Kultura erreferenteak oinarrizko hezkuntza curriculumean

2002-11-01
Hurrengo lerrootan Euskal Herriko Unibertsitateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Sailaren onespenarekin defendatutako doktore tesiaren alderik azpimarragarrienak aurkezten ditugu. Paulo Iztuetaren zuzendaritzapean garatu den lana bada ere, ikerketa zabalagoan kokatu behar da, hain zuzen ere, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perez Urraza lagun direla buruturiko proiektua baita.


Tesi honek izenburu hau darama: "Kultura erreferenteak oinarrizko hezkuntzako curriculumean, Euskal Herriko eskoletan".
 
 
Tesiaren zutabea, nukleoa, curriculuma da, eskoletan lantzen den edukia, ezen ikasten den guztia curriculumaren araberakoa baita. Abiapuntuan teorikoki aztertzen da curriculuma, dagokion garapena eta ulertzeko moduak agertuz, batez ere, curriculum hori definitzeko edo ulertzeko erak garatuz joan direlako Hezkuntza zientzien bilakaerarekin batera. Hiru dira zientzia hauetan azaltzen diren ikuspegi teoriko nagusiak:


- Ikuspegi teknologikoak edo paradigma positibistak emaitzetan jartzen du garrantzia: kontrola eta eraginkortasuna baloratzen dira eta produktu zehatza lortzea da garrantzizkoena, curriculumaren inguruan egon daitezkeen eztabaidak alboratuz. Ondorioz, eskoletan eta geletan gertatzen dena prozesu teknikoak baino ez dira, eta ezagutzaren objektibotasunaren izenean, curriculumaren izaera soziala aipatu ere ez da egiten.


- Bigarren lekuan ikuspegi praktikoa dugu, zeinetan gelako lanari, geletako praktikari, garrantzi handia ematen zaion. Hezkuntzaren eta irakaskuntzaren izaera soziala onartzen da, ezagutza zientifikoaren neutraltasuna salatuz. Edozein direla, teoriak beti sortzen dira testuinguru sozial eta momentu historiko konkretuan, uneko beharrizanei erantzuna eman nahian. Nahiz eta ezagutzaren izaera soziala eta ez neutrala agerian jartzen den, teorialari hauek ez dute kolokan ipintzen eskolaren bidez estatuak irakasten duena.


- Paradigma kritikoa gelako praktika baino urrunago doa. Ikuspegi honen arabera curriculuma testuinguruarekin lotuta dago, ez da neutrala. Ikuspegi honetatik hauxe agerrarazi nahi da: curriculumari buruzko teoriak gizarte teoriak dira, sozialak, ezen sortzen diren gizartearen araberakoak baitira, interes eta balioen menpekoak, eta aldakorrak gizarte teoria guztien moduan.


Hezkuntza, gizartea, eskolatzea eta curriculuma harremanetan jartzen dira, euren izaera ideologikoa agerian ipiniz. Hirugarren ikuspegi honetako teorialari kritikoek defendatzen dutena da curriculuma erabaki politikoen araberakoa dela, hots, estatuak eraikitzen duela hezkuntza sistema eta curriculumean haren intereseko diren edukiak ezartzen dituela. Curriculumeko edukiak garrantzi handia hartzen du, kulturaren ardatza delako eta, beraz, izaera soziala zein politikoa duelako.


Horrela, curriculuma eskolan landuko den aukera kulturala baino ez da. Horrenbestez, arbitrarioa, hautatua, talde baten interes eta ideologiaren araberakoa. Eskolak, curriculumaren bidez kultura dominatzailea, estatuak nahi duen kultura finkarazten du eta, era berean, eskolako edukietatik kanpo geratu direnak -gure moduko herri txikiena kasu-, diskriminatuak izango dira, balioa galduko dute, ez dira ezertarako behar, ahazteko ez bada.





