Euskal curriculumari oskola kentzen
Michael F. D. Yung-ek 1970ean ezagutza eta kontrolari buruzko gaia harrotu zuenez geroztik, curriculumaren inguruan sortutako kezka hain dago zabaldua hezkuntza-komunitatean, ezen, zehazki Hezkuntzaren Soziologian gabiltzanontzat, interesik gehien piztu duen ikergaietako bat baita. Esan beharrik ez dago gai honi buruzko hurbilketa teorikoan, beste gai gehienetan bezala, ikuspegi bat baino gehiago aurkitu ezinik ez dagoela eta nirea ere, askoren artean, bat gehiago dela. Dena den, curriculumak kulturaren transmisioan eta, ondorioz, gizartearen produkzioan eta erreprodukzioan duen garrantziaz jabetzeko, aski da, adibidez, Basil Berstein-en iturrietara joatea. Izan ere, gizarte batek publikotzat daukan hezkuntza-ezagutza nola sailkatzen, banatzen, transmititzen eta ebaluatzen duen jakitera iristen bagara, jakingo dugu, aldi berean, boterea eta honen banaketa eta gizarte kontroleko printzipioak ere nolakoak diren. Bernstein-ek bezala beste autore handiek, hauen artean Bourdieu zendu berriak eta berriagoek -Apple, Willis, Bowles, Gintis, Giroux eta beste hainbatek-, curriculuma harreman zuzen-zuzenean jartzen dute boterearekin eta kontrolarekin. Nik hemen ez dut ezer berririk asmatzen, autore horiek guztiak eta gehiago, bakarrik ibiltzeko gauza ez izaki, gogo-makulu ditut eta.
Ez dago urrutira joan beharrik arestian esana adibide baten bidez azaltzeko. LOGSEn (1990) botere banaketa garbiki egina dago 4. artikuluan. Hemen, gutxieneko ikasgaien oinarrizko edukien zenbatekoa finkatzean, gobernu espainolak erdia baino gehiagoko proportzioan beretzat gordetzen du horretarako ahalmena, % 55 beren hizkuntza ofiziala duten autonomia erkidegoen kasuan eta % 65 hizkuntza ofiziala bakarra gaztelania den autonomia erkidegoetan. Era berean, EAEn, 138/1983ko dekretuan hizkuntz ereduak finkatzen dira eta 1993ko dekretuan, berriz, irakasleen hizkuntz profilak. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan hezkuntza elebidunaren erabilera arautzen duten dekretu horiek, hurrenez hurren, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea (10/1982) eta Euskal Eskola Publikoaren Legea (1/1993) zehaztera datozenak dira eta lege horiek, ondo dakigunez, klase politikoak bere garaian hartutako erabaki adostu baten ondorio ditugu, ez gogoeta akademiko baten emaitza. Itsuenak ere ikus dezake hizkuntz eredu eta profil horiek ez dutela berdin balio ez gurasoengandiko gizarte eskeari erantzuteko eta ezago oraindik unibertsitatez kanpoko irakaskuntza euskalduntzeko. Badakit politikagintzan aplikatzen diren printzipioak eta komunitate akademikoan lantzen diren gogoetak ez direla beti ados etortzen esatean, ez dudala ezer berririk esaten, baina esan beharra dago, orain diodana ez baita maila akademikoan esaten. Hezkuntza elebidunari buruzko dekretuak aldarrikatuz geroztik egindako ikerketa finantzatu gehienak hizkuntz eredu horien emaitzak deskribatu eta neurtzera mugatu izan dira, horien oinarri teorikoak auzitan jarri gabe. Ez dakit zenbat diru eta ordu urtu den A ereduak ikaslea euskalduntzen ote duen ala ez aztertzen. Eta oraindik bizirik dago, osasun onean, gainera.
Hezkuntza formalean ikasleak lortzen duen ezagutza multzoa hiru mezu sistemaren bidez burutzen da. Sistema hori curriculumak, pedagogiak eta ebaluazioak osatzen dute. Lehenengoak baliozko ezagutza gisa hartzen dena definitzen du, zein eduki eman, alegia; bigarrenak, baliozko transmisio gisa ontzat hartzen dena, irakatsi beharrekoa nola irakatsi, alegia; hirugarrenak irakaslearentzat baliozko ezagutza gisa hartzen dena, ikasleak jakin beharrekoa badakien nola erabaki, alegia. Hiru elementu horiek osatzen dute, bada, "hezkuntza kodea" eta horien arabera egiten da ezagutzaren sailkapena eta kokapena. Sailkapenari dagokion irizpidearen arabera, ikasgaiak, ikasturteak, zikloak, mailak, sareak eta abar nola antolatu erabakitzen da. Kokapenari dagokion irizpidearen arabera jokatzen denean, berriz, eskolan sortzen diren elkarrekintza pedagogikoak kontrolatzeko arautegiak finkatzen dira.
Ondorioak? Bat: curriculumaren barrutia ez dagoela kanpotik bakarrik mugatua, hainbat botere gunetatik emanak datozkion lege, dekretu eta arau jakin bidez, alegia, eta baita eskola barrutik ere, eskola antolakuntzaren barruan eratzen diren administrazioko barne arauen eta ikastetxeko zein ikasgelako eguneroko funtzionamenduan sortzen diren irakasle eta ikasleen arteko elkarrekintzen bidez, alegia. Bi: curriculumaren kontzeptuan, LOGSEn bezala bere zabaltasunean hartuta, elementu asko sartzen direla, ez edukiak soilik, baita metodoak eta ebaluazioa ere. Nolanahi ere, lehen esandakoarekin nahasketarik egon ez dadin, esango dizuet ni hemen, batez ere, edukietara mugatuko naizela, curriculuma Bernstein-ek darabilen zentzuan hartuta. Hiru: aurreko bi horien ondorioz, curriculuma totum organicum gisa ulertzen dudala, ez zati -enborra- estatala balitz bezala, eta beste zati bat -adarrak- autonomikoa, zeinetan, LOGSEn datorrenez, sailkapena ehunekoen arabera zehazten baita. Gaurko gure curriculumak horrela funtzionatzen du autonomien estatuan, buru biko gorpuzki bakar gisa, gaien sailkapenean bertako hezkuntza komunitateari dagokion espezifikotasuna behar adina zaindu gabe.
