Etengabeko ikaskuntza egungo gizartearen erronka

2003-04-01
Komunikazioaren edota ezagutzaren gizarte honetan, denok gauzak ezagutzeko dugun eskubidea bermatzea egokia litzateke
 
 
Bilbon ospatu berri da Etengabeko ikaskuntzari buruzko I. Nazioarteko Biltzarra, eta horren haritik hainbat burutapen datorkizgu.


Beti esan da eragile ekonomikoek bideratzen dutela gizartearen ibilbidea; sortzen diren behar ekonomikoei erantzuteko antolatzen dela gainontzekoa. Eta ameskeria litzateke eskolak antolamendu horretatik ihes egiten duela ustea.


Garai batean, gutxi batzuek zuten irakurketa eta idazketa ezagutzeko aukera. Esklabu izateko edota jauntxo baten menpeko izateko ez baitzen irakurtzen jakin behar; nagusiei komeni ere ez, seguraski.


Geroago, lurrun-makina asmatu eta aro industriala orokortzen hasi zenean, behar ekonomikoei beste langile mota bat interesatu zitzaien: oharrak irakurtzen zekiena, planoak interpretatzen, bulegoko lanak egiten, ekonomiaz ulertzen zuena, legeak ezagutzen zituena... Eta eskola beharrezkoa bihurtu zen hori guztia gauzatzeko.


Eskolatzea orokortuz joan zen eta bakoitzari ikasketa oso zehatzak eskatzen zitzaizkio, gero lantegian egingo zuenaren araberakoak. Horrela, pertsona bakoitzak bere bizitzan zehar hiru garai zituen: ikastekoa, lanekoa eta jubilazioa.


Gerora, teknologia berritzen joan zen heinean, eskolan ikasitakoa soilik ez da nahikoa izan, eta berrikuntzetara egokitzea ezinbestekoa bihurtu da. Horrela, lana egitearekin batera, egokitze ikasketak sortu dira. Eta azken aldi honetan, berritzea etengabekoa bihurtzen ari da.


Teknologia berriekin, Internetekin batez ere, lan mundua izugarri aldatzen ari da. Eta lan mundua soilik ez. Nork ez du kutxako gestioren bat egin kutxazainaren bidez? Nork ez du zinemarako edo antzerkirako sarreraren bat atera? Nork ez du ordenagailuan interesatzen zaion informazioa bilatu? Eta honetarako, ez dago adinik. Ale honetan bertan ordenagailuaren aurrean ikusten dugu Joanito Dorronsoro bertso doinutegia Interneten nola sartu duten erakutsiz.


Denbora laburrean gertatzen ari diren aldaketak hain handiak izanik, erronka berria jarri zaio gizarte osoari. Etengabeko ikaskuntza premia bihurtu da. Eta gizartearen onurarako izatea espero dugu.


Interes ekonomikoengatik eskolatzea orokortu baldin bazen ere, denon eskolatzea ona dela deritzogu.


Etengabe ikasten aritzea ere, egokia delakoan gaude. Komunikazioaren edota ezagutzaren egungo gizartean gure eskolek jokatu behar duten papera ongi aztertzeak eta asmatzeak garrantzia du. Horretarako, eskola komunitatearen hausnarketa serioa eta sakona klabea da, elkartasuna eta ikuspegi kritikoa ardatz harturik. Norabide horrekin, gizartea hobetzeko eskolaren eginbeharra zehazten joateko garaia da.