Curriculuma arakatzen


Curriculuma zerbait teoriko izatetik curriculum ofizial moduan ezarri arte ezin da bere osotasunean aztertu. Orduan araka daiteke norentzat edo nolakoa den, ikasleak lortzeko planteatzen diren helburuak zein edukiak dokumentu ofizial horretan zehaztuta agertzen direnean. Bien bitartean, teoria baino ez da, beti ere beharrezkoa baina zehaztasunik gabekoa.


Guk Euskal Herriko eskoletan indarrean dauden eta egon diren curriculum ofizialak arakatu ditugu: Euskal Herrian curriculumaren ibilbidearen abiapuntua, alde batetik, Ferry Legea da eta, bestetik, Moyano Legea. Izan duten bilakaera kronologikoan, Hizkuntza eta Kultura gaiak non eta nola agertzen diren begiratuta, konturatzen gara Frantziako Hezkuntza Kontseiluak 1951n hartzen duela, lehenengoz, lekuan lekuko hizkuntza edo dialektoak irakasteko ardura. Euskarari dagokionez, Bordeleko unibertsitatean sortu zen Euskal Hizkuntza eta Literaturaren irakaskuntza antolatuko duen katedra.


Bitartean, beste aldaketa batzuk egon arren, 1982an moldatuko da berriro legea eta lekuan lekuko hizkuntza eta kultura irakasteko aukera agertuko du; gero, 1983ko abenduan emango dira horiek irakasteko orientabideak, horrela finkatuz eskualdeko hizkuntza eta kultura irakasteko helburu pedagogikoak eta metodologia. Eskualdeko gertaera historiko guztiak jarri behar dira eskolan dagokien tokian, geografia, sorkuntza literarioa eta artistikoa, kondairak, ahozko tradizioak, kantak, musika eta dantzak, dekorazioko arteak zein altzairuenak edo eraikuntzakoak. 1995ekoa da lekuan lekuko hizkuntza eta kulturaren irakaskuntza berriztatzeko agindua. Bertan euron garrantzia aipatzen da, beti ere kultura nazionalaren osagai diren neurrian. Eta bi modutara antolatzeko bidea jartzen da:


1- Hastapenak, zeinetan hiru ordu dedikatuko zaizkion Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eta 2- Irakaskuntza elebiduna deritzana, Haur Hezkuntzan berbeta landuz hasten dena eta, oinarrizkoan, hizkuntzaren irakaskuntza eta hizkuntza horretan beste arlo batzuk garatzen dituena.


Hegoaldera bagatoz, 1857ko Moyano Legea da irakaskuntza sistema espainola ezarriko duena, eta aldaketa handirik barik mantenduko dena 1970eko legera arte. Aipatu beharrekoa da, 1920ko hamarkadan auzo eskoletako irakaskuntza euskaraz egiten zela, nahiz eta jasotako kritiken eta salaketen eraginez, eskola elebiduna alboratuta geratu, zoritxarrez urte askotarako! Bitartean, 1945eko lege frankistaren menpean irakaskuntza guztia gaztelaniaz egingo da eta gaztelaniaren beraren irakaskuntza zaindu egingo da. 1970eko legea dator gero, oraindik frankismoan, ikaslea Espainiako errealitatean txertatzeko helburuarekin. Nahiz eta 1975ean hizkuntza natiboak irakasteko arauak ematen diren, argi geratzen da hizkuntza ofiziala eta nazionala zein den. Guri dagokigunez, hauxe izango da euskararen presentziaren hasiera, muga garrantzizkoa, bai pedagogikoki bai hizkuntza aldetik berriztatze baten abiapuntua delako. Hegoaldeko lurrak eskualde edo nazionalitate izendatzen ditu 1982ko hezkuntza legearen berriztapenak, Espainiarekiko erreferentzian beti, baina irakaskuntza elebidunaren zabalkundea eta bertan erabiltzeko testuliburuen -zein bestelako baliabideen- garapena bultzatu zuen.


1990eko hezkuntza lege berriaren ondoren, Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak curriculum desberdina erabiltzen dute, biak oinarri berekoak, baina bakoitzean lurralde horietako izaeraren ezaugarri batzuk baino jasotzen ez dituena.





