Euskararen Kontseiluaren Laguntzaile izateko gure gonbidapena

2002-11-01
Euskara aurrera aterako bada, nahi hori dugun guztion elkartasuna eta elkarlana ezinbestekoa da.

Gainontzekoa, bide nahasitik ibiltzea da.
 
 
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua jaio zela bost urte betetzera doaz.

Kontseiluaren aurtengo Batzar Nagusiak "Bai Euskarari Laguntzailea" egitasmoa abian jartzea erabaki zuen. Egitasmo horren helburua, euskararen aldeko jarrera dutenei beste urrats bat egiteko konpromisoa eskatzea da, hau da, Kontseiluari laguntza ekonomikoa ematea eskuartean dituen funtsezko egitasmoak eraginkortasunez eta autonomiaz aurrera eramateko.

hik hasik , bere sorreratik, euskararen aldeko eta Euskal Herri osoko egitura duten erakundeak bultzatzea izan du xede. Horregatik, Euskararen Kontseilua hasieratik bultzatu du, Kontseiluko bazkide delarik.

Une honetan, Kontseiluak eskuratu digun "Laguntzaile orria" gure harpidedunei helaraztea eta laguntzaile izan zaitezten proposatzea iruditu zaigu euskarari laguntzeko modurik egokiena.

Ale honekin batera zuri luzatutako laguntzaile orrian Kontseiluak hauxe dio:

Kontseilua jaio zenetik, 1997 urtean, euskararen aldeko gizarte konpromisoa sustatzea izan da bere zeregin nagusia: Bai Euskarari Akordioa, Bai Euskarari Kanpaina, Euskararen Normalizaziorako Konpromiso Politikoa, Bai Euskarari Ziurtagiria, Bai Euskarari Akordioa herrietara zabaltzeko egitasmoa, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren sorrera... Hamaika urrats egin dira euskararen normalizazio bidean, baina gehiago dira egiteko geratzen direnak, euskara bizirik irauteko behar duen normalizazio egoeratik urrun dagoelako oraindik. Ezinbestekoa da gizarte osoaren konpromisoa. Baita zurea ere. Euskararen alde konpromisoa hartzeko modu asko daudelako, eta autonomiaz jokatzeko Kontseiluak diru iturri propioak behar dituelako, "Bai Euskarari Laguntzailea" izan zaitezela proposatzen dizugu. Hilero diru laguntza txiki bat emanez, sekulako bultzada emango diozu euskarari.

Ez da aukera txarra, ezta?


Horrela, bada, euskararen alde lanean ari diren erakunde guztiekin bat eginez, aprobetxa dezagun eskaintzen zaigun aukera.

Ongi izan, laguntzaile!