Bigarren Hezkuntzako irakasleen prestakuntza
Lanbide horretan aritzeko, ordea, ikasketak egin behar dira lehendabizi.
Ikasketa horiek ez dira berdinak Iparraldean eta Hegoaldean, eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko ere ez. Bigarren horien ibilbidean kokatu gara oraingoan eta irakasle izateko nolako prestakuntza jasotzen duten jakin nahi izan dugu. Nahikoa ote da eskolak emateko? Eta ikasleak hezteko?
Ezagutza eta heziketaren arteko balantza
Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara pasatzean gauza anitz aldatzen zaizkie ikasleei, eta horieko bat irakasle kopurua da. Hasierako mailetan irakasle batek ematen ditu ikasgai gehienak, eta Bigarren Hezkuntzan, aldiz, ikasgai bakoitzeko irakasle bat izaten da, gai horretan aditua dena. Era berean, irakasle batzuk denbora guztian haur talde berarekin egoten dira ikasgai anitz emanez, eta beste batzuk gai bera irakasten dute hainbat taldetan.
Batzuen zein besteen lana desberdina den heinean, prestakuntza ere hala da.
Hegoaldean Haur eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistra izateko Irakasle ikasketak egin behar dira. Hainbat espezialitate daude aukeran, guztiak hiru urteko diplomaturak direlarik. Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko, aldiz, lizentziatura eskatzen da, eta horrekin batera Irakaskuntzarako Egokitze Ikastaroa egina izatea.
Iparraldean, ostera, abiapuntua ezberdina da. Lehen nahiz Bigarren Mailako irakasle izateko hasieran edozein motatako unibertsitate ikasketak egiten dira; hau da, Psikologia, Filologia, Fisika, Bilologia... edozein. Hiru urteko ikasketak izan ohi dira eta oinarrizko diploma orokorra eskuratzen da horiekin. Titulu horrekin hainbat adar profesionaletara bidera daiteke, eta horietako bat irakaskuntza izan daiteke. Kasu horretan, irakasle izateko, bereziki horretarako diren bi urteko ikasketak egin behar dira; Lehen Mailako irakasle izan nahi dutenek ikasketa mota batzuk egiten dituzte, eta Bigarren Mailara bideratu nahi dutenek beste batzuk. Aurrenekoen kasuan, ikasketa horietan didaktika eta pedagogia gaiak lantzen dira eta Hezkuntza Ministeritzak ematen duen Professeur des écoles diploma profesionala eskuratzen da. Bigarrrengoen kasuan, bi urteko ikasketa horiek bakoitzaren gaiari lotuta daude eta bukatu ostean CAER edo CAPES titulua jasotzen da.
Kolegio eta lizeotako irakasleen prestakuntza
Orain arte esandakoari jarraituz, Iparraldean hiru urteko oinarrizko diploma bat duen edonor izan daiteke irakasle, baldin eta beste bi urteko ikasketa bereziak egiten baditu. Horrela, Bigarren Mailako irakasle izateko CAPES formazioa egin behar da. Formazio hori estatu mailako da eta Bordelen egiten da. Diplomatuek hango unibertsitatean eskolak jasotzen dituzte urtebetean eta ondoren azterketa egiten dute. Sare publikoko irakaslegaiek egiten duten azterketari CAPES deitzen zaio eta sare pribatukoek egiten dutenari CAFEP. Izen desberdina ukan arren, edukiz berdinak dira. Urtebete horretan jasotzen diren eskolak gaika antolatuta daude, hau da, urtebetean Filologiako diplomatuek Filologiako CAPESa edo CAFEPa prestatzen dute, Historiakoek Historiako CAPESa edo CAFEPa, Kimikakoek Kimikako CAPESa edo CAFEPa eta abar. Guztietan pedagogia arloko prestakuntza eskaintzen da eta dena frantsesez.
Azterketa gainditu ondoren, bigarren ikasturtean, denboraren erdian unibertsitatean eskolak jasotzen jarraitzen dute eta beste erdian praktikak egiten dituzte eskoletan. Bigarren ikasturtearen amaieran eskolako jardun hori ikuskari batek begiratzen du, eta berak erabakitzen du pertsona hori irakasle izateko gai den edo ez.
