HIK HASI Udako Topaketa Pedagogikoen arrakasta handituz doa

2002-10-01
 
 
Benetan arrakastatsuak izan dira aurtengo udako hik hasi III. Topaketa Pedagogikoak eta hik hasik oso balorazio positiboa egiten du. Parte-hartzea inoiz baino altuagoa izan da aurten, 765 pertsona bildu baikinen, eta hiru egunetako jardunean hizlari zein hartzaileak aktiboki murgildu ziren saioetan. Guztira 31 ikastalde osatu ziren eta hiru gunetan banaturik jardun ginen: Pedagogia Fakultatean, Informatika Fakultatean eta Ekintza ikastolan.

Orotara 73 hizlari aritu ziren eta gehienak bertakoak izan baziren ere, kanpotarren ekarpenak egon ziren; Kataluniatik bost etorri ziren eta Madrildik bi.

Oro har, ikastaro guztiek erantzun ona jaso bazuten ere, aipagarriak dira Etorkinak gure eskolan eta Ahozkotasunaren didaktika bigarren hizkuntzan ikastaroak. Lehenengo ikastaroan etorkinen gaia ikuspuntu anitzetatik landu zen, kanpoko zein bertako ekarpenak eta esperientziak ezagutzera eman zirelarik. Dudarik gabe, agerian gelditu da gai horrek duen gaurkotasuna eta jendearen interesa eta hik hasik ikastaroko edukia monografiko batean bildurik argitaratuko du.

Ahozkotasunaren didaktika bigarren hizkuntzan ikastaroan ere parte-hartzaile ugari izan ziren, eta horrek hizkuntzaren ahozkotasunaren lanketak sortzen duen kezka islatzen du. Jakina da orain arte eskolan hizkuntza idatziari garrantzi gehiago eman izan zaiola, baina horrek ez du esan nahi ahozkotasuna ahaztu edo baztertu behar denik. Alderantziz, hori ere landu eta zaindu egin behar da.

Bestalde, Antzuolako herri ikastetxeko proiektua ikastaroan urteetan Euskal Herriko irakaskuntzan erreferentea izan den eskola osoko proiektua eman zen ezagutzera. Gutxi dira ikuspegi konstruktibista eskola osoan zabaldua, diseinatua eta landua dutenak, eta horregatik, beraien esperientzia oso baliagarria eta lagungarria da. Ikastaro honen gaineko monografiko bat ere argitaratuko d hik hasik .

Teknologia berrietako ikastaroek, urtero bezala, harrera ona izan dute eta hartzaileak gustura jardun dira ordenagailu aurrean. Ikastaro interesgarriak izan arren, oso trinkoak suertatzen direla aipatu dute, eduki asko eta egun gutxi izaten baitira. Bestalde, Klik hastapena ikastaroa goiz eta arratsaldez izan zen, eta jendeak goizez soilik egitea nahiago zuela aipatu du, nahiz eta egun kopurua gehitu.

Ekintza ikastolan gorputz adierazpenari lotutako ikastaroak egin ziren Zenbait musika proposamen erakargarri, Alexander teknika eta ahotsaren berreziketa, Diafreo, Antzerkia, Munduko dantzak, Psikomotrizitatea, Euskaraz jolasten eta Jolas kooperatiboak . Ikasturtea bukatu ondoren gorputza mugitzeko eta sentsazio berriak ezagutzeko atera ireki zuten ikastaro horietako gehienek eta jendea oso gustura jardun zen.

Hemendik aurrera datorren urteko ikastaroak prestatzen hasiko gara, bai baitakigu eskaera egongo dela eta erantzuna ere ona izango dela. Beraz, euskal irakaskuntzaren alorreko prestakuntzan gure aletxoa jartzen jarraituko dugu. •