Euskal curriculuma legeriaren aurrean
Badakizue nola PPk boterea lortu eta berehala, 1996ko urriaren 10ean, Hezkuntza eta Kulturako Esperanza Aguirre andere ministroak esan zuen Espainian Historiaren irakaskuntza aldatu beharra zegoela eduki aldetik, historia unibertsala eta, batez ere, Espainiari buruzkoa batere objektiboa ez omen zelako. Hautsa harrotu zen eta estatu botereak botere autonomikoen esku utzitako ehuneko hori betetzen ote den ikertzeari ekin zion Jaume Bofill fundazioak. Emaitzak 2001eko apirilean agertu ziren. Oinarritzat estatu espainoleko hainbat autonomia erkidegotan, DBHn eta Batxilergoan, historia sailean gehien erabiltzen diren testu-liburuak hartuta, ageri da, harrigarri bada ere, estatu argitaletxeek zein lekukoek ehuneko 10 eta 20 bitarteko proportzioan soilik betetzen dutela legeriak finkatuta daukana. Bere ahulezian, Katalunia eta EAE ditugu ehuneko 45 horretara gehien hurbiltzen direnak.
DBHn, Kataluniako autonomia erkidegoan, hemengoa garaiena izanda, % 15,45ekoa da soilik bertako historiari eskaintzen zaiona eta EAEn, berriz, % 10,05ekoa besterik ez, beste autonomia erkidegoetan indizea erdira jaisten den bitartean, % 5,5ekin. Orokorrean, bada, Espainiako historiari eskainitako orrien batez bestekoa oso goitik dago autonomia erkidegoei eskaintzen zaienaren aldean. Batxilergoan, berez, aukera gehiago legoke legerian finkatutako ehunekoak bete ahal izateko, historia unibertsalari buruzkoa ez baita sartu beharrekoa gutxieneko irakasgaietan. Emaitzak, ordea, txunditzeko modukoak dira, orokorrean orrien batez bestekoa ehuneko 3,4tik 5 bitartekoa baita. DBHn bezala, ikasmaila honetan ere Kataluniak eta EAEk ematen dituzte indizerik garaienak, lehenengoak % 33,8rekin eta bigarrenak % 22,8rekin.
Datu horiek guztiak adierazgarriak dira, testugintzarena osoki orain aipatzera goazen euskal curriculumean sartzen baita. Izan ere, edukiak testu-liburuetan gauzatzen dira.
Euskal curriculumak ba al du muinik? Baiezkoan nagoenez, oinarrizkoenak zein elementu iruditzen zaizkidan zehazten ahaleginduko naiz. Curriculumaren kontzeptua orokorra da diskurtso pedagogikoan, estatu bakoitzak bere hezkuntza sistema nazionalaren barruan osotasunaren ikuspegitik antolatu ohi duena. Honela, estatu bateko zein besteko hezkuntza sistemetan indarrean dauden curriculumak konparatzean -adibidez, Frantziakoak eta Espainiakoak-, jakin dezakegu zertan datozen batera eta zertan ez. Guk hemen LOGSEk finkaturik daukan curriculumari -funtsean espainolari- "euskal" adjektiboa ezartzen diogunean, ordea, ez dakigu zer adierazi nahi dugun, edo auzo-estatuetako legerietan araututa datozen curriculumaren zati bat den soilki, ala garbiki, oraingoz ez den arren, bere osotasunean euskalduna izatea duen helburu. Lehen kasuan curriculumaren euskal dimentsioaz arituko ginateke, bigarren kasuan, aldiz, soilki euskal curriculumaz. Komeni da puntu hori argitzea, ez baitago batere garbi. Bigarren ikuspegiak, jakina, euskal hezkuntza sistema nazionalaren eraikuntzan pentsatzera eramango gintuzke; lehenengoak, berriz, orain daukagunari eustera.
Euskalduntasuna
Nire ustez, euskal curriculumak, izenburuak berak adierazten duen eduki semantikoa izan dezan, euskaran oinarritua izan beharko luke, curriculum espainola eta frantsesa, adibidez, gaztelanian eta frantsesean oinarrituta dauden bezala. Baina badirudi, horrela kolpean esanda, izugarrikeria bat esaten ari naizela. Baina barruan ziztaka daramadan zalantza bat agertu gabe ez naiz lasaituko. Galdera hauxe da: orokorrean euskalgintzaz ari garenean ba al dakigu zein den horren helmuga zehatza, Euskal Herri osoa euskalduntzea edo, zuzenago iruditzen bazaizue, berreuskalduntzea, ala egun euskarak pairatzen duen egoera minorizatuari eustea, Orixek zioen bezala"ontan iraun dezan", ala, euskara halako epe jakin batera begira Euskal Herriko hiritar guztiek erabiliko duten mintzaira izan dadin, bide eragingarriak ezartzeko borondate politikoa erakutsi eta aplikatzen saiatzea, ala besterik?
Gure belaunaldikoek baino lehenago esana zeukaten, bat,"euskara gabe ez dela Euskal Herririk", eta bi,"Euskal Herria euskarak salbatuko duela". Euzko-Gogoa-koek oso gogor eutsi zioten aurpegi biko axioma horri. Noski, garai hartan ere baziren tesi hori onartzen ez zuten nazionalistak, baita euskaltzaleak ere, agian gehienak. Egun ere badiren bezala. Zuek hitza.