Prozesu horri guztiari kanpoko CAPESa edo CAFEPa deitzen zaio. Izan ere, azterketa hori egiten dutenak oraindik irakaskuntzan ari ez diren lizentziatuak dira.
Badira, ordea, titulu hori eduki ez arren ordezko bezala lanean aritzen direnak. Horiek beste azterketa bat egin dezakete Bigarren Hezkuntzako irakasle titulua lortzeko. Barneko azterketa edo CAER deitzen zaio aukera horri. Gutxienez hiru urte lanean aritu ondoren egiten da azterketa hori.
Seaskak beste bide bat eskaintzen du
Seaskak barneko prozesua jarraitzen du, hau da, azterketa egin aurretik hasten dira diplomatuak Seaskan lanean, eta aldi berean, bi urteko prestakuntza pedagogikoa jasotzen dute. Ondoren, beste urtebete irakaskuntzan aritu ondoren, CAER azterketa pasatzen dute.
Ikastolan lanean hasi aurretik eta ikastaroa abiatu baino lehen guztiei elkarrizketa bat egiten zaie beren gaitasuna neurtzeko bai pedagogian arloan eta bai euskara arloan. Jaki Elkano Seaskako pedagogia prestatzailea da haien prestakuntzaren ardura daramana. "Diplomatu horiek beren gaiaz badakite, baina pedagogiaz eta didaktikaz ez, ez baitute formazio pedagogikorik ukan. Gehienek trebatu egin behar dute" dio Jaki Elkanok. "Beraz, kideekin eta ahal duten moduan hasten dira ikasturtea prestatzen. Baina gero, gelan direlarik, bakarrik dira eta hor egiten da zinez ekintza pedagogikoa. Batzuek berez sentitzen dute gela nola kudeatu, baina beste batzuek ez dakite. Eta hor laguntza behar dute".
Laguntza hori lehen ikasturtean formazio teorikoa emanez hasten da eta didaktika orokorra irakasten zaie asteazken arratsaldetan. Horrez gain, Jaki Elkanok urtean sei bisita egiten ditu gelara, nola moldatzen diren ikusteko. Lanaren analisia egiten dute elkarrekin, teoria eta praktika ahal bezainbat lotzeko. "Ez dut ikuskari lana egiten, formatzailearena baizik, aholkulari bisitak egiten ditut eta beraiek laguntzeko eta gogoetak, analisiak eta ikerketa egiteko nagoela sentitu behar dute. Nire lana aholkuak ematea da, gauza sinpleak baina beharrezkoak. Adibidez, kontsigna bat eman aurretik ikasle guztiak berari so daudela ziurtatzea, aktibitateak anitz aldizkatzea, denbora kudeatzen jakitea eta abar".
Era berean, irakasle berri horiek tutore bat izaten dute, lankide bat izan ohi dena, eta horrek ere parte hartzen du prestakuntzan lagunduz. Ikasturtearen amaieran ebaluaketa bat egiten dute Elkanok eta ikastolako zuzendariak eta baikorra bada, hurrengo ikasturtean prestakuntzarekin jarraitzen da.
Bigarren urtean asteazken arratsaldeko saioekin jarraitzen dute eta euskara arloa jorratzen dute bereziki: euskal zibilizazioa, hizkuntza, linguistika, euskal literatura, erakundeak... Ikasturtearen amaieran memoria bat egin behar izaten dute eta bukaeran epaimahai baten aitzinean aurkeztu.
Ibilbide hori guztia egin ondoren, beste urtebetez jarraitu behar dute eskolak ematen eta orduan egin dezakete CAER azterketa.
Hezkuntza Ministeritzaren Bordeleko prestakuntzaren eta Seaskaren formakuntzaren arteko desberdintasuna hizkuntzan dago, bereziki; Bordelekoa frantsesez da, eta Seaskakoa euskaraz. "Guretzat hori garrantzitsua da" dio Elkanok. "Pedagogia formazioa emateaz gain, Seaskaren eskola proiektuaren berri ematen diegu guk. Proiektu horren helburuak lortzeko behar ditugu irakasleak eta izpiritu hori erakutsi behar diegu".
