UGARO ikastetxea, Legorreta: Pasaporterik gabeko bidaia Saharara

2002-10-01
Legorretako Ugaro ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako 17 ikasleek udaberrian irudimenezko bidaia interesgarri eta aberasgarria egin zuten Saharara Mirari Arregi andereñoarekin. Bi hilabetetan zehar herrialde hartako hainbat eta hainbat gauza landu eta ezagutu zituzten Legorretatik mugitu gabe, baina hurbileko bizipenak izanez.
 
 
Adreisa izeneko neska sahararrak iazko udan bi hilabete pasa zituen Legorretako familia batekin, eta ondoren, familia horretako gurasoak Saharara joan ziren beraiekin egondako neskatilaren herrialdea ezagutzera. Guraso horien alabak Legorretako Ugaro ikastetxean ibiltzen dira, eta noski, lagunei gurasoen bidaiaren berri eman zien. Ikaskide guztiek ezagutzen zuten Adreisa, udan herrian berarekin ibiliak baitziren.

Horrek guztiak izugarrizko jakin-mina sortu zuen ikasleen artean eta Mirari Arregi irakasleak informazio gose hori asetzeko une egokia zela pentsatu zuen. Gai hori lantzeko arrazoi bat baino gehiago ikusi zituen irakasleak. Lehendabizi, eurak bezalako neskatila bat eta bere ingurukoak nola bizi diren ikasteko abagune egokia zen, hots, munduan bizitzeko modu desberdinak daudela ikasteko aukera eskaintzen zuen, eta gizatasun aldetik begiratuta horri garrantzi handia ematen dio Mirari Arregik. Era berean, garrantzia handia ematen dio jakin-mina sortzeari eta partaidetzari, eta gai honek hasieratik zituen osagai horiek.



Jakin-mina asetzeko urratsak

Irakasleak girotze lan bat eginez hasi zuen Sahararako bidaia bere ikasleekin. Horretarako, ikasleen arteko elkarrizketa sortu eta bultzatu zuen lehendabizi eta horrela, ikasleek zer zekiten jakin ahal izan zuen. "Hortik abiatuta zer jakin nahi zuten ikusi nuen, eta nik ere, irakasle bezala eta beraien adina kontuan hartuta, beraiek zer jakitea gustatuko litzaidakeen zehaztu nuen" azaldu digu Mirarik.

Hasierako girotzetik eta elkarrizketatik hainbat galdera sortu zitzaizkien ikasleei eta horiei erantzuteko zenbait bide erakutsi zizkien Mirarik. "Alde batetik, informazioa bilatzera bultzatu nituen eta horretarako pistak eman nizkien, hau da, informazioa nola eta non bila zezaketen esan nien. Nire zereginetako bat zen etxetik Saharari buruzko informazioa ekar zezaten bultzatzea eta motibatzea. Nik dena egina emateko partez, beraiek egin zezaketena erakusten saiatu nintzen. Eta horrela, hainbat bide edo aukera zituztela ohartu ziren: herriko liburutegira joatea, ordenagailuan eta Interneten begiratzea, gurasoei galdetzea eta abar".

Informazioa bilatzeko bi asteko epea jarri zuten denak antzera ibiltzeko eta epeak errespetatzen ikasteko ardura ere lantzeko. Ikasle bakoitza bere informazioarekin etorri zen bi aste horiek pasa ondoren.

Horrez gain, Saharan egondako gurasoak gelara gonbidatu zituzten eta aldez aurretik prestatutako galderak egin zizkieten: nola lo egiten duten, zer jaten duten, etxeak nolakoak diren, zer materialekin eginda dauden, ospitalerik ba al dagoen, eskolarik ba al dagoen, zer material erabiltzen duten eskolan, haurrak nola jaiotzen diren, ura nola lortzen duten... Gurasoa ordubete egon zen haurren galderak erantzuten eta handik ekarritako jantziak, argazkiak, bitxiak, bandera... erakutsi zizkien. "Guraso hori han bertan egon zen eta hark kontatutakoa liburuetako informazioa baino askoz ere biziagoa izan zen, noski" dio Mirarik. "Horrela ikasleek informazio iturrien arteko desberdintasuna ere ikusi dute".

Beste jardueretako bat gelan Saharari txoko bat eskaintzea izan zen. Entziklopedietako informazioarekin, banderarekin, argazkiekin eta abar hornitu zuten txokoa.

Tolosako udalak jantzi bilketa egiteko kanpaina bat egin zuen eta legorretarrak gaia lantzen ari zirenez, oso motibatuta zeuden eta bakoitzak poltsa bana eraman zuen.

Eduki aldetik gauza ugari ikusi dituztela aitortu digu Mirarik, besteak beste, animaliak, landareak, hango bizimodua, hizkuntza, erlijioa, jantziak eta bitxiak, musika, dantzak, tuaregen bizimodua, basamortuaren ezaugarriak... "Dena dela, irakasleak beti aintzat hartu behar du zein adineko haurrekin ari den informazio gehiegi eman ez dezan. Zerbait ikas dezaten lortu nahi bada, informazioa neurrian eman behar zaie. Adibidez, ia gehienek zekiten Sahara basamortua dela, eta hortik abiatuta munduko basamorturik handiena dela erakutsi nien. Noski, ez nien esan zenbat metro karratu dituen, kontzeptu hori abstraktua delako adin horretako haurrentzat. Munduan basamortu gehiago daudela ere esan nien, baina ez nien azaldu zein diren eta non dauden, eduki gehiegi izango bailitzateke".

Egindako lan guztiarekin liburuxka bat osatu dute eta aurtengo udan eman diote Adreisari, berriz etorri baita Legorretara.



Motibazioa da ardatza

Saharako gaia lantzerakoan Mirarik ikasleak oso motibatuta eta estimulatuta ikusi ditu, beste lurralde bat ezagutzeko ikaragarrizko jakin-minarekin. Argazki batzuetatik abiatu eta gai oso bat landu dute, tartean gauza ugari ikusi, bizi, sentitu eta ikasi dituztelarik. Motibazio horren arrazoietako bat Adreisa ezagutzea izan da. "Ez da gauza bera liburu bat hartu eta basamortua aztertu behar dugula esatea edo han bizi den lagun bat edukitzea" ziurtatzen digu Mirarik. "Gainera, ikaste prozesuan ikasleak beraiek izan dira protagonista edo "ikerlari txikiak", nik esaten diedan bezala".

Mirarik dioskunez ez da modu honetara lan egiten duen lehen aldia. "Esperientziak erakusi dit horrela lan eginda, hots, ikasleei protagonismoa emanda, askoz ere interes eta gogo gehiago jartzen dutela ikasteko. Gainera, bizipen asko egoten dira tartean eta horiek nekez ahazten dira".

Irakaslearen esanetan ikasleentzat deigarriena zera izan da: sahararrak gauza material gutxirekin zoriontsu direla ikustea. "Adreisak bizikletarik ez zeukala esan zien eta argi elektrikorik ere ez zeukatela, beraz, telebistarik ere ez. Zoriontsu izateko gauza askoren beharrik ez dagoela konturatu dira eta hori oso garrantzitsua da". •