Curriculuma eta testu liburuak


Curriculumean arloka antolatzen diren edukien artean, Hegoaldean egungo curriculumean "Ingurunearen Ezaguera" arloa deritzana aukeratu dugu, Iparraldekoan "Geografie - Historie" eta "Sciences et Technologie" arloen parekoa. Beste eduki guztien garrantzia onartu arren, uste dugu ikaslearen ingurune hurbilari arlo honetatik egiten zaiola erreferentzia, eta egitekotan, arlo honexetan lantzen direla bereziki ikaslearen identitatearen eraikuntzarako funtsezkoak diren kulturaren gaineko ezagutzak. Ikerketan, ikasleari mugatzen zaion ingurunearen ezaugarriak zein diren jakin nahi dugu. Nor den, nongoa den, lurralde erreferentea zein den, hots, zein eta nolakoa den irakaskuntzaren bidez azaltzen zaion mundua. Euskal Herria gaia 11 urteko ikasleek lantzen dute, Hegoaldeko Lehen Hezkuntzako 5. mailan eta Iparraldeko hirugarren zikloko CM2an.


Finkatu dugun arloaren barruan, kulturak eta hizkuntzak -euskarak eta euskal kulturak- ikaslearen identitatearen eraikuntzan duten eraginaz eta hezkuntzak eraikuntza horretan betetzen duen funtzioaz arduratzen gara, curriculumaren alderdi horiexek azalduz.


Testu liburua eguneroko lanaren oinarri moduan hartzeko nahiko arrazoi izaten dira, besteak beste, curriculumaren egokitzapenak eta zehaztapenak dituen lana eta konplexutasuna zein irakasleen prestakuntza falta. Testuliburua curriculum ofizialaren eta irakaslearen artean kokatzen da, erabilgarria da, eta nahikoa da gelako lana bideratzeko. Irakasleen eta ikasleen esku jartzen du mailan edo kurtsoan zehar landu behar den guztia. Eta horrexegatik erabiltzen dira asko, hainbeste, non Apple-n esanetan testu liburuak diren eskola gehienetako curriculum benetakoak. Horrez gainera, tresna ideologikoa ere bada: liburuak ezinbestekoak dira estatuko hizkuntzaren eta kulturaren batasunerako. Berez XIX. mendean estatu-nazioak sortu zirenetik -eta eurekin irakaskuntza sistemak-, liburuek estatuaren osterantzeko sinboloek -diruak eta banderak kasu- duten garrantzi maila bera dute, eta eurak bezala, bateratze sozial eta kulturalean hartzen dute parte.


Testu liburuan dagoen edukia argitaletxeak egindako irakurketaren araberakoa gertatzen da, argitaletxe bakoitzak bere "itzulpena" egiten du eta, ondorioz, edukiaren gaineko hainbat ikuspuntu agertzen dira. Irakasleak, beraz, curriculumaren bertsio bat aukeratu eta erabili baino ez du egingo. Horrela, testu liburuak eta argitaletxeak ikaslearen garapenean, ezagutzaren eraikuntzan eta identitatearen definizioan eragin zuzen zuzena izango du. Baldintzatu egiten dute ikasleek ikasiko dutena, bertan islatzen diren ezagutzen bidez gizarte eredu jakina proposatzen den neurrian.


Testu liburuen gainean burututako ikerketetan mezu idatzia zein ikonografikoa aztertu dira. Ez da nahikoa testu idatzia prozesu semantikoa balitz bezala arakatzea, ikuspegi pragmatikoa ere behar baitu, eta behar ere diskurtsoaren transmisio eta elkarreragin sozialerako tresna den neurrian. Marko linguistikotik kanpo ere badu eragina testu idatziak, zeren idatziz esaten direnak -edo esaten ez direnak- eragina baitute ikaslearengan, bere sentimenduetan nahiz pentsamenduetan ukitzen duelako, eta aldatu ere bai, kasu askotan. Funtzio kognitiboa dauka, edukiak azaltzen dituen heinean, bai eta munduaren ezagutza ere, hala indibiduala nola kolektiboa. Ikonografia ere lagungarria da, testu idatziarekin batera ikasleak ikasi beharreko edukia moldatu eta egituratzen baitu. Van Dijk parafraseatuz, esan daiteke testu liburuek darabilten kontzeptu, balio, iritzi edo elementu lexikalek zein ikonografikoek eredu sozialak eraikitzeko balioa dutela.





