Erabakitzeko eskubidea hezkuntzan ere bai

2002-10-01
Ikasleek euskaraz adierazteko hautua egiten badute, aurretik hizkuntza ongi ezagutuko dutela bermatu behar da. Ez al da hori gure egitekoa?
 
 
Aspalditxo honetan sarri entzuten ari gara adierazpen askatasuna, biltzeko eskubidea, erabakitzeko eskubidea, giza eskubideak eta antzekoak. Gure herriko hainbat eta hainbat esparrutan eskubide horiek urratu egiten direla salatzen ari da.

Adierazpen askatasunak, zentzurik edukitzekotan, erabakitzeko eskubidea izan behar du berarekin. Hori horrela al da gure esparruan? Alegia, hezkuntzan? Gaur egun, nork du erabakitzeko ahalmena Euskal Herriko ikastetxeetan? Gure ingurura begiratuz gero, ikastetxe mota ezberdinak daudenez, erabakiak hartzeko orduan ere modu ezberdinetan hartzen direla dakusagu.

Guk, oraingoan, gizartea antolatzeko modu eta aukera ezberdinei begiratu gabe, ikasleen larruan jarri eta erabakiak hartzeko orduan zer dagokien hausnartu nahiko genuke. Zergatik jarri ikasleen larruan eta ez irakasle, hezitzaile, guraso, administraziokide, kongregaziokide edota herritar soil baten lekuan? Eskola ikasleak hezteko helburuarekin sortu zela pentsatzen dugulako.

Guretzat eskola komunitate osoak du garrantzi handia. Eskola komunitateko kide bakoitzak bere norbanako eskubideak ditu, eta zilegi izateaz gain, sanoa da euren defentsan aritzea. Badaude taldeko beste eskubide batzuk ere, taldeak izendatzen dituenak, normalean ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektuan zerrendatzen dituenak. Ikastetxe bakoitzaren eskutan dago behar diren bitartekoak jartzea eskubide horiek eta ezarritako helburuak lor daitezen.

Gune berean, ordea, norbanako eskubideak eta taldearen eskubideak elkartzen dira, eta askotan baita gurutzatu ere. Horrelakoetan, norbanako eskubideen defentsak eskolaren beraren betebeharra ahaztera garamatza, eta gure norbanako interesak proiektu orokorren gainetik jartzera. Hala, ez gara ohartzen horrekin ikasleen eskubideak urra ditzakegula.

Ikasleen eskubideak asko badira ere, besteen artean, bizi den herriaren historia, hizkuntza eta kultura ezagutzeko eskubideak dira. Euskal Herriak munduari egin diezaioken ekarpenik ederrenetakoa bere aberastasun kulturala garatzea eta eskaintzea litzateke.

Aberastasun hori izanda, zergatik ukatu ikasleei horren ezagutza? Ukapen horren aurrean, herri bezala erantzutea eta ikasleen eskubideak defendatzea dagokigu. Helburu horrekin eta aurrera begira, urratsak eman beharko genituzke Nafarroan eta Iparraldean euskararen ofizialtasuna lortzeko eta eskolan lorpen horren isla ikusteko.

Urratsak eman baita ere EAEn ikasle guztiek euskara erraztasunez menpera dezaten derrigorrezko ikasketak amaitzean. Euskal Herriko edozein gaztetxok askatasuna izan beharko luke zein hizkuntza erabili nahi duen erabakitzerakoan: mintzatzeko orduan, ikasketak jarraitzeko orduan, lagunekin aritzerakoan, maitatzerakoan... Eta erabili ahal izateko, aurretik ongi ezagutuko dutela bermatu behar da. Ez al da hori gure egitekoa?