EAEko eta Nafarroako lizentziatuak
Iparraldeko egoerarekin alderatuta, EAEn eta Nafarroan beste bide bat jarraitzen dute irakasle gaiek.
Lehen Hezkuntzako maisu-maistrek irakaskuntzan aritzeko ikasketak egiten dituzte, horretarako prestatzen dira. Lizentziatuek, ordea, ez dute arlo pedagogikoari eta didaktikoari buruz bereziki ezer ikasten, ez dute irakasle izateko ikasten, ikasketak ez daude horretara bideratuta.
Nolanahi ere, hezkuntza sistemak lizentziatuak eskatzen ditu Bigarren Hezkuntzako ikasleei irakats diezaien. Gaian adituak diren pertsonak eskatzen ditu: fisikoak, filologoak, biologoak, ingeniariak eta abar. Lizentziatu bakoitzak bere gaiari dagokion prestakuntza jasoa du, baina eskolak emateko prestatua al dago?
Hor dago gakoa. Gauza bat gaiaz jakitea da, eta beste bat irakastea eta heztea. Lehen Hezkuntzako irakasleek, beste gauzen artean, hiru urte pasatzen dituzte nola irakatsi eta hezi ikasten. Lizentziatuek ez al dute horren beharrik?
Erantzuna baiezkoa da, eta horregatik lizentziatuei Irakaskuntzarako Egokitze Ikastaroa (IEI, gaztelaniaz CAP) egitea eta titulua edukitzea eskatzen zaie eskolak eman ahal izateko. Irakasle izateko prestatzen dira ikastaro horietan.
Hori egin ondoren jasotzen den titulua hezkuntza administrazioak ematen duen titulu bat da, profesionalizatzeko balio duena, baina ez da unibertsitateko tituluzioa.
Titulu hori Madrilgo Gobernuko dekretu batek arautu arren, erkidego autonomo bakoitzak modu diferentean antolatzen du eta unibertsitateak arduratzen dira ikastaroa emateaz. Zenbait unibertsitatetan bi edo hiru asteburutan egin daiteke, beste batzuetan hamar hilabetetan, zenbaitetan klaseko asistentzia derrigorrezkoa da eta beste batzuetan korrespondentzia bidez egiten da. Prezio aldetik ere, zenbat eta laburragoa izan, orduan eta garestiagoa suertatzen da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan bost hilabete irauten du ikastaroak eta Euskal Herriko Unibertsitatean sei hilabetekoa da. Antolaketa aldetik, bietan antzekoa da. Hasteko, ikastaro teoriko orokorra egiten da, ikasle guztientzat berdina delarik eta oinarrizko lau modulu teoriko lantzen direlarik: hezkuntzaren antolaketa eta orientazioa, bilakaeraren eta hezkuntzaren psikologia, Bigarren Hezkuntzaren soziologia, eta hezkuntza ikerketa eta komunikazio eta informazio teknologia berriak. Ondoren, ikasle bakoitzak bere espezilitateari lotutako didaktika zehatza hautatzen du, eta beste gauzen artean, unitate didaktiko bat egiten du.
Zati teoriko hori amaitu ostean praktikak egiten dira Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean tutore baten gidaritzapean, eta aurretik egindako unitate didaktiko hori eramaten da aurrera. EHUan praktiketan dauden bitartean ere ordu batzuetan eskolak ematen dira behaketa eta hausnarketa egiteko, zentroaren funtzionamendua eta antolaketa ezagutzeko, eskolak nola prestatu jakiteko... Amaieran ikasle bakoitzak memoria bat egin eta aurkeztu behar du, horrekin klaseak emateko gaitasun pedagogikoaren titulua eskuratzen duelarik.
