BATISTA, Iris:
Ikasturte honetan karrera berri bat sortu dute: Oinarrizko Bigarren Hezkuntzako irakasle integrala. Ekimen horretan, hezkuntza integralagoa lortzeko bidean, irakaslearen ikuskera berri bat dute helburu; horretarako, atzerriko hizkuntza eta Soin Hezkuntza izan ezik, ikasgai guztiak emateko gai izango den irakaslea prestatu nahi dute.
Irisen ahotik plangintza horren eta beste hainbat erronken berri izan dugu; bete-betean murgildurik baitago haien egituraketan eta ebaluazioan. Horien guztien helmuga: irakaslea ez dadila instruktore soila izan, hezitzaile ere izan dadila.
"Behaztopatu arren lortu dezakegula" pentsatzen duten horietakoa da Iris, bidean sortutakoak aurrerago joaten lagundu baitie.
Eskolako Zuzendaritza Kontseiluak. Kontseilua kide hauek osatzen dute: zuzendariak, irakaskuntza buruak, departamentuko buruak, gurasoen kontseiluko ordezkariak, ikasleen ordezkariak, eta, zenbait eskolatan, zuzendari ordeak eta irakasle-idazkariak. Kontseiluko partaidea da zuzenean haien ardura duen erkidegoko erakunde politikoko ordezkaria ere.
Nola aukeratzen da gurasoen ordezkaria?
Eskolako Zuzendaritza Kontseiluan guraso batek ordezkatzen ditu eskolako haur, gazte eta nerabe guztien gurasoak. Ordezkari hori gurasoek beraiek aukeratzen dute. Eskolako Kontseiluak egitura soziala osatzen du, eta erkidegoko egitura sozialaren zati da.
Hemen, Kuban, guk oso gertutik daramagu eskolaren, familiaren eta erkidegoaren arteko harremana, hori guztia ezinbestekoa baita haurraren hezkuntza integrala lortzeko, hain zuzen. Bestela, bakoitza bere aldetik arituko litzateke lanean, bakoitza bere bidetik. Baina guztiek helburu komuna dute; heziketa aldeanitza eta harmonikoa, eta hor bat egiten dute jendartea osatzen duten alde guztiek, eta familia oinarrizkoa da.
Eta ikasleak ordezkaturik al daude Kontseiluan?
Bai, noski. Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntza bitartean José Martà Aitzindari erakundeak biltzen ditu ikasleak, Jose Martà etengabe haurren alde lanean aritu zen pedagogo kubatarraren ohorez. Ikasle ordezkari horiek Eskolako Zuzendaritza Kontseiluko partaideak dira. Kontseilu horretan, norberak bere iritzia azaltzeaz gain, ikasleen erakundearen eskariak, ideiak eta ekarpenak bideratzen dituzte ikasle ordezkariek. Harremanak harmonikoki finkatuta daude, baita ikasleen ordezkaritza zuzena eta funtzionala ere; hau da, araututa dago ikasleen ordezkaritzarik gabe ezin dela osatu Eskolako Zuzendaritza Kontseilurik.
Zein maiztasunez biltzen da, eta zer erabakitzen da Zuzendaritza Kontseiluan?
Kontseilua hilean behin biltzen da. Bileren helburua da eskolaren funtzionamendua baloratzea, erabiltzen diren irizpideak aztertzea, dauden kezkak azaltzea, eta helburu bat lortzeko zein lan estrategia erabiliko den erabakitzea da; eskolak duen lan plangintzari jarraipena egiten zaio hilero, beraz. Denek bat egiten dute bertan, denen interesak eta ekimenak han baitaude.
Herri honetan hezkuntzak duen helburua lortzeko lana nola bete da eskolaren helburua. Horretarako, lanaren jarraipena, balorazioa eta hausnarketa egiten da, neurriak hartzen dira, adostasunera heltzen da; hau da: nola doa eskola?, horixe izaten da aztergai.
Eta hori ez du hezkuntza zuzendaritzak soilik baloratzen, Zuzendaritza Kontseiluan ordezkaritza duten guztien artean egiten da, denen parte-hartzearekin: baita ikasleen erakundeenarekin, sindikatuenarekin, alderdi politikoenarekin, gurasoenarekin...
Euskal Herrian programazioak ditugu lan egiteko eta gobernuak oinarrizko helburuak finkatzen ditu. Hori horrela al da Kuban?
