Eraso guztien gainetik euskal hezkuntza sistemarengako konfiantza azaldu dute irakasle, guraso eta administrazioak

2002-11-01
 
 
Euskal eskola publikoko irakasle, zuzendari eta gurasoak minduta agertu dira hainbat komunikabidek euskal hezkuntza sistemaren aurka esandakoen aurrean.

Urriaren 7an Tele5 eta El Mundok "La cara oculta de Euskadi" erreportaia atera zuten argitara, eta bertan, besteak beste, Oreretako Langaitz ikastolako haur bat eta Hernaniko Urumea ikastolako zuzendaria agertzen ziren. Ikastola bietako zuzendariek edukien manipulazioa salatu dute, eta euren lana desprestigiatzeko edozein bitarteko erabili izana. "Ezkutuko kamerarekin" ibili gabe, euren ikastoletako ateak edonorentzat irekita daudela azpimarratu dute, ez baitute ezer ezkutatzeko.

Xabier Balerdi Urumea ikastolako zuzendariak kontatu duenez, otsailean euren seme-alaba matrikulatu nahi zuten guraso bezala joan ziren bi kazetari. "Gure hezkuntza proiektuaren inguruko argibideak ematen hasi nintzaienean, berehala moztu eta beraiek hasi ziren galderak egiten". "Itaunketak" hartzen zuen norabidea ikusita, zuzendariari susmagarria iruditu zitzaion, eta erreportaian frogatuta gelditu da haien asmoa zein zen. Gauzak horrela, publikoki salatu nahi izan dute jasan duten engainua eta manipulazioa. Edonola ere, egoera honekin bi gauza lortu direla azpimarratu du Balerdik: "Gure eguneroko lanaren sinesgarritasuna sendotzea eta esku artean dabilgun proiektuarekiko gurasoen atxikimendua gehitzea".

Ritxar Maritxalar Oreretako Langaitz ikastolako zuzendaria ere minduta eta kezkatuta agertu da egun hauetan jasan duten egoeraren aurrean, ikasle baten irudia "erabili" eta "manipulatu" egin baitute. Maritxalarrek adierazi duenez, "Langaitz ikastolaren helburua euskara bultzatzea da, eta erreportaia horretan garbi geratu da lan hori ondo egiten dugula". Horren aurrean, gurasoen aldetik jaso duten babesa eta konfiantza eskertu ditu.

Adierazpen horiek prentsaurreko batean egin dituzte, eta beraiekin batera izan dira Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Abel Ariznabarreta sailburuordea, Andoni Lizeaga Sarean-eko ordezkaria, Josu Agirre BiHe-ko lehendakaria eta Ana Eizagirre EHIGEko lehendakaria.

Guztiak bat etorri dira irainen aurrean aspertuta daudela esatean eta euskal hezkuntza sistemarekiko konfiantza osoa agertu dute.

Anjeles Iztueta sailburuak esan du irain horiek guztiengan dutela eragina, irakasle, guraso, abertzale, ez abertzale eta hezkuntza sisteman azken urteotan lanean jardun diren kontseilari guztiengan. "Benetan jasanezina da eta erantzuna merezi du. Momentu honetan kereila jartzeko aukera aztertzen ari gara". Euskal hezkuntza sistemarenganako eta irakasleengana duen konfiantza baieztatu du ziurtasun osoz.

Sarean-eko ordezkari Andoni Lizeagak aipatu du "bereziki maltzurrak eta iraingarriak izan direla El Mundok eta Tele5k eskainitako erreportaiak" irakaskuntza esparruari erreferentzia eginez. "Beren zeregina interes politiko jakin batzuei erantzutea da" gaineratu du, "eta okerrena zera da: helburu alderdikoi horietara heltzeko datuak eta informazioa bera manipulatu, deskontestualizatu eta desitxuratu egiten dutela, horretarako beren esku dagoen edozer egitera iritsi behar bada ere".

Josu Agirre BiHE Bigarren Hezkuntzako Zuzendarien Elkarteko lehendakariak ildo beretik hitz egin du eta gaineratu du"gizarteari eskatu nahi diogu, inoiz baino gehiago, hezkuntza integratzailea izango bada eta gizarte elkartua eraiki nahi bada, eragile guztien elkarlana eta jokabide etikoa ezinbestekoa dela (politikoak, komunikabideak, gurasoak, irakasleak...), hezkuntza mundua erabilera politikotik at utziz".

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko lehendakari Ana Eizagirrek gurasoek irakasleekin batera ikastetxeko proiektua egiten parte hartzen dutela esan du, eta irakasleengan konfiantza osoa dutela. "Gurasook badakigu zer nahi dugun hezkuntzan eta horren alde egiten dugu lan. Berdintasuna, multikulturalitatea, ardura, nortasuna, tolerantzia, hiritartasuna, parte-hartzea eta errespetua dira gure seme-alaben hezkuntza jarraibide batzuk". Euren eta seme-alaben eskubideak defendatzeko Arartekoarengana jotzeko asmoa agertu dute. "Izan ere, adingabeen irudiak ezin dira grabatu gurasoen baimenik gabe; beraz, Arartekoari kontsulta egitera joango gara".