Euskarazko testu liburuen eboluzioa


XVI. mendean Ramus-ek testuliburua sortu zuenetik, edo Comenio-k bere Didaktika Magna argitaratu zuenetik, nabarmen aldatu da tresna pedagogiko hau.


Testuliburuek euskaraz argitaratu direnean ere izan dituzte aldaketak, hala edukiz nola itxuraz. Guk XX. mendea hartzen dugu aztergarritzat euskaraz argitaratu eta erabili denaren errepasoa egiterakoan, hiru epe edo aro finkatzeko. Lehen aroa 1876tik 1974ra bitartekoa da, Foruak galtzen direnekoa eta Eusko Pizkundeari dagokiona. Orduantxe eman ziren, euskaltzaleen ekimenari esker, euskarazko irakaskuntzan eta horretarako liburugintzan beharrezkoak ziren lehenengo pausoak. Bizkaiko Auzo Eskolen esperientzia eta lehenengo Ikastolen sorrera ere sasoi horretan kokatzen dira. Euskaraz irakasteko Xabiertxo, Txomin ikasle, Pisia, Kimia edo Aurtxoa liburuak sortu eta erabiltzen dira. Bigarren aroak -1975etik 1991ra doanak-, euskarazko irakaskuntzaren goranzko bideaz batera, euskarazko testuliburugintzaren indar hartzea ere badakar. Argitaletxeak sortzen dira -Elkar, Erein eta Ibaizabal, besteak beste-, baliabide didaktiko berriak euskaraz sortuz eta bultzatuz, eta kanpoko argitaletxeek testu liburuak zein beste material batzuk euskaratzen dituzte, eta lortzen dute Ikastolak eta irakaskuntza elebidunak eraikitako merkatuan sartzea. Hirugarren aroa XX. mendeko azken hamarkadan kokatu dugu, zeina irakaskuntza elebidunak eta Ikastolak sendotu eta argitaletxeek testuliburu berriak plazaratzen dituzten aroa den, hain zuzen ere. Hegoaldean hezkuntza lege berriak testuliburuen berriztapena bultzatzen du, eta Iparraldean euskaraz argitaratzen dira Iguzki Lore eta bestelako baliabide batzuk.





Euskarazko testu libururen azterketa eta ondorioak


Aro hauetako bakoitzean euskaraz argitaratu dena hartu dugu oinarritzat, nahiz eta Euskal Herriko eskoletako egoerak behartu gaituen gaztelaniaz eta frantsesez ekoiztutako testu liburu batzuk ere aztertzera: guztira 70 testu liburu arakatu ditugu eta euretan 13.310 orri irakurri eta 22.228 ikono neurtu, kokatu eta deskribatu. Horietatik gehiena, %50,39 1992tik 2000. urtera bitartean ekoiztutako testu liburuei dagokie; %37,72 2. aroari dagokio, eta mende hasieratik 1974 bitartekoak dira %11,91. Mendearen azken hamarkadan testu liburuak Euskal Herrian saltzen dituzten argitaletxeak asko diren arren -gaztelaniaz zein euskarara itzulita-, euskal kulturarekin lotutako edukiak ez dira horrenbestean garatu. Adibiderako, testu liburuetako ikonografia hartuta, 1992-2000 bitarteko liburuetan %10,31k dauka euskal kulturarekin harremana, lehenago -1975etik 1991ra doanean-, %15,38k, eta mende hasierakoetan %6k. Azken kopuru honek txikiak dirudien arren, orduko liburuetan gertatzen dena islatzen du: hizkuntzak baldintzatu egiten du testu liburu bakoitzaren izaera, euskaraz daudenetan oinarrizkoa da euskal kultura eta Euskal Herria da erreferentzia nagusia, eta frantsesez edo gaztelaniaz daudenetan ez da agertu ere egiten. Hauetan estatuaren marka da nagusi, espainiarra edo frantsesa.