Beno, Hezkuntza Sistema Nazionalaren barruan eraginkortasun adierazleak finkatzen dira; hau da, ikasketa bakoitzean lortu behar dena. Ondoren, bakoitzak helburu hori abiapuntutzat harturik egiten du lan. Eskola kubatarrean gorena gure ikasleen ikastaldi egokia lortzea da, nola lan egin ikasle horren prestakuntza lortzeko, hori da lehenengo legea; dena gure ikasleen arabera. Horrek ez ditu baztertzen langileen eskubideak eta nola jardun behar dugun, baina gure sistemaren funtsa jendea da.
Beraz, helburu estatalak ezartzen dira zer lortu behar den jakiteko, eta hori bai, nazio mailan ezarrita dago zer den egin behar dena. Baina horrek ez du esan nahi zentralizazio osoa dagoenik; zentralizatuta dagoena lortu nahi den helburua da. Deszentralizazioa norberak helburu hori lortzeko erabiliko dituen jarraibideetan dago, askatasuna du era batera edo bestera jokatzeko.
Beraz, estatu mailan helburuak finkatu ondoren, lehen aipatu duzun Eskolako Zuzendaritza Kontseilu horrek autonomia du ekinbideak hautatzeko?
Bai, nola ez! Autonomia dute. Kuba 13 probintziatan -eta horiek 169 eskualdetan- eta eskualde berezi batean antolatuta dago. Herri bakoitzak, eskualde bakoitzak, bere ezaugarriak ditu. Horrek ez du esan nahi bakoitzak bere erara lan egingo duenik, bakoitzak imajinatzen duen erara; planifikatuta dago, ezarrita. Bakoitzak bilatu behar du lortzeko bidea, eta ezarrita dagoena nola bete, baina jokatzeko askatasuna dago.
Eskola bateko zuzendariak erabaki dezake zer egin une honetan, zer bestean. Baita ziklo buru batek edo departamentu buru batek ere. Ematen digutena da nora iritsi behar dugun, zer den guk prestatzea lortu behar duguna. A!, zuk nola jokatzen duzun hori lortzeko, zure baitan egongo da! Hori eskualdearen, herri bakoitzaren eta dituen ezaugarrien baitan egongo da. Baina hori ez da Kuban soilik gertatzen; munduko edozein naziotako herrialdeak ez dira berdinak, guztiek ez dute garapen maila bera. Beraz, Kuban finkatzen dena da gure sistemaren arabera zer lortu nahi dugun; zein ikasle, gazte edo Kubako hiritar mota nahi dugun, eta gure esku dago nola lan egin hori guztia lortzeko!
Zein teoriatan oinarritzen da Kubako hezkuntza sistema?
Gure hezkuntza sistema Vigotskiren teoria historiko-kulturalean oinarritzen da. Horrek ez du esan nahi konstruktibismoa ez dugunik kontuan hartzen; bai, baita ere. Baina batez ere pertsona hartzen dugu kontuan; pertsona gisa ikusirik, ez soilik bere ezagutza edo prestakuntza eraiki dezakeelako. Eta hori ez du irakaskuntzaren teknologiaren bidez soilik lortuko. Gure oinarria irakaslea ordezkaezina dela pentsatzea da, eta hortik abiatzen gara: makina batek aukera asko eskainiko dizkit nik nire jakintza maila ezagutzeko, baina makinak ezin dit pertsonen arteko elkarrekintza eskaini.
Ondorioz, ezin dugu esan konstruktibista denik, baizik eta gehiago jotzen du jendarte aldera, jendartea osatzen dugun guztion arteko harremanetan oinarritzen da. Pertsonaren historia bera ahantzi gabe, bere alde biologikoa, historiko kulturala eta abar kontuan izanik.
Baina hemenoinarrizkoa pertsona eta pertsona horren onura da; zer da egin behar den guztia pertsona hori lora dadin, gara dadin, bizitzan goragoko mailak lor ditzan, eta, ondorioz, bizi kalitate handiagoa izan dezan. Eta bizi kalitate handiago hori inguruarekiko erlazioaren arabera lortuko du: jakin dezala zerk inguratzen duen eta borroka dadila ere bizitzan gauza hobeak lortzeko. Horri ezin zaio muzin egin. Pertsona zoriontsua senti dadila zerbait berria ezagutzen duenean, pertsona gisa handiago sentiarazten duenarekin.
Vigotskiren teoriez gain, beste iturrietatik ere edaten duzue...