Didaktika zehatzei dagokienez, eskaintza ez da berdina campus guztietan eta urtero aldatu egiten da. Eskariaren edo beharren arabera administrazioak erabakitzen du zein espezialitate eskaini. Hau da, hurrengo urteetan zein espezialitateko irakasleak beharko dituen aurreikusten du, eta horren arabera zehazten da eskaintza, eta baita plaza kopurua ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurten 300 plaza eskaini ditu eta 114 matrikulatu dira. Nafarroan 100 plaza eskaini dira eta horiexek bete dira. Orain dela hiru urte hasi ziren Nafarroan ikastaro honekin eta hiru urtetan plaza kopuru bera eskaini da. Lehenengo urtean eskaria askoz ere handiagoa izan zen, baina aurten eskaintzaren parekoa izan da. EAEn, berriz, 96-97 ikasturtean hasi ziren IEIrekin eta 496 ikaslek eman zuten izena. Urtez urte kopurua jaitsiz joan da eta aurten 114 ari dira ikastaroa egiten. Nahiz eta 300eko numerus clausus jarri, ez da hainbeste jende matrikulatzen.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurten lau didaktika zehatz eskaini dira: Ekonomia eta Administrazioa, Teknologia eta Lanbide Heziketa Industriala, Teknologia eta Zerbitzuetako Lanbide Heziketa eta Natur Zientziak. Iaz aukeran zeuden Musika, Historia eta Filologia ez dira eskaini aurten. Printzipioz denak gaztelaniaz daude. Nolanahi ere, praktikak euskaraz egin ahal dira, baldin eta euskarazko ikastetxea eta tutorea aurkitzen baditu norberak.
Euskal Herriko Unibertsitatean espezialitateak hiru campusetan eta Durangon banatuta daude. Hurrengo taulan ikus daiteke campus bakoitzean aukeran dauden espezialitateak zein diren. Hala ere, ez da ahaztu behar, Nafarroan bezala, urteroko eskaintza aldatu egiten dela eta beti ez direla guztiak aukeran egoten.
Araban:
- Gizarte Zientziak berezitasuna: Geografia, Historia, Kazetaritza, Zuzenbidea eta Soziologia. Euskaraz.
- Atzerriko Hizkuntzak berezitasuna: Filologiak eta Itzulpengintza eta Intepretaritza. Gaztelaniaz.
Bizkaian:
- Zientziak berezitasuna: Matematika, Enpresa ikasketak, Ekonomia, Biokimika, Kimika eta Fisika. Gaztelaniaz.
- Natur Zientziak berezitasuna: Medikuntza, Biologia, Geologia, Farmazia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia eta Nekazal Ingeniaritza. Euskaraz.
- Arte Ederrak berezitasuna. Gaztelaniaz.
Gipuzkoan:
- Giza Zientziak berezitasuna: Filosofia, Antropologia, Psikologia eta Psikopedagogia. Euskaraz.
- Zientziak berezitasuna: Matematika, Enpresa ikasketak, Ekonomia, Biokimika, Kimika eta Fisika. Euskaraz.
Durangon:
-Teknologia berezitasuna: Ingeniaritza, Informatika eta Arkitektura. Gaztelaniaz.
Aldaketak datoz
LOGSEren ezarpenarekin derrigorrezko hezkuntza 16 urtera arte luzatu zen, eta horrek irakasleen aldetik beste prestakuntza bat eskatzen zuen. Hori dela eta, 1995an diseinatutako IEI aldatzeko beharra ikusi zen. Geroztik hainbat proposamen eta zirriborro egin dira, eta dekretua ere zehaztuta dago, baina oraindik ez da martxan jarri. Hala ere, EAEn dagoeneko plan berrian aurreikusten diren aldaketak egin dira IEIren barruan.
Dekretu berriak ekarriko dituen aldaketen artean izena berarena dago: Prestakuntza Pedagogikorako Ikastaroa (Curso de Cualificación Pedagógica) deituko zaio. Didaktika zehatzei dagokienez, 19 espezialitate sortzea aurreikusten da, nahiz eta ez den zehazten urte batean guztiak eskainiko diren edota aurreikusten diren lanpostuen arabera erabakiko diren.
Berrikuntza nabarmen bat ikastaroa hasteko baldintza izango da. Hots, orain arte lizentziatura bukatu ostean egin izan da IEI, eta eredu berrian unibertsitate ikasketak egin bitartean hasteko aukera egonen da. Ikasketako kredituen %60 egin ondoren ekiteko parada izanen da. Zentzu horretan, ikastaro honetako edukiak hautazko edo libre modura txertatuko dira ikasketetan.
Ikasketa planetan sartzeak badakar beste aldaketa bat ere. Orain arte unibertsitateko irakasleek ematen zituzten IEIko eskolak borondatez, baina ikasketa planetan sartzen badira departamentuen ardurapena geldituko dira. Beraz, zenbait irakaslek horren ardura hartu eta prestatu egin beharko dute.