1960 ingurutik honako testuliburuen gaineko ikerketa arloa gero eta zabalagoa eta ikuspegi askotakoa izan da, hainbat ildo zein eredu erabili dira idatzitako edukia eta ikonografia aztertzeko. Ideologia, generoa, hizkuntza edo garapen historikoa nahiz euskal curriculumaren presentzia izan dira, besteak beste, Erriondo&Garagorri&Isasi, Murua, Lopez Atxurra, Calleja&Monasterio, Dávila, Argibay&Celorio, Nuño edo Bilbao&Ezkurdia&Perez Urraza ikerlariek burututako lanak.


Orain arteko lan guztiak begiratuta, ikusi dugu argitu gabe dirauela oraindik Euskal Herriari dagokion edukia zer eta nolakoa den planteatu beharrak. Testu liburuetan euskarari eta euskal kulturari buruz azaltzen dena aztertzea jarri genuen helburutzat, ezen berez curriculum ofiziala argitaletxe guztientzat bera izan arren, bakoitzak edukiak bere modura agertzen baititu; ateratzen dugun ageriko ondorioa da batzuk Euskal Herriari lotuago azaltzen direla eta beste batzuk estatuari atxikiago.


Ikerketan, gaurko testu liburuetatik abiatu gara, eurek direlako osoenak, alderdirik ugarienak agertzen dituztenak. Honetan, mezu idatzia eta ikonografikoa biak era batera irakurrita, euskal kultura ezaugarritzeko erabiltzen diren parametroak hiru multzotan bildu ditugu: ingurunearen itxura adierazten dutenak, hau da, mendi, ibai, herri edo kostaldea lehenengo; gero hizkuntzari buruz esanekoa, edo euskararen gainekoa; eta jarraian, gainerako ezaugarriak: pertsonaiak, jaiak, dantzak, musika, kirola, mitologia edo ohituren agerpena.





Ondoko taulan islatu ditugu testu liburuetan euskal kultura azaltzeko erabiltzen diren ezaugarriak:


Oro har, paisaia da gora egiten duena, eta nabarmen egin ere, %42-3tik %74 ingurura: testu liburuek modu oparoan ematen dute Euskal Herriko paisaiaren berri, eta gainera, goranzko joera antzematen da. Badakigu, bestalde, paisaia, lurraldea irudikatzeko, islatzeko, moduetariko bat dela.


Paisaia mota guztiak dute goranzko joera. Gero eta gehiago azaltzen dira mendiak nahiz ibaiak, edo landaretza edo kostaldea eta itsasoa, edo herriak eta hiriak. Baserrien agerpena, ostera, gero eta urriago dela baiezta genezake. Beraz, nahiz eta paisaia naturala deitzen denaren agerpena oso handia izan, aurkitzen dugun paisaia gero eta urbanoagoa da, herri eta hirien presentzia etengabeko gorakadan doala ikusten baita.


Paisaiaren aldagaiaren goranzko joera, bestalde, joera orokorra ere bada. Testuliburuetako datu guztiak alderatuta, erabilienen rankingean dago. Egon ere beti egon da gehien erabilitako hamar horien artean, gero eta gorago, mendearen azken hamarkadan lehenengo lekuan jarri arte.


Oraingo testu liburuetan, Euskal Herriko lurraldeen artean, Gipuzkoari dagokio maiztasunik handiena, %32,85eko kopuruarekin. Bizkaiko lurren aipamenak daude bigarren lekuan, %30arekin, Araba gero, %26arekin, Nafarroa %9arekin eta Iparraldea %1,4arekin.


Uste dugu lurraldeen arteko desberdintasun hauek Euskal Herri osoaren presentziarik eza adierazten dutela. Horrenbestez, modu honetan lurraldetasunaren irudi zatikatua irakasten zaie maila honetako ikasleei, ezen zatiekin identifika baitaitezke, baina ez zaie ematen Euskal Herriarekin identifikatzeko bide handirik.