Badirudi, batzuentzat, euskalduntze eta alfabetatze kanpainak bultzatzean, euskararen sustapena pribilegiatzen dela eta, administrazioan edo irakaskuntzan aritzeko euskararen ezagutza maila jakin bat eskatzean, erdaldunak obligazioen subjektu pasibo bihurtzen direla. Gizabanakoak beharrezkoa du hizkuntza komunikazio tresna gisa erabili ahal izateko, baina hori zein izan, norberak aukeratu behar du. Eta hizkuntza hori, egoeraren edo tokiaren arabera, edozein izan daiteke. Horri "askatasun behartua" deitzen diote. Baina erdaldunak euskara nola aukeratuko du gizarte harremanetarako beharrezkoa ez bada? Zergatik egingo du alferrikako esfortzuen inbertsioa gizartetik trukean ezer ez jasotzekotan? Ikasketak egiten ari nintzela, nire herrian bertan -berdin ikastetxean- askotan entzuna datorkit gogora:"Euskarak ez dik ezertarako balio, hobe duk erdaraz jardutea".
Zein hizkuntza ezagutu eta erabili norberaren esku uzten deneko ikuspegi pragmatiko horretan, nik zerbait larririk kausitzen dut. Hasteko, Euskal Herrian erdaldunek beren hautuko hizkuntza ezagutu eta erabiltzeko askatasun osoa daukate. Baina Espainiako estatu lurralde osoan zehar, ezin da ez jakin ez erabili gaztelania, baina ez gehiengoak beste hizkuntzarik ez dakielako soilik, baizik eta, batez ere, legez halaxe behartuta daudelako. Beraz, lehen esandakoaren harian, gizabanakoa edozein hizkuntzaren aurrean aske bada bere aukera egiteko, zer esan behar du gaztelaniaren ezagutza eta erabilera estatutik ezarria datorkion euskaldunak, edo katalanak, edo gailegoak? Beharrezkotasunaren eta askatasunaren arteko mugak zeinek finkatzen ditu, eta zein irizpideren arabera? Hainbeste bider esan da euskaraz ikastea norberari barrutik atera behar zaiola, ez ezerk behartzen duelako, azkenean, guk zozook, ahaztu egiten dugu estatuek xehetasun osoz arautua daukatela hizkuntzen irakaskuntza eta esparru horretan ez dela ezer uzten norberaren esku.
Erdaldunek euskaldunek adina eskubide dute Euskal Herrian hizkuntz politikari buruzko plangintza egiteko orduan. Baiki. Baina ez gaitezen inozoak izan eta euskararen egoera zein den kontuan har dezagun. Ez baitut oraingorik, Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak 1989an argitaratutako Soziolinguistikako Mapa. 1986. Urteko erroldaren araberako Euskal Autonomi Elkarteko azterketa demolinguistikoa liburutik jasotako datu batzuk emango dizkizuet. Orduan, erdaldun elebakarrak ziren nagusi % 69,91ko indizearekin, honela banatuta: % 85,87 Nafarroan, % 41,33 Iparraldean, % 69 EAEn. Euskaldun elebakarrak, aldiz, % 1 baino ez ziren: guztira, 22.570 lagun. Euskaraz jakitea ala ez jakitea gauza bat da, eta oso bestea jakin eta erabiltzea, eta, azkenik, oso bestea euskarari buruzko jarrera zein den jakitea erdaldun elebakarren kasuan. Erabilerari dagokionez, ikertuta dago hizkuntza minorizatua beti galtzen ateratzen dela gizarteko harremanetan, euskararekin gertatzen den bezala, aski baita taldean batek ez jakitea beste guztiak erdarara eramateko. SEI elkartearen azken datuek diotenez, euskararen erabilerak, hurrenez hurren, Gipuzkoan eta Bizkaian soilik egin du gora % 30 eta 11, baina behera Araban eta Iparraldeko hiru lurraldeetan % 3 eta % 6rekin, Nafarroa Garaian mantendu egin da ozta-ozta % 7rekin. Oztopo bakarra babes instituzionalik eza ote da? Baliteke arazorik nagusienetako bat halaxe izatea. Nolanahi ere, horren zergatiak aztertzen hasteko unea ez bada ere, ikusia dago ezagutza soilak ez duela bermatzen erabilera. Eta erabiltzen ez denak ez du existentziarik gizartean.
Beraz, euskararen berreskurapena borondatearen magal epelean utzi behar bada, ez da kontsolatzekoa aurrean daukagun panorama erdaldunen jarrerak azken 16 urte hauetan asko aldatu ez badira bederen. Orduan % 48 ziren euskararekiko inolako interesik agertzen ez zutenak eta % 25 euskararen kontrako jarrera agertzen zutenak. Erdaldunen borondatea nolakoa den ikusi eta gero, bistan da hizkuntz politikarako plangintza horien esku uzteak likidazioa ekarriko lukeela. Ikusi besterik ez dago Nafarroako gobernuarekin gertatzen ari dena. Euskararena ez omen da politizatu behar. Baina politizatua daukate.
Batez ere EAEko hezkuntza elebidunean lortu diren emaitzak goraki kantatzen hasita gaude. Datorren ikasturteari buruz (2002-2003), haurren % 95 omen dira beren aurrematrikula B eta D ereduetan egin dutenak. Datu horrek erakusten duenez, hezkuntza elebidunean aurrerapausorik eman da. Hemen Eskolaurreko indizeak ematen dira eta, gurasoengandik datorren eske soziala islatzen duten aldetik, datu horiek arras positiboak ditugu.
