Kronika

2002-10-01
 
 
Seaskako Ahalmen Urriko Haurren Integrazio Batzordea baikor agertu da iazko ikasturtean eginiko kanpainaren emaitzekin. Ni begiek salatzen naute, zu begiradak kanpainaren ondorioz ahalmen urriko haurren integraziorako diru bilketa %30 hazi da. Uste baino erantzun hobea jaso dute elkarte eta partikularrengandik, eta orain partaide eta elkartasun sare zabal bat antolatzea da hurrengo erronka.
Ikasturte honetan 26.000 eurorekin abiatu da Integrazio Batzordea, baina aurrekontua 36.000 eurotakoa du. Beraz, 10.000 euro bildu beharko ditu.
Aurten ahalmen urriko hiru haur gehiago izanen dira Seaskako ikastoletan; bat Donibane Garaziko ikastolan, bestea Uztaritzekoan eta hirugarrena Azkainekoan.


D ereduaren gorakada nagusi aurten ere
Irailean hasi zituzten eskolak Euskal Herriko haur guztiek eta matrikulazio datuak aipagai izan dira, urtero bezala. EAEn euskarazko ereduak dira nagusi, Nafarroan ere gora egin dute eta Iparraldean ere gauza bera.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 266.961 ikasle arituko dira aurten. Horietatik 127.290ek D ereduan ikasiko dute, 66.496k B ereduan eta 71.727k A ereduan. 0-3 urteko haurren kasuan, euskara hutsezko hautua egin dutenak %67,7 dira; euskara eta gaztelaniazko eredua %23,7k aukeratu du; eta %8,6k gaztelania hutsezkoa. Azken aukeraketa hori egin duen haurrik ez dago Gipuzkoan.
Nafarroan 81.120 ikasle izanen dira aurten. Ikasle horien %51 G ereduan arituko da, hots, gaztelania hutsez jasoko dituzte eskolak. D ereduan, aldiz, %20 arituko dira eta A ereduan beste hainbeste. B ereduan, ostera, gutxik ikasiko dute.
Iparraldean, emeki bada ere, ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleen kopurua gorantz doa. Seaskan eta eskolan publikoan bezala, irakaskuntza pribatu katolikoan ere kopuruak nabarmen igo dira aurten: iaz baino 52 ikasle gehiagok ikasiko dute euskaraz Ama Eskolan eta Lehen Mailan; kolegioan 49 gehiago arituko dira; eta lizeoan 6 gehiago.
Ikasturte honetan euskarazko gelak ireki dira Hendaia, Miarritze eta Ortzaizeko eskola giristinoetan, eta irakasle ibiltari batek euskarazko eskolak emanen ditu Altzai, Alotze, Maule eta Atharratzen.
Nafarroako berrikuntzen artean, bestalde, ingeleseko eskolen gehitzea dago. Asteko bi eta lau ordu artean jasoko dituzte ingeleseko eskolak ikasleek, eta horrez gain, zenbait eduki ingelesez emango dituzte. Dena dela, D ereduan matrikulatutako ikasleek ez dute ingeleseko eskolarik jasoko 4 urtera arte. Horrez gain, badira beste bi egitasmo berri ere: Ebaluazio eta Kalitate Plana eta irakurmena sustatzeko plana.
EAEko erronka nagusiak eleaniztasuna, 0-3 urteko haurren eskolatzeari buruzko dekretua garatzea eta teknologia berrien aldeko apustua egitea dira.


Euskal irakaskuntza publikoari ezartzen zaizkion trabak salatu ditu Sortzen-Ikasbatuazek
Ikasturte hasierako arazoak, protestak eta mobilizazioak aurten ere errepikatu dira Nafarroan. Sortzen-Ikasbatuaz erakundeak salatu duenez Nafarroako Gobernuak euskal irakaskuntza publikoa "presionatzeko eta itotzeko" asmoa du, eta horregatik sortu dira arazoak hainbat ikastetxetan.
Esate baterako, Allo inguruan doako garraioa kendu egin du D ereduko haurrentzat; ez hala A eredukoentzat. Ondorioz, Allo, Deikaztelu, Lodosa, Mirafuentes, Murieta, Nazar eta Sesmako haurrek ez dute doako garraiorik Lizarrako Remontival ikastetxe publikora joateko, eta hori da D eredua eskaintzen duen ikastetxe publiko bakarra Iruñetik hegoaldeko haur nafarrentzat.
Aitzitik, Ultzamako eskola publikoko A ereduko haurrei Atarrabiako ikastetxera joateko garraioa eta jantokia ordaintzen ari da Hezkuntza Departamentua.
Atarrabiako Lorenzo Goikoa ikastetxean ere mobilizazioak egin dituzte Gobernuak ikastetxea bitan banatu duelako; batean A eta G eredukoak eta bestean D eredukoak jarriz. D eredukoak protestak egin dituzte oso baldintza txarretan gelditu direlako.
Tokian tokiko arazoez gain, hainbat arazo orokor ere aipatu ditu Sortzen-Ikasbatuazek; besteak beste, Kalitate Legea Nafarroan beste inon baino lehenago ezarri izana, ingelesaren ezarpen goiztiarra eta herri txikietako eskolen egoera.
Halaber, DBHn euskaraz ikasteko egiten ari den inbertsioa ez dela nahikoa salatu du. Jada arazoak daude Antsoain, Berriozar edo Mendillorrin, eta hemendik urte batzuetara D ereduan ikasitako gazte gehiago joango dira institutura. Hori, ordea, ez du aurreikusten Nafarroako Gobernuak eta Sortzen-Ikasbatuazek dioenez "ez dira ezer aurreratzen ari". Horren aurrean galdera bat planteatzen dute: "zer unibertsitatetan ikasiko dute haur horiek guztiek?".


Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko irakaskuntza pribatuko irakasleek protestak egin dituzte euren egoera sare publikoko irakasleen baldintzetara egokitzeko eskatuz, eta datorren hiruhilekoan greba egiteko mehatxua ere egin dute.
ELA, EILAS, CCOO, LAB eta UGTren arabera, patronalarekin otsailean hasitako negoziazioak bertan behera gelditu ziren "patronalak batere mugitzeko borondaterik ez zuelako erakutsi". Harrezkero, langileek maiatzean hiru huelga egin zituzten, baina ez ziren inolako akordiotara iritsi. Horregatik ekin diote berriro ere beren aldarrikapenei.
Langileek diotenez sekulako aldea dago bi sareetako langileen soldaten artean eta lan jardunaldien arteko desberdintasunak ere nabariak dira. "Sare pribatuko irakasleok publikokoek baino lau edo sei ordu gehiago egiten ditugu lan astean, lan astearen %20 gutxi gorabehera. Eta soldatari dagokionez, berriz, 2.700 eta 6.000 euro artean gutxiago jasotzen dugu".
Hori dela eta, eskaera horiek 2002ko lan hitzarmenean jasotzea eskatzen dute, eta hasi berri dituzten protestaldiekin patronala presionatu nahi dute ganorazko eskaintza egin dezan.
Era berean, administrazioaren jarrera ere gogor salatu dute, egokitzen zaion erantzukizunari ez baitio erantzun. Izan ere, langileen hitzetan, "Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu politikak, eta oro har, erabakiek eragin zuzena izaten dute irakaskuntza pribatuko langileen baldintzetan".
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 12.000 langile dabiltza sare pribatuan, eta ikasleen %54i erantzuten diote.