Gainerako aldagaien maiztasunari buruz esan daitekeena da argi dagoela beheranzko joera, gutxi gora behera erdira datorrela, %57,23tik %26ra. Horrez gainera, aipatzekoa da ezaugarri hauetatik gorako bidea hartu dutenak jaiak, gastronomia, ohiturak (San Joan sua edo Santa Ageda bezperako kantuen modukoak), eta kirolak direla. Denak ere Herriaren izaeraren ezaugarriak badiren arren, ezin ukatuko dugu alderik azalekoenak direnik. Ez dute ezer kolokan jartzen, edonork onartzeko erakoak dira eta.


Ostera, mitologia, pertsonaiak, dantzak eta musika gero eta gutxiago azaltzen dira. Oraintsu irakurri dugunez, milaka urtetan bizirik egon eta guganaino heldu diren mitoak eta sinesmenak galtzen ari dira.


Jaiei buruz ari garenean, azaldu beharra dago liburuetako jaiak zein motatako euskal jaiak diren: alde batetik, Nafarroarako testu liburuetan San Ferminak aurkitu ditugu -kasurik gehienetan-, eta, beste alde batetik, Gasteiz, Bilbo edo Donostiako aste nagusiak eta danborrada.


Kirola eta gastronomia aldagaiekin gauza bera gertatzen dela baiezta daiteke. Aipatuenen artean, aizkolariak, - "se practica en las comunidades de Navarra y el País Vasco en España"- edo estropadak, edo euskal pilota.


Pertsonaietara jotzen badugu, aro guztietan gehienak gizonezkoak direla ohartuko gara. Euskal kulturarekin lotuta agertzen diren pertsonaietatik %82,64 gizonezkoak dira. Andreak eurak hutsean %2,76 baino ez dira agertzen, taldean, aldiz -gizonekin batera-, %14,58.


1970eko hamarkadatik aurrera andrazkoen kopuruak gora egin duen arren, beti gizonezkoekin batera agertzen da. Askoz gehiagotan daude gizonezkoekin batera eurak bakarrik baino. Testu liburuetako aldagai guztien rankingean ere horrela dela baieztatzen da taulan. Gizonezkoen presentziak garrantzi handia izan du beti testu liburuetan eta mende hasierako testu liburuetan aldagairik erabiliena da.


Beranduago, bigarren lekura jaisten da, talde mistoaren goranzko joerarekin batera. Gaurko testu liburuetan gora egiten duena talde misto horren presentzia da, andrazkoak gizonezkoekin batera agertzen direna.


Rankingean ere, andrazkoak eurak bakarrik barik gizonezkoekin batera agertzen dira. Curriculumean, generoen arteko desberdintasunak zaindu behar direla aldarrikatu arren, oraindik badago lanean jarraitu beharra.


Hizkuntzaren arloan , testu libururik zaharrenei begiratzen badiegu ia azalpen guztiak gaztelaniari buruzkoak direla ohartuko gara. 2. aroan hasita -1980ko hamarkadan-, euskararen gaineko azalpenak jorratzen dira testu liburuetan, euskaraz edo erdaraz ikasi arren euskara azaldu egiten den gaia da. Kasu batzuetan estatuko hizkuntzen arteko beste baten moduan agertzen den arren, euskara Euskal Herriko hizkuntza da testu liburu gehienetako azalpenetan. Mende hasierako testu liburu guztietan -euskaraz daudenetan-, euskara euskaldunen nortasun zeinua izatetik, Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa eta zaindu beharrekoa izatera pasa da. Horrez gain, mapak azaltzen dira hizkuntzarekin harreman estuan, euskalkien banaketa, lurralde euskaldunak edo euskararen mugak adierazten dituzten mapak. Euskal Herriko mapak badira ere, kasurik gehienetan -%66 inguruan-, euskararen gaineko azalpenetan autonomia erkidegokoak edo Espainiakoak dira hortik gorakoak.