Bain euskaraz eskolatzeari dagokionez , kontuan hartu behar dena da, ez dela hainbeste zenbat ikasle hasten diren euskal lerroetan, baizik eta, batez ere, lehenik, EEPko legeak dakarrenez, beren derrigorrezko ikasketak bukatzean zenbatek lortzen duten bi hizkuntza ofizialak praktikan ezagutzea, eta bigarrenik, selektibitate probak zenbatek egiten dituzten euskaraz. Lehen puntuari dagokionez, daturik ez dut. Bigarren puntuari buruz, 1997-1998ko ikasturtean, EAEn % 31 inskribatu ziren selektibitateko probak euskaraz egitera. Orduan aurreikusita zegoenaren kontra, ordea, komunikabideetan irakurri berriak gara 2002-2003ko selektibitate probetara Hego Euskal Herriko 11.000 ikasle aurkeztu direla eta horietatik % 65ek selektibitateko azterketak euskaraz egin dituela EAEn, eta Nafarroan, berriz, % 21ek. Datu horien aurrean, aitortu beharra dago aldaketa izugarria gertatu dela azken bost urte hauetan euskarazko irakaskuntzaren alde. Besterik da, hala ere, euskarazko lerrokoen eskeari zer-nolako erantzuna ematen dioten Hegoaldeko unibertsitate publikoek zein pribatuek. EHUn, 1997-98ko ikasturtean adibidez, % 31ko eskeari % 21eko eskaintzarekin erantzun zitzaion. Eta datorren ikasturte honetan, zer?
Bestalde, ikasleetatik irakasleetara etortzen bagara, HP1 eta HP2 tituluak zeuzkaten irakasleak, 1997-98ko ikasturtean, guztira % 69 ziren eta orain, berriz, lautik hiru euskaldunak omen dira, % 75, alegia. Bost urteren buruan, 6 puntu gehiago. Hemen kontua da, berriro diot, HP1 dutenak zein neurritan dauden gaituak irakaskuntza euskaraz emateko. Noski, gogoeta horietan ez dira sartzen Ikastolen jatorrikoak ez diren eskola pribatuak.
Euskal gizartea euskalduntzeari buruz , bada, punturik ohargarrienak ondoko hauek iruditzen zaizkit: bat, ez dagoela orekarik euskara ezagutzen eta erabiltzen dutenen artean. Erabiltzaileak gaur egun, Euskal Herria bere osotasunean hartuta, % 11,4 besterik ez dira, baldin SEIren neurketa zuzena bada; bi, gehien euskaldundu den gizarte sektorea irakaskuntzakoa izan dela, nahiz eta galderak egin daitezkeen hazkunde horren nolakotasunaz; hiru, erabilerari dagokionez, ez dagoela harreman koherenterik eskola komunitatearen eta bizitza publikoaren artean edo, bestela esanda, euskara ez dela gizarteratzen ezagutza mailaren arabera. Nik hemendik ateratzen dudan ondorioa da, azken batean, elebitasunean oinarritutako hizkuntz politikak eragindako desorekaren isla besterik ez dela hori guztia eta, gauden diglosi egoeran, hizkuntza batek besteari lurra jaten diola eguneroko bizitza publikoan, gure kasuan erdarek -gaztelaniak eta frantsesak- euskarari. Serioski auzitan jarri beharrekoa, bada, elebitasunaren filosofia bera da, bi hizkuntza modu orekatu batez -batak bestea zapaldu gabe, alegia- erabiliz bizi den herririk ez baitago. Esana daukagu elebitasuna estaturik gabeko nazioetan aplikatu ohi den hizkuntz politika dela.
Eta eleaniztasunaz zer esan dezakegu elebitasunaren politika ezarria den gure herri honetan? Gure etorkizuna Europa Batuan erabakiko den une honetan, hizkuntza gutxituen hizkuntz politikaz arduratzen direnek elebitasunetik eleaniztasunera pasatzeko garaia iritsi dela uste dute. EAEn 16 urte bitarteko eskolatzean hiru edo lau hizkuntzaren irakaskuntza ziurtatzeko asmoak jadanik bideratuta dauzka hezkuntza kontseilaritzak. Egitez, ingelesari dagokionez, gaur egun % 80 dira 4 urterekin hasita ikasten ari direnak. Bada eleaniztasunean elebitasuna gainditzeko bidea ikusten duenik ere. Ignasi-Aureli Argemik, CIEMENeko zuzendari katalanak zioenez, elebidunak izateari utzi eta eleaniztunak izatera iritsiko garen unean salbatuko omen dira gure hizkuntzak. Ez dakit zuzen zer esan nahiko zuen komunikabideetan hori esatean. Pentsa nezake esan nahiko zuela estatua, nazionala ez den beste hizkuntzen ofizialtasuna aldarrikatzen den neurrian elebiduna dela. Legez, izan, hala izango da, baina egitez, izan estatu-hiritar gehienak elebakarrak dira, Espainian bezala Frantzian, Erresuma Batuan bezala Italian. Europako estatu gehienetan, guztietan ez esatearren, estatu-hiritar gehien-gehienak, goi mailan eskolatuak eta intelektualak kenduta, monoglota hutsak dira, hots, hizkuntza batez baliatzen dira gizarte harremanetarako. Elebitasunaren eredutzat jotzen den Suitzan bertan, frantsesek frantsesez eta alemanek alemanez egiten dute.
Nik ere eleaniztun izateari abantaila guztiak ikusten dizkiot, beste kulturekin harremanetan jartzeko bideak irekitzen zaizkigun aldetik. Eleaniztasunean heztea aberasgarri izan dakigukeela uste dut, menpeko hizkuntzaren kaltetan ez doan heinean. Zentzu horretan, eleaniztasunaren aldeko erronkak gorestekoak dira, asmo bezala, baina galdetzekoa da erronka horiekin nora goazen, aldez aurretik batere ziurtatu gabe baldin badaukagu gure hizkuntzaren oraina eta geroa, euskara gure gizartearen bihotz-bihotzean txertatzeko gauza ez bagara, gaztelaniak eta frantsesak orain arte bezala gure lurralde osoan zehar hizkuntza nagusi eta indartsuenak izanez segitzen badute, eleaniztasunak beste hizkuntzak -euskara barne- lardaskatzeko soilik balio baldin badu. Ama hizkuntza euskara duen ikasleari, elebidun aktiboa den aldetik, beste hirugarren edo laugarren hizkuntza bat ikasi eta horien erabiltzaile pasibo izateko ez diot aparteko zailtasunik ikusten. Handiagoa suposatuko luke etxetik elebakar erdalduna izan eta euskarazko irakaskuntzan -D ereduan, alegia- osoki murgilduta ez dagoen ikasleriaren kasuan, sektore horri bere ahaleginean plus bat gehiago egitea eskatzen baitzaio eta horrek ekar lezake ikasle horiek, praktikan, egiazko ez elebidun ez eleaniztun, baizik elebakar izanez segitzeko arriskua. Nolanahi ere, hori guztia esperientziak erakutsiko du.
