Fidagarria eta egiazkoa dena.
Zuhaitz hostoen ametsa.
Tristura gabezia.
Zorionaren erregina.
Nire munduko abestia.
Azken finean,
bizitzaren doinua.
Amaia Aranzeta
Nahiz eta olerkiak asko ez gustatu badakit gauza labur baina sentimenduz eta indarrez betetako testuak direla; eta ez da beharrezko hitz asko sentimendu goxo bat adierazteko. Leire Irizar
Oharra
Bihotzak hitz egin zidan,
jauzi bat egitean
belarrira hitz egin zidan
ni ohartaraztean
Makila bat eman zidan
hari jarraitzeko
bidea aurkitu arte
ez etsitzeko.
Gorka Goitia
Oso antzekoak direla uste dut bai bertsoak eta olerkiak, baina bakoitzak bere izaera du. Olerkiei, kaleetako "pintaden", "graffittien... antza hartzen diet, norbaitek hauek egiten dituenean zerbait aldarrikatzeko izaten da, noski ez guztiak, baina bai gehienak. Nire ustez, hauek egitea ez da ematen duen bezain zaila. Baina, hala ere landu egiten behar dira, hau da, esan nahi dudana edo aditzera eman nahi dudana zera da; olerkiak egiteko ez dela jaio behar, beraien artean bizi baino ez dela egin behar duste dut. Jon Igartua
Nire ahotsa apurtu egiten da,
zure izena esatean,
nire begiek negar egiten dute,
iragana gogoratzean.
Gure begiak topatzen zirenean,
nire bihotz-taupadak
handitu egiten ziren,
orduan jakin nuen,
benetan nor zinen.
Nire ahotsa apurtu egiten da,
zure izena esatean,
nire begiek negar egiten dute,
zuk ni ez maitatzean.
Nagore Goñi
Olerkien inguruko ikuspegi txarra bazenuten, agian, idaztea ere, ez duzue gogoko izango, txorakeria bat irudituko zaizue zuen arazoak biziduna ez den bati azaltzea; orri txuri bati, alegia. Hori argi dago zergatik den: inoiz egin ez duzuelako. Gezurra badirudi ere, dauzkazuen arazoak idatzi egiten badituzue, zuen barrua askoz ere lasaiago gelditzen da, nahiz eta orri batean idatzirik egon. Leire Zubia
Zer da loa?
Gau ilunean begiak isten
laguntzen diguna
Zer da loa?
Ametsetara abiatzeko
bidezidorra erakusten diguna
Zer da loa?
Egun berri bat hasteko
aukera ematen diguna
Zer da loa? Ane Markueta