Kronika

2003-04-01
 
 
Lapurdiko Bidart herriko Lehen Mailako ikasleek argi kutsaduraren eta honen alferrikako erabilpenaren ondorioen inguruko "lege proiektu" bat aurkeztu dute Pirinio Atlantikoko Gazte Parlamentuko departamentuko seigarren deialdiaren ordezkaritzapenerako. Parlamentu ganbara honetarako urtero Lehen Mailako ikasleek proposamenak luzatzen dituzte eta garaile ateratakoa lege bihurtzen da gero. Bidartekoek apiril arte itxaron beharko dute lehen hamarren artean dauden jakiteko; azken emaitza, berriz, maiatz bukaeran jakingo da. Dena dela, azken erabakia alde batera utzita, proiektu horren helburua Lehen Mailako ikasleei frantses estatuaren funtzionamendua modu praktiko batean erakustea da. Daniel Poulouren bisita ere jaso dute eta beraien gaztetxo ordezkariak aukeratu ere bai: Laura Calén diputatua eta Yann Basunto ordezko gisa. Ikasleen eskaera izarrak ikusten jarraitzeko eskubidea izatea da.


Nafarroan bi irakaskuntza eredu berri sortu dituzte: I eta J
Nafarroako Hezkuntza departamentua dekretu berri bat tramitatzen hasi da irakaskuntza ereduen inguruan, non bi eredu berri jarriko lituzkeen aukeran erabat onartuz gero: I eta J, hain zuzen ere. I ereduan gaztelania eta Europako komunitateko hizkuntza bat (normalean ingelesa) erabiiko lirateke, azken hau gutxieneko %30ean . J ereduan, berriz, euskara irakasgai bezala izango dute eta gaztelania eta komunitateko hizkuntza bat gainerako gaietako.Honela, I eredua G bezalakoa izango litzake, baina %30eko ingelesarekin edo frantsesarekin; J, berriz, A eredua bezalakoa izango litzateke, baina atzerriko hizkuntzaren erabilpenarekin ikasgaiak erakusteko.
Helburua hizkuntza aniztasuna eta sare publikoa indartzea dira, baina aurreko dekretuaren eta "euskararen legearen" ikuspuntutik (A, B, D eta G ereduak onartzen zituen), D eta B ereduek baztertuak jarraituko lukete, eta ingeles hiztunak gehituko lirake gune ez euskaldunetan. Irizpide honi jarraiki ,adibidez, matematikak ingelesez irakatsiko lirake. Eskola Kontseiluaren eta sindikatuen esku dago orain proposamena onartzea edo ez, baina Hezkuntza departamentuan onartuko den itxura guztia du.
UPNren politika berriaren barneko iniziatiba da hau, euskara eta komunitateko hizkuntzak zaku berean sartzekoarena; 2001ean dekretua aldatzeko asmorik ez baitzen agertu, orduko Hekuntza kontseilari Jesús Lagunak adierazi zuenez.
Hizkuntzaren normalizazioaren ikuspuntutik izaera diskriminatzailea duela ezin uka daiteke. Izan ere, B eta D ereduak ez daude galeraziak, baina ez dira derrigorrezkoak ere.Honen adibide ditugu ikastola alegalak. Egia dena zera da: onura jasotzen ez duen bakarra D eredua dela. Erribera erdigunean, adibidez, lehen A eredua soilik baldin bazuten, orain aukera zabalduko zaie dekretua onartuz gero, baina euskeraren kaltetan.
"Euskararen legeak" ez du ereduez hitz egiten, Nafarroako hizkuntza gune ezberdinez baizik. Hori aldatu eta gutxienez euskarari ingelesari ematen zaion arreta adina eskainiko balitzaio...


Partaidek 0-3 ziklorako ikastetxe guztien berdintasuna eskatu dio Hezkuntza Sailari
Ikastolen Elkartea-Partaidek 0-3 urteko haurren inguruan eskaera bat luzatu du, ikastetxe guztiek eskubide berdinak izan beharko lituzkeela adieraziz, lehendakari Koldo Tellitu eta Jose Luis Sukiaren eskutik.
Gizartearen nahi sozialari erantzun behar zaiola aipatu zuten, eta horretarako, publikoaren eta pribatuaren arteko lehia gainditzearen garrantziari buruz ere aritu ziren. Honekin batera kritika txiki batzuk egin zizkioten legebiltzarrak adin tarte honetarako onarturiko ez legezko proposamenari eta gaur egungo prozesuari. Beraien ustez, haur horientzat landu beharko lirateken ekimene artean hiru ezaugarri bereiztu zituzten. Batetik, heziketarako izateaz gain, asistentzia zerbitzua eskaintzea modu malguan.
Bigarrenik, lehenagotik antolatuta dauden eragileak eta errealitatea errespetatu behar dela zioten, eta hortik eraiki proiektu berria.
Azkenik, administraziora soilik mugatu gabeko proiektu bateratua (herri erakundeak, gizarte izaerakoak, pribatuak,ikastolak...) osatu dezan eskatu zioten Hezkuntza Sailari, alegia, eskola mapa ezberdinak onartuko dituena.
Kontuan hartu behar da Partaideren ikastoletan, 2003-2004ko matrikulazioak nabarmen gora egin duela orokorrean. EAEn jaiotza kopurua %2,11 da, baina 2 eta 3 urteko haurren ikastoletako matrikulazioa %3,78 igo da. Araba izan da matrikulazio kopuruan behera egin duen bakarra (%3,55). Hala ere, lehengo urtean igoera %50ekoa izan zuela ezin da ahaztu.
Nafarroako 3 urteko haurren matrikulazioa 5.248 haurrekoa izan da, horietatik 3.174 kastetxe publikoetan eta 2.074 pribatuetan matrikulari direlarik.
Ereduei dagokienez %70ak A eta G ereduetan eman du izena eta %29,36k D eta B ereduetan. Zehazki, zentro publikoetan D ereduaren matrikulazioa beste ereduena baino handiagoa izan da (%35,38), eta pribatuetan, berriz, G gailentzen da (%66,39). Datu hauek lehengo urtekoaren antzekoak dira, G ereduaren hazkuntza txiki batekin.


Egunkaria aurrera, Egunkaria aurrera!!!... nonahi ikusi eta entzun dugu azken hilabetean, gizarte honek euskaraz informatua egoteko eskubidea eta nahiaren aldarrikapena garbi geratu delarik. Horien artean aipatzekoak dira martxoaren 13an eta ondorengo lanuzteetan ikastetxeetan, unibertsitateetan, eta oro har, hezkuntzaren alorrean egon diren protestaldiak eta Egunkariaren aldeko ahotsak.
Aurretik Urtxintxa Eskolak haurrekin egiteko joko proposamena luzatu zuen Internetez: Egunkariaren sokasaltoa, harrapaketa, txingoa, zapitxoa,izar jolasa...
Ikastoletako erantzuna, halaber, ez zen joko hutsean geratu. Egun batez Egunkariako kazetari bihurtu eta ikastola bakoitzean egunkari koloretsuak eta irudimenez beteak argitaratu zituzten, gero Martin Ugalde Kultur Parkean antolatu zen ekitaldian langileei eman zizkielarik. Han zegoen Xabier Lekuona Egunkariako zuzendariordea eta bere eskerrak luzatu ezezik, erredakzioa bisitatzeko gonbitea ere luzatu zien, hau prest dagoenean.
Pedro Aranburu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ekitaldi eta lan guztien zentzu pedagogikoaren garrantziaz jardun zuen, ikasleekin eta Ikastolen Elkarteko eta Partaideko arduradunekin batera.
Euskal Herriko unibertsitateetan ere (Baionan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, EHUko Donostiako, Leioako eta Gasteizko campusetan, Deustun eta Mondragon Unibertsitatean) egon ziren hitzaldiak, eztabaidak, manifestaldiak eta bideo emanaldiak"adierazpen askatasuna, egunkaria aurrera! " lelopean.