Esanak esan, badu garrantzirik, Europara begira, gure belaunaldi berria eleaniztasunean eskolatzeko ahaleginean bide ausartak irekitzen saiatzeak, besterik ez bada arrazoi soilki utilitaristengatik. Baina hori guztia baino lehenagokoa dela uste dut -diskurtso pedagogikoan arrazoi utilitaristen gainetik etikoek egon beharko luketelako diot hau-, Euskal Herriaren hizkuntza nazionala den euskararen gizarte bizitza ziurtatzea eta hil-biziko zeregin horretan hezkuntza sistema, beronek hizkuntzen irakaskuntzan duen eragin erabakigarriagatik, egile eta eragile nagusi izatea. Maila honetan gizarte zibilak erantzukizun etiko osoa eskatu beharko lioke botere publikoari, estatalari zein autonomikoari. Gaur egun gauden egoera soziolinguistikoan egonda, Euskal Herriak Europara begira daukan egitekorik larrien eta zailena, bere hizkuntza eta bere kultura sendotu eta ziurtatzea da, horiexek baititu nortasuna ematen diotenak eta horiek gabe, beste mailetan gizarte arras aurreratua izan arren, Europako herririk zaharrena izateari datxezkion zantzu prehistoriko eta historikoak galduko bailituzke. Beraz, lehenik ziurta dezagun etxeko altxorrik behinen eta handiena, eta gero aberastuko dugu etxekoa kanpokoa hartuz.
Euskara eta euskal kultura
EEPko legerian, 5. artikuluan, hauxe dator xede gisa aldarrikatua:"Euskal Herriko kide direnez ikasleek duten kultura-nortasuna mamitzen laguntzea, ikasleak beren geografiazko, gizarte-ekonomiazko eta kulturazko ingurunean errotzea bultzatuz".
"Kultura-nortasuna" delako hori zer den zehaztea eta horren edukiak curriculumean esplizitatzea da zailena. Euskal literaturaz ari garenean, esate baterako, badakigu zertaz ari garen. Euskaraz idatzitakoa bakarrik da euskal literatura. Eta duela gutxi arte, euskaraz idatzitako orori euskal literatura deitu izan zaio, zentzu hertsian hala izan gabe. Izan ere, 1512-1992ko epealdian, literaturaren sailari dagokiona, % 20,74 besterik ez da izan. Baldin kontuan hartzen bada 1999ko liburugintza, % 19,3 da giza eta gizarte zientziei dagokiena eta % 2,8 zientzia teknologikoei. Beraz, euskarazko produkzioan gero eta indar handiagoa hartzen ari den prosa akademikoa, adibidez, non kokatzen da euskal curriculumean?
Zailtasunak areagotu egiten dira galdera euskal kulturaren gainean egiten dugunean. Puntu honi buruz, erantzunetan desadostasunak gainezkatzen gaitu eta, azkenean, ia ezinezkoa gertatzen da ondorio adostu batera iristea. "Euskal" edo "eusko" aurrizkiak zer barne hartzen duen mugatzeak ematen ditu lanak. Eta ez nolanahikoak, Euskal Herrian erdaraz egin eta idatzitako kultura ugaria hortxe baitago, non kokatu ez dakigula, kasu batzuetan gure herri nortasunaren kontra egina izan dena eta beste batzuetan, berriz, alde. Latinez, arabieraz, hebraieraz, okzitanieraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatzi dutenak euskal kulturaren sailean sartzekoak al dira? Azken batean, zerk egiten du egiazki "erdal" produkzioa dena "euskal" gisa har dezagun? Bertakoa izateak? Euskal kulturari buruzko gaiak erabiltzeak? Euskara eta euskal kulturaren aldeko ideologia edo sentimendua izateak? Euskaraz jakin bakarrik ez, baizik -bereziki, idazlanetan- erabiltzeak? Elebitasunaren kasuan bezala, menpeko kulturadunak izateak, anbiguotasunaren zulo ilunean sarrarazten gaitu. Gaur egun, estatuek beren kultura nazionala egituraturik dutenez geroztik, ez da maila horretan nahasketarik sortzen. Kulturaz ari direnean, badakite frantsesek zertaz ari diren, berdin espainolek edo alemanek ere. Ez dizute kultura espainola eta frantsesa nahastuko, ezta alemana eta ingelesa. Estatu ordezkariek Europa Batuan beren hizkuntza nazionala aldarrikatzen dute eta, horrekin batera, beren kultura nazionala. Hizkuntza bera da hor lehen muga, eta gero gerokoak. Zergatik ez da aplikatzen irizpide bera estaturik gabeko nazioetan? Beude hor galderak, lehen ere egin izan direnak, baina inoiz erantzun zindorik eman ez zaienak.
Bestalde, "euskal" zorionekoaren inguruko arazoak aski ez izanik, "kultura" kontzeptuaren inguruan ere bada nahasterik. Segun eta nondik begiratuta hurbiltzen gatzaizkion, ikuspegi gehienbat soziologikotik ala hertsiki antropologikotik, irakurketa dinamikoagoa ala estatikoagoa egin daiteke. Nolanahi ere, azpimarratu nahi nuke, kultura gizarte baldintza berrien arabera historian zehar bere edukia aldatuz datorren kontzeptua izanik ere, haren baitan badela beti badirauen elementuren bat, sustraizkoa edo substantziazkoa deitzen zaiona, zeinaren gainean gertatzen baitira kontingentzia historikoak. Hori, batez ere, euskal etnikotasunari esentzialismo usaina hartzen dioten postmodernista batzuengan pentsatuz diot, horientzat erreala, egiazkoa den bakarra kontingentea, historikoa dena baita. Duela bi mendeko euskal komunitatearen izate soziologikoa eta gaurkoarena ez direla berdintzekoak? Horixe ezetz, ez baitira alferrik pasa hainbeste urte gizarteko elkarrekintzen ondorioak euskal gizarte anitzaren ispiluan ager ez daitezen. Baina kultur nortasunak sustrai baten gainean eraikitzen dira. Kontingentziak nonbait gertatzen dira, zerbaiten baitan, ez linboan.