GOÑI, Alfredo.
Hezkuntzaren Zientzien Institutuko zuzendaria
Euskal Herriko Unibertsitatearen barnean Hezkuntzaren Zientzien Institutua da IEIren ardura eta antolaketa daramana. Ikasturte honetan hartu du bertako zuzendaritzako kargua Alfredo Goñik.
Zure ustez nahikoa al da IEIrekin jasotzen den ezagutza irakasle izateko?
Ez, eta benetan kezkatzekoa den gertakari bat da. Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasketa bereziak daude, hiru urteko diplomatura egin behar da, eta batzuk bost urteko lizentziatura bihurtzeko eskatzen dute. Paradoxikoki, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko bideak azkarragoak dira. Horregatik, mundu guztiak prestakuntza hori nahikoa ez delako sentsazioa dauka, eta argi eta garbi dago irakasle ikasketak egin dituztenen eta ikastaro hori egin dutenen sentsibilitatea ere ez dela nahikoa.
Ni urte askotan izan naiz Irakasle Eskolako irakasle eta horko prestakuntza oso ona ez delako sentsazioa daukat. Baina, ikasketa horiek egin eta irakasle izateko prestatu den pertsona baten pentsaera eta sentsibilitatea, eta horretarako prestatu ez den eta bere gaian espezialista den pertsona batena alderatzen baditugu, diferentzia nabarmenak daudela ohartuko gara.
Zein diferentzia ikusten dituzu?
Benetako hezitzaileak badaki bere egitekoa ez dela irakastea, baizik eta ikasten laguntzea. Hau da, Ikerri Matematikak irakasteko Matematikak jakin behar dira, baina baita Iker ezagutu ere, ezagutza hori gabe ezinezkoa da Ikerreri irakastea. Zalantzarik gabe, bigarren alderdi hori derrigorrezkoa da, hots; ezagutza psikologiko eta pedagogikoa, etapa baikotzeko ikaskuntzaren ezaugarriak, motibazioa eta abar.
Prestakuntza Pedagogikorako Ikastaro berriak arazo horiei irtenbidea emango al die?
Nik uste dut gauzak aldatuko dituela. Esate baterako, irakaskuntzaren testuinguruan gehiago integratzen da, petatxu sentsazioa kenduz. Nik uste dut lasaiago eta denbora gehiagorekin egin daitekeela, eta hezkuntzan interesa edo bokazioa duenak hobeto egin dezakeela.
Horrez gain, autonomia erkidegoen artean dagoen diskriminazio egoera ere ezabatu egingo du.
Nola uler daiteke leku batean sei hilabetetan lortzea titulua eta beste batean hiru asteburutan?
Arautu gabe dagoelako gertatzen da hori, eta noski, ikasleak harrituta gelditzen dira. Alde batetik, badakite hemen beste zenbait lekutan baino prestakuntza hobea jasotzen dutela, baina bestetik hainbatek titulu berdina askoz ere denbora gutxiagon eskuratzen duela ikusten dute. Hala ere, tituluan zenbat ordu egin diren zehazten da eta horrek balioa ematen dio eta aintzat hartzen da.
Dena dela, plangintza berriarekin hori guztia arautu egingo da eta denak berdindu egingo dira.
Eredu berriarekin jende gehiago matrikulatuko dela uste al duzu?
Nik baietz uste dut. Zeren prestakuntza hori egiten dutenak ez dira irakaskuntza formaleko irakasleak soilik. Irakaskuntza ez formalean dabilen gero eta jende gehiagok egiten du ikastaro hori, arlo horietan heziketa hausnarketa egitea garrantzitsutzat jotzen delako. Besteak beste, helduen hezkuntzan, aisialdian, internet bidezko hezkuntzan, gazteen heziketan eta abarrean dabiltzanak dira etortzen direnak. Modu horretako lanetan jardun nahi duenak unibertsitateak aitortzen duen Prestakuntza Pedagogikorako ziurtagiria badarama, berme batekin doa edo behintzat zenbait ordutan horretaz hausnartu duenaren seinale da.