Gure herriaren, gure iraultzaren ahalegina hauxe da: gu gero eta geure buruaren jabeago sentiaraztea, baina gure garapenarekin. Hori da gure iraultzaren politika: pertsona osoago horren prestakuntza duinagoa, libreagoa, eta izan dezakeen bizi kalitate handienarekin izatea. Prestakuntza hori askatasunetik, independentziatik eta norbera meneratze horretatik abiatzen da, eta gizarte honek eskaintzen dion guztiaz baliatzen da.
Ostera, kultura orokor integralaren beharra du, eta ez Kubakoa bakarrik. Bestela Chauvinismoa osatzen ariko ginateke, eta ez da hori nahi duguna. Pertsona jakintsua nahi dugu, atalase zabalagoa duena, munduan gertatzen denaz jabetuko dena, eta munduagatik gehiago egin dezakeenaz arduratuko dena. Gure gorengoa elkartasuna da, gure araua edonori laguntzea da; handitzeko, gehiago laguntzeko. Hori da gure herriaren kultura.
Argibide batzuk eskaini dizkiguzu jada, baina zure ustez Iraultzak zein ekarpen egin zion ordura arte Kuban indarrean egon zen hezkuntza sistemari?
Iraultzaren garapenak ekarpenak egin zituen, eta ekarpenak egiten jarraitzen du. Iraultzak egunez egun egiten dizkio ekarpenak hezkuntza sistema kubatarrari. Lehenik eta behin, une hartan zegoen ezberdintasun maila basatiaren amaiera ekarri zuen; pertsona duindu zuen. Zer egin zuen? Eskola azpiegitura osoa eraiki zuen haur, gazte eta nerabe kubatarrak kultura maila izan zezaten.
Komandanteak Moncada kuarteletik egin zuen lehen gauza Iraultzak garaipena lortzen zuenean gauzak errotik aldatuko zituela zin egitea izan zen, "La historia me absolverá" bere alegatuan. Eta hori, zinez, bete da.
Nola gauzatu zen ekimen hura dena?
Iraultzak garaipena lortu zuenean, Kuban analfabetoen kopurua oso handia zen. Hartutako lehen neurrietako bat alfabetatze kanpaina egitea izan zen. Horrek, urte bakar batean herria alfabetatzea ekarri zuen. 1961eko abenduaren 22an Kuba analfabetismotik libre aitortu zen. Ordutik, egun hori Hezitzaile Kubatarraren eguna da, eta urte horri Heziketaren urtea deritzo.
Hark beti aitortu zuen heziketarik gabe ez dagoela iraultzarik: herri analfabeto bati edonork esan diezaioke edozer gauza; ez dakienez, ez daki! Baina zuk dakizunean, irakur eta idatz dezakezunean, zu jakintsuagoa izatean, libreagoa zara. Hori izan zen lehen gauza, irakaskuntzaren nazionalizazioa. Hemen bazen irakaskuntza publiko bat, eta hori ezin lezake inork uka, baina bazen askoz indartsuagoa zen irakaskuntza pribatua. Irakaskuntza publiko horrek nori erantzuten zion? Indarrean zeuden gobernu txotxongiloei, hain zuzen. Kuban batek lasai asko hitz egin dezake hezkuntzaren fenomeno historiko-klasista bati buruz. Antzinatik datorrena da, eta gizartearekin lotuta ikusten dugu, baina klasista boterean dagoen langile klase horri erantzunez, gauza guztien jabe den horren menpean lanean.
Orduan, gure heziketa nazionalizatu zen, eta Kubako haur guztiak eskolatu ziren. Iraultzak ekarri zuen beste aldaketa irakaskuntzaren derrigortasuna izan zen. Kuban heziketa derrigorrezkoa da 1. mailatik 9.era arte.
Eta ondotik aldaketa gehiago etorri ziren...
Gure hezkuntza sistema egin genuen. Eskolak sortu ziren herrialdeko leku ezkutuenetan, beharbada han eskola bat egon zitekeenik inork amestu ere egin ez zuen lekuetan. Horri esker, egun mendialde itxienean ere eskola dute. Iraultza aurrera joan den heinean, gauzak hobetuz joan dira, eta gaur egun esan dezakegu Kubako eskola guztiak teknologia berrienaz balia daitezkeela; elektrizitatea heltzen ez den lekuetan eguzki panelak ipini dituzte erabili ahal izateko.
Haur bakar bat izanik ere eskola eta ikasle horrentzako irakaslea izango dela ziurtatzen da. Kubako hezkuntza sistema arduratzen da haur, gazte eta heldu guztiek egunez egun kultura maila handiago lor dezaten. Horretarako, Iraultza aurretik kuartelak ziren eraikuntza guztiak eskola bilakatu zituen Iraultzak; Moncada, Kubako bigarren gotorleku militarra, gaur egun "26 de julio", eta Habanako Columbia, gaur egun "Ciudad Libertad", eskola hiri handiak, adibidez. Kubako hiritarraren garapen osoa ziurtatuko dute Iraultzaren programa guztiek. Iraultzatik bertatik ezarri zen Beka sistema osoa, leku urrutienean bizi zenak ere hezkuntza jasotzeko bidea izan zezan.
Iraultza aurretik eskolan al zinen? Nolakoa zen?
Nire jatorria oso umila da. Iraultza aurretik nire amatxorekin bakarrik bizi nintzen eta auzoetako eskolatxoak zeuden. Egia da bertan zenbakiak eta letrak ikasi nituela... baina instrukzio hutsa zen. Produktuak ikasi nituen, irakurtzen ikasi nuen, Kindergarden-ean kantuan irakatsi zidaten... gauza horiek irakasten zizkidaten. Gaur, pedagogoa naizen aldetik, ohartzen naiz benetan hutsik zeudela, ez zituztela erdizka ere betetzen gaur egun lantzen ditugun helburuak.
Iraultzagatik ez balitz, ni ez nintzateke naizena. Iraultza horrek denoi denetik eman digunez, profesionalak izateko, unibertsitatean lan egiteko aukera izan dugu. Prozesuan gora joan gara, ezin dugu pentsatu dena bat-batean lortu denik; ez, ez. Helburua benetan beti aurrera egitea da. Oraindik jakiteko, ezagutzeko eta egiteko gauza asko geratzen zaizkigun arren, herria askoz ere jakintsuagoa da. Pertsona kubatarra, hiritar kubatarra, askoz ere osoagoa da, bere buruaren eta borondatearen jabeagoa da, eta horrek askoz ere libreago eta duinago egin gaitu, eta edonorentzat gauzarik ederrenetakoa da hori.
Nola ikusten duzu beste herrialdeetako egoera?
A! Pena sentitzen dugu beste toki batzuetan hori ez dela horrela ikustean, nahiz eta Kubari buruz hainbeste gauza txar esaten den. Zenbat jende etortzen da Kubara zer aurkituko ote duen ikusmiran? Zalantzaz beterik etortzen dira, baina pozik entzuten ditugu hona etortzen direnak bizi duten mundua beste bat dela esaten, eta oso desberdina dela guri buruz esaten dutenetik.
Gu pertsona lasaiak gara; a, hori bai, maite dugunagatik borrokatzen gara. Ez dugu onartzen inork zanpa gaitzan, inor gure independentzia, identitate eta historiaren kontra joan dadin. Gure historia maite dugun jendea gara, indar guztiekin, eta hari lotzen gatzaizkio. Eta ez dugu onartzen inork hori ezbaian jartzea. Mundu hobeagoa egiteko egiten dugu lan. MartÃren pentsamendua bete nahi dugu: "Hezkuntza, pertsona bizitzarako prestatzea da". Baina ez elementu batzuk eskainiz arotza, arkitektoa edo ingeniari mekanikoa izateko, hori baina zerbait gehiagorako; bizitzaren zentzua izan dezan, elkartasun sentimenduak izan ditzan, egunetik egunera hiritar hobea izatearen sentimenduak izan ditzan.
Zuretzat begien bistakoa den arren, gu gure herrian ez gara nekatzen esateaz hezkuntza sistemak tokian tokiko errealitateari, kulturari, hizkuntzari... izateari eta nortasunari erantzun behar diola. Zer uste duzu, duzuen hezkuntza sistemak zuenean, herri gisa eta nazio gisa, hori eskaintzen duela?
Zuk aipatu duzun hori guztia, noski! Helburua ez da egin ditugun gauzak aldatzea, baizik eta eginda dagoenean oinarritzea goragoko mailetara heltzeko, ez da egindakoa ezabatzea; bidean geraldia egin dugu ordu arte egindakoa ikusteko. Konturatu gara horrek ez zuela betetzen gure itxaropen osoa, ez zuela osatzen guk prestatu nahi genuen pertsona hori. Orduan, bide berrien bilaketan jarraitu behar dugu. Zuk kultura maila handiagoa lortzen duzun heinean, handituz doa pertsona hori prestatzeko duzun exijentzia maila ere. Hortxe gaude, nola egin gauza berriak orain arte egin duguna baztertu gabe, orain artekoa goratzeko, sustatzeko. Ez dugu egin dugun ezer ukatzen, baina orain arte baliagarriak zitzaizkigun gauza batzuek jada ez digute balio, eta kendu egin ditugu. Orain gauza berriak behar ditugu.
Ezinbestez, bizia ziztu bizian aldatzen ari da, eta hezkuntzak garai berriei egokitzen eta erantzuten jakin behar.
Noski, horren ondorioa da, gaur, gu "irakasle integrala" proposatzen aritzea. Gure irakasle kubatar onenek zituzten ideietan errotuta gaude, eta horiek beti planteatu dute irakasleak bere ikaslearentzat eredu bizia izan behar duela. Baina generaman sistemekin, neurri batean, ez genuen osatzen hezkuntza osoa. Ohartu gara horretaz, eta zuzentzen saiatzen ari gara. Gakoa, jakintza sendoa izatea eta oso hezia izatea parean ipintzean dago; hezkuntza instrukzioa baino askoz gehiago baita. Aldi berean, askoz ere prozesu konplexuagoa da; zuk oso erraz irakasten duzu 2+2, baina bizi zaren jendarteak eskatzen dizunarekin bat bizitzen irakastea, beti askoz ere zailagoa gertatuko zaizu beti. Hortaz, hori da egiaz behar duguna: parte den jendartean jokatzen dakien pertsona eta 2+2 zenbat diren dakien pertsona.
Elkarrizketa honetan behin eta berriz aipatu diguzu instrukzioa eta hezkuntza ez direla gauza bera. Zuentzat ideia hori funtsezkoa da.
Bai, biziki. Zer gertatzen da: zuk jaso dezakezu instrukzioa eta ez izan heziera onekoa. Ondorioz, oso maila kultural onekoa izango zara, baina ez zara heziera onekoa izango. Zer da behar dena? Heziketa izatea. Guk erabiltzen dugun kontzeptuak heziketaren arlo soziologikoa, psikologikoa eta pedagogikoa besarkatzen ditu. Gu arlo horietan oinarritzen gara gure lanerako, beste kontzeptuak baztertu gabe. Jendeak bere ibilbidean burutu duen lan osoa eskaintzen diogu ikasleari, bere garaiaren mailara moldatuta, eta ez azpitik utzita, ezingo bailuke urgainera irten. Bizidun jendearen laburpena egitea da, berak egunero sentitzen duen, bizitzen duen, partekatzen duen horrena. Bizitzarako prestatzea da; ez dakit, nahiko kontzeptu zabala da. Eta kontzeptu hori gure Jose MartÃrena da.
Nola ebaluatzen duzue? Zer kalifikatzen duzue, Kontseiluak ezarri dituen helburuak nola lortzen dituen ikasleak...?
Ebaluazioari dagokion alde hori aldatzen ari den arloetako bat da. Orain dela gutxi arte, gure hezkuntza sistemak zuen ebaluazio sistemak zioen aldian behin ebaluazio bat egin behar zela, horrela eta horrela aplikatu behar zela... Orain kualitatiboagoa da. Zein da helburua? Bigarren Hezkuntzako irakasle batek 15 ikasleko taldea badu, ez du proba idatzia behar ikasleak nola aurreratzen duen jakiteko, eta hori ez dagokio instrukzio arloari soilik; baita hezkuntza arloari ere: zein motatako hiritarra den, zein motatako kubatarra. Ez soilik dakienagatik, baita egiten duenagatik ere: nola jokatzen duen gizartean, bere jarrerak, bere balioak, bere sinesmenak; hau da, hiritar gisa hezkuntzak eskaini behar dion guztia.
Ez doa soilik azterketa idatzira: zuk zure ikaslearen karakterizazioa baduzu, nor den jakin dezakezu eta une batean zer egin dezakeen edo zer ezin dezakeen egin. Beraz, horretan aldatu gara; ez dadila izan soilik ebaluazio kuantitatiboa, neurketa funtzio soila duena, kualitatiboa ere izan dadila. Horrela, pertsona hori, nortasun hori, kualifikatu dezakezu, eta hori askoz ere aurrerakoiagoa da, askoz ere osoagoa da. Ez da zenbat dakien soilik neurtu behar, baizik eta dakienetik zenbat aplikatzen duen jendartean, hots, hezkuntza ordena batean zenbat handietsi duen instrukzio hori ekintza sozial batean.
Zergatik egin duzue ebaluazioaren ikuspegi aldaketa hori?
Hori baita benetan bilatzen duguna; ez hainbeste asko jakitea, hori ere ona da, baina batez ere pertsona horrek, kubatar horrek, jarrera egokia izatea, balioak edukitzea, eta gizarteak ezarri dituen arauak betetzen jakitea.
Irakasleari hori ikaslearen ezagutzak eskaintzen dio, eta baita irakasle horrek ikaslearengan duen eraginak ere; aholkua eskaintzen dionean, bere jokaeratik abiatuta jokaera moldeak eskaintzen dizkionean. Gertuagoko zerbait da, biziagoa. Irakasle-ikasle harremana, jada oholtza galduz, egunerokotasun handiagoa duen bizitza bilakatzen da: edukia irakasten dizut, baina zure hezkuntzan ere jarraipena egiten dizut. Askoz ere osoagoa eta sakonagoa da. Pentsatzen dugu horrek askoz ere gehiago eskainiko digula hezkuntza maila orokorrean. Azken finean zera nahi dugu: Historia edo Geografia mailan ahalik eta jakintza gehien izatea, baina norbere bizitza praktikoarekin lotzen jakitea: jakin dezagun ekologia hori zaintzen, ingurumen hori; izan dezagun sexu hezkuntza arduratsuagoa. Gauza horiek guztiak, instruktiboak izateaz gain, hezigarriak dira. Eta hori guztia zientziaren eta teknikaren aurrerapen guztien argitan; teknika aurreratu horiek baztertu gabe, garapen horren parean, gaur egungo mundu honetan herrialde garatuetako edozein biztanlek izan ditzakeen gauza horiekin guztiekin. Eta eskubide berdintasun berberekin!
Nola ebaluatzen duzue hezkuntza prozesua?
Ebaluazioan ezagutzak kontuan izaten dira, baina ikaslea ere kualifikatzen da; hau da, dena edukitzen da kontuan. Ebaluazio parte-hartzailea da, ikaslea ez da bere ebaluazioaren objektua, ebaluazioaren subjektua baizik. Hark modu kontzientean aztertzen du zer egin duen ondo eta zer ez. Gainera, eskubidea du horri balio handiagoa emateko, irakasleari bere iritzia emateko, eta horren ondorioz irakasleak ebaluazioa berriro azter dezake. Ikasleak bere ebaluazioan parte hartzen du. Irakasleak idazten du, baina eskubidea du jakiteko zergatik hau eta zergatik bestea, eta askotan horren ondorioz aldatu egiten da ebaluazioa.
Zenbatero ebaluatzen dira ikasleak?
Guk 21 egunero esaten dugu ikasleak aurreratzen duen edo ez . Beste epe batzuk ere izan ditugu, baina ebaluazioa sistematikoa da. Ikaslea ikasketetan daraman martxa ezagutzen doa. Nota ikasleari ematen zaio, eta taldean esaten da. Ikasleen ebaluazio integralak egiten dira. Badaude gainditzen ez duten ikasleak, eta nola lagundu ikusi behar da. Hori, askotan jarreragatik gehiago gertatzen da edukiengatik baino, baina gutxiengoa dira.
Irakasleak erabiltzen al du ikasleak egiten duen ebaluazio hori bere lana egokitzeko eta zehazteko?
Gure prozesuan ikaslea subjektua da, funtsezkoena ikaslea da; beraz, hura da ikasten ari den edo ez (irakaslea jabetzeaz gain) esango diguna. Lehenik zure ikasleen karakterizazioa egin behar duzunez, zure ikasleen ezaugarrietara egokitu behar duzu; noraino bereganatuko duen hobeto, bide horretatik edo bestetik... Ondorioz, eskolak desberdinak aterako zaizkizu. Oso kontuan hartzen da lanaren helburu den ikaslea; bere ikasketan partaide da, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren protagonista da.
Irakasleak ebaluatzen al dira beren artean?
Irakasleak urtero ebaluatzen dira. Horretaz gain, aldioro departamentuka lortzen diren emaitzak aztertzen dira. Metodologikoki aztertzen da, ezarrita dagoen politikarekin noraino betetzen ari den jakiteko. Departamentu mailan irakaslearekin aztertzen da lehenik. Kategoria bat ematen zaio batzuetan; bestetan ez, kontrolarekin lortu nahi den helburuaren arabera. Ondoren, aztertutako gelen irregulatasunak aztertzen dira departamentu mailan. Pisu handia dute ikasleen emaitzek, guk ikasleentzat lan egiten baitugu, ez gure egoa goraipatzeko.
Zuri entzunez burura datorkigun lehen gauza zera da: Kuban irakasle izatea nahikoa lan zaila dela. Zein motatako prestakuntza jasotzen dute irakasle izan nahi dutenek?
Kuban 200.000 irakasle baino gehiago gara, askoz gehiago. Esan dezakegu une honetan 46 biztanleko irakasle bat dugula. Ez gara irakasle gutxi herri honetan! Baina hain tradizio pedagogiko aberatsa dugunez, haren aldamenean bizitzen ikasi dugunez, gizadiak duen lanbide duinenetakoa da, eta benetan ez da hain zaila irakasle izatea. Nahikoa da egiten duzuna maitatzea, eta orduan horretan errealizatuko zara.
Horrela gertatu al zitzaizun zuri...
Ni kasualitate hutsez naiz irakaslea, bokazioz ez nuen inoiz pentsatu. Iraultzaren une batean gehiago ziren Oinarrizko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, zeuden irakasleak baino. Hori 1972. urte inguruan gertatu zen. Orduan, komandanteak gazteen biltzarrean dei bat egin zigun gazteoi, irakasle gisa presta gintezen. Deiari erantzunez aurrera egin nuen. Zoriontsu sentitzen naiz, erantzun iraultzailea eman bainion une hari. Ordutik hobetuz joan nintzen, eta gaur askoz ere irakasleago sentitzen naiz, eta uste dut oraindik ez naizela iritsi azken mailara! Gero eta irakasle hobeak izateko borrokatzen gara; pedagogo kubatar handi batek zioen bezala:" Egunero borrokatzen naiz nire ikasleen ahotsaren bidez hitz egiteko, orduan iritsiko bainaiz benetan irakasle ona izatera".
Batxilergoan dagoen ikasle batek nola has ditzake ikasketa pedagogikoak?
Erraza da. Batxilergoa amaitu aurretik ikasleak zein ikasketetarako joera duen ezagutzeko prozesua jartzen da martxan. Ikasleak, eskari orri baten bidez, irakaslea izan nahi duen eta zenbatgarren aukeran adierazten du. Kuban goi mailako ikasketatarako sarbide probak egiten dira. Gainditu ondoren pedagogikora sartzen dira. Zer behar dute? Irakasle izateko nahia eta sarrerako azterketak gainditzea, besterik ez.
Eskariak mugatuak al dira?
Udalekotuak daude, probintzian dagoen eskariaren arabera. Ez dugu ezer egiten probintzia batean irakaslegai asko izan eta bestean bat bera ere izan gabe; oreka bilatu beharra dago. Matrikula estrategiak dira, munduko bestehainbat lekutan bezala erretiroarekin eta abar jokatu beharra dago. Kuban unibertsitario guztiek plaza dute, beraz probintzia bakoitzeko eskaerarekin jokatu beharra dago.
Zenbat irauten du prestakuntzak?
Bost urteko ikasketak dira. Hamabost karrerako aukera dugu. Profil estutik zabalera goaz; hau da, lehen Gaztelania, Literatura, Ingelesa, Matematika, Biologia, Fisika... bakoitza bere aldetik ikasten zen. Orain bateratuagoa egiteko ahaleginean ari gara. Heldu den urtean karrera berri bat eskainiko dugu, ezagutza arlokako irakasle izateko izango da; hau da, Natur Zientzietakoa, Humanistikokoa eta Zientzia Zehatzetakoa. Bestea, jada abian dena, Oinarrizko Bigarren Hezkuntzako irakasle integralarena da, nerabezaroak dituen ezaugarriei hobeto erantzuteko pentsatua.
Metodologia marxista-leninistan oinarritzen gara, filosofiako ikasketak jasotzen dituzte, eta karrera bakoitzari bereziki dagozkion arloak. Denek jasotzen dute prestakuntza pedagogikoa, metodologikoa eta psikologikoa, oinarrizkoa da karrera guztietan; nola irakatsi, hezi eta instruitu behar den irakasten duen artea baita. Izan ere, guk hiru zutabe hauek ditugu: instrukzioa, irakaskuntza eta heziketa. Ziklo hori oinarrizkoa da denentzat, pedagogiaren arloa. Lehen urtetik hasi eta bosgarrenera bitartean jasotzen dute prestakuntza hori.
Prestakuntzaren barruan praktikak egiten al dituzte?
Bai, karreran zehar praktikak egiten dituzte. Gaur egun prestakuntzan dagoen irakaslea izenez ezagutzen da. Teoriaren eta praktikaren arteko erlazioa gure printzipioetako bat da, eta horregatik, ikasleak lan munduarekin harremanetan daude ikasten ari diren bitartean. Hori karrera guztietan egiten da, oinarrizkoa da.
Bost urte horiek amaitutakoan...
Ondoren graduatu-ondoko hezkuntza dator. Prestakuntza zehatzagoak egiten dituzte: zuzendaritza, informatika... karreran ikasi duten arloetan sakonduz.
Prestakuntzak jarraipena du, beraz.
Kuban hobetzea etengabea da. Gure langintzan hori bazter ezina da, gure lanaren zati da. Hobetzearekin batera ikerketa lana, lan metodologikoa eta ikasketa-heziketa prozesuen zuzenketaren lan osoa dago. Eta oinarri horiei dagokien prestakuntza jasotzen dute etengabe.
Eskolan, zenbat urterekin hasten dira atzerriko hizkuntza ikasten?
Bosgarren mailatik aurrera. Oraingoz atzerriko hizkuntza ingelesa da. Abian jarri nahi dugun ereduak kubatar batek gutxienez bost atzerriko hizkuntza menperatzea du helburu.
Eta eskolan erabiltzen dituzuen testu liburuak Kuban ekoiztutakoak al dira?
Beno, batzuk Kuban inprimatuak dira; beste batzuk, aldiz, elkartasunez beste herrialde batzuetan inprimatzen dizkigute, baina betiere guk emandako ereduetatik. Lan koadernoak dituzte eta baita testu liburuak ere, osagarriak dira. Bizi izan dugun egoeraren ondorioz, beste herrialde batzuen laguntza jaso dugu inprimategiko lanak egiteko. Edukiek Kubako hezkuntza politikari erantzuten diote, nola ez.
Egun hauetan Euskal Herrian ditugun hezkuntza sistemak ezagutzeko parada izan duzu. Jaso duzunetik, zein aholku edo orientabide emango zenioke euskal irakasle, hezitzaile edo pedagogo bati?
Lehenik eta behin, irakasle batek ezin duela bere kasa aritu, edozein ideiaren arabera. Zuek prestatu nahi duzuen euskalduna zein den eta nolakoa den jasoko dituen ildoak biltzeko zerbait beharko zenukete; ildo guztiak ez badira, batzuk bederen. Baina lehenik egon behar duena hori da, batasuna. Bakoitzak bere aldetik lan egiten badugu gauza asko lortzen ditugu, baina ez benetan nahi dugun hori. Batasuna behar duzue, zein da prestatu nahi duzuen euskalduna, osatu nahi duzuen hiritar hori, eta oinarri horren gainean lan egin. Ekintza batasuna behar duzue, "cada maestro tiene su librito" esaera hori kapitalismo hutsa besterik ez da, irakasle bakoitzak duena estiloa da, baina "libritoa", lortu nahi denaren arabera ezartzen den sistema da.
Bigarrenik, asko maitatu, zuek erakutsi diguzuen bezala maite duzuela zuen historia. Ezin delako aberkide zintzorik izan bere historia ezagutu eta maitatzen ez badu; ezin du aberkide ona izan, era berean, ez badu bere herriaren geografia ezagutzen, non bizi den, zergatik den horrelakoa, zein den bizi duen egoera, zuek egun hauetan ezagutzen duzuela erakutsi diguzuen legez.
Eta, azkenik, benetan zer nahi den jakitea. Zuk zer nahi duzun baldin badakizu, lortuko duzu. Beraz, zuk zinez baldin badakizu zer nahi duzun, aurkituko duzu lortzeko bidea. Hori da oinarria. Lanbidea maitatu eta errespetatu, hori da! Eta batasun handia, ekintza batasuna!