Testu liburuetan euskal kultura ezaugarritzeko erabiltzen diren aldagaien artean goranzko balioak paisaia, kirolak, jaiak eta gastronomia dira. Beheranzkoak, ostera, euskara, mitologia, pertsonaiak eta musika eta dantzak dira.





Euskal Herria, Erkidegoa, EAE... kontzeptuak


Euskararen eta euskal kulturaren lekutzeari dagokionez, testu liburu bakoitzean ematen zaien kokapena edo erreferentzia aldatuz joan da, bai aroz aro eta baita argitaletxe bakoitzaren jokabidean ere. Batzuetan ingurune soziokulturala darabilte, Euskal Herria erreferentziatzat hartuta. Beste batzuetan ikuspegi hegemonikoa erabiltzen dute, erreferentziatzat estatua edo estatuaren antolaketa administratibo-juridikoa hartuta. Ikuspegi bien nahastea legez, ikuspegi nahasia izendatu duguna dago, testu liburuetan eduki asko inon lekutu barik, erreferentziarik gabe geratzen baitira. Aipamen berezia merezi du ikuspegi juridikoak, egoera autonomikoa adierazten duenak, ez baita erabili ere egiten 1980ko hamarkada arte. 1989an agertzen da Santillana argitaletxearen eskutik, eta aurrerantzean garrantzi handia hartuko du.


Zehaztu barik uzten diren edukien kopurua, inongo testuingurutan kokatzen ez direnena, handia da Hegoaldeko testu liburuetan -%40 eta 60 bitartekoa-.


Hizkuntzari dagokionez , argitaletxe bakoitzak jokabide desberdina darabil: Santillanak Euskal Herria du testuingurua, erkidegoa ere bai, baina kasu batzuetan nahastu egiten ditu Euskal Herria eta EAE. Edebérentzat hizkuntzak izaera estatala du. SMrentzat ere bai gaztelaniaz dauden testu liburuetan; euskarazkoetan, ordea, ikuspegi autonomikoa darabil, noizean behin nahastuta agertzen den arren. Edelvivesek ez dio aparteko garrantzirik ematen hizkuntzaren gaineko azalpenari. Bruñok Euskal Herria du testuingurua hizkuntza lekutzeko, estatua ere badarabilen arren, eta nahasian ere datu apur batzuk uzten ditu. Anayak ikuspegi estatala eta askotan zehaztu gabea darabiltza. Baina jokabide desberdina erabiltzen du, D marka duen liburuan (Anaya-Haritza) Euskal Herria eta euskara elkarri lotzen baitizkio. Elkarrek Euskal Herria du oinarri Ereinekin batera.


Gainerako ezaugarrien grafikoan ikusten da Santillanak gehienbat ikuspegi nahasia darabilela. Nahiz eta erkidegoari, estatuari edo Euskal Herriari egiten dion erreferentzia, ikuspegi hegemonikoa agertzen du nagusiki. Edebék ikuspegi estatala du nagusi aldagai hauetan, eta batzuk erkidegoan kokatzen ditu, baita nahastuta ere. Oso antzekoa da SMren jokaera, ikuspegi juridikoari indar handiagoa ematen dio eta. Edelvivesek ere puntu berean ditu datuak, erkidegoan kokatuta batzuk eta gehienak estatuari erreferentzia eginez. Bruñorena nahasia izateaz gain lekutzea ere estatukoa da eta, Euskal Herrian oinarritutakoak badituen arren, halakoak gero eta urriagoak direla ohartuko gara, eta azkeneko testu liburuetan ikuspegi hegemonikoa nagusitzera heltzen da. Anayaren zehaztapenik eza ere erraz ikusten da grafikoan, eta zehazten dituenetan ikuspegi juridikoa eta estatala agertzen ditu. Elkarrek lehengoan dirau, Euskal Herria du oinarri. Ereinek ere antzera.


Ikuspegi hegemonikoa da argitaletxerik gehienak erabiltzen dutena, alegia, estatuarekin edo bere ordezko den erkidegoarekin erlazionaturik eskaintzen dena.


