Kronika

2002-11-01
 
 
Unibertsitatez kanpoko EAEko irakaskuntza publikoko lan hitzarmena sinatu dute Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak eta ELA, LAB eta EILAS sindikatuetako ordezkariek. Hitzarmen honek irakasle funtzionarioen lan baldintzak arautzen ditu eta 1998az geroztik egin den lehen
hitzarmena da berau. Sailburua nahiz sindikatuko ordezkariak pozik agertu dira lortutako akordioarekin.
Iztuetak adierazi duenez hitzarmenak irakaskuntzaren kalitatean eragingo du. Alde batetik, irakasle egonkorren kopurua igoko delako (926tik 1.500era); eta bestetik, 1.500 lanpostutarako deialdia egingo delako. Urte sabatikoa, irakasleen prestakuntza eta laneko arriskuak aurreikusteko zerbitzua ere jasotzen dira hitzarmen honetan.


0-3 Urteko Hezkuntza Zikloaren Aldeko Plataformak etapa arautzea eskatzen du Nafarroan
0-3 Urteko Hezkuntza Zikloaren Aldeko Plataformak Nafarroako Parlamentuan salatu duenez, UPN ez da ezer egiten ari ziklo hori arautzeko eta kalitatezko sarea eskaintzeko. Horren aurrean kezkatuta agertu dira Plataforma osatzen dutenak, hots, Nafarroako haur eskoletako langileak, NUPeko irakasleak, guraso elkarteak eta hezkuntzako sindikatuak.
Plataforma osatzen duten guztiek argi eta garbi adierazi dute 0-3 hezkuntza zikloak izaera hezitzailea duela eta urte askotan eredu hori garatzen lan asko egin dela. Nafarroako Gobernuak, ostera, zerbitzu ikuspegiari eman ei dio garrantzia. Plataformako kideen hitzetan, "Gobernuak LOGSEk bazterrean utzitako kontzeptua hartu nahi du berriro Kalitate Legean oinarrituta". Horrela, Hezkuntza Departamentuaren erantzukizuna izan beharrean, Gizarte Ongizate Departamentuarena izango litzateke.
Gaur egun 14 herritan eskaintzen da 0-3 urteko bitarteko zikloa, eta datorren ikasturterako beste bederatzi gehiago izanen dira. Kasurik gehienetan udal erakundeen esku egoten da haur eskola horien kudeaketa, eta Plataformak salatu duenez "horrek pribatizaziorako bidea bultzatzen du" eta ez dute begi onez ikusten.
Sortzen-Ikasbatuazek ere ez du ongi ikusten UPNren politika "baztertzailea eta bereizlea" euskal eskola publikoarekiko. Elkarteko kideek euskarazko irakaskuntzak dituen oztopoak salatu dituzte Parlamentuan. Besteak beste, Altsasuko Lanbide Heziketako ikasleen egoera aipatu dute. Gaur egun ikasleen %52 D eredukoa den arren, ez da euskarazko ikasketarik eskaintzen, eta irakasleen lanpostu guztiak gaztelaniazkoak dira. Hurrengo ikasturteetan D ereduko ikasleen kopurua handituz joango da, inguruko ikastetxeetako gehienek euskarazko ereduan ikasten baitute. Horregatik, G eredukoa den Lanbide Heziketako Institutuan D eredua ere eskaintzea eskatzen dute.
Sortzen-Ikasbatuazen iritziz beharbeharrezkoa da ikerketa sakona egitea, ikasleek zein eredutan ikasi nahi duten jakin dezagun eta eredu horien eskaintzea egin dadin.


Kalitate Legeari argi berdea eman diote Madrilgo kongresuan
Hilaren hasieran Madrilgo Kongresuak baiezkoa eman zion Kalitate Legeari PPren eta Coalición Canariaren aldeko botoekin. Oposizioko alderdi guztiak aurka bozkatu arren, Legeak lehen urratsa pasa du %40ko babesarekin, eta hurrengoan zuzenketa partzialei egin beharko die aurre. Oraingoan osoko hamar zuzenketa eztabaidatu dira, baina ez da bat bera ere onartu.
Legearen aurka agertu diren guztiek "atzerakoia eta zatitzailea" dela adierazi dute, eta autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituela. EAko Begoña Lasagabaster diputatuak gogor hitz egin zuen legearen kontra. "Legeak hezkuntzaren ikuspegi zatikatzailea du, eta ez dio erantzuten Euskadiko errealitateari". Ildo berean mintzatu zen Joxe Joan Txabarri EAJko diputatua. 51 zuzenketa aurkeztu dizkio legeari eta horrekin batera hezkuntza sistema alternatiboa proposatu. Proposamen horrekin kalitatean eragin nahi dutela adierazi du. Kongresuko babesa %40koa dela ikusirik, "PPri bere hezkuntza sistema inposatu nahi izatea" egotzi dio.
Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Anjeles Iztuetak EAEko hezkuntza sistemaren emaitzak Europakoak baino hobeak direla eman du jakitera. Esate baterako, aurreko ikasturtean ikasleen %81ak gainditu zuen DBH Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Europan %80k.
1998-1999 eta 2001-2002 ikasturteko eskola emaitzak aurkeztu ditu sailburuak, bai sare publiko zein kontzertatukoak, eta datu horien oinarrituta euskal hezkuntza sistema "oso maila onean" dagoela nabarmendu du.
Emaitza horien arrazoia irakasleen lanean dagoela dio Iztuetak: "irakasleen inplikazioa eta daukaten prestakuntza dira ardatz nagusiak". Horrez gain, ikastetxe bakoitzean hartzn diren aparteko neurriek ere emaitza horietan zerikusia dutela dio.
Dena dela, aurrera begira eta hobetzeko bide horretan hainbat erronka zehaztuta daude aipatu du. Batetik, ikastetxeen autonomia handitzea; bestetik, ikasketa ibilbideak eta horien arteko loturak hobetzea; eta hirugarrenik, DBH amaitzen duten ikasle guztiek euskara, gaztelania eta ingelesa ondo menperatzea.


Iparraldeko irakasleek greba egin zuten urriaren 17an Lanpostu egonkorrak, ez prekarioak aldarrikapenarekin. 500 irakasle, ikastetxeetako laguntzaile eta langile bildu ziren Baionan FSU, UNAS, CGT, CFDT, FAEN, SUD, FO, SNETAA eta LAB sindikatuen deialdiari erantzunez.
Sindikatuek hiru aldarrikapen egin dituzte grebarekin. Lehendabizi, Ministroaren Kontseiluak irailaren 25ean hezkuntzaren kalitateari buruz aurkeztu zuen Finantza Lege Proiektua salatu dute. Bigarrenik, bigarren mailan sortzen diren baino lanpostu gehiago desagertuko direla salatu dute. Eta hirugarrenik, laguntzaile-hezitzaile postuak desagertu eginen direla 2003. urtean. Era berean, gobernuak hezkuntzarako aurrekontuan egindako murrizketa salatu dute grebarekin. Izan ere, Jean Pierre Raffarinen gobernuak gazte lanpostuen desagertzea iragarri du, ordezkatuko lituzketen egiturarik iragarri gabe. Erabaki horren ondorioz lanpostu murrizketa ugari izanen dira ikastetxeetan.
Sindikatuen esanetan ikastetxeetako langileen %70ak baino gehiagok egin zuen greba. Irakaskuntza maila guztietan egin bazen ere, haur eskolan eta lehen mailetan izan zuen eragin handiena.