Teknologia berriak: TIEC kongresua

2002-10-01
Izenburu honek, seguru asko, ez dio irakurleari gauza handirik burura ekarriko, baina, titulu ulergaitz honen atzean ezkutatzen dena, berriz, oso esanguratsua da hezkuntza munduan murgiltzen garen guztiontzat.
 
 
TIEC sigla batzuen multzoa baino ez da. Informazio Teknologiak Hezkuntzan eta Hiritartasunean, gaztelaniaz (Las Tecnologías de la Información en la Educación y la Ciudadanía). Honela du izena Bartzelonako Unibertsitateak 10 urtero antolatzen duen kongresuak.

Pasa den ekainaren bukaeran Bartzelonan izan zen kongresu honen 2. edizioa. hik hasi bertan egon zen horren guztiaren berri emateko, eta teknologia berriak gure eskola eta ikastoletan izaten ari diren murgiltze azkar, bortitza eta askotan deskontrolatua kontuan harturik, egokia deritzogu TIEC kongresuari dagokion arreta ipintzeari.

Hiru egunetan zehar mundu osoko aditu ugari bildu zen gai honen inguruko teoria, filosofia zein azterketa azaltzen. Horrez gain, toki askotako esperientziak aurkeztu ziren: Herbehereak, Alemania, Hego Amerika, Katalunia...

Euskal esperientziek ere izan zuten bere tokia; besteak beste, EHUko "Internet eta talde lana"k, Donostiako Ikasbide ikastetxeko "E-ikasbide"ak eta "Ikastele" Nafarroako ikastolen ingurune telematikoak.

Federico Mayor Zaragozak eman zion hasiera bigarren kongresu honi eta partaide guztiak ohartarazi zituen munduko populazio osotik %17ak baino ez duela eskuragai teknologia berrien erabilpena. Hots, teknologia berriak eta Internet mundu osoan zehar zabalduta daudela entzun eta esan dugu askotan, baina egia zera da: gehiengo handi batek ez duela oraindik telefono dei bat ere egin.

Burutazio horrek kongresuan zeuden aditu guztiak kokatzeko balio izan zuen. Argi geratu zen oraindik asko dagoela egiteko IKTen (Informazio eta Komunikaziorako Teknologiak) munduan. Lurralde idor batean olatu erraldoi bat bezala ailegatu zaizkigu teknologia berriak gure zentroetara, gure etxeetara... Jakin izan al dugu olatu erraldoiaren ura ongi bideratzen, gure beharretara egokitzen? Ez al gara itoko?



Kongresuko ondorioak

Kongresuaren amaieran, saio ireki batean, antolatzaileen eta partaideen artean gaiaren inguruko ondorioak bildu ziren. Haien artean hauek dira aipagarrienak:

1.- 90eko hamarkadan IKTen erabilera pedagogikoaz hitz egiten zen, gizartearen testuingurua eta hezkuntzaren problematikak kontuan hartu gabe. 10 urte beranduago, erabilpen horren kontestualizazioaren garrantziaz ohartu gara.

2.- Gaur egun hezitzaileen kezka ez da baliabide teknologikoen falta. Irakasle eta zentroek baliabide horiek txertatuta dauden egiturak (antolaketa, curriculuma, espazioak, denbora, eta abar) aldatu edo moldatzeko topatzen dituzten oztopoak baizik.

3.- Garbi dago IKTen zabalpenak erakundeen inplikazio zuzena behar duela. Dena den, IKTen eskutik berrikuntzak eta hobekuntzak proposatu edo bultzatu nahi dituzten hezitzaileak ikastetxe eta gobernuen administrazio eta antolaketa egituretan preso sentitzen dira. Behetik gorako iniziatiba horiek bultzatu eta erraztu beharko lituzkete administrazio eta zentroetako arduradunek.

4.- Gizarte, politika eta ekonomiaren joerek, "pentsamendu bakarrak" bultzaturik, hezkuntzaren problematika IKTen erabilpenean soilik zentratu nahi dute. Batzuentzat, eta batez ere, politikoentzat, IKTek "harri filosofala" edo talismana izaten jarraitzen dute. Hala ere, joera horiek bultzatutako emaitzek erakusten dutenez, IKTek, berez, ez dituzte hezkuntzaren problematikak konpontzen; nahiz eta beren erabilpenek problematika horiek nabarmentzeko eta alternatibak bilatzeko balio dezaketen.

