Badator<i> Jolasen altxorra </i>bideoa

2002-11-01
Datorren hilaren hasieran esku artean izango duzue Hik Hasiren Jolasen altxorra bideo berria. 20 jolas eta abesti biltzen dituen euskal piraten istorioa da filmaren ardatz, eta protagonistak Pirritx eta Porrotx pailazoak, Barrabas pirata maltzurra, itsasneska, eta nola ez, haurrak eta jolasak dira. Horrekin batera, hainbat hainbat gonbidatuk hartzen dute parte.

Ordubeteko iraupena duen film hau Hik Hasik jolasen inguruan egin duen bilduma osatzera dator, beti ere, hasierako helburua mantenduz: haurrek euskaraz jolastea eta abestea. Horretarako bidea eta aukera zabaltzen die bideoak modu atsegin, erakargarrian eta alaian.
 
 
Itsasoko olatuek

kulunkatzen gaituzte,

txipli-txapla eraginez,

jolastuz nahi baitute...


Pirritx eta Porrotx ohean daude. Amona kontatzen ari den ipuinaren amaierara iritsi da.

"Hala bazen ala ez bazen sar dadila kalabazan eta irten dadila...". Lokartu aurretik amona Josefinak piraten ipuin bat kontatzen die Pirritx eta Porrotx pailazoei. Euskal Herrian piratak ba ote ziren galdetzen diote jakin-minez eta amonak Pirrixtin eta Porroxtin euskal piraten eta Barrabas pirata maltzurraren berri ematen die. Kontu horiek buruan bueltaka dituztela lokartzen dira, eta hortxe hasten da beraien ametsa eta abentura.



Trata, trata, euskal piratak, ei!

trata, trata, bandera airean.

Trata, trata, euskal piratak, ei!

Trata, trata, ezpata eskuan.




Pirritx, Porrotx eta euskal pirata txikiak irla batera iristear daude. Eskuan mapa eta soinean indarra eta kemena dituztelarik, altxorraren bila doaz. Barrabas pirata maltzurrak, ordea, ez ditu gustuko, eta irlara hurbiltzen hasi orduko euren asmoa zapuzten hasiko da, altxorra berarentzat nahi baitu.

Barrabasekin bizi den itsasneska mutua, ordea, haurrei eta pailazoei laguntzeko gogoz dago, Barrabas baino maiteago baititu. Mutua denez, gormutuen hizkuntzan komunikatzen da Barrabasekin eta haurrekin.



Piratak, piratak eta lehorrekoak.

Aurretik, atzetik, bi talde eraturik.

Korrika, iheska, ospa azkar hemendik

Lehorrekoak doaz bizi zuen atzetik.




Haurrak eta pailazoak alai eta gogotsu murgiltzen dira irlan, jolastuz eta abestuz: ezkutaketan, gomatan, dantzan...



Haurrak korroan,

erratza erdian,

erdikoa biraka,

besteak hegaka.

Salto eta salto,

gira eta bira,

erratzak ukitzen bazaitu,

jokotik kanpo gelditu.




Barrabas piratak, berriz, oztopo baten atzetik beste bat jartzen die: lehorreratzeko txalupa txikia zulatutzen die kanoiarekin, zubia puskatutzen die, mapa kendu eta errekan behera botatzen die...

Bien bitartean, itsasneska haurrei laguntzen ahalegintzen da, eta horretarako lepotik zintzilik duen zinginarriaz baliatzen da. Zinginarriaren bitartez, hainbat pertsonei deitzen die eta haurrak dauden lekuan agertzen dira haiei laguntzeko: Orioko arraunlariak eta Gozategi taldekoak lehorreratzen laguntzeko, Juan Gorriti zurgina basoan iparra bilatzen laguntzeko, Aloña Galarraga segalaria basoko bidea irekitzeko, Aitor Sarasua bere bizikletarekin errekatik mapa berreskuratzeko, Jose Luis Zumeta errekako zubia "erromako zubiaren" bidez zeharkatzen laguntzeko, Alberto Iñurrategi eta Edurne Pasaban amildegia zeharkatzeko, Txipa txakurra Barrabas lurrera botatzeko, Jon Maia dantzaria egarria asetzeko, Juan Mari Arzak sabela betetzeko, Fermin Muguruza, Mikel "Anestesia" eta Mikel Abrego altxorraren aurkikuntza ospatzeko, Olatz Zugasti Barrabas pirata lokartzeko... Modu batera edo bestera pirata txikiei laguntzen diete horiek guztiek eta itsasneskaren deirik gabe ere beste batzuek agertzen dira: Didier Mundutegi, Andoni Aizpuru eta Kristina Urrutia.



Nor da dantzari jai handi honetan

zuen pozgarri hementxe bertan.

Dantza ezazu zuk, Garazi, nirekin

dantza ezazu, zuk badakizu.




Azkenean altxorra aurkitzen dute, eta ba al dakizue zer topatzen duten kutxaren barruan? Bada... hori jakiteko bideoa ikusi beharko duzue!!

Duela bi urte kaleratutako Zatoz jolastera! bideoaren estilo bera du, baina istorioa eta jolasak desberdinak dira. Osagai gehiago nahasten dira eta horrek aberatsagoa eta biziagoa bilakatu du.

Bideoan ordubeteko iraupena duen abentura bera da jolas bat, altxorraren bila izeneko jolasa. Horren barruan, ordea, beste 20 jolas biltzen dira. Horietako pare bat hik hasiren Haur-jolasen abestiak II CDtik aterata daude, eta gainontzekoak Haur-jolasen abestiak III CDtik. Haur txikientzako moduko abestiak eta taldeka jolastekoak dira, batzuk herrikoiak eta beste batzuk hik hasiko zenbait kidek asmatuak.

Bestalde, jolas horietan murgildurik eta altxorraren bila dabiltzan euskal pirata txikien gorputzean sartu diren aktoreak Lasarte-Oriako Zabaleta auzoko antzerki tailerreko haurrak dira. Kontxu Yarzak darama tailerraren ardura eta bera ibili da haurrak prestatzen.

Grabazioa, filmazioa eta muntaia egiten, berriz, Zatoz jolastera! bideoan bezalaxe, Iruñeko ITP taldekoak aritu dira Enrike Urdanozen zuzendaritzapean.

Irla, altxorra, erreka, amildegia, piratak, belauntzia, ezpatak, jolasak, basoa, kanoia, abestiak, kamerak, txakurra, haizea, pailazoak, eguzkia, zinginarria, euria, itsasoa... dena nahasten duen abentura bizi eta atsegina d Jolasen altxorra . •



Anakonda suge bat da,

biltzen dena mantso-mantso.

Harekin bilduz gero,

bihurtzen gara ero-ero.