Paisaia deritzan aldagaiaren gaineko datuetan argi ikusten da Santillana argitaletxeak darabilen jokabidea: paisaiak Euskal Herrikoak zein EAE edo Nafarroakoak dira, baina bestalde, estatuaren erreferentzia ere badarabil eta ikuspegi nahasian datu asko geratzen dira. Edebék argiago jokatzen duela ikusten da: erkidegoa da oinarria, baina estatua ere bai. SMk estatuan lekutzen ditu paisaiak, erkidegoari presentzia handia emanez. Edelvivesenek estatua dute erreferentzia nagusia, gutxi batzuk erkidegoarekin lotuta agertzen badira ere. Bruñok hauek erabiltzen ditu: testuinguru nahasia, erkidegokoa zein Euskal Herrikoa, gehienak ikuspegi hegemonikotik. Anayak erkidegoko paisaia du nagusi, ikuspegi nahasiarekin eta estatalarekin batera. Elkarrek Euskal Herriko paisaia darabil gehienetan, Ereinek ere paisaia Euskal Herrian lekutzen du.


Edozelan ere, ikuspegi hegemonikoa da gailentzen dena, alegia, erreferentzia moduan estatua eta erkidegoa erabiltzen dituena.


Azken batean, ondorio gisa baiezta dezakeguna hauxe da: euskal kulturaren ezaugarri moduan mugatzen diren paisaiak, hizkuntza eta gainerako guzti-guztiak, ikuspegi hegemonikotik lantzen dira gaurko testu liburuetan. Dela egoera autonomikoa islatuz, dela estatuaren markarekin, den-denak galdu dute orain arte izan duten Euskal Herriarekiko lotura. Euskara da salbuespen bakarra, Euskal Herriarekin lotzen baita %46an. Estatuarekiko edo erkidegoarekiko erreferentziak gora egin badu ere, oraindik ez da guztiz galdu ikuspegi soziokulturala.





Tesiaren ondorio nagusiak


Amaitzeko, tesi honen ondoriorik aipagarrienak honela zerrendatuko genituzke:


1- Hiru hizkuntzatan, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz, ekoizten diren eskolarako testuliburuak ez dira molde berekoak.


- Frantsesezkoak zehatzak dira, beti ere estatuaren aldeko, eta ez dute Euskal Herriaren berririk ematen.


- Gaztelaniazkoak erdaldunek sortuak dira, gainera estatutik sortuak, eta Euskal Herria saihestuz egoera autonomikoa lantzen dute.


- Euskarazkoak direnen artean, badaude euskaldunok euskaldunontzat sortuak eta baita itzuliak ere, hizkuntza itzultzen zaienak, baina edukiari erdaltasunean eutsiz, eta euskaraz egon arren, ikasleen buruak erdalduntzen dituztenak, adierazlea euskaraz dakarten arren adierazia erdalduna eskaintzen dutenak.


2- Erdal herrietan sortutako testu liburuetan aipatzen da Euskal Herria, baina izenez, ez izanez, izaera autonomikoa eta estatala jartzen diote eta.


3- Euskara ez da ehuneko ehunean Euskal Herriaren testuinguruan kokatzen, sarritan estatuko hizkuntzen artekoa da, edo erkidegoko mugetan geratzen da. Nafarroan eta Iparraldean estatuko hizkuntza da ia erreferentzia bakarra.


4- Euskal Herriaren izaera azalekoena lantzeko joera gero eta handiagoa da. Paisaia, jaiak, kirolak eta gastronomiako gaiek, hau da, Euskal Herriko tasunetatik orokorrenek, gora egin dute testuliburuetan.


5- Testu liburuetako presentzian nortasunari eta identitateari lotuen dauden ezaugarriek behera egin dute, hala hizkuntzak nola pertsonaiak edo mitologiak.


6- Hau horrela izanik, Euskal Herriko neska-mutilek, hala Iparraldean nola Hegoaldean, ezin dezakete euskararen lurralde osoa errealitate adierazgarritzat jaso testuliburuetan.


7- Finean, euskara diglosian kokatuko da, eta baita herri honen kultura guztia ere.