5. Topaketa hauetan ikusi denez, IKTen erabilpenak (bere heziketa-potentzialaz behar bezala baliatuz) aldaketa esanguratsuak sortzen ditu:

- Pedagogia pentsaeran (ez irakasleriarenean soilik, baita administrazio, politiko, familia eta ikasleriarenean ere).

- Heziketa komunitatearen eragileen arteko komunikazio, interakzio eta elkarlan prozesuetan.

- Ezagutzaren irudikapena eta informazioaren atzematea ulertzeko moduan.

- Hezkuntza prozesuak ebaluatzeko eran.

- Heziketa-eragileen paperean.

- ...

6. IKTen, eta batez ere Interneten zabalpenaren ondorioz, gaur egun ezagutzen dugun "eskola" (leku fisikoa, gelak, ikasleen topagunea, klase presentzialak...) hezkuntzarako antolaketa sistema bakarra ote den planteatu da. AEB Ameriketako Estatu Batuetan ikasleen %7 heziketa telematikoaz prestatu arren eta hezkuntza komunitate birtualen munduaren zabalpena etengabekoa bada ere, gutxi batzuk defendatzen dute sistema horrek berez hezkuntza hobetzen duenik. IKTek ikasteko balio dutela frogatu dute, baina galdera honakoa hau da: hezteko balio al dute? Edo ba al dago hezterik giza harreman zuzenik gabe?

7. Etengabeko aldaketan murgildurik bagaude ere, gizartean pentsamendu eta ekintza estrategiko bat aktibatu beharko genuke. Aldaketekin topo egin ondoren erreakzionatu beharrean, aldaketak aurreikusi beharko genituzke eta horren arabera jokatu.

8. Ez dezagun ahaztu irakastea eta bizitzea txanponaren bi aldeak direla eta makinek ez dutela historia eraikitzen. Historia gizakiek soilik idazten dute.



Aurrera begirako erronkak

Ondorioez gain, etorkizuneko erronkez ere mintzatu ziren kongresuan bildutakoak. Erronka zerrenda luze bat planteatu zen eta interesgarria bada ere, nekagarria izango litzateke irakurlearentzat dena aipatzea. Guk, guztietatik, hauek azpimarratu ditugu:

- Hezkuntza fenomento global bezala birpentsatzea.

- Hezitzaile, informatikari, hezkuntza politiken arduradun eta entrepresen arteko trukaketak bultzatzea.

- Balioen formazioa bermatzea, IKTen garapen eta erabilpen etikoa sustatzeko.

- Ikasle, familia eta eskolaren mundua elkarlotzea.

- Irakaskuntza zentroak azpiegituraz hornitzea, azpiegitura hori eguneratzea eta arloen edukiak IKTen potentzialarekin uztartzea.

- Hezkuntza erakundeak zuzentzen dituzten pertsonak pedagogikoki eta informatikoki alfabetatzea.

- Besteengandik ikasteko prest egotea: ikasleak, gizartea, lagunak, irakaslekideak...

- Edozein "hezkuntza ingurune" diseinatzerakoan, baina bereziki IKTetan oinarritutakoak, aniztasuna eta behar bereziak dituzten ikasleak kontuan hartzea.

Hiru egun trinko iraun zuen kongresuak eta agerian gelditu ziren hezkuntza munduan gabiltzan guztiok IKTak erabiltzean ditugun zalantzak, seguritasun eza, beldurrak... Aldi berean, horietxek izan dira TIEC aberats bihurtu dutenak; beste profesional batzuekin izandako elkarrizketak, besteen esperientziak, iritziak... Bitxia da ikustea ahoz aho dabilen gai baten inguruan zein gutxi hitz egiten den.

Ikusten duzuenez, errealitate konplexu batean aurkitzen gara eta horren aurrean pasioa edo ilusioa galtzeko arriskua dago. Ez gaitezen azken honetan erori, erronken aurrean gogor eustea da garaile ateratzeko bide bakarra.•



http://web.udg.es/tiec/cast/principalne.htm