Nolakoa den kulturak hizkuntzarekin duen zerikusia? Galdera horrek ere badu bere bihurria. Antropologia klasikoan, Tylor-en definizioaz geroztik, kulturaren kontzeptua hainbat elementuz osatutako multzoa dela esan izan da eta elementu horietako bat, hain zuzen, hizkuntza dela, askorentzat oinarrizkoena. Jose Migel Barandiaranentzat, adibidez, kultura, izan, gizakiak bizitzak planteatu izan dizkion oinarrizko arazoei emandako irtenbide edo erantzunen multzoa da eta multzo hori, euskal kultura zaharrari dagokionez, ondoko kategoria hauek osatzen dute: mantenuak eta biziari eusteak, jakintzak eta teknikak, gizarteak -hemen etxea eta auzoa sartuz-, hizkuntzak, arteak eta erlijioak. Elementu horien artean, berak dioenez, hizkuntzarena da garrantzitsuena, baina ez bakarra.
Orokorrean esan dezakeguna da, batetik, kulturaren baitan sartzen direla nola hizkuntza hala pentsamendua eta, bestetik, hizkuntzak kulturarekin eta pentsamenduarekin harreman hertsiak dituela. Elkarren arteko mugak non dauden finkatzea, ordea, oso zaila da. Zein neurritan ez dakigu, baina badirudi hizkuntzak baduela eraginik kultur adierazpenetan eta pentsamenduaren nolakoan. Baliteke euskal antropologia klasikoak euskal kulturaz agertutako ikuspegia, honek gehienbat nekazaritzarekin lotutako gizartean oinarritutako kultur ekarria islatzen duen aldetik, berritu beharra izatea, azken bi mendeotan Euskal Herriak sekulako eraldakuntza ezagutu baitu, ez soilik maila soziopolitiko eta ekonomikoan, baita demografiko eta ideologikoan ere. Eta eraldakuntza horiek, ondorioz, euskal kulturaren baitan mundu sinbolikoen esparrua zabaltzea eta erreferente berriez hornitzea ekarri dute. Horregatik, euskal kultura espezifikotzat har daitezkeen elementu berri horiek zein diren identifikatu, tipifikatu eta sailkatzea, zaila izateaz aparte, arriskutsua ere bada, egiteko hori maila teorikoan oraindik ere behar adina aztertu gabe baitago. Lehen errazago zen euskal kultura edukiz janztea: ohiturak, azturak, sinesteak, folklorea, instituzioak, jantziak, gastronomia, jaiak, herri-kirolak eta abar. Baina orain, kultur mestizaia handituz doan honetan, nortasun sistemaren eraikuntza-eginkizuna gero eta konplexuagoa gertatzen ari da giza eta gizarte zientzietan.
Zalantzarik gabe, berritu beharra dago euskal kulturaren edukia, gaurkotu beharra, egungo gizarte hiritartu, industrializatu eta sekulartuaren zantzuak oro jasoko dituena izan behar du. Zeren kultura zerbait bada, dinamika da, ekina, lehengoaren gain eraberrituz doana; inoiz ez oroitzapen kolektiboaren suntsipena dakarrena, baina bai bere herri nortasun espezifikoari -desberdintasun etnikoaren marka bereizleari- eutsiz dirauen sustrai komun baten gainean eraldatuz, nahastuz, gurutzatuz datorren zerbait. Biziki interesgarria izango litzateke mestizaiaren prozesu horretan zer eta zenbat izan den bertakotua eta, halaber, zer eta zenbat den kanpokoek bertakoa ordezkatu dutena jakin eta baloratzea.
Hori argitzen saiatu ordez, egun kultur aniztasunaren aurrean aurkitzen garela konstatatze hutsarekin konformatu gara. Balio duten bakarrak, konstatazio kuantitatiboak dira, ez kultur gertakarien prozesuak. Horrela eraiki da, intelektualen sektore jakin batean, kultur aniztasunaren aldeko diskurtsoa, asko laburtuz, hauxe dioena: hots, erdaraz egindako kultura, baldin hemen egina bada, euskal kultura dela, euskaraz egindakoaren parekoa. Beraz, euskarak ez dauka erdaren lekua zertan hartu eta, ondorioz, ezta ere egun horietako bakoitzak, gaztelaniak zein frantsesak, daukan bizi indarra murriztu. Kultur aniztasunak, aukera politikoetan bezala, hizkuntzarenean ere aniztasuna eskatzen du, aspaldi-aspalditik hizkuntza horiek euskara bezain bertakoak izan baitira bertako hiritarren ahozko eta idatzizko tradizioan. Gaur egun, noski, gehiengo egoeran daude. Horientzat, beren jatorrizko hizkuntza -euskara- galdua duten lurraldeetan hura berreskuratzen ahalegintzeak ez du zentzurik, ezarpen ekintza bat besterik ez litzateke izango eta. Horrelako argudioak irakurtzean, tupustean Tuterako Argia ikastola datorkit gogora, edo Oiongoa, edo Lizarrakoa.
Lurraldetasuna
Aspaldion, hirigintza eta industriagintzaren ondorioz, galdua baitzen lekuko komunitatearen erreferentzia, berriro -eta, bereziki, globalizazioaren globoa puztuz doan honetan-, indartuz etorri da bere oinarri soziala lekuko komunitatean duen mugimendu komunalista, bere nortasuna, hain zuzen, bere lurraldean aurkitzen duena. Jendeak harremanak bere inguruan, bere auzokoekin, bere herrian izaten ditu, hor eraikitzen ditu bere harreman sareak eta, azken batean, hor gizarteratzen da. Lurralde nortasuna deitzen zaiona, bada, lekuko komunitatearen erreferentzian definitzen da, komunitate hori etnikoa edo bestelakoa izanda ere. Lokalismo giroan bizi denak ez baitu bere nortasuna indibidualizazio eta atomizazio sozialaren uretan itoa ikusi nahi, lurralde erakundeetan elkartzera jotzen du eta, kasu askotan, talde horietan kultur nortasun berezia sortzen da, komunala deitzen zaiona. Nortasun mota hori, noski, anitza da, modu askotara adierazita agertuko da: nire auzoa, nire komunitatea, nire herria, nire eskola, nire zuhaitza, nire ibaia, nire hondartza, nire mendia, nire ingurua. Mugimendu komunalista horrek badu zerikusia, zuzena ez bada ere, ekologismoarekin eta etnonazionalismoarekin, biak -ez zentzu berean baina-, lurraldean oinarritzen direlako, lehena espazio-kontrolaren defentsan eta bigarrena bertan bizi den komunitate etniko baten defentsan.
Lurraldearen kontzeptua, beraz, oinarrizko elementua da herri baten nortasun kolektiboaren eraikuntzarako. Gure kasuan, gainera, modu berezi batez dugu garrantzitsu eta oinarrizkoa, aspaldiko garaietatik, Harri Aroaz geroztik, ingurune geografiko berean kokatuta egon baita Euskal Herria. Gaur egun, Aro Modernoaz geroztik, lurraldearen mugaketa estatuek hipotekaturik badaukate ere, oroitarazi behar da, komunitate etniko baten lurralde-batasuna, nazio nortasunaren elementurik oinarrizkoenetako bat den aldetik, bertakoak beren etxean arrotzak edo bahituak sentitzea edo izatea meneratze egoera baten ondorio dela. Historiaurreko kokaleku izateari, besterik ez bada ere kultur ondareari zor zaion errespetuagatik, politikan ematen zaion baino garrantzi handiagoa eman beharko litzaioke. Euskal Herria bi estatutan eta hiru administraziotan zatituta ikustea, erabat puskatuta eta beren nortasun kolektiboak batera ezin bilduz, hain zuzen ere, estatu botereek halaxe edukitzea erabaki dutelako eta lekukoek egoera horri aurre egiteko gauza ez direlako edo helburuetan ados ez datozelako, horrelako paisaia birrindua begiztatu beharrak munstrokeria politiko eta kultural ezin itsusiago baten aurrean jartzen gaitu.
Lurraldetasunak, hertsiki curriculumari dagokionez, irakurketa bat baino gehiago ditu. Hiru bederen aipatu nahiko nituzke.
Euskal diasporaren dimentsioa
Demografikoarekin hasiko natzaizue. Euskal Herriak, industriagintzaren unerik bizienean, immigrazio masa handia hartu zuen bezala, aurreko mendeetan, artean kostaldean eta mendialdean pobrezia nagusi zenean, nonbait bizi egin behar eta, Atlantikoa zeharkatzeari eman zion hainbatek eta hainbatek eta geroztik diasporaren orubea zabalduz etorri da kontinente guztietan zehar. Egun diaspora osatzen dutenen kopurua askoz garaiagoa da bertakoena baino: bost milioitik gorakoa omen. Datua da migrazio mugimenduak euskal lurraldean bi joera ezagutu dituela, kanporakoa eta barrurakoa, eta fenomeno horietako bakoitzak bere ondorio bereziak ekarri dituela: hots, euskal emigrazioak diasporan bere euskal komunitateak sortu eta gorpuztu dituenean, estatu hartzailean integratuta sortu dituela; erdal immigrazioak, aldiz, bere erroak euskal lurraldean bota zituenean, ez zela herri hartzailearen ez kulturan, ez hizkuntzan eta ez pentsamenduan integratu, agian beharrik sentitu ez zuelako, estatu berekoak izanda, ez baitzen kanpokoa sentitzen, Palentziakoa Madrilen, edo Salamancakoa Sevillan sentituko ez litzatekeen moduan. Diferentzia handia da, zeren euskal komunitate diasporikoaren kasuan, beti eta nonahi, estatuak baitaude; euskal immigrazioaren kasuan, berriz, estaturik gabeko nazio bat da estatu espainoletik datorrena hartzen duena. Alde handia! Gurean integrazioaz hitz egitean, kontuz-kontuz hitz egin behar da, kontzeptu horrek asimilazioarekin konnotazio indartsuak izan ohi baititu eta gurean ere bai, zenbait leku eta garaitan.
Baina euskal curriculumaz ari garenean, euskal nortasunarena ere inplizituki barruan sartzen baita, berrikitan esan da, euskal jatorriko gehienak Euskal Herritik kanpo bizi izanda, hala ere ez direla aintzakotzat hartzen nortasun diasporikoak, euskalduntasunaren zigilua euskal lurraldean bizi denari egozten omen zaiolako. Ez dakit nork ukatu izan duen diasporako euskal jatorrikoen nortasuna, "nortasun diasporikoa" deitzen diotena. Bertakoena bezain jatorra dela onartu ezinik ere ez dago. Bertakoen eta kanpokoen arteko oposizioa gainditu beharrekoa dela gaineratuko nuke, baldin horrelakorik gertatu izan bada. Areago oraindik. Gurea bezalako herri txiki batean diasporaren errealitatea hain handia denez, iruditzen zait, errealitate hori gero eta gehiago ezagutuz goazen heinean, gero eta leku gehiago eman beharko litzaiokeela euskal curriculumaren barruan, testuliburuetan hari buruzko daturik jakingarrienak emanez. Hori esanda, ez zait iruditzen, hala ere, bertakoen eta kanpokoen nortasun erreferentzia sinbolikoak, bere jatortasun osoaren barruan, izaera berekoak direnik. Eta hori esatean, noski, ez dut ezartzen ezein hierarkizazio mailarik, desberdintasunaren markarena izan ezik. Eta desberdintasun hori, besteak beste, bertakoen nortasuna lurraldeari atxikiak egoteak ematen dio, diasporikoari hangoak edo haragokoak izateak ematen dion bezala. Eta komunitate etniko batek bere lurraldea izatea eta bertakoek harekin identifikatua sentitzea hain da garrantzitsua, hain da sakona, ezen lotura fisiko hori gabe -norberaren lurraldearen kontzientzia galduz gero, alegia-, bertakoak kanpoan inongoak sentituko bailirateke, noizbaiteko kosmopolitak bezala, atzoko internazionalistak bezala, oraingo transnazionalistak bezala. Ikuspegi horrek asko du naziorik gabeko estatalisten ukitu teorikotik.
Onartezina iruditzen zaidana, ordea, sistemaz han eta hemen errepikatzen den baieztapen hau da: hots, bertakoek beren herriaz daukaten ikuspegia, beren lurraldeari atxikirik daudelako, hain zuzen, zaharkitua, estatikoa, finkoa eta esentzializatua dela; diasporikoena, aldiz, atzerriratuen jatorrikoak kokaleku askotan bizi direlako eta kultur mota askorekin ukipen harremanetan, aldakorra dela, dinamikoa, nahasia eta, horregatik, baita aberatsagoa ere. Lehen ikuspegi atzerakoi hori, hor testuan esplizituki esaten ez bada ere, orokorrean euskal nazionalismoari leporatzen zaio. Eta bigarrena, zeini? Agian, nazioz gaindiko ikuspegi postmodernista, transkultural eta globalizatuari? Baina honen mundu errealak non du bere lurzorua? Inon ez ala nonbait bai?
Etnonazionalismoaren funtsa
Demografiatik gatozen etnonazionalismora. Litekeena da, herrigintzari buruzko diskurtsoak eraiki izan direnean -batez ere, literatura politikoan-, erreferentzia puntu nagusia Frantzia eta Espainiako estatuen peko Euskal Herri geografikoa izatea, hementxe Pirinioen bi aldetan otzan-otzan finkatuta dagoena. Segidan esango dut, baldin hala ez balitz, hala izan beharko lukeela. Honen arrazoia da, Euskal Herriak, batasun politiko iraunkorrik izatea lortu ez duen arren, beti izan duela herri berbera izatearen kontzientzia, eta batasun hori elementu kultural eta linguistikoaren inguruan gauzatu izan dela eta egun, herri gisa bere osotasunean eraikitzeko, ezinbestekoa dela lurralde batasuna, lurraldea, lehen esan dugunez, herri nortasunaren elementu osagarria delako. Horregatik, guztiz garrantzitsua da, euskal curriculumaz jardutean, Euskal Herri etnikoaren irudikapen grafikoetan lurralde osotasunarena arretaz zaintzea eta maila honetan, arrazoi administratibo eta juridikoez gaindi, arrazoi akademikoen argitan jokatzea. Euskal Herri etnikoa, nahiz eta politikoki zatituta egon, kultur errealitate jakin bat da, Historiaurretik hasi eta gaur arte bere eduki zehatza duena eta, alderdikeria guztien gainetik, euskal curriculumaren antolaketan aintzakotzat hartu beharko litzatekeena. Zoritxarrez, maila honetan, azken azterketek erakusten dutenez, estatu ikuspegia nagusitzen ari da, Euskal Herri zatituarena, alegia. Eta zatiketarena estaltzeko, kultura turistikoa indartu da, errazago saltzen dena, euskal curriculumean gastronomia, paisaiaren ederra, folklorea eta horrelakoak landuz. Iparraldean bezalatsu. Hori da Oinarrizko Hezkuntzako testuliburuek erakusten dutena.
Benetan sintomatikoa da aro autonomikoan gertatuz datorrena, gerra aurrean eta frankismo garaian ez bezala, azken hamarkada hauetan marka estatala goraka etorri baita bertako kultur erreferenteen kaltetan. Sos bat da zuontzat, irakasleok.
Lurraldearen irizpidea
Azkenik, lurraldetasunak badu zerikusi zuzenik gogoeta soziolinguistikoari dagokion hizkuntz plangintzarekin, zeinetan hizkuntza baten berreskurapena nola antolatu behar den aztertzen baita. Beste herrialde eleaniztunetan indarrean egon diren ereduak kontuan hartuta, pertsona irizpidearen ondoan, lurralde irizpidearena agertzen da. Ez da aski euskalduntasunaren atributua maila pertsonalean planteatzea, dena norbere borondatearen gain utziz. Aitzitik, hizkuntz plangintzan, lekuan lekuko aterabide egokienen arabera, nola irizpide pertsonala hala lurralde irizpidea erabili ahal izateko bideek irekita egon beharko lukete edozein gizarte demokratikotan. Tuterak, edo Bilbok, edo Gasteizek, adibidez, Orexak, Zeanurik edo Leitzak hainbat eskubide daukate euskaldunak izateko, edo izateko bidean jartzeko. Gutxieneko eskubide indibidual eta kolektiboak ez daude bermatuak egungo legerian, ezta EAEn ere. Auzo-estatuek, bai, beren hizkuntza nazionalaren beharrezkotasuna finkaturik daukate; Hegoaldeko botere autonomikoetan, EAEn irizpide pertsonala da gidari, ikasi ala ez norberaren esku uzten da; Nafarroan, oraindik okerrago, euskarari lurralde jakinak esleitzen zaizkio; Iparraldean, oraindik ere okerrago, euskarak ofizialtasunik ez du. Euskararen arazoa, botere gune desberdinetan, berdin gizarte-bizitzako maila gorenekoetan, nola administratiboetan hala komunikabideetan, ghettismoaren